Aditzondo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aditzondoa» orritik birbideratua)

Aditzondoa deklinabide-atzizkirik gabe adberbio-funtzioa betetzen duen hitza da. Adibidez:

  • Hemen bizi zen kondea (aditzondoa: hemen).
  • Zakarki erantzun zidan dendariak (aditzondoa: zakarki).

Hemen eta zakarki ez daude izen-sintagma batez eta deklinabide-atzizki batez edo postposizio batez osatuta; beraz, ez dira adizlagun klasikoak. Hemen, atzo, beti, pozik eta antzekoak aditzondoak dira. Hitz horiek horrelaxe agertzen dira hiztegietan, beren osagaiak bereizi gabe. Batzuetan, dena den, aditzondoek berek ere hartu behar izaten dute postposizioa, perpausean betetzea dagokien zeregina dela medio. Adibidez:

  • Hemendik ez zen pasatu.
  • Atzoz gero ez dut ikusi Miren.

Aditzondoaren zeregina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aditzondo hitzak adierazten duenez, aditzaren inguruko elementuak dira, nahiz eta askotan, aski elementu bazterrekoak izan ohi diren. Baina aditzondoak, aditzaren ondoan ez ezik, hots, perpausaren osagai ez ezik, adjektibo-sintagmaren inguratzaile ere izan daitezke. Adibidez, maila-adberbio deitzen direnen zeregina adjektibo baten edo beste adberbio baten maila zehaztea izan ohi da. Halakoak, hortaz, aditzaren ondokoak barik, adjektiboaren edo beste adberbio baten ondokoak direla esan behar. Adibidez:

  • Berandu iritsi nintzen lanera (hemen, berandu aditzondoa aditzarekin doa).
  • Nahiko berandu iritsi da (oraingoan, nahiko aditzondoa berandu aditzondoarekin doa).

Aditzondoak, hortaz, «adjektibolagun» eta «aditzondolagun» ere izan daitezke. Maila-aditzondoak (oso, biziki, hain, etab.), adibidez, ez dira nahitaez adizlagun-funtziokoak izaten. Bestalde, aditzondo batzuek benetako postposizio gisa –hots, ezkerretara osagarria daramatela– lan egiten dute. Horrelakoak dira, adibidez, gero, gainera, kanpora, barne, etab.

Aditzondo-motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi irizpide har daitezke sailkapena egiteko: semantikoa eta morfologikoa. Batean, eduki semantikoa hartzen da kontuan; bestean, berriz, adberbioa nola dagoen osatua.


Maila semantikoaren arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denbora-aditzondoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denbora-aditzondoek, funtsean, NOIZ galderari edo galdera horretatik eratorriei erantzuten diete.


— EDONOIZ, NOIZNAHI, NOIZBAIT, INOIZ.


— AGUDO, ANTZINA, ARDURA, ARIN, ASPALDI, ATZO, AURKI, BART, BEHIN, BERANDU, BEREHALA, BERRIRO, BERRIZ, BETI BIHAR, DAGOENEKO, EGUN, EGUNDO, EGUNDAINO, ETZI, GAUR, GERO, IAZ, JADANIK, LASTER, LEHEN, MAIZ, SARRI, ORAIN, ORAINDIK, ORDUAN, OSTERA, etab.


— BEHIN EDO BEHIN, NOIZEAN BEHIN, LEHENAGO, LEHENBIZI, LEHENIK, etab.


Begien bistan dago osoa ez den zerrenda zabal honetan badirela aditzondo bakunak eta eratorriak. Dena den, kontuan izan NOIZ galde-hitzak ametitzen dituen postposizioak ametitzen dituztela, oro har, hemen jaso diren aditzondo hauetako gehienek: atzo, atzoko, atzoz gero, atzo arte, etab.


Bestalde, iharturik daudenez, zenbait esapide ere aditzondotzat har litezke:


ARTEAN, ASKOTAN, ASTERO, AZKENEAN, BITARTEAN, HONEZKERO, HARREZKERO, IGANDERO, ORDUAN, etab.

Leku-aditzondoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leku-aditzondoei dagokien galde-hitza NON da. NON ere aditzondoa da, galderazko aditzondoa. Gainera, galderazko aditzondo horrek leku-kasuei dagozkien postposizio guztiak har ditzake: NONGO, NORA, NORAINO, NONDIK, etab.


— HEMEN, HOR, HAN, HEMENTXE, HORTXE, HANTXE eta potsposizioen araberakoak: HEMENDIK, HORTIK, HANDIK, HONA, HONAKO, HARA, HARAKO, HORRA, HORRAKO, etab. Halakoak erakusleak dira, determinatzaile erakusleekin zerikusi estua dutenak.


— EDONON, NONAHI, INON, NONBAIT, eta haiei postposizioak erantsiz lortzen direnak: EDONONDIK, NORANAHI, INONGO, etab.


— GERTU, URRUN, HURBIL, etab. Halakoak, berez, adjektiboak dira, baina aditzondo modura lan egiten dute, eta, azken batean, adberbiotzat har daitezke.


— Aditzondo bihurtu diren postposizio-sintagmak ere badira, esapide gisa iharturik agertzen direnak: GORA, KANPORA, GAINERA, etab.

Modu-aditzondoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

NOLA galderari erantzuten diote gehienetan.


— EDONOLA, NOLABAIT, NOLANAHI, INOLA, etab.


— HONELA, HORRELA, HALA; HONELAXE, HORRELAXE, HALAXE; HONELATSU, HORRELATSU, HALATSU.


BEZALA, BEZALAXE eta BEZALATSU ere sail horretan sartu beharrekoak dira. BEZALA aditzondoak badu diferentzia bat gainerakoekin: perpaus bat eskatzen du, nahitaez, osagarri gisa: HONELA egin dut nik esan daiteke, baina ezin da esan *BEZALA egin dut nik. Hori zuzena izateko, BEZALA-ri ezkerretara osagarri bat ezarri behar zaio, perpaus bat, osoa nahiz murriztua: ZUK (EGIN DUZUN) BEZALA egin dut nik.


— -KI eta -TO atzizkiez osatutako aditzondoak: ONGI, ONDO, EDERKI, EDERTO, HOBEKI, HOBETO, POLIKI, POLITO, TXARKI, TXARTO, etab. Hemen sar daitezke beste zenbait atzizkiz osatuak ere: ASTIRO, BIZIRO, SALTOKA, POZIK, HUTSIK, etab. Eta baita, itxuraz behintzat, instrumental mugagabe diren hainbat ere: OINEZ, NEGARREZ, NEKEZ, ZINEZ, etab. BENETAN, EGIATAN, EGIAZKI eta horrelakoak ere multzo honetan sartu beharko lirateke.


— Adjektibo askok aditzondo-lanak egiten dituela dirudi. Bitara jokatzen dutela pentsa liteke, horrenbestez: ARIN, BIZKOR, ERRAZ, DOTORE, etab.


NOLA galderari erantzuten diote honako hauek ere, nahiz eta bestelako adiztzondoen egitura ohikoa ez duten. Modu-aditzondoak dira, hortaz: PLISTI-PLASTA, TIPI-TAPA, DI-DA, TIRRI-TARRA, BLAI-BLAI, AHO-ZABALKA, etab.

Kantitate-aditzondoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hemen sartuko dira batez ere maila-aditzondoak, adjektiboen eta beste adberbioen maila zehazteko erabiltzen direnak: OSO, BIZIKI, BIZIRO, ARRAS, TXIT, ARRUNT, IZUGARRI, ASKI, NAHIKO, eta antzekoak.

Haietariko asko, bestalde, aditzaren lagun gisa ere ager daitezke:

  • Izugarri gustatu zitzaidan nobela hura.


ASKO, ASKI, NAHIKO(A) eta beste batzuk, berriz, izen-sintagmaren barruan agertzen dira, determinatzaile gisa: [jende asko], [nahiko diru], etab. Baina, batzuetan, inongo izenik gabe, berak bakar-bakarrik ager daitezke aditz baten inguruan:

  • a. Gizon horrek asko zekien.
  • b. Poltsa txiki horrek nahikoa pisatzen du.

Halakoetan, zail da [izena + asko/nahikoa] egitura duen izen-sintagma bat dela pentsatzea. Logikoago dirudi, aurreko b adibidearen kasuan behintzat, kantitate-adberbio bat dela pentsatzea. Aurreko a adibidearen kasuan, berriz, pentsa liteke [gauza asko] moduko zerbait dela. Beraz, izen-sintagma arrunta dela pentsa liteke. Garbi dago, nolanahi ere, b-n nahikoa hori ez dela pisatu-ren objektua. Objektua okela izango litzateke beste honako honetan:

  • Harakinak okela pisatu dit.

Gauza bat da ZER pisatu (ZER = objektua) eta beste bat ZENBAT pisatu (ZENBAT = neurria).

Iritzi-aditzondoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Badira perpausetik kanpo gelditzen diren adberbio batzuk, perpausean baieztatzen dena nolabait modulatzen edo dutenak: NONBAIT, AGIAN, MENTURAZ, BEHARBADA, DUDARIK GABE, NOSKI, JAKINA, HAIN ZUZEN, etab.

  • Andoni gaixorik dago, nonbait.
  • Nork bere arrazoiak izan ohi ditu, noski.

Morfologiaren arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Bakunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atzizki edota aurrizkirik gabeko hitzak dira. Adbibidez: gaur, bihar, hemen, hor...

Eratorriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atzizki, aurrizki edota artizkia erantsita daramaten aditzondoak dira. Hauek dira atzizkirik ohikoenak:

- KI: ederki, poliki, biziki...

- TO: ederto, ondo, txarto...

- KA: korrika, binaka, ahapeka...

- RO: astero, berriro...

- IK: bakarrik, hutsik...

- LA: honela, bezala, bestela...

Elkartuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berez zenzu osoa duten bi hitzez osatutakoak. Adibidez: herengun, etzidamu, lehenbizi...

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]