Adierazpen-perpaus

Wikipedia, Entziklopedia askea

Adierazpen-perpausa hiztunak entzuleari, edo idazleak irakurleari, informazio bat helarazteko edo gertaera baten berri emateko erabiltzen den perpausa. Perpaus-mota erabiliena da.

Perpausak adierazpenak egiteko erabiltzen dira, eta adierazpen horiek baiezka emanak egon daitezke edo ezezka. Horrenbestez, perpausak baiezkoak eta ezezkoak izan daitezke.

Baiezko perpausak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baiezko perpausek ez dute marka berezirik behar. Adizki trinkoekin bakarrik da nahitaezko BA- ezartzea, baina egiazki perpausaren baiezkotasuna markatu nahi denean (baiezkotasuna denean galdegaia, alegia):

  • Badakit kontu asko dakizkizula.

Nolanahi ere, adizki trinko bat perpausaren hasieran doanean, nahiz eta baiezkotasuna ez izan galdegaia, orduan ere BA agertuko da. Ikus perpaus hauen arteko kontrastea:

  • a. Banoa ohera.
  • b. Ohera noa.

Adizki perifrastikoekin ez da BA elementua ezartzen, oso testuinguru markatuetan ez bada. Adibidez:

  • —Ez duzu esan. —Badut esan.

Elkarrizketa normalean, aski da esan dut esatea.

Ezezko perpausak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezezko perpausetan EZ osagaia agertuko da. Osagai hori adizkiaren inguruan ibiliko da: trinkoa bada, adizkiaren ezkerretara kokatuko da. Adizki perifrastikoa bada, orduan laguntzailearen ezkerretara kokatua agertuko da:

  • a. Inork EZ zekien noiz etorriko zen. (EZ + aditz trinkoa)
  • b. Jonek EZ du ekarri idazteko ezer. (EZ + laguntzailea …)

Perpaus bakunetan, adizki perifrastikoaren osagaiak, hala ere, lekuz aldaturik aurkitzen dira normalean:

Jonek ekarri du ⇔ Jonek EZ du ekarri

Ordena-aldaketa hori, hala ere, perpaus txertatu batzuetan ez da gertatzen. Adibidez, erlatiboetan edo baldintzazkoetan. Konpletiboek, berriz, perpaus bakunen bideari segitzen diotela ematen du:

  • a. Jan ez duzun ogia, gorde mesedez poltsan. (ez, *Ez duzun jan ogia).
  • b. Egiten ez baduzu, beste batek egin beharko du. (Ez baduzu egiten ere esan liteke, nahiz eta bestea izan jokabide normala).
  • c. Esan digu ez dela etorriko.

Beraz, EZ elementuak adizki laguntzailea bereganatzen du. Hala, laguntzailea adizki nagusiaren aurretik gertatzen da. Baina ez bakarrik hori. Aurreratua gertatzen den laguntzailearen eta adizki nagusiaren artean perpauseko beste osagaiak ere koka daitezke, horrela, laguntzailearen eta nagusiaren arteko distantzia handituz. Adibidez:

  • a. Ez dizut nik arropa guztiak lisatzeko eskatu.
  • b. Andonik ez zion inori jolasten uzten.

EZ elementuaz gainera aditzaren inguruko beste elementuak ageri badira (OMEN, OTE, BAIT- BA-, BIDE, etab.), haiek EZ elementuaren eta adizkiaren artean kokatzen dira:

  • a. EZ BAzatoz, berdin dio.
  • b. EZ OMEN daki ezer.
  • c. Ez zuen gelara sartzerik izan, EZ BAITzuen sarrerarik.

EZ elementuaz gainera, badira beste zenbait ere ezeztapen-balioa dutenak eta, horrenbestez, agertzen badira EZ-en agerpenari bidea ixten diotenak. Bi dira aipatzekoak bereziki: NEKEZ aditzondoa eta EZIN aditz modala. NEKEZ aditzondo arrunta da. Normalean, adizkiaren ingurura biltzen da:

  • NEKEZ esango nion nik horrelako ezer Josebari.

Adibide horrek argiro erakusten duen bezala, NEKEZ-ek ez dio adizkiari inolako aldaketarik ezartzen. Horretan, ez da EZ-en pareko. EZIN aditz modalak, ordea, EZ-ek dakarren ordena-aldaketa bera sortzen du gehienetan:

  • a. EZIN naiteke zurekin ezkondu.
  • b. Josebak EZIN omen du kurtsoa gainditu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]