Aditz-izenezko perpaus txertatua

Wikipedia, Entziklopedia askea

Aditz-izenezko perpaus txertatua aditz-izenaz osatutako perpaus txertatua da. Aditz jokatu gabeko perpaus txertatu motetako bat da (beste motak aditz-partizipiozko perpaus txertatua, aditzoinezko perpaus txertatua eta etorkizuneko aspektu-marka duten perpaus txertatua dira).

Aditz-izenaren ezaugarria -T(Z)E atzizkia da. Atzizki hori, berez, eratorpen-atzizki bat da, aditzak izen bihurtzen dituena. Horregatik, hiztegiko hainbat eta hainbat izen eratorri era horretakoak dira: egite, buruhauste, uste, jakite, etab. Horretaz gainera, aditz-izena, -N atzizkiaren laguntzaz, aditz-jokoan erabiltzen da [-burutua] aspektu-marka duten adizkiak osatzeko: etortzen da; egiten dugu, etab. Baina perpaus-txertakuntzan ere, era horretako aditz-izenek joko handia ematen dute, horretarako behar diren markak (-tze + A; -tze + KO; -tze + N; -tze + RA eta haietatik eratorritako beste hainbat) bereganatu ondoren. Hona hemen kasurik erabilienak.

Aditz-izena absolutiboan: -TZEA[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Formari begiraturik, adizkiak, -T(Z)E atzizkiaz gainera, -a mugatzaile singularraren marka behar du. Ondoren, absolutiboaren marka eramango du: Ø alegia. Beraz:

Aitak amari gona gorria ekartzea = aitak amari gona gorria ekar + tze + a + Ø

Hori da formarik arruntena eta usuena. Absolutiboan doanez gero, ZER galderari erantzuten dion osagai bat izango da:

  • a. Norbaitek laguntzea komeni zait.
  • b. Etxea saltzea erabaki dute nire gurasoek.
  • c. Otorduetan ardo pixka bat edatea ona omen da.

Adibide horietan nabarmendutako osagaiak perpausak dira, adizki jokatu gabea dutenak, eta denek ere ZER galderari erantzuten diote: ZER komeni zait? ZER erabaki dute nire gurasoek? ZER da ona? etab.

-TZEA onartzen duten aditz nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dena dela, perpaus txertatuak diren aldetik eta kontuan izanik ez dutela aditz nagusi guztiek -TZEA formako perpaus txertaturik onartzen, lehendabizi jakin beharrekoa da ea zein diren era horretako perpausak onartzen dituzten aditzak. Absolutiboan doanez gero, predikatu baten subjektuaren edo objektuaren egongunean agertuko dira. Objektu gisa -TZEA perpausa onartzen duten aditzak honako hauek dira: AGINDU, BEHAR IZAN, ERABAKI, NAHI IZAN, PENTSATU, …

Subjektu gisa, berriz, askok onartzen dute. Oro har, ona izan, txarra izan, kaltegarria izan, zail izan, neke izan, erraza izan, eta nolakotasuna adierazten duten antzeko predikatuak ongi doaz -TZEA subjektu batekin.

AHAZTU, ATSEGIN IZAN, GUSTATU, KOMENI IZAN, KOSTA, eta beste batzuek ere subjektu gisa eraman ohi dute horrelako perpausa.

NAHI eta BEHAR[aldatu | aldatu iturburu kodea]

NAHI IZAN eta BEHAR IZAN ere objektutzat horrelako perpausa dutela ager daitezkeen arren, partizipioarekin ere ager daitezke. Horrela, (a) eta (b)-koen parean (c) eta (d)-koak ere badira:

  • a. Nahi dugu zu hemen gelditzea.
  • b. Zuk sinadura ezartzea besterik ez dugu behar.
  • c. Hemen gelditu nahi dugu.
  • d. Sinadura ezarri behar dugu.

Lehenengo bien eta hurrengo bien arteko diferentzia argi dago: lehenengo bietan perpaus nagusiko subjektua eta perpaus txertatukoa desberdinak dira. Azken bietan, berriz, bi aditzen subjektua bat da. Hortaz, NAHI eta BEHAR-ekin:

Subjektu biak desberdinak badira ⇒ Aditz-izena (TZEA)
Subjektu biak bera bada bietan ⇒ Aditz-partizipioa (TU)

Beste aditzetan, ordea, ez da horrelako bereizketarik egiten. ERABAKI-ren kasuan, adibidez, beti -TZEA forma izango du perpaus txertatuak, subjektuak direnak direla:

  • a. Mendira joatea erabaki dugu (guk erabaki dugu eta gu joango gara).
  • b. Zuek ontziak garbitzea erabaki dugu (guk erabaki eta zuek ontziak garbitu).

-TZEA eduki[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EDUKI aditzarekin ere esapide berezia osatzen du era honetako aditz-izenak:

  • Lehenago etortzea zeukan.

Alegia, lehenago etorri balitz, behar zen bezala, ez zen gertatu zena gertatuko.

Aditz-izena partitiboan: -TZERIK[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Partitiboaren eta absolutiboaren artean dagoen diferentzia dago oraingoan ere -TZEA eta -TZERIK-en artean. Perpaus nagusia ezezka emana denean, zenbaitetan partitiboan joan daiteke aditz-izenezko perpausa, baina ez da nahitaezkoa ez eta gutxiagorik ere:

  • a. Andre hark ez zuen nahi inor bisitatzera joaterik.
  • b. Ez dut inora joaterik pentsatu oraindik.

Gehienetan, hala ere, perpaus nagusia ezezka emana egon arren, -TZEA forma erabiltzea zilegi da:

  • a. Ez zait gustatzen euripean ibiltzea.
  • b. Sukaldariari gaur ez zaio ahaztu entsaladari gatza botatzea.

Zenbait esapide, ezintasuna adierazteko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baina partitiboaz baliatzen diren esapideak ere badira. Ezintasuna adierazteko erabiltzen da, adibidez, EGON, IZAN, UKAN eta EDUKI aditzekin batera:

  • a. Etxe honetan dagoen zaratarekin, ez dago ikasterik. (hots: ezin da ikasi).
  • b. Biharko kontzertura joaterik ez daukat. (hots: ezin naiz joan).

Batez ere ezezkako perpausetan erabiltzen da. Esan nahi baita: ezintasuna barik egiazki ahala adierazteko ez da oso egokia [eduki + -TZEA] esamoldeaz baliatzea. Edo oso dotorea behintzat ez dirudi. Horretarako daude ahalera eta gainerako ordainak. Hots: «badaukat joatea» baino hobe «joan naiteke» nahiz «joaten ahal naiz» adibidez.

Aditz-izena ergatiboan: -TZEAK[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perpaus nagusiko aditzak, zenbaitetan, -TZEAK formako perpaus txertatua onartzen du subjektu gisa. Haietako tipikoenak aditz psikologikoak izaten dira: IZUTU, KEZKATU, BELDURRA EMAN, ASALDATU, KALTE EGIN eta haien antzekoak. Ergatiboan doan sintagma egile gisa baino gehiago instrumental gisa interpretatu ohi da.

  • a. Beti bakarrik ibiltzeak kalte egin dio haur horri.
  • b. Zuzendariak kontu hori kontatzeak beldurtu egin du Jon.

Baina aditz psikologiko izan gabe ere, aurki daiteke horrelakorik:

  • a. Gehiegi tinkatzeak ekarri du soka etetea.
  • b. Euskalduna izateak ez du esan nahi, ez besteak baino gehiago garela, ez gutxiago.

Aditz-izena datiboan: -TZEARI[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbait aditzek onartzen dute zehar-objektu gisa -TZE tankerako perpaus bat. Horretarako, datiboaren kasu-marka beharko da: -TZEA- RI, hortaz. Aditz horietako bat EKIN da, nahi eta ez datibozko osagarria eskatzen duena. Horrenbestez, aditz jokatu gabeko perpausa onartzen duelarik, datiboan joango da hura ere:

  • Horma guztiak zikintzeari ekin diote orain batzuek.

Baina bestelako zenbait aditzekin ere erabil daiteke:

  • a. Batzuek, bonbotzar bati danbatekoak emateari musika deitzen diote.
  • b. Jakiak behar bezala prestatzeari garrantzia eman behar zaio.

Aditz-izena genitiboan: -TZEAREN eta -TZEKO[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orain arteko adibideetan bezala, genitiboan ere ager daiteke -TZE perpausa. Oraingoan, izenlaguna dela esaten da. ARRAZOI, BEHAR, ONDORIO eta horrelako izenekin batera aski normala da horrelako perpausak agertzea:

  • a. Herriko dendariek alkatearengana jotzearen arrazoiak garbi daude.
  • b. Langile desegokiak hautatzearen ondorioak geroago agertzen dira.

-TZEKO formakoak ere izenlagun izan daitezke:

  • a. Zuek agurtzeko beharra dut.
  • b. Zuregana jotzeko arrazoia berehala azalduko dizut.

Askotan zalantzak izan daitezke -TZEAREN eta -TZEKO aukeratzeko orduan. Hala ere, -TZEKO forma maizago erabiltzen da -TZEAREN forma baino. Askotan, gainera, helburuzko, xedezko, adiera izan ohi du -TZEKO perpausak.

Aditz-izena destinatiboan: -TZEKO[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bada goikoa ez bezalako beste -TZEKO bat ere, oso erabilia perpaus osagarri gisa. Oraingoan ez da izenlaguna, aditzaren nolabaiteko osagarria baizik. Eta kasu honetan ere, ohartu beharra dago bi eratako egituretan agertzen dela: a) aditzaren osagarri zuzen gisa eta b) adizlagun gisa.

Zenbait aditzen osagarri gisa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ZERTAKO galderari ez, ZER galderari erantzuten diote horrelakoek. Borondate-aditzekin (AGINDU, ERREGUTU, ESAN, ESKATU, …) agertzen dira horrelako osagarriak:

  • a. Isilik egoteko esan zigun maisuak.
  • b. Nobela hura ez erosteko agindu zigun amak.

Era honetako perpaus txertatuak ageriko subjekturik gabe agertzen dira:

  • a. [ [Ø] isilik egoteko] esan zigun maisuak.
  • b. [[Ø] nobela hura ez erosteko] agindu zigun amak.

Agerian ezin aurki daitekeen subjektu hori, hala ere, eta perpaus nagusiko zehar-objektua (guri, alegia), biak bat dira. Horregatik, hain zuzen, honako hauek okerrak dira:

  • a. ??Kanpoko haurrak isilik egoteko eskatu zigun maisuak.
  • b. ??Zuk nobela hura ez erosteko agindu zigun amak.

Okerra begien bistakoa da: perpaus nagusiko zehar-objektua (= guri) eta perpaus txertatuko subjektua (kanpoko haurrak batean eta zuk, bestean) ez datoz bat, desberdinak dira. Horra, (a)-ko perpausen akatsa. ESKATU aditzak debeku hori ezartzen dio bere mendeko perpaus osagarriari.

Adizlagun gisa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baina bada beste bigarren erabilera bat ere askoz debeku gutxiago dituena, edozein perpausetan ager baitaiteke, perpaus horretako aditza edozein izanik ere. Baina, oraingoan, ez da perpaus hau benetako osagarria, perpausean kanporago dagoen bestelako «inguratzaile » bat baizik. Goragokoek ZER galderari erantzuten bazioten, orain ZERTA(RA)KO da erantzuten zaion galdera. Perpaus hauek, horregatik, xedezkoak, finalak direla esaten da, xede bat, zertarako bat adierazten baitute. Hauek adizlaguntzat hartzekoak dira:

  • a. Atxilotuaren aitorpena lortzeko, ez da zilegi torturaz baliatzea.
  • b. Zuek unibertsitatera joateko, beste zenbaitek gogor egin behar izan du lan.

Holako egiturak ez daude lotuta aditz jakin batzuei. Esan behar da, halaber, perpaus nagusiko aditzak ez duela debeku berezirik ezartzen perpaus nagusiko izen-sintagma bat eta perpaus txertatuko subjektua bat izan beharraz: goiko adibideetan, esaterako, argi dago subjektuak desberdinak direla. (a)-n perpaus nagusiko subjektua (torturaz baliatzea) hor dago, baina perpaus txertatuko subjektua subjektu zehaztugabea da: atxilotuaren aitorpena NORK lortu ez da zehazten. (b)-n, berriz, beste zenbaitek dago alde batetik, eta zuek bestetik. Biak agerian, eta biak desberdinak. Hala ere, perpaus erabat zuzena da. -TZEKO-ren ordain izan daiteke subjuntibozko adizkia duen perpausa ere, batez ere perpaus txertatuko subjektua agerian joan beharrekoa bada: (c eta d). Baina baita subjektua perpaus nagusiko izen-sintagma baten erreferentziakide denean ere. Hor dago, esaterako, (e)-ko adibidea:

  • c. Zuek unibertsitatera joan zaitezten, beste zenbaitek gogor egin behar izan du lan.
  • d. Gure arazoek irtenbide egokia izan dezaten, irudimen pixka bat beharko da.
  • e. Isilik egon gintezela esan zigun maisuak.

-TZEARREN eta -TZEAGATIK[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauen formak ez du inolako zalantzarik: aditz-izenari zergatia edo xedea adierazten duten -ARREN eta -AGATIK postposizioak erantsiz lortu dira. Hauek ere, xedezko -TZEKO perpausak bezala, ez daude aditz nagusiari bereziki lotuak, ez dira egiazko osagarriak, adizlagunak baizik. Sarritan, ez dago argi benetako kausa den ala xedea den. Hona hemen zenbait adibide:

  • a. Pinotxori, gezurrak esateagatik, sudurra ikaragarri hazi zitzaion.
  • b. Suarekin jolasean ibiltzeagatik gertatu zaizu hori.
  • c. Zurekin ezkontzeagatik, edozer emango nuke.

Oraingoan ere, perpaus txertatuan ez da subjekturik ageri. Horrelakoetan, normalena testuingurura jotzea izan ohi da, eta perpaus nagusiko subjektuaren (edo objektuaren, kasu batzuetan) erreferentzia bera eman ohi zaio: (a)-n perpaus txertatuaren subjektua Pinotxo bera da, eta (b)-n, berriz, zu. Hori, bestelako testuingururik ezean. Baina beste testuinguru batean, edo perpausak subjektua erabat agerian duenean, jakina, bestela interpretatuko da perpaus txertatuaren subjektu horren erreferentzia ere:

  • a. Pinotxori, guk gezurrak esateagatik, sudurra ikaragarri hazi zitzaion.
  • b. Haurra suarekin jolasean ibiltzeagatik gertatu zaio amari gertatu zaiona.
  • c. Nire anaia zurekin ezkontzeagatik, edozer emango nuke.

-TZEARREN taxuko perpausak, funtsean, berdin funtzionatzen du:

  • a. Diru pixka bat gehiago irabaztearren hasi da liburuak saltzen.
  • b. Txakurra ateratzearren irteten da kalera.

Azken bi adibideetan nagusitzen den adiera, kausala baino gehiago, xedezkoa, finala, dela dirudi.

Aditz-izena inesiboan: -TZEN[aldatu | aldatu iturburu kodea]

-TZEN formako perpaus txertatuak arreta berezia eskatzen du. Izan ere, zenbait aditzek eskatua dator era honetako perpaus txertatua. Osagarri dira, hortaz, perpausok. Bereziki, aspektu-aditzekin (HASI, ARI, JARDUN, IBILI, EGON, SAIATU…), ezagutza- edo jakite-aditzekin (JAKIN, IKASI, AHAZTU, …) eta hautemate-aditzekin (IKUSI, ENTZUN, HARRAPATU, SUMATU, HAUTEMAN, SENTITU, …) lotua agertzen da. Aditz hauek denak «kontrol-aditzak» dira, hots: perpaus txertatuaren subjektuari goiko perpauseko osagai batek (subjektuak, gehienetan) ezartzen dio erreferentzia. Esan nahi baita, biak bat direla. Beraz, subjektu horrek isilpekoa (i) izan behar du nahitaez.

Aspektu-aditzekin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • a. Gezurra esaten ari da gizon hori [[Ø] i gezurra esaten] ari da gizon hori i.
  • b. Alemanez ikasten hasi da gure irakaslea [[Ø] i alemanez ikasten] hasi da gure irakaslea i.
  • c. Bazterrak nahasten pasatzen du egun osoa [[Ø] i bazterrak nahasten] pasatzen du egun osoa (hark i).
  • d. Etxea pintatzen jardun du asteburu osoan [[Ø] i etxea pintatzen] jardun du asteburu osoan (hark i).

Ezagutza-aditzekin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • a. Bizikletan-ibiltzen ez daki oraindik [[Ø] i bizikletan ibiltzen] ez daki oraindik (hark i).
  • b. Jendea engainatzen berehala ikasi du dendari horrek [[Ø] i jendea engainatzen] berehala ikasi du dendari horrek i.
  • c. Aita gurea errezatzen ahaztu zaio erretoreari [[Ø] i Aita gurea errezatzen] ahaztu zaio erretoreari i.

AHAZTU aditzak bitara jokatzen du. -TZE gisako perpausen aurrean, -TZEA eta -TZEN, biak onartzen baititu. Baina gogoan izan behar da honako bi adibide hauek guztiz esanahi desberdinekoak direla:

  • a. Aita gurea errezaTZEN ahaztu zaio erretoreari.
  • b. Aita gurea errezaTZEA ahaztu zaio erretoreari.

(a)-k esan nahi du erretoreak noizbait bazekiela Aita gurea errezatzen baina «jakite» edo trebezia hori galdu duela. (b)-k, berriz, ez dio ezer erretorearen jakiteaz edo erretoreak noizbait izan duen trebeziaz. Esaten dena da zerbait egin behar zuela eta eginbehar hori ez duela bete, ahaztu egin zaiolako. Horrenbestez, pentsa liteke, esanahi desberdinak direnez gero, behar bada bi AHAZTU daudela, edo, nahiago bada, AHAZTU-k bi adiera dituela, bakoitzak bere eskakizun sintaktikoak dituela: batak -TZEA eskatuko du, besteak -TZEN.

Hautemate-aditzekin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen hautemate-aditz deitutako horiekin osatutako zenbait adibide:

  • Haur horiek egunero ikusten ditut autobusa hartzen. ← Haur horiek egunero ikusten ditut [[∅] autobusa hartzen].
  • Inoiz ez dizut entzun frantsesez hitz egiten. ← Inoiz ez dizut entzun [[∅] frantsesez hitz egiten].
  • Pixa egiten harrapatu zuen udaltzainak Andoni. ← [[∅] Pixa egiten] harrapatu zuen udaltzainak Andoni.

Hautemate-aditzekin perpaus txertatuko subjektuaren erreferentziakide perpaus nagusiko objektua izan ohi da, ez subjektua.

Aditz-izena adlatiboan: -TZERA[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Molde honetako perpausa, bidezkoa denez, mugimendu-aditzen (BIDALI, EKARRI, ERAMAN, ETORRI, JOAN,…) mende doanean erabiltzen da. Era abstraktuago batean mugimendu-adiztzat har daitezkeen AUSARTU, ERABAKI, KONDENATU, SAIATU, eta antzekoekin ere erabiltzen da -TZERA, nahiz eta kasu honetan -TZERA eta -TZEN biak erabiltzen diren, euskalkien arabera:

  • a. Egunkaria erostera bidali ninduen amak.
  • b. Zerbait esatera etorri naiz, baina ahaztu egin zait zer zen.
  • c. Autoak harrapatu zuenetik, ez da kalera irtetera/irteten ausartzen.
  • d. Saia gaitezen denok arbola hori botatzera/botatzen.
  • e. Kondenatu zuten herriko kale guztiak egunero garbitzera.

Hauetan ere, perpaus txertatuko subjektuak isilpean egon behar du. Perpaus nagusiko subjektuari esker interpretatzen da zein den isilpeko subjektu hori.

Aditz-izena adlatiboan: -TZERAINO[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perpaus txertatu honek ZERTARAINO edo ZENBATERAINO galderari erantzungo lioke:

  • a. Osasuna erabat hondatzeraino behartu zuen lanean bere gorputza.
  • b. Kalean eskean ibiltzeraino iritsi ziren gazte haiek.

Aditz-izena inesiboan: -TZEAN[aldatu | aldatu iturburu kodea]

-TZEN inesibo zaharraren parean, bada deklinabidean normalki erabiltzen den beste inesiboa ere. Inesibo horrek, singularrean, -a- morfema eskatzen du: mendian, lurrean etab. Modu berean, -TZEN-en parean bada inesibo berria edo arrunta ere: -TZEAN, alegia. Azken hori, -TZEN ez bezala, ez dator aditz jakin bati lotua. Hortaz, ez da egiazko osagarria, adizlaguna baizik. Aski da inesiboan doan osagairen bat onartzen duen perpausa izatea. Batez ere, denborazko perpaus txertatuak osatzeko erabiltzen da: NOIZ galderari erantzuten dio.

  • a. Zuk hau esatean konturatu nintzen erraturik nengoela.
  • b. Etxe batean sartzean, lehenbiziko gauza jendea agurtzea izan ohi da.

Denborazko diren aldetik, aditz jokatuzko perpaus batez ere ordezka daitezke. Honako hauek, adibidez, aurreko bien pareko dira:

  • a. Zuk hau esan zenuenean konturatu nintzen erraturik nengoela.
  • b. Etxe baten sartzen zarenean, lehenbiziko gauza jendea agurtzea izan ohi da.

Aditz-izena ablatiboan: -TZETIK[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honek ere ez du debeku berezirik aditz nagusiaren aldetik. Sorburua adierazten du. Beraz, NONDIK edo ZERTATIK galderari erantzuten dio:

  • a. Bihar mendira joatetik ez zaituzte inork libratuko.
  • b. Liburuak erostetik liburuak irakurtzera alde handia dago.

Aditz-izena soziatiboan: -TZEAREKIN[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ZEREKIN galderari erantzuten dio:

  • Motor handi hori erostearekin zer uste duzu konpontzen duzula?

NOIZ galderari ere erantzun diezaioke. Denborazko adizlaguna dela esan liteke orduan:

  • Garrasi hura entzutearekin, izuak astindu ninduen burutik oinetaraino.

-TZEAREKIN BATERA egitura ere denborazko perpaus txertatuak osatzeko erabiltzen da. Horrelakoek, bistan denez, bi gertakizun aldi berekoak direla adierazten dute:

  • Hori esatearekin batera, egundoko muturrekoa eman zion.

Aditz-izena instrumentalean: -TZEAZ[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honek ZERTAZ galderari erantzuten dio. Instrumentala onartzen duten aditzak izan ohi dira horrelako perpaus txertatuak onartzen dituztenak:

  • Beti gauza bera egiteaz asper-asper eginda nago.

Baina, oraingoan ere, hor dago -TZEAZ BATERA esapidea:

  • Zure izena entzuteaz batera gogoratu nintzen atzo esan zenidanaz.

Hori, jakina, denborazko adizlaguna dela esan behar da.

Aditz-izena instrumentalean + GERO: -TZEZ GERO[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • a. Autoa erostez gero, txikia erosiko dut.
  • b. Baten bat aprobatzez gero, latina izango da.

Baldintza adierazten dute nolabait. Horrelatsu parafraseatuko lirateke:

  • a. Autoa {erosi behar badut, erosten badut, …} txikia erosiko dut.
  • b. Baten bat aprobatu behar badut, latina izango da.

Aditz-izena adlatiboan + KO: -TZERAKO[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Era honetako perpausek NOIZKO galderari erantzuten diote. Denborazko adizlagunak direla esan behar da, hortaz:

  • a. Eguna zabaltzerako, etxe guztia ongi txukundua edukitzen zuen beti.
  • b. Gure semea etxeratzerako, izango dira ordu biak.

Haalakoen baliokidetzat eman behar dira [aditz-partizipioa + ORDU(RA)KO] taxua duten perpausak. Esanahiari dagokionez, bi ekintza edo gertaera aurkezten dira erlazionaturik: lehen ekintza amaitu baino lehen hasten dela bigarrena. Hori adierazten dute.

Aditz-izena + KO + TAN: -TZEKOTAN[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Formari dagokionez, esan behar da atzizki bat baino gehiago bereganatu dituela aditz-izenak: lehenbizi, -KO izenlagunarena eta hari, -TAN inesibo mugagabearen atzizkia erantsi zaio. Horrek pentsarazten du zerbait isildu dela, -TZEKO ASMOTAN edo esango balitz bezala. Nolanahi ere, zerbaiten asmoa edo intentzioa adierazten du perpaus horrek:

  • a. Karrera bat aukeratzekotan, aukera ezazu ahalik eta laburrena.
  • b. Berrogei milioiko txaleta erostekotan da gure laguna.

Adibide horiek parafrasi desberdinak ametitzen dituzte:

  • a1. Karrera bat aukeratzeko asmotan bazara, aukera ezazu ahalik eta laburrena.
  • a2. Karrera bat aukeratu behar baduzu, aukera ezazu ahalik eta laburrena.

Hor, badirudi baldintza eta asmoa, biak, konbinatzen direla. (b), berriz, ez da baldintzazkotzat interpretatuko. Kasu horretan, ZERTAN galderari erantzuten dio. Hau izango litzateke parafrasi egokia:

  • b1. Berrogei milioiko txaleta erosteko asmotan da gure laguna.

Nolanahi ere, perpaus txertatu hauek adizlaguntzat hartu behar dira. Postposizio-sintagmak dira, esanahiaren aldetik izan ditzaketen ñabardurak gorabehera.

-TZEAR[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esapide hau ere postposizio-sintagmatzat har daiteke. Balioaren aldetik, moduzkoa da, zerbait izatekotan. Predikatu osagarriaren zeregina betetzen duela ere pentsa liteke:

  • a. Karrera amaitzear nuen garai hartan.
  • b. Kontzertua hastear da.

Adibide horietan amaitzear eta hastear predikatuak direla argi dago eta zeri dagozkion ere bai: batean, karrera izen-sintagmari dagokio, eta bestean kontzertua izen-sintagmari. Ez dirudi [Aditza + TZEAR] egitura honetan perpaus osagai askorik agertzen denik. Ez da erraz, behintzat. Horregatik, agian, perpaustzat hartu beharrean, aditzondo eratorritzat ere har liteke, aditz-izenari -ar atzizkia erantsirik sortua.

-T(Z)ERAKOAN[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perpaus honek azkenean daramana inesiboaren marka da: -AN, (-RA eta -KO bitarteko direla). Horregatik, normalena NOIZ galderari erantzutea da. Alde horretatik, goragoko -TZEAN-en parekotzat har liteke, bien artean diferentzia txikiren bat baldin badago ere:

  • a. Ikasgai berri bat hasterakoan, garrantzitsua da ikuspegi orokorra izatea.
  • b. Bilbora joaterakoan ikusi nuen Edurne.

Halakoak ere denborazko adizlagunak direla esan daiteke.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]