Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea

Inflazio

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Inflazioa zer den, zergatik gertatzen den eta zer ondorio dituen azaltzen dituen bideoa.
Inflazioaren eraginari buruzko kartela.

Inflazioa gauza guztien prezioak igotzen denean eta diruak gutxiago balio duenean gertatzen da, edo, zehatzago, diruaren erosteko ahalmena gutxiagotzen denean; hau da, gauzak ezin ditugunean erosi aurretik zuten prezio berean edo diru berberarekin lehen baino gauza gutxiago erosi daitezkeenean. Inflazio hitza latinezko «inflatio» hitzetik; hitz horrek «puztu» esan nahi du, eta prezioak "puztu" egiten direla esan nahi du. Inflazioaren kontrakoa deflazioa da. Deflazioan, dirua baliotsuago bihurtu eta prezioak jaitsi egiten dira.

Zerbait urria denean, baliotsua da. Urrea eta diamanteak esate baterako. Zerbait ugaria denean, merkea izan ohi da. Gauza bera gertatzen da diruarekin. Jende askok diru asko duenean diruak balioa galtzen du. Adibidez, okinak pentsa dezake: «Jendeak diru gehiago badu, gehiago kobratu dezaket nire ogiaren truke».

Inflazioa oso altua denean hiperinflazioa gertatzen da. Hyper grekerazko aurrizki bat da eta «oso handia» esan nahi du. Hiperinflazioa gertatu zen, adibidez, Alemanian Lehen Mundu Gerra ondoren. Gerran zehar pilatutako zorrak ordaintzeko, Alemaniako gobernuak diru pila bat inprimatu zuen. Horrek inflazio handia eragin zuen, eta azkenean milioi bat markoko billeteak inprimatu behar izan ziren, jendeak hainbeste billete aldean eraman behar ez izateko. Hiperinflazio horren aurretik dirua zuten pertsona asko miserian geratu ziren bat-batean.

Zein dira inflazioaren eragin txarrak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inflazioa txarra da ekonomiarentzat eta, oro har, jende gehienarentzat. Besteak beste, arrazoi hauengatik:

  • Jendearen aurrezkiek balioa galtzen dutelako: jendeak aurreztuta daukan diruarekin gauza gutxiago erosi badaitezke, horrek esan nahi du aurrezkiek balioa galtzen dutela.
  • Jendearen soldatak ere balioa galtzen duelako: soldata finkoa dutenek gauza gutxiago eros ditzakete irabazten duten diruarekin.
  • Enpresek gutxiago saltzen dutelako: jendeak duen diruarekin gauza gutxiago erosi baditzake, enpresek gutxiago saltzen dute, eta horrek krisia eragin dezake enpresetan.
  • Lanpostuak galdu daitezkeelako: enpresek gutxiago saltzen badute, langile batzuk kalera botako dituzte gastuak gutxitzeko. Horren ondorioz, langabezia handitu egiten da.

Posiblea al da inflazioa neurtzea?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inflazioa gobernu-erakundeek neurtzen dute. Erakunde horiek diruaren balioa nola aldatzen den aztertzen dute. Askotan «ondasun zerrenda» bat egiten da honetarako, erosi daitezkeen produktu batzuk aukeratuz, adibidez: esnea, gazta, haragia eta beste batzuk. Produktu horien prezioak nola aldatzen diren begiratzen da eta hortik inflaziorako ehuneko bat kalkulatzen da.

Baina, inflazioaz gain, beste gauza batzuek ere izaten dute eragina prezioetan. Urtean zehar, jendearen erosketa-ohiturak aldatu egiten dira. Adibidez, jendeak izozki gehiago erosten ditu udan neguan baino. Gauza batzuk eskari asko izatetik ia ahaztuak izatera pasatzen dira. Beste batzuetan, eskaria duen produktu bat urria denean, prezioa igotzen da; hori gerta daiteke uzta txarra egon denean, gari-uzta, adibidez. Kasu horretan, ogiaren prezioa igo egingo da ezinbestean. Kasu horretan, prezioen aldaketek ez dute inflazioarekin zerikusirik.

Posiblea al da inflazioan eragina izatea?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Modu bat dago gobernuak inflazioa gelditzeko: enpresei esan zenbat kobratu dezaketen produktu baten truke eta zenbat ordaindu diezaieketen langileei. Hala ere, jende askok ez du uste modu ona denik inflazioaren aurka egiteko. Diotenez, gobernuak ez luke ezer egin behar, hori dena merkatuaren esku utzi baizik.

Banku nazionalek zirkulazioan jartzen den diru kopurua ere kontrola dezakete. Horrela esan dezakete, adibidez, diru gutxiago inprimatuko dugula hainbeste balio gal ez dezan. Euroaren kasuan, Europako Banku Zentralak erabakitzen du. Inflazioa kontrolatzeko modu horri monetarismoa esaten zaio.