Edukira joan

Ana González de Recabarren

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ana González de Recabarren

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakAna de Los Ángeles González González
JaiotzaTocopilla1925eko uztailaren 26a
Herrialdea Txile
HeriotzaSantiago2018ko urriaren 26a (93 urte)
Heriotza modua: pneumopatia
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakgiza eskubideen aldeko ekintzailea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Txileko Alderdi Komunista
hautagai independente
González (erdian) Andrés Aylwin eta Isabel Allende Bussi artean, 2013ko irailaren 9ko omenaldian.

Ana González González (Tocopilla, 1925eko uztailaren 26a - Santiago, 2018ko urriaren 26a), Ana González de Recabarren izenaz ezagunagoa, giza eskubideen aldeko ekintzaile txiletarra izan zen. Bere familiako lau kide atxilotu, torturatu eta desagertu zituzten 1976an, Txileko Augusto Pinocheten diktadura militarrean." Pasionaria txiletarra" deitua izan zen.[1]

Tocon jaio zen, Tocopillatik gertu dagoen salitre-bulego batean, 1925ean. 1930eko hamarkadan, familiarekin joan zen azken hiri horretara bizitzera. Ondoren, Rencako Bulnesera, Santiagotik gertu, joan sen bizitzera. Manuel Segundo Recabarren Rojasekin ezkondu zen. 17 urterekin egin zen Alderdi Komunistako militante, eta 2002 inguruan utzi zuen alderdia, bere planteamenduekin ados ez zegoelako, nahiz eta — bere hitzetan — komunista izateari utzi ez.[2]

Diktadura militarraren lehen urteetan familiaren zati handi bat galdu zuen Inteligentzia Nazionaleko Zuzendaritzaren (DINA) esku. Haren bi seme, Luis Emilio (29 urte) eta Manuel «Mañungo» Guillermo Recabarren (22), eta lehenengoaren ezkontidea, Nalvia Rosa Mena Alvarado (20) — haurdun zegoen —, 1976ko apirilaren 29an atxilotu eta desagertu ziren. Bere biloba Luis Emilio «Puntito» Recabarren Mena, 2 urtekoa, bakarrik itzuli zen bizirik. Hurrengo egunean, apirilaren 30ean, Manuel senarra (50 urte) seme-alaben eta errainaren bila atera zen, eta atxilotu eta desagertu ere egin zuten. Zenbait lekukoen arabera, bizirik ikusi zuten Villa Grimaldiko atxiloketa-zentroan.[3]

Senideak desagertu ondoren, Desagertutako Atxilotuen Senideen Elkartera (AFDD) batu zen, eta haren buruzagi nagusietako bat bihurtu zen, Sola Sierra, Mireya García, Viviana Díaz eta Clotario Blest-ekin batera. Latinoamerikarako Batzorde Ekonomikoaren (CEPAL) egoitzan gose-greba batean parte hartu zuen eta AFDDko ordezkaria izan zen Gabriela Bravo eta Ulda Ortizekin batera nazioarteko hainbat erakundetan: Nazio Batuen Erakundean, Amerikako Estatuen Erakundean, Gurutze Gorrian, Legelarien Nazioarteko Batzordean, Egoitza Santuan, Amnistia Internazionalean, e.a.

1977an New Yorkera joan zen Gabriela Bravo Jararekin, Carlos Lorcaren emaztearekin, eta Ulda Ortiz Alvaradorekin, José Luis Baezaren emaztearekin, biak desagertuak, Txilen gertatzen ziren giza eskubideen urraketak NBEren aurrean salatzeko. Itzultzean, herrialdera sartzea debekatu zitzaien, «nazioaren interesen aurkako jarduerak egiteagatik». Debekuak hilabete batzuk iraun zuen. 1978ko otsailean, berriz aztertzeko eskaera bat onartu zen, herrialdera itzultzeko aukera emanez.

1996an filmatutako dokumental bateko protagonista izan zen: Quiero llorar a mares.[4] 2000ko ekainean kereila bat jarri zuen Augusto Pinocheten aurka bere lau senideak desagertzeagatik.[5]

2011n, Txileko Giza Eskubideen Sari Nazionalerako izendatua izan zen, baina, azkenean, saria Viviana Díazek jaso zuen. 2013ko irailaren 9an, González eta Andrés Aylwin Nueva Mayoría alderdiak egindako ekitaldi batean omendu zituzten, Pinocheten erregimenean giza eskubideen urraketen biktimen defentsan egindako borrokagatik. 2017an, bere testigantza Una historia necesaria telesailaren azken kapitulua izan zen.

Ana González 2018ko urriaren 26an hil zen, Santiagoko San José Ospitalean, 93 urte zituela. Belorioa, bere borondatearen arabera, hare etxean egin zuten, festa moduan. Urriaren 28an hiletak egin zituzten.[6]

1996an filmatutako dokumental baten protagonista izan zen, Quiero llorar a mares, 2000. urtean El mirador (Txileko Telebista Nazionala) lanaren kapitulu gisa eman zena. Hurrengo urtean, Ondas saria jaso zuen iberoamerikar kategorian: «Programa, profesional edo telebista-kate onenari».[7]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • (Gaztelaniaz):[1] Quiero llorar a mares dokumentala (1996).
  • (Gaztelaniaz):[2] Ana Gonzalezek Juan Emilio Cheyre jeneralari idatzitako gutuna.