Edukira joan

Audikana afera

Wikipedia, Entziklopedia askea

Audikana afera 1984ko irailaren 15ean Arabako Audikana herrian, Barrundia udalerrian, ikusi zen Objektu Hegalari Ezezagun baten ingurukoa da. Datua toki askotan gaizki jaso egin da. [1] Arratsean Uriarte familiak ikusi omen zuen eta euskaraz zuzentzen zitzaien, objektuaren aldetik erantzunak jasoz. Ufologo ospetsuen arabera lehen aldiz dokumentatzen zen objektu horien eskifaiek euskara ulertzen zutela. [2] Egun haietan OHE ugari ikusi omen ziren Euskal Herrian. Juan Carlos Victorio ikerlari eszeptikoaren ustez familiak ilargia ikusi zuen.[1]

Gertakizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Audikanan gertatu zen. Gasteizen bizi zen familia batek herriko landetxera joatea erabaki zuen. Helmugara iritsi baino lehentxeago, denek zerumugan distira bat ikusi zuten, eta sute baten ondorioa izango zela pentsatu zuten. Senar-emazteak eta hiru semeak landa-etxebizitzara iritsi zirenean, gauez jada, aitak, Patxi Uriarte, "argi misteriotsu" bat altxatzen zela inguruko muinoen gainean, oso zuri eta isila esan zuen.

Bere hiru semeekin ados jarri ondoren, Patxik OHEa deitu zuen. «Zatoz hona!» Agindua hamar bat aldiz errepikatu ondoren «objektu bitxia lekukoengana hurbildu zen». Orduan amak, OHEa hurbiltzen ari zela ikustean, ez egiteko erregutu zuen, «Ez mesedez, ez mesedez!» esanez. Guztien harridurarako, objektua gelditu egin zen, zelaia eta ingurua argitu zituen eguna balitz bezala, eta ostertzerantz urrundu zen non ordu batzuk eman zituen.[3]

OHEk zalaparta handia sortu zuen, eta hurrengo egunetan hainbat pertsona hurbildu ziren identifikatu gabeko objektu hegalaria begiztatu zuten lekura.

Ufologoen iritzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Jose Benítez ufologo ospetsuak gaia ikertu zuen. «Lehen aldia da OHE batek euskarazko dei bati erantzuten diona», nabarmendu zuen. «Mundu osoan milaka kasu daude objektuetako okupatzaileekin hizkuntza askotan hitz egin dutenak, ingelesetik gaztelaniara, suedieratik frantsesera. Baina inoiz ez zen izan nolabaiteko ulermenik euskaraz».

Afera ikertu zutenen artean Iker Jiménez kazetaria zegoen; 11 urte zituen orduan. Ondoren, bere lan batzuetan gaia jorratu du.[4]

Interpretazio bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Carlos Victorio ikerlari eszeptikoak Patxi Uriartek emandako informazioa idatziz zuzenean jaso zuen eta, horren arabera, prentsan agertutako datu batzuk ezeztatu zituen, bereziki Iker Jiménezek emandakoak. Informazio horiekin Victorio datu batekin harrituta agertzen da: horrelako inguru zabalean bakarrik Uriarte familiak ikusi zuen fenomenoa. Haren ustez, ikusi zutena ilargia ateratzen izan zen. Familiaburuak emandako testigantzaren arabera, Aratz mendiaren atzean zerumugan distira bat ikusi zutenean hasi zen behaketa. Argiak zato baten antza zuen. Ilargi betea baino txikiagoa zirudien, eta ertz nahasiak eta zuriak zituen. Eta ilargia, justu, Uriarterrek aipatzen zuten orduan hasi zen agertzen. Hodeiek itxura bitxia eman zioten satelite naturalari eta hainbat ilusio eragin zituzten behatzaileengan.[1]

Txantxak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaiak txantxetarako aukera handiak eman ditu. Gertakizunaren urte batzuk geroago, esaterako, 1996an, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle talde batek Euskadin OHE ustezko ikuspenak parodiatzeko 2000 Txostena izeneko lana prestatu zuten. Horren arabera euskaldunak estralurtarren ondorengoak dira.

Gaiaz galdetuta euskaltzain bat harrituta agertu omen zen beste planeta batzuetako ustezko biztanleen gaitasun intelektualarekin, "euskarak zortzi euskalki eta hogeita bi azpieuskalki baititu". «Gure hizkuntza sustatzearen alde gaudenontzat — esan zuen ironiaz —, gertatutakoak balio handia du. Agian beste galaxia batzuetan Euskal Herrian baino lehenago ekin diote euskalduntzeko-prozesuari».[5]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Enrique Etxezarra: Los 20 mejores expedientes X del pais vasco, Porriño (2016): Cydonia, 328 or. ISBN: 978-84-945084-8-6.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Gaztelaniaz):[1] Juan Carlos Victoriok prestatutako gertakizunen irakurketa kritikoa.