Aditz-lokuzio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Aditz-lokuzioa izena eta aditza konbinatuz sorturiko aditz konposatua da. Lokuzio mota bat da, bi hitz elkartuz sorturiko unitate lexikala. Aditza sortzean berezko esanahiak hartzen dituztenez, elkarturik aztertu behar dira lokuzioa sortzen duten elementuak.

Euskaraz, aditz-lokuzioek honako egitura dute: [Izena] + [Aditza].

Aditza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aditz-lokuzioak sortzeko aditz anitz erabil daitezke, baina hauek dira ohikoenak:

  • Izan (edo ukan) aditz laguntzailea: behar izan, ahal izan, ezin izan, nahi izan, ari izan, maite izan, bizi izan, balio izan, merezi izan, beldur izan, gose/egarri izan...
  • Egin: lo egin, lan egin, hitz/berba egin, dei egin, alde egin, ihes egin, jauzi egin, so egin, putz egin, negar/irri egin, pixa/kaka egin... Hauetako anitzek "eragin" aditza ere onartzen dute.
  • Eman eta hartu aditzak: musu eman, berri eman, atsegin eman/hartu, min eman/hartu, esku eman/hartu, atseden hartu, preso hartu, parte hartu...

Aditz-lokuzioaren aspektuari dagokionez, aditzari ezartzen zaio marka. Salbuespena, izan/ukan aditzarekin gertatzen da, forma trinkoan daudelarik. Kasu horretan aspektuaren marka izenari atxiki dakioke, baina ez beti.

Adibidez: joan beharKO dut = joan behar izanGO dut, baina joan beharTZEN dut* ez litzateke posible joan behar izaTEN dut esaldiaren ordez.

Aditz-lokuzio bat aditz jokatu edo jokatugabe moduan erabil daiteke. Lehen kasuan, aditza trinkoa edo perifrastikoa izan daiteke, hiru elementutako aditz sintagma gertatuz (lo egin nuen). Partikula modalak adizki jokatuaren aurrean jartzen dira, ohi bezala (parte hartu omen duzu).

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aditz-lokuzioetan, izena mugagabean joaten da, eta hala ez delarik ezin da lokuziotzat hartu, eta esaldia posible denean esanahi ezberdina izango luke (Su eman diot etxeari / Sua eman diot Aneri, zigarreta pizteko). Ezezkoetan, posible da izena partitibo kasuan agertzea (zuk lo egin duzu, baina nik ez dut lorik egin).

Aditz-lokuzioaren idazkerari dagokionez, izena eta aditza bereiz idatzi behar dira. Salbuespen gutxi batzuk badira, hala ere (hitzartu, hitzeman, galdegin, jaregin, onartu, antzeman...)[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   «aditz-lokuzioa - Euskara Batuaren Eskuliburua» www.euskaltzaindia.eus . Noiz kontsultatua: 2019-05-04 .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]