Tom Sawyer-en abenturak

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Tom Sawyer-en abenturak
Tom Sawyer 1876 frontispiece.jpg

Lehenengo argitalpenaren lehen orria

Egilea Mark Twain (1876)
Generoa Eleberria
Datuak
Jatorrizko hizkuntza ingelesa
Argitaratzailea American Publishing Company
Herrialdea AEB
Euskaraz
Izenburua Tom Sawyer-en abenturak
Itzultzailea Iñaki Mendiguren eta Sarah J. Turtle
Argitaratzailea Alberdania - Erein - Igela (2012)
Bilduma Klis-Klasikoak
Orrialdeak 231
ISBN ISBN 978-84-9746-785-8

Tom Sawyer-en abenturak Mark Twain idazle estatubatuarraren eleberria da, 1876an argitaratua. Mark Twainek Tom Sawyer-en haurtzaroa azaltzen digu liburu honetan. Tom Sawyer AEBko St. Petersburg fikziozko herrian, Mississippi ibaiertzean, bizi da. Herri hori idazlea bizi zen Hannibal Missouri herrian dago inspiratuta.

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Tom Sawyer bere izeba Pollyrekin eta Sid haurriderdiarekin St. Petersburgen bizi den umezurtz bat da. Oso bihurria da, baita azkarra ere, eta askotan onik ateratzen da bere bihurrikerietatik. Behin, Tomek bere jantziak zikindu zituen borroka batean eta ohol-hesia kare-esnean zuritzera zigortu zuen izebak. Tomek hori egitea oso gauza ona zela konbentzitu zituen lagunak, eta lortu zuen haiek berari erostea ohol-hesia zuritzearen eskubidea. Azkenean, oso-osorik zuritu zuten hesia lagunek.

Tom Becky Thatcherez, herrira etorri berriaz, maitemindu zen eta konbentzitu zuen ezkon-hitza elkarri emateko. Baina dena zapuztu zen Becky jabetzean Tomek Amy Lawrenceri lehenago emandako ezkon-hitzaz.

Piska bat geroago, Huckleberry Finnekin joan zen hilerrira gauez. Bertan Robinson doktorea, Muff Potter eta Joe Indioa ikusi zitzuten gorpu bat lapurtzeko lanetan. Bat-batean, Robinson doktoreak Joe Indioarekin eztabaidatu zuen eta lurrera bota zuen. Potterrek Indioaren alde atera zen eta bera ere lurrera bota zuen doktoreak. Orduan, Indioak Potterren labana hartu eta doktorearen bularrean sartu zuen. Potter suspertzean, Joe Indioa jakinarazi zion hark hil zuela doktorea. Laster, Potter atxilotu zuten.

Handik gutxira Tomek, Huckek eta Joe Harperrek uharte batera ihes egiten zuten. Behin ikusi zuten bere herrikoak haien gorpuak bilatzen ari zirela ibaian. Beraz, itzultzea erabaki zuten eta euren aldeko elizkizunean bertan agertu ziren, denak txundituta eta pozik utziz.

Eskolara itzulita, Tomek Beckyren maitasuna berreskuratu zuen, Beckyk irakaslearen liburua apurtu eta Tomek bere gain hartu zuelako errua.

Laster, Muff Potterren aurkako epaiketa hasi zen eta bertan Tomek Joe Indioaren aurkako lekukotasuna eman zuen. Potter errugabetu zuten, baina Indioa lehio betetik ihes egin zuen. Hortaz, Tom izu-ikaraz bizi zen.

Uda heldu zen eta Tom eta Huck altxor baten bila joan ziren etxe sorgindu batera. Han espainiar gormutu bat -Joe Indioa mozorrotua- ikusi zuten lagun batekin. Horiek altxor bat aurkitu eta beste leku batera eraman zuten gordetzera. Handik aurrera, Huckek zelatatu zuen Joe Indioa altxorra non zegoen jakiteko. Behin, Indioa eta laguna kutxa batekin ikusi zituen. Haiei jarraitzea erabaki zuen eta Douglas alarguna erasotu nahi zutela jabetu zen. Huckek laguntza eskatu zien gaslestar bati eta bere semeei, eta erasoa zapuztea lortu zuen, heroi anonimo bihurtuz.

Bestalde, Tom eta ikaskideak Beckyk antolatutako txango batera joan ziren. Biharamunean, denak konturatu ziren Tom eta Becky ez zirela itzuli eta haien bila joan ziren. Bikotea haitzulo batean zegoen galduta eta egunetan ibili zen irtenbidearen bila, baina alferrik. Bertan Tomek Joe Indioa ikusi zuen kandela eskuan zuela baian, zorionez, desagertu zen. Azkenean, itxaropenik gabe gertzen ari zirenean, Tomek irtenbide bat aurkitu zuen kometa-hari bat lagunduta.

Aste bat beranduago, Tom eta Huck haitzulora itzuli ziren eta Joe Indioaren altxorra aurkitu zuten. Douglas alargunak Huck hartu zuen bere etxean, baina Huck ez zen berarekin moldatzen eta ihes egin zuen. Tomek itzultzeko konbentzitu zuen, bere bidelapurren taldekide izan nahi bazuen.

Pertsonaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Tom Sawyer: protagonista.
  • Izeba Polly: Tomen amaren ahizpa. Berarekin bizi da. Asko sufritzen du Tomen bihurrikeriekin.
  • Sid Sawyer: Tomen haurriderdia. Beti zintzo portatzen da izebarekin, eta Tom salatzeaz eta hari jarritako zigorrez gozatzen da.
  • Mary: Tomen lehengusina. Tom laguntzen saiatzen da, Sid ez bezala.
  • Huckleberry Finn: Tomen lagunik onena. Upel huts batean bizi da.
  • Joe Harper: Tomen beste lagun mina.
  • Becky Thatcher: Tomen andregaia. Hasieran haserretu ziren baina maitasuna berreskuratu zuten
  • Amy Lawrence: Tomen aurreko andregaia. Beckyk Amy ordezkatu zuen.
  • Joe Indioa: Tomen etsaia. Tom hil nahi du bere aurkako lekukotasuna emateagatik. Goseak hil zuen haitzuloan, hango sarrera hesitu zutelako bera barruan zegoenean. Liburu zati batean, espainiar gormutu bat bezala agertzen da.
  • Muff Potter: arrantzale mozkorra. Tomen laguna zen, beti ondo portatzen zelako haurrekin. Tomek heriotz-zigorretik salbatu zuen bere aurkako lekukotasuna ematean.
  • Robinson doktorea: gorpu bat lapurtu nahi zuen, Joe Indioak eta Muff Potterrek lagunduta. Joe Indioak hil zuen.
  • Thatcher epailea: Beckyren aita.
  • Douglas alarguna: Huckek salbatu zuen Joe Indioaren egitasmoetatik. Huck bere etxean hartu zuen.