Atxikimendu

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu


Psikologia Artikulu hau psikologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.


Atxikimendua pertsona baten eta beste pertsona edo talde baten artean garatzen den gertutasun-sentimendua zein lotura afektibo berezia da, [1], iraunkorra, jatorri sozialekoa eta gertutasuna, interakzio intimoa eta mundu fisiko eta sozialarekiko harremanetan erreferentzia- eta laguntza-oinarri bat bilatzea ezaugarritzat dituena[2]. Lotura hau bizitzaren lehenengo urtean zehar garatzen da, denboran zehar mantentzen da eta interakzio diadikoari edo bi pertsonen arteko elkarrekintzari esker garatzen da. Honi esker, gainera, haurrak segurtasun oinarria aurkitzen du beste pertsonarengan. Ikuspuntu emozionaletik lotura honek ondoriotzat hartzen ditu, behin atxikimendu-irudia baldintzarik gabe laguntzeko prest dagoela ziurtatuta, segurtasun-sentimenduak, egonkortasuna eta autoestimua, era berean bi pertsona hauen arteko enpatia, samurtasuna, kontsolamendua, komunikazio emozionala eta maitasuna erraztuz. Atxikimendu-lotura modu egoki batean ezartzen bada zintzotasuna eta atxikimendu irudiak abandonatuko ez gaituelaren ziurtasuna nabarmentzen dira.

Lotura hau bizitzan zehar behatu daiteke eta haurrak bere gurasoekin, familiako beste kide batekin edota zaintzaileekin duen erlazioa izan daiteke, animalietan gertatzen den inprontaren antzera. Hala ere, txikitan garatzen den lotura horrez gain beste pertsonekin ere atxikimendu-lotura bat ere ezarri daiteke, bikotekidearekiko edota gertuko lagunekiko adibidez. Atxikimendu-erlazio bakoitza desberdina da hainbat faktoreengatik: adina, bi pertsonen arteko interakzioa, dinamika emozionala eta batak bestearekiko, norberarekiko eta harremanarekiko duten irudikapena. Horrenbestez, atxikimenduaren diada bakoitza ere desberdina izango da.

Ezin da esan atxikimendua jaiotzetikoa denik, haurrak bere bizitzako lehenengo momentuetan ez duelako inor ezagutzen eta ez baitu oraindik lehentasunik azaltzen pertsona zehatz batekiko. Horrenbestez atxikimendua elkarrekintza esperientzia luzea ematen denean garatuko da, horrela atxikimendu-irudia bereiziz eta selektiboki bereganantz atxikimendu-jokaerak zuzenduz.

Ezaugarriak:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Pertsona atxekien artean sortzen den lotura afektiboa egonkorra da.
  • Garatu eta landu egiten da, ez da jaiotzetikoa.
  • Gure bizitzan zehar pertsona batekin baino gehiagorekin lotura emozionalak garatzen ditugun arren, atxikimenduan garatzen dena haratago doa eta berezia da.
  • Iraunkorra da, eta atxikimendua partekatzen duten pertsonen arteko harremana berezia eta lehentasunezkoa izango da.
  • Antsietate, tristura eta beldurrezko egoeren aurrean babesa eta kontsolamendua suposatzen du.
  • Interakzio diadikoan oinarritzen da, hau da, pertsona biren inplikazioa behar da: pertsonarena eta bere atxikimendu-irudiarena.

Atxikimenduaren funtzioak:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bowlby-ren arabera, atxikimenduaren funtzio nagusienak haurraren (edo kumearen) biziraupena bermatzea (atxikimendu irudi bezala hauteman haurrak 9-12 hilabete bitartean), ziurtasuna eta babesa ematea, estima, intimatzeko aukera ematea eta mundua esploratzeko oinarritzat funtzionatzea dira. Atxikimendu-esperientzia desberdinen arabera pertsona bakoitzak atxikimendu-patroi edo -estilo bat garatzen du harremantzeko, sentitzeko edota pentsatzeko moduari dagokienez. Era berean, patroi edo estilo honek gizabanakoaren jokatzeko modua baldintzatzen du; izan ere, atxikimendu-estiloak giza-jokabidea aurresateko balio izan du, jokabide soziala batez ere.

Atxikimendu motak edo estiloak:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi atxikimendu mota nagusi daude: atxikimendu ziurra eta ez-ziurra. Atxikimendu ziurra bereizten duen aldagai nagusienak beste pertsonak ez digula huts egingo edo abandonatuko pentsatzeko konfiantza, pertsona horrekiko harreman intimo bat mantentzeko desira eta erakarpena, harremanarekiko segurtasuna, maitatuta sentitzea eta bizitzako beste lotura afektiboen balorazio altua dira. Atxikimendu ez-ziurrari dagokionez, beste hiru atxikimendu mota barneratzen ditu: anbibalentea, ekiditzailea eta desantolatua. Hauen arteko desberdintasun nabarmenenak hurrengoak dira: anbibalentea mesfidantzan beste harremanen inguruko kezkan eta beste harremanen oniritziaren beharrean oinarritzen da; ekiditzailean, aldiz, mesfidantzaz gain intimitatearekiko beldurra ere nabarmentzen da, eta afektuari bigarren mailako garrantzia ematen zaio; eta azkenik, desantolatuak bai intimitatearekiko beldurra eta baita harremanekiko kezka eta antsietatea ere barne hartuko lituzke[3].

Atxikimendu ziurra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atxikimendu-estilo hau garatzen duten helduak ziurrak eta atonomoak izaten dira. Atxikimenduarekin erlazionatutako edozein egoera, gertakari, esperientzia etab. deskribatzerako orduan koherenteak izaten dira, kolaboratzaileak. Atxikimendua baloratzen dute eta objektiboak dira edozein egoeraren aurrean[4].

Atxikimendu anbibalentea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kezkatiak izateko joera duten helduak atxikimendu-estilo honen barruan sartuko lirateke: ez dira koherenteak, atxikimenduan oinarritutako erlazioengatik eta esperientziengatik kezkatzen dira eta pasiboak edota beldurtiak izan ohi dira. Bestalde, bere hitz egiteko moduari dagokionez nabarmena da erabiltzen dituzten esaldiak luzeak eta gramatikalki konplexuak eta korapilatsuak izaten direla maiz.

Atxikimendu ekiditzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atxikimendu-mota honek helduak mesprezatzaileak izatera bideratzen ditu. Ez dira koherenteak eta atxikimenduarekin erlazionatutako esperientziak errefusatu ohi dituzte. Bere atxikimendu-irudia normalizatzeko joera dute.

Atxikimendu desantolatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsona heldu bilakatzen direnean, atxikimenduari dagokionez pertsona desantolatuak direnak lapsus luzeak izateko joera aurkezten dute, isilunean murgilduz. Gainera, pertsona hauek ezegonkorrak izaten dira eta zailtasunak dituzte harremantzeko eta norbaitengan fidatzerako orduan.

Atxikimendu motak haurrengan:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atxikimendu-irudia haurraren ama izaten da normalean, eta haurraren helduarorako garapena harreman horretan oinarrituko da. Horrez gain, lotura handia ikusi da txikitan garatutako atxikimendu motaren eta helduaroan bikotearekin eraikitako harreman motaren artean. Haurrengan aurkitzen ditugun atxikimendu motak bere babes-irudiengandik jasotzen duten tratuaren arabera daude eraikiak, eta horiek definitzen dituzten haur-jokabidearen patroiak ama eta haurraren arteko interakzioarekin eta amak haurraren seinaleekiko aurkezten dituen sentsibilitatearekin eta harmenarekin zuzenean daude erlazionatuta[5]. Honetan oinarrituz, haurraren eta atxikimendu-irudiaren arteko harremanaren arabera portaera desberdinak behatu daitezke:

  • ATXIKIMENDU ZIURRA:

Atxikimendu-irudiaren eta haurraren arteko harremana estua denean ematen da. Egoera edo testuinguru ezezagun batean aurkitzen badira, hau esploratu ahal izateko, haur ziurrek etengabe dihardute beren ama gertu dutela ziurtatzen; hau da, atxikimendu-irudiak haurrari ziurtasuna ematen dionez, hau hurbil dagoenean haurrak ingurunea aktiboki esploratzen eta jolasten du. Aldiz, atxikimendu-irudia desagertzen denean, esplorazioa ahuldu egiten da eta haurraren larritasuna nabarmena da. Hala ere, atxikimendu-irudia bueltatzen denean, haurra erraz lasaitzen da; poztasuna adierazten du eta atxikimendu-jokabideak nabariak dira, haren kontaktua eta arreta bilatzen baititu. Gainera, haurra laster has daiteke berriro ingurunea esploratzen. Haurra amarekin edonora badoa, haurrak ama ikusten duen bitartean alde batetik bestera mugituko da, esploratuko du eta beste haurrekin jolasten egongo da. Haurrak ziurtasuna dutenean giza trebetasun gehiago dituzte, autonomoagoak dira eta autoestimua ere altuagoa dute.

  • ATXIKIMENDU ERRESISTENTEA EDO ANBIBALENTEA:

Atxikimendu irudia ondo garatu gabe dagoenean gertatzen da. Haur hauek larritasun handia adierazten dute, eta ez dira atxikimendu-irudiarengandik urruntzen; are gehiago, hura aurrean egon arren oso esplorazio gutxi egiten du. Atxikimendu-irudia aldentzen denean, haurrak larritasun handia bizi du, eta hura bueltatzean erreakzio anbibalenteak erakusten ditu: alde batetik, hurbiltasuna eta kontaktua bilatzen saiatzen da, baina, beste alde batetik, ama bada kontaktu hori bilatzen duena, haren aurka azaltzen da eta kontaktu hori errefusatuko du. Gainera, ez da esploraziora bueltatuko, atxikimendu-irudia berriro “galtzeko” beldurra duelako. Haur hauek amari atxikitzeko joera dute eta bere kabuz testuinguru ezezaguna esploratzeko ideiaren kontra agertzen dira. Atxikimendu-irudia aldentzen denean asko urduritzen dira eta askotan baita atsekabetasunez negarrez hasi ere. Irudia berriz bueltatzean, honekiko kontaktua bilatzen dute baina aldi berean gorputza bere amarenarengandik urruntzeko joera aurkezten dute, amak lasaitzearen aurkako jarrera hartuz. Haurra parkean egonda esploratu beharrean amaren ondoan ibiliko da, beste haurrekin harremandu gabe. Emoziorik nabarmenena atxikimendu estilo honetan beldurra da.

  • ATXIKIMENDU EKIDITZAILEA EDO ERREFUSATZAILEA:

Haurrak larritasuna adierazten du, baina ez atxikimendu anbibalentean bezain handia. Haur hauen gurasoak arduragabeak izaten dira eta haurrek segurtasun falta handia dute, kanpotik lasaiak eta emozionalki kontrolatuak dirudite eta beraien sentimenduak gordetzen dituztenak dira. Gainera, haurrari berdin zaio atxikimendu irudia bertan izatea edo ez, ez dago afektibitaterik, eta, are gehiago, testuinguru ezezaguna bere ama oinarritzat hartu gabe esploratzen dute. Atxikimendu-irudiaren faltak, bestalde, ez ditu atxikimendu estilo hau garatu duten haurrak larritzen, eta irudiaren presentziak ez du eraginik izaten berriz ere haurrengana gerturatzen denean. Amarekiko kontaktua saihestu ere egiten dute. Ezezagunen aurrean ere ez dute ardurarik azaltzen, eta ez dira gehiegi larritzen horien presentziagatik. Haur hauek, horrenbestez, independentzia-sentsazio bat transmititzen dute.

  • ATXIKIMENDU DESANTOLATUA:

Atxikimendu-mota honen ezaugarri nagusienak desantolaketa eta norabide eza dira eta honetan ez dago lotura egokirik. Haurraren zaintzaileak gogorrak eta arduragabeak dira eta ez dute egunerokotasun edo patroi finkorik jarraitzen; kasu larrienetan haurra tratu txarrak jasotzera iritsi daiteke. Helduak umearen aurrean erantzun ezegonkorrak edo ekiditzaileak ematen dituenean ere haurrak atxikimendu desantolatua garatzera bideratzen du. Atxikimendu desantolatua garatzen duten haurrek jokabide-arazoak aurkezten dituzte eta erantzun kontraesankorrak eman ohi dituzte bere atxikimendu-irudiari dagokionez: alde batetik bere bila joan daitezke eta negarrez hasi irudia urruntzen denean, baina ekidin egiten dute bere ondora bueltatzen denean. Eredu hau depresio sakona duten amen seme-alabengan ikusi izan da, ama hauek beren haurrak gaitzetsi edota beren giza zeinuen aurrean arretarik azaltzen dituztenak.

Atxikimendu motak bikotearekiko erlazioan:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atxikimendu ziurra garatu dutenek, atxikimendu ez-ziurra garatu dutenekin konparatuz, bere buruarekiko irudi positiboagoa dute, pertsonen inguruko iritzi eta balorazio hobeak egiten dituzte eta haien bizitza kontrolatzeko gai sentitzen dira. Bikote-erlazioetan itxaropen onak izaten dituzte, txikitan haien atxikimendu-irudiarekiko erlazio xamurragoak izatearen ondorioz. Modu honetan, atxikimendu ziurra duten pertsonek, gerora helduaroan autoestimu hobea garatu dutela eta estresari aurre egiteko erreminta hobeak lortu dituztela ikusi da. Gainera, beste pertsonen beharrak detektatzeko gaitasun handiagoa erakutsi dute. Bestalde, atxikimendu ez-ziurra garatu duten pertsonek helduaroan autokonfiantza gutxiago erakusten dute eta besteekiko iritzi negatiboagoak izaten dituzte. Hala, maitasun-erlazioetan antsietate eta dependentzia handia erakusteko joera izaten dute. Ondorio hauen arrazoia txikitan minduta, abandonatua edo errefusatua izatearekin lotuta dago. Beraz, bakoitzak haurtzaroan garatu izandako atxikimendu motak helduaroko bikote-erlazioen kalitatea baldintzatuko du. Horrela, norberaren ziurtasunak helduaroan garatuko duten elkarrekikotasun-gaitasuna eragingo du, ziurtasun ezak bikote erlazioetan patroi finkoak eta zurrunak izatea eragingo duen bezala.

Atxikimendua eta bikote-erlazioak:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fisher y Crandell-ek konbinaketa posible desberdinak deskribatu zituzten bikote erlazioetan atxikimendu-motaren arabera:

  1. Bi kideek atxikimendu ziurra erakusten dutenean, erraztasun handiagoa dago bikote erlazio horretan bestearen pentsamendu eta sentimenduekiko enpatiarekin jokatzeko, eta beharrak hautemanez gero, elkarri laguntzeko.
  2. Aldiz, bikotekide biek atxikimendu ez-ziurra garatu dutenean, hiru konbinaketa posible garatu daitezke atxikimendu patroi desberdinak konbinatuz. Hiru horiek malgutasun falta, asimetria eta bestearekiko kezkarik eza dute komunean.

Batetik, bi kideek atxikimendu ekiditzailea garatu duten erlazioetan, beharren eta sentimenduen ukapena gailentzen da. Independentzia baino, jarrera babeskor bat azaltzen dute bikotekideek. Bestetik, bikotekideek atxikimendu antsiosoa azaltzen dutenean, karentzia sentimendu bat gailentzen da kideengan, besteak inoiz ez bere beharrak asetuko ez dituela pentsatzera eramaten dutenak. Horrela, patroi hau duten pertsonek erlazioan amorrua azalduko dute, anbibalentzia eta frustrazio egonkorra agertuko da, bi pertsonen arteko desadostasun-maila altua garatuz. Azkenik, bikotekide biek atxikimendu antsioso eta ekiditzailearen konbinaketa azaltzen dutenean, liskar handiko erlazioak eratzen dituzte, estilo anbibalentea garatu duen kideak poztasun eza erakutsiz eta estilo ekiditzailea duen kideek bestearen poztasun eza dela arazoaren iturria pentsatzen duela aldi berean. Hala, pertsona antsiosoa frustrazioa eta abandonatua sentitzen da, eta bitartean pertsona ekiditzaileak bere bikotearen azalpen horiek atakatu eta gutxiesten ditu. Horrela, lehenengoaren protesta handitu ahala, bestearen jarrera defentsakorra handituko da, ondorioz, bien arteko biolentzia agertzea posible izango da.

Bikote erlazioetan non kide batek atxikimendu ziurra eta beste kideak atxikimendu ez-ziurra azaltzen duen, erronka handia suposatu dezake estilo anbibalente eta ekiditzailea garatu duten pertsonek dituzten jarrera zurrunentzat. Horrela, esperientzia onuragarria izango da baldin eta atxikimendu ez ziurra garatu duen bikotekideak malgutasuna erakutsi eta bere jarrera aldatzeko gai bada; hala ere, oso gutxitan bada ere, posiblea da atxikimendu ziurra garatu dien kideak atxikimendu ez-ziurra garatzeko joera izatea. Hau ikusita, ezinbestekoa da bi kideen arteko harreman harmoniatsua lortu ahal izateko, bakoitza bestearen ikuspuntuan jartzeko gai izatea, bere helburuak, sentimenduak eta intentzioak kontuan hartuz, baita bien artean helburu komunak lortzeko jokabide-aldaketari dagokionez proposamenak egiteko gaitasuna egotea lortuz. Arazoen aurrean, alde nabarmenak aurkitu dira pertsonek garatu duten atxikimendu motaren arabera. Horrela, atxikimendu ziurra garatu dutenek, triste sentitzen direnean eroso daude laguntza eskatzerako orduan. Aldi berean, bere kideari buruzko iritzi positiboak izango dituzte, eta bata bestearengan konfiantza izateko gai izango dira. Atxikimendu ez-ziurra garatu duten bikoteek, berriz, bere bikotekideaz zalantza asko izateko joera izaten dute eta bere kidearengan mesfidantza eta ardura eza aurreikusten dituzte.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Grossmann, K. (2004). Atxikimendua eta haurra taldean zaintzea: elkarrekin aurrera. Jakingarriak, (51), 14-27
  2. López, F. (2006). Apego: estabilidad y cambio a lo largo del ciclo vital. Infancia y aprendizaje, 29(1), 9-23
  3. http://rosagonzalezlana.blogspot.com.es/p/tipos-de-apego.html
  4. Martínez, C., & Santelices, M. P. (2005). Evaluación del apego en el adulto: Una revisión. Psykhe (Santiago), 14(1), 181-191
  5. Barroso, O. (2014). El apego adulto: la relación de los estilos de apego desarrollados en la infancia en la elección y las dinámicas de pareja. Revista digital de medicina Psicosomática y Psicoterapia, 4(1)