Ardoaren gerra
Ardoaren gerra Espainiako Bigarren Errepublikan Hego Euskal Herrian ardoaren zergen gaineko gatazkari esaten zaio. Gertaerak 1934o udaberrian hasi zen, Espainiako Gorteetan ehun diputatuek, udalek eta diputazioek ardoari jarritako zergak kentzeko proposamena aurkeztu zutenean. Proposamena erakunde horientzat oso kaltegarria zen eta, gainera, kontzertu ekonomikoaren aurkakoa. Laster, haren aurka mugimendu bat hasi zen. Espainiako gobernuan eskuineko indarrak zeuden eta ez zuten inolaz ere mugimendu hura onartu. Orokorrean, gatazkak estatu osoan zabaltzen ziren, azkenean bi gertaera larriak eraginez: urriko greba eta errepresioa zein Lluís Companysen Estatu Katalanaren aldarrikapena.[1]
Hasierako erreakzioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekainaren 12an Donostian Hego Euskal Herriko hiriburuetako alkateak eta diputazioetako ordezkariak bildu ziren. Tartean zen Bilboko alkatea, Ernesto Erkoreka errepublikazalea. Batzarrean batzordea osatu zen Madrilekin negoziatzeko. Alferrik izan zen: Espainiako Ogasun ministroarekin bildu zen batzorde hura, baina emaitzarik gabe. Horren ondorioz, protestak zabaldu ziren. Ordurako mugimendua Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabara mugatuta zegoen. Uztailaren 5ean Bilboko Udalean batu zen hiru herrialde horietako udalen batzarra. Kexu ziren aldundiek egindako lanaz; erakunde hauek une hartan ez ziren benetako diputazioak, Madrilek izendatutako gestorak baizik. Batzarrak gestora berriak sortzea erabaki zuen. Gestora haietako kideak udalek aukeratu behar zituzten abuztuaren 12an egin behar zituzten udalbatzetan. Mugimendua segimendu handia izan zuen[2] baina bereziki bortitza Bilbon izan zen.
"Matxinada" Bilbon
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainiako Gobernuaren ikuspuntutik hura matxinada zen eta hauteskunde saiakera debekatu egin zuen. Abuztuaren 12an Bilbo txapelokerrez eta guardiaz mukuru agertu zen lehen ordutik. Hala ere, Bilboko 34 kargudun, Ernesto Erkoreka alkatea buru, udal areto batean bildu ziren modu informalean eta bozkatu egin zuten. Polizia batzarra eragozten saiatu zen. Hala ere, alkateak aurrera egin zuen eta, orduan, polizia-buruak Espainiako gobernuak sinatutako kargugabetze agindua erakutsi zion. Orduan protestaka eta oihuka hasi ziren zinegotziak eta, guardiak gaindituz, batzar aretora sartu ziren, eta batzarrari ekin zion. Banan-banan karguzutenak hitza hartzen zuten unean polizia-buruak kargugabetze zituen: Tomas Bilbao, Fernando Zarza, Abrosio Garbisu eta Eulogio Urrexola.[3]
Salaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Angel Velarde gobernadore zibilak alkatea eta aipatutako lau alkateorde kargugabetu zituen. Ondoren auzitegiaren esku laga zuen afera nahiz eta inplikatutakoak ez atxilotu. Biharamunean, udalbatzan bildu ziren atzera ere bilbotar zinegotziak, bezperako isilpeko bozketa aktan jasotzeko eta gobernadore zibilaren dimisioa eskatzeko. Protesta moduan, Bilboko 32 kargudunek dimisioa eman zuten. Bizkaia osoan 700etik gora zinegotzik eta alkatek kargua utzi zuten. Gobernadore zibilak, orduan, gestorak izendatu zituen, udalen ardura har zezaten.
Epaiketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Irailaren hasieran, Burgosko auzitegiak Bilboko 32 kargudun haiek auzipetu eta atxilotzeko agindua eman zuen. Larrinagako espetxean espetxeratu zituzten EAJ, EAE, Acción Republicana eta PSOEko zinegotziak. Eskuineko politikariak gelditu ziren libre bakarrik. Epaiketa azaroaren 26an egin zuten, Burgosen. Sedizioaz salatuta aurkeztu ziren epaileen aurrean 32 bilbotar kargudunak, Ernesto Erkoreka buru. Fiskalak zortzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen bakoitzarentzat, baina epaiketa amaitu orduko, eskaera murriztu zuen: zortzi urteko kargugabetzea eta 300 pezetako isuna. Azkenean, zigor hori ezarri zieten Erkoreka alkateari eta Tomas Bilbao, Fernando Zarza, Ambrosio Garbisu eta Eulogio Urrexola alkateordeei. Gainerakoak libre geratu ziren.
1936ko hauteskundeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zigorra alferrik izan zen. Erkoreka herriak jarri zuen alkate atzera ere 1936an, Hektor Ortega eta Ane Pikazaren hitzetan. Egile hauen ustez Ardoaren gerra hartan marraztu zen indar politikoen banaketa, alegia karlistak eta eskuindarrak, batetik, errepublikazaleak, abertzaleak eta ezkertiarrak, bestetik.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ https://www.bilbao.eus/cs/Satellite?c=BIO_Publicacion_FA&cid=1279210901572&language=en&pageid=1279118711919&pagename=Bilbaonet%2FBIO_Publicacion_FA%2FBIO_Publicacion&rendermode=previewnoinsite%2F1279183833335%2F1279184245503%2F1279184995182%2F1279185776076%3Ffuente%3DTR%3Ffuente%3DOD%2F1279186547256
- ↑ Miren Altuna eta Juan Ramon Garai: Memoria partekatu baterantz. Gerra, erresistentzia, franskismo. Arrasate 1936-1956, Arrasateko Udala, Intxorta 1937 kultur Elkartea, 2018, 46-47 or.
- ↑ https://bizkaia.hitza.eus/2018/11/30/euskaratik-egindako-historian-desberdinak-dira-erreferenteak/