Wikipedia, Entziklopedia askea

Hanibal

Hanibal bere armadarekin, XVI. mendeko margolan batean.

Hanibal Barka K.a. III eta II. mendeetan bizi izan zen kartagotar buruzagi militar bat izan zen.

K.a. III eta II. mendeetan, Erromak eta Kartagok Gerra Punikoak deitzen ziren zenbait gerra izan zituzten. Bigarren Gerra Punikoetan (K.a. 218-201), Hanibalek gidatu zituen kartagotarrak eta ia Erroma konkistatzea lortu zuten. Baina azkenean garaituak izan ziren eta Kartago suntsitua izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hanibal Afrikako iparraldean jaio zen, K.a. 247 inguruan. Haren aita, Hamilkar Barka, erromatarren aurka borrokatu zen kartagotar jeneral ospetsu bat izan zen.

Erromak Lehen Gerra Punikoa irabazi ondoren (K. a. 264-241), argi geratu zen Mediterraneo itsasoaren inguruko eskualde osoa kontrolatu nahi zuela. Horrek esan nahi zuen Kartago ere kontrolatu nahi zutela, Afrikako iparraldean baitzegoen, hain zuzen ere, gaur egungo Tunisian. Hamilkarrek familia eta armada bat Hispaniara eraman zituen gudu berriak prestatzen hasteko. Une hartan, Hispaniako zati handi bat Kartagok kontrolatzen zuen. Hamilkar borrokan hil eta gero, haren suhi Hasdrubalek hartu zuen armadaren agintea. Hasdrubal K.a. 221. urtean hil zuten eta Hanibal utzi zuten agintean. Bakarrik 26 urte zituen.

Erromaren kontrako gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Gerra Punikoa K.a. 219an hasi zen, Hanibalek Hispaniako ekialdean zegoen Sagunto hiriari eraso eta gero. Laster Hanibalek gerra ©Italiara mugitzea pentsatu zuen. Erromatarrek Kartago inbaditzeko planak egiten zituzten bitartean, Hanibal Erromarantz abiatu zen. Historiako martxa ausartenetako bat bihurtu zen hura. Haren indar armatuak Hispania ekialdetik zehar zuzendu zituen, Pirinioak zeharkatuz, eta gaur egun Frantziako hegoaldean dagoen Rodano ibaia zeharkatuz. Haren armadak 90.000 soldadu omen zituen oinez, 12.000 soldadu zaldiz eta ia 40 elefante. Alpeak elurrarekin gurutzatu zituzten, eta soldadu asko hotz handiarengatik hil ziren.

Hanibalen armada erdia baino ez zen iritsi Italiako iparraldera. Hala ere, K.a. 218an, erromatarrak garaitu zituzten Trebia ibaian eta K.a. 217an, Trasimeno lakuan. Hurrengo urtean, Hanibalek eta haren tropek erromatarrak zapaldu zituzten Cannae herritik gertu, Italiako hego-ekialdean. Gudu horretan, kartagotarrek 60.000 erromatar soldadu inguru hil zituzten.

Hanibal Italian geratu zen, erromatarren aurka borrokatzen, baina gero eta lurralde gehiago galtzen. Erromatarrek gerra euren alde aldatzen lagundu zieten hainbat taktika hartu zituzten. Gudu handiak saihestu zituzten eta Hanibalen armadaren indarra murriztu zuten etengabeko erasoen bidez.

Bitartean, erromatarrek Hispaniatik kanpora bota zituzten kartagotarrak eta Afrikako iparraldea inbaditu zuten. K.a. 203an, Hanibal Kartagora itzuli zen hiria defendatzen laguntzeko. Hurrengo urtean, Hanibalek eta haren tropek Zamako gudua galdu zuten eta horrela, Bigarren Gerra Punikoa bukatu zen. Bakearen truke, Hispaniari eta kontrolatzen zituen Mediterraneoko uharteei uko egitera behartu zuen Erromak Kartago.

Hanibalek Kartagoko buruzagi izaten jarraitu zuen. Urte batzuk geroago, ordea, erromatarrek Hanibali leporatu zioten beste gerra bat hasten saiatzea. Hanibalek ihes egin zuen Siria eta Bitiniara (gaur egungo Turkia). Bertako erregeei erromatarren eta horien aliatuen aurka borrokatzen lagundu zien. Zenbait urteren ondoren, erromatarrek Hanibal aurkitu zuten. Ezin zuenez ihes egin, Hanibalek bere burua hil zuen pozoia hartuz, gutxi gorabehera K.a. 183an.