Zerrenda:Zuberoako eskualdeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
EnzaiBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 01:51, 27 apirila 2015
Zuberoko udalerriak eta eskualdeak:
     Arbaila      Basabürüa      Pettarra

Zuberoako eskualdeak hiru dira:

Gaur egun indarrean dagoen "Xiberoko Herri Alkargoa" edo Zuberoako Herri Elkargoa - Zuberoako udalerri gehienen Herri Elkargoa - antzinako Zinbidetaren jarraipena da, botere askoz gutxiago izan arren; baina kultura, antolakuntza, eta ekonomia alorrean gune erabaki hartzailea da.

1790. urteaz geroztik, Zuberoaren antolaketa administratiboa Frantses Errepublikaren araberakoa da: udalerria, kantonamendua, departamendua eta eskualdea edo erregioa. Antolaketa horren arabera herrialdeko 35 udalerriak bi kantonamendutan banatuta daude: Hegoaldean Atharratzekoa 16 herri barne hartzen dituela eta iparraldean Maulekoa 19rekin.

Jatorri historikoa

Zuberoa osatzen duten hiru eskualde horien iturburua herrialdeak Aro Modernoan zuen antolaketan datza, eta zehatzago, mezutegietan.

Herrialdearen lurralde antolaketa hiru mailatan egina zen Zuberoako foruen arabera:

  • herriak,
  • degeriak (bailarak, hamar bat herri edo parrokiak osatutakoak)
  • eta mezulari-eskualdeak.

Zazpi degeria ziren orotara, eta hiru mezulari eskualde. Horiez gain, hiri bat (Maule) eta sei errege burgu (Atharratze, Barkoxe, Hauze, Larrañe, Montori, Santa Grazi) zeuden, degerietan sartuak ez zirenak.

Zazpi degeria edo bailarak ondokoak ziren: Basabürüan bi (Ibar Ezkerra eta Ibar Esküina), hiru Pettaran (Lahüntze, Arüe eta Domintxinekoak), eta bi Arbailetan (Arbaila Handia eta Arbaila Txipia).

Zuberoako Foruak

Zuberoako foruak 1520an idatzi ziren (Zuberoako Kostüma); baina pentsatzekoa da aurreragoko antolamenduaren ezaugarri asko mantendu zituztela haien baitan. Foruen arabera, Mauleko gazteluko kapitaina - Gaztelüzaina - zen Frantziako erregearen ordezkaria. Ordako gortean - nobleen biltzarra - hura zen lehendakari, bai eta Lextarreko gortean ere - Justizia gortea -. Hark izendatzen zituen erregeren izenean hiru mezulariak, eta hauek jakinarazten zituzten haren aginduak; bi baileak ere berak izendatzen zituen. Haien eginbidea kapitainaren edo Lextarreko gortearen erabakiak betetzea zen.

Ordako gortea zen, ordea, biltzarrik garrantzizkoena; haren barnean biltzen ziren alde batetik nobleak eta apezak (apezgoaren izenean eliza kargudun batzuk mintzatzen ziren), eta bestetik herritarren edo hirugarren estatuaren ordezkariak (zazpi deganak eta sei errege burguetako ordezkariak).

Herritarren ordezkariek beren batzar berezia zuten: Zinbideta. Batzar horrek zuen hain zuzen ere indar gehiena. Zinbidetak hautatzen zuen Zuberoako sindiku orokorra; hirugarren estatuko sindikua izaten zen Ordako gorteko sindikua.

Degeria bakoitzean, urteoro, maiatzaren 1ean hautatzen zuten degana, hau da, degeriako ordezkaria. Mezulari eskualdeetako bakoitzean, kapitainak izendatzen zuen mezulari bat, bere aginduak eta deiak, eta batzuetan, Lextarreko gortearenak, jakinaraz eta bete zitzan.

Antolaketa honek XVII. mende azken-azkenera arte iraun zuten, 1790ean Frantziako Iraultzak desegin arte alegia.

Zuberoako Foruen hiztegia

Txomin Peillen Karrikaburu idazle eta euskaltzainak, Euskara eta zuzenbide hiztegia Zuberoan lanean (PDF formatuan), Zuberoako Foruaren hiztegi berezia - "frantses Iraultzak galarazia" - jaso du:

  • Abelhatsegarri: ezkontzako abere oparia
  • Afios: erregeak edo jaun batek alkilatua edo saldua
  • Altxubide: (orain bortübide)
  • Bizkünte: bizkondea
  • Botoi: lur noble edo eznoble bati lotua
  • Degan: degeria burua, bailara ordezkaria
  • Degeria: hamar bat herri edo «parropia»
  • Detxema: elizaren hamarrena
  • Detxemari: detxema biltzaile
  • Erkida: lur edo abere jabe erdizka
  • Erregebide: (orain bide berri)
  • Etxama: bizpahiru etxe berrien jatorrizko etxe zaharragoa
  • Etxamendi: etxetik hurbil den mendia
  • Galerak: kartzel gogorrena edo txalupetakoa
  • Gaztelüzain: Mauleko gazteluaren buru edo kapitaina
  • Hogeigerrena: XVIII. mendeko errege prodigoek eskatu zerga
  • Iheska: mendi aterpe eskubidea
  • Larrari: artzainaren urteko ahari zerga jabeari
  • Laurdenkatu: laurdengatu
  • Lürdün: lurjabeak, batzuk nobleak besteak ez
  • Lextarreko Kortea: Zuberoako epaitegi nagusia
  • Orda Kortea: nobleen biltzarra
  • Paster: lur bat, etxalde bat, alogeran daukana
  • Potestatak: Zuberoako hamar aitonseme nagusiak
  • Proküradore: erregeren ordezko epaitegian
  • Sisak: janarietan eta Zuberoako ugetan kobratzen diren zergak (orain tasak)
  • Üztapide: bearnesez «Camin de garba»
  • Zainhoa: herriko auzoen bermea
  • Zinbideta: Zuberoako «herenbesoaren» biltzarra, arau eta lege egilea.
  • Zinegotzi: Zinbidetako diputatua
  • Zuberoa: herrialdearen izen zaharra XVIII. menderaino; egun euskalkian Xiberoa erabiltzen da.

Kanpo loturak