Villafranca del Bierzotik O Cebreirora (Donejakue bidea)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Erromesak

Donejakueren Frantses Bideko hogeita bosgarren etapa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donejakueren Frantses bideko Etapa Nagusia da, eta haren oroitzapena O Cebreirorako igoera eder eta ikusgarriari esker geldituko da, bideko igoera handiena delako Donibane Garazikoaren Napoleonen aldaeraren atzetik. Igoera, neurri handi batean, “corredoirak” (goiko larreetara abereak eramateko harrizko bideak) artetik doa, eta 660 metroko desnibela du 12 kilometrotan. Bestalde, O Cebreiroko herrixka, Galiziako lehena, bitxi txiki bat da, bere kokalekuagatik, bistengatik, elizagatik, pallozengatik, eta kondairengatik.[1]

Villafranca del Bierzotik O Cebreirora: 28,26 km.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Villafrancatik irten ondoren, Burbia ibaia gurutzatuko dugu zubi batetik, eta bide historikoaren eta mendiko bidearen arteko bidegurutzea ikusiko dugu. Bide historikoari zuzen jarraituko diogu, bigarren mailako N-VI errepide nazionaletik, ia trafikorik gabea. Valcarce ibaiaren ondoko bazterbidean aurrera egingo dugu, eta eskuinetarako desbideraketa batean sartuko gara Perejen.

Palloza edo lastozko etxea O Cebreiron.

5,1 Pereje. Herrixka kale nagusitik zeharkatuko dugu, eta irteeran errepide nazionaleko bazterbidera itzuliko gara, Trabadelora iritsi arte.

9,6. Trabadelo. N-VIra iritsi eta A-6 autobiaren bidezubien azpitik bi aldiz igaro ondoren, Valcarce hotelaren ondotik pasa, eta Portelan sartuko gara.[2]

13,5. La Portela de Valcarce. Irteeran Ambasmestaserako errepide bat hartuko dugu, eta Valcarceko ibarrera iritsi baino lehen, A-6 autobia azpitik zeharkatuko dugu. Vega de Valcarce herria ere etapa klasikoko amaiera da, goizean goiz O Cebreiroko igoerari aurre egin nahi dioten erromesen artean. Pixka bat gora egingo dugu, Ruitelanen sartu arte.

18,4 Ruitelán. N-VI errepide nazionalari jarraituko diogu, Las Herreriaserako errepidea hartu arte, Valcarce ibaia zubi erromatar txiki batetik igaro ondoren. Errepide berari jarraituko diogu, orain igoera nabarmenago batez, eta lurrezko bide bat hartuko dugu ezkerretara: bihurgunez osatutako tarte polit bati ekingo diogu. Erreka bat gainditu ondoren, sigi-saga igoera sendo eta eder bat hasten da La Fabaraino.

23,1. La Faba. Igoera pixkanaka moteltzen doa, eta larreen arteko bideetan aurrera goaz, ikuspegi panoramiko ederrekin. O Cebreiro baino 1,4 kilometro lehenago, mugarri erraldoi batek adierazten digu Galizian, Lugo probintzian, sartu garela. Ziurrenik, bide osoko mugarririk fotografiatuena izango da.[3]

O Cebreiroko eliza.

28,26. O Cebreiro

O Cebreiro[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrixkaren garrantzi kulturala honako ezaugarriengatik dator: bere kokalekuagatik, ikuspegi pribilegiatuengatik, elezaharrengatik, eliza pre-romanikoagatik eta zaharberritutako pallozengatik. Altxor txiki bat, ia 1.300 metroko altueran.

Aterpetxeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erabiliena Galizako Xuntarena den “O Cebreiroko erromeses aterpetxea” da, herriaren irteeran. Bertan 106 lagun sartzen dira bi logela partekatutan. Gidetako beste aterpetxe batzuk honakoak dira: Casa Campelo aterpetxea, Casa Carolo ostatua, Anton ostatua, O Cebreiro hotela, Venta Celta agroturismoa, Valiña agroturismoa eta Navarro agroturismoa.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Pombo Rodriguez, Anton. (2019). El Camino de Santiago en tu mochilla. Camino francés. Anaya Touring ISBN 9788491580997..
  2. (Gaztelaniaz) Baz Uriarte, Edurne. (2018). Camino de Santiago de cerca. Planeta, Barcelona ISBN 9788408194538..
  3. (Gaztelaniaz) Contreras Gil, Francisco. (2021). Guía mágica del Camino de Santiago. Luciérnaga ISBN 9788418015571..
  4. (Gaztelaniaz) Mencos Arraiza, Carlos. (2018). Cien cosas que hay que saber del Camino de Santiago. Lectio ISBN 9788416918393..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]