Abkhaziako Gerra (1998)
Abkhaziako Gerra | |
---|---|
Mota | gerra |
Honen parte da | Abkhaziako gatazka |
Denbora-tarte | 1998ko maiatzaren 20a - 1998ko maiatzaren 26a |
Data | 1998ko maiatzaren 26a |
Kokaleku | Abkhazia |
Herrialdea | Georgia eta Abkhazia |
Parte-hartzaileak | |
Abkhaziako Gerra de facto errepublika independente bat den eskualde horretako georgiar eta abkhazen arteko gatazka etnikoa izan zen. Gerra Abkhaziako Galiko barrutian gertatu zen, eskualde horretan bizi ziren georgiarrek Sokhumiko gobernu sezesionistaren aurka eraso matxino bat egin ondoren. Gatazka honi Abkhaziako Sei Eguneko Gerra ere deitzen zaio, itxuraz denbora horretan iraun baitzuen, borrokak data hori baino lehen hasi baziren ere.[1][2]
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1992ko Abkhaziako Gerran, iheslari ugari sortu ziren, batez ere georgiarrak. Georgiako agintariek, hau abkhaz indarren eta hauen aliatuen "garbiketa etnikotzat" jo zuten, hauen artean Errusia zegoelarik. 1993ko azaroan, abkhaz indar sezesionistek Galiko barrutia kontrolatzen zuten, isolatutako enklabeak izan ezik. 1994an Moskuk babestutako sua eteteko akordioaren ondorioz, georgiarrek enklabe hauek ebakuatu zituzten. Ordutik, 40.000 eta 60.000 georgiar artean Galiko barrutira itzuli ziren.
Abkhazen eta georgiarren arteko 5 urteko bake elkarrizketa hutsalen ondorioz, Abkhazian bizi ziren georgiarrek armak hartu zituzten. Gerrilla-talde txikiak pixkanaka batu ziren matxinada horretara, eta 1996an Legio Zuria (georgieraz: თეთრი ლეგიონი, translit.: tetri legioni) eratu zuten, data horretatik aurrera ekintza subertsiboak gauzatuz. Beste talde bat, Basoetako Anaiak (georgieraz: ტყის ძმები, translit.: tqis dzmebi), geroago agertu zen.[3]
Abkhaz gobernuak Galiko barrutian 300 bat gerrillari sartu[4] eta altxamendu handi bat prestatzen hasi zirela salatu zuen. Abkhaz iturrien arabera, georgiar egoiliarrak (batez ere emakumeak eta haurrak) beren etxeak aldi baterako uztera eta liskarrak hasiz gero ezkutuan egotera animatzen zituzten.[2]
Udaberrian egoerak okerrera egin zuen Abkhazian. Legio Zuriak, Basoetako Anaiek eta beste talde georgiar batzuek Abkhaz Armadaren aurkako erasoak areagotu zituzten, azken hauek azkenean Galiko barrutiaren kontrola galtzea eraginez. Erasorik gogorrena 1998ko maiatzaren 18an gertatu zen: georgiar gerrillariek Repi herrian polizia-etxe bat suntsitu eta 17 agente hil zituzten.[1]
Sei Eguneko Gerra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1998ko maiatzaren 20an, abkhaz tropak- T-72 eta T-55 tankeak, ibilgailu blindatuak eta 122 milimetroko artilleria zituzten 1.500 gizonez osatuta- Galiko barrutian sartu ziren.[5] Georgiar gerrillek, arma labur, metrailadore eta granada-jaurtigailuekin bakarrik armaturik, lubaki-gerra bat hasi zuten georgiar etniako herriak defendatzeko. Borrokarik gogorrenak Jumushkurin, Zemo Barghebin, Sidan eta Saberion gertatu ziren.
Maiatzaren 26rako, abkhaz indarrek ia Galiko barruti osoaren kontrola hartua zuten. Abkhaz eta georgiar ordezkaritzek su-etena lortu zuten maiatzaren 25ean, Gagra hirian bilera bat egin ondoren. Itunaren arabera, bi aldeek euren indar armatuak erretiratuko lituzkete Galiko barrutitik maiatzaren 26ko goizeko 6etan. NBEko ordezkarien batzorde berezi batek eta nazioarteko beste erakunde batzuek su-etena gainbegiratu zuten.[2]
Eroriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Georgiako fiskal nagusiaren bulegoaren arabera, Galiko gatazkan, georgiar aldeak erori hauek izan zituen: 6 desagertu, 35 zibil eta 17 funtzionario hil, 24 zauritu eta 56 preso.[6] Gainera, bertako biztanleen 1.685 etxe erre zituzten. Georgiar iturrien arabera, abkhazen galerak askoz handiagoak izan ziren, gutxienez 300 hildako[7] eta dozenaka zauritu zeudela esanez.[2]
Liskarren ondorioz, ehunka erori izan ziren bi aldeetan, eta 30.000 eta 40.000 georgiar arteko desplazamendu gehigarria.[8] Hala ere, familia asko azkar itzuli ziren, nahiz eta liskarrek 1.500 etxe ia hondatuta utzi zituzten, duela gutxi nazioarteko laguntzarekin birgaitu zirenak barne.
Georgiaren parte-hartzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Georgiako gobernuak gerrillekin inolako loturarik ez zuela esan zuen.[2]
1998ko maiatzaren 22an, Abkhaziako gatazkari buruzko ezohiko bilera bat egin zuten Tbilisien. Bertan, protokolo-zirriborro bat idatzi eta Sokhumik Galitik bere indarrak erretiratzeko eta Tbilisik bere aldeko gerrillak eteteko agindu zuten. Adituen arabera, gertaera horrek Georgiako agintariek gerrillak kontrolatzen zituztela baieztatzen zuen. Hala ere, Eduard Xevardnadzek, orduan Georgiako presidentea zenak, beste behin esan zuen gobernuak ez zuela zerikusirik Galiko georgiar gerrillarekin.[2]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Ingelesez) Cheterian, Vicken. (1998ko abendua). «Ethnic conflict in Georgia» Le Monde Diplomatique.
- ↑ a b c d e f (Ingelesez) «The Army and Society in Georgia» Center for Civil-Military Relations and Security Studies.
- ↑ (Ingelesez) Kurtanidze, Besik. (1998ko ekaina). Army & Society in Georgia. Slavi & East European Collection at UC Berkeley.
- ↑ (Ingelesez) «The Army and Society in Georgia» Center for Civil-Military Relations and Security Studies.
- ↑ (Ingelesez) «The Army and Society in Georgia» Center for Civil-Military Relations and Security Studies.
- ↑ (Ingelesez) «The Army and Society in Georgia» Center for Civil-Military Relations and Security Studies.
- ↑ (Ingelesez) «The Army and Society in Georgia» Center for Civil-Military Relations and Security Studies.
- ↑ (Ingelesez) «The Army and Society in Georgia» Center for Civil-Military Relations and Security Studies.