Urtarokotasun

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Denbora serieen azterketan, urtarokotasuna urtean zehar gertatzen diren aldiroko aldaketa eta gorabehera sistematikoak biltzen ditu. Adibidez, izozkiei buruz udan gertatzen den salmenta gehikuntza edo neguan izaten diren salmenta urriak urtarokotasun izeneko denbora osagaiaren ondorio dira.

Urtarokotasuna denbora serie bateko beste osagai batzurekin batera bateratzen da. Horrela, joerak denbora serie bateko norabide nagusia adierazten du eta zikloak urtebetetik gorako aldiroko aldaketak jasotzen ditu, urtarokotasunak urtebetea baino aldi laburragoetan gertatzen direnak neurtzen dituen bitartean.

Kasu batzuetan, baliteke erreferentziazko aldia urtebetea ez izatea eta urtarokotasuna epe laburragoetan gertatzen diren aldaketei buruzkoa izatea. Adibidez, astean zehar, astearteetan salmenta txikiagoak eta larunbatetan salmenta handiagoak izaten dira; astean zehar gertatzen diren gorabehera hauek ere urtarokotasunez azter daitezke.

Urtarokotasunaren azterketan burutzen den eragiketa bat urtarokotasunaren ezabaketa izaten da. Urtarokotasuna nabarmena denean, urtean zehar gertatzen diren kopuruak ezin dira zuzenean alderatu, urtarokotasunak eragindako aldaketaren mendean daudelako. Adibidez, urte jakin batean neguan udan baino izozki gutxiago saldu badira ere, ezin da baieztatu neguan salmentak okerragoak izan direnik, neguan izateagatik berez jeisten baitira salmentak; udako eta neguko kopuruak behar bezala alderatzeko urtarokotasunak eragindako aldaketa desegin behar da, urtarokotasuna ezabatu alegia. Horretarako, denbora serieen zatiketa burutu behar da aurretik, urtarokotasunaren efektua bakanduz.

Urtarokotasunaren mendean izaten diren fenomenoak asko dira. Adibidez,

  • aldagai meteorologikoak urtean zehar (euria, tenperatura);
  • arropa salmentak (merkealdietan askoz gehiago saltzen baita);
  • hostalaritza-gastuak (jatetxe eta hoteletan gehiago xahutzen da udan).

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikiztegian orri bat dago honi buruz: urtarokotasun .