Wikipedia, Entziklopedia askea
Erroma K.a. 753. urtean.

Monarkia izan zen antzinako Erromaren lehen gobernu-modua. Romulok Erroma sortu zuenetik Errepublika ezarri zen arte (K. a. 509. urtea), zazpi erregek gobernatu zuten Erroma, guztira 250 urtez. Lehendabiziko lauak latindar eta sabinar jatorriko artzain eta nekazariak ziren; azken hirurak etruskoak. Erregetza, ordea, ez zen hereditarioa; hau da, ez zen igarotzen aitarengandik semearengana, herriak hautatzen baitzituen.

Zazpi erregeen agintaldiko urteetan, Erroma Lazioko beste herri eta hiri guztien gainetik nagusitu zen. Baina azken erregeak hain oroitzapen gorrotagarria utzi zuen erromatarren gogoan, non hauek betiko arbuiatu baitzuten monarkia; politikari erromatarren artean ezin zen traizio okerragorik egin errege bihurtu nahi izatea baino. Geroagoko enperadoreen gaiztakeriak erregeena baino askoz handiagoak izan ziren arren, Erromak ez zuen berriro erregerik eduki.

Romulo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elezahar edo kondaira ezagunaren arabera, Erroma hiria sortu zuen K.a. 753. urtean, eta Erromako lehen erregea izan zen K.a. 753tik 716ra arte.

Hiria kolonizatu zuten gizon gazteekin batera sabinarren herriko emakumeen bahiketa eta gero, sabinarrekin gerran sartu zen. Emakumeen eskariz liskarrak amaitzean, sabinarren errege Tito Taziorekin partekatu zuen boterea. Tazio hil zenean, Romuloren agintepean, Erromak hainbat gerra egin zituen inguruko herrien aurka. Haietako indartsuena etruskoak ziren.

Romulok Erromako Senatua antolatu zuen, Erromako familia garrantzitsuenetako 100 gizonekin. Aurrerantzean, haiek izango ziren Erromako patrizioak, goi-klaseko erromatarrak.

Erregetzan 37 urte igaro eta gero, ekaitz baten erdian desagertu omen zen, baina Tito Livio historialariaren arabera, senatariek hil zuten.

Numa Ponpilio jainkotiarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromako bigarren erregea izan zen, Romuloren ondorengoa hain zuzen ere. Sabinarra zen jatorriz eta K.a. 753 eta 674 bitartean egon zen agintean. Numa Ponpilio gizon jainkotiarra zen eta bera izan omen zen antzinako Erromako erlijioaren sortzailea: jainkoak gurtzeko modua irakatsi zien erromatarrei, egutegi sakratua ezarri zuen eta zeremonia erlijioso nagusiak finkatu zituen, gauero –bere hitzetan– Olinpotik iritsitako ninfa batek ematen zizkion jardunibideei jarraituz.

Errege baketsua izan zen. Haren erregealdi osoan, Janoren tenplua, gerra garaian bakarrik irekitzen zena, itxita egon zen; beste bi aldiz bakarrik gertatu zen hori Erromaren historian.

Tulio Hostilio gerrazalea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ponpilioren ondoren, Tulio Hostilio izan zen Erromako hirugarren erregea, K.a. 673tik 641ra arte gobernatu zuena. Latinoa zen, Lazioko jatorrizko herrikoa, alegia.

Ponpilio ez bezala, Tulio Hostilio gerlari handi bat izan omen zen; erromatarrak militarki antolatu zituen eta borrokatzen irakatsi omen zien. Alba Longa konkistatu zuen, Lazioko hiririk garrantzitsuena. Haren eskutik, nabarmen handitu zen Erromaren mendeko lurraldea.

Beti borrokan sartuta zebilela eta jainkoez ahaztu egin zela leporatu zioten, Erroman izurrite handi bat zabaldu zenean. Erregeak Jupiter jainkoari sakrifizioak egitea erabaki zuen. Baina Livio izeneko historialari erromatarraren arabera, ez zuen oso ondo egin eta Jupiterrek tximista bat bota zuen erregearen jauregira, sua hartu zuen eta bertan hil zen.

Horren ondorioz, erromatarrek errege bakezale bat aukeratu zuten haren ondoren.

Anko Martzio[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anko Martziok Hostilio hil eta tronua eskuratu zuen. Errege honek Erromako mugak zabaldu eta Lazioko hiri batzuetako biztanleak erromatar bihurtu zituen. Ostiako portua eraiki zuen eta Erroma itsasoraino hedatu zuen. Haren agintaldian eraiki omen ziren Tiberren gaineko zurezko lehen zubia eta hiriko lehen kartzela, hiria gero eta handiagoa izatearen ondorioz.

Erromak gero eta jarduera ekonomiko handiagoa zeukan eta merkataritzarako gune aberats bat izatera iritsi zen.

Tarkinio Prisko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tarkinio Prisko edo Tarkinio Zaharra izan zen, tradizioaren arabera, Erromako bosgarren erregea eta lehen errege etruskoa. Tito Livioren arabera, trikimailuak erabili zituen herriak erregetzat aukeratzeko; bere esker ona adierazteko, lehen jokoak antolatu omen zituen Erromako Zirku Nagusian. Erromako mugak gehiago zabaldu zituen, sabinarren lurrak bereganatuz. Obra handiak eginarazi zituen hirian, haien artean hiriko estolderia-sistema aurreratua, Cloaca Maxima delakoa, hondakinak Tiber ibaira bideratzeko.

Anko Martzioren semeen mendekuagatik hil zen, K.a. 578. urtean. Haren seme Servio Tuliok jaso zuen tronua; lehen eta azken aldia izan zen Erromako erregetza aitarengandik semearengana igaro zela.

Servio Tulio[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakume esklabo baten seme izan arren, Tarkinio Zaharraren jauregian hazi eta hezi zen, eta haren alaba batekin ezkondu omen zen. Herriak maite zuen erregea izan zen Servio Tulio; erromatarrek oroitzapen onak izan zituzten errege honi buruz, baita erregeak gorrotatzera iritsi zirenean ere. Obra handiak agindu zituen; adibidez, hiriko lehen harresiak eraikiarazi zituen. Industria eta merkataritza bultzatu zituen. Hiritartasun erromatarraren kontzeptuaren asmatzailea izan omen zen

Aurreko errege Tarkinio Priskoren seme edo biloba batek, Luzio Tarkinio izenekoak, hil omen zuen, zilegizko erregea ez zela argudiatuz.

Luzio Tarkinio[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luzio Tarkinioren semea, Lukrezia bortxatu aurretik

Erromako azken erregea tirano bat izan omen zen erromatarrentzat, eta herriaren gorrotoa irabazi zuen. Aurreko erregea erahil ondoren, bere burua babesteko guardia pertsonal batez inguratu zen lehen erregea izan zen. Etruskoen aurkako borrokak bultzatu zituen haien lurrak konkistatzeko; gizonezko hiritarrak behartu zituen armadan parte hartzera denbora-tarte batez.

Ankerkeria handiak egin omen zituen eta erromatarrek tarkiniarren familia gorrotatzen zuten. Tarkinioren seme batek Lukrezia izeneko emakume ezkondu bat bortxatu eta emakumeak bere burua hil zuenean, Erromako biztanleek erregea eta familia osoa kanporatzea erabaki zuten, K.a. 509. urtean. Erregea tronutik bota eta gero, Errepublika ezarri zuten.