Donemiliagako goldean (1025) Barrandiz gisa ageri zen toponimoa Barrundia toponimoaren aldaerarik zaharrena izan liteke, baina ez da segurutzat jotzen. 1324ko dokumentu batean eta geroago Barrundia agertzen da. Behin edo behin, aldiz, Barundia gisa ere bai.[5] Dokumentu zaharretan bigarren silabako alternantzia ikusten dute adituek Barrundia / Barrandia (gehienetan <u> eta ia beti dardarkari multiplearekin) eta (H)Ubar(r)undia toponimoaren oihartzuna.[6]
Toponimoak -a itsatsia duela ikus daiteke Joan Perez Lazarragaren testu batean: «Barrundiaco dama galantac» (c. 1567).
Barrundiko udalerriak Arabako lau ermandade eta jaurerri historiko biltzen ditu: Gebara, Ganboa, Larrintzar eta Barrundia izen berekoa.
1835ean jaurerriak eta ermandadeak desagertu ziren, eta honako udalerri hauek osatu ziren:
Barrundia. Honako herriak hartzen zituen: Audikana (hiriburua), Dallo, Etxabarri Urtupiña, Deredia, Hermua, Larrea, Matura, Otatza, Ozeta eta Zuhatzola.
Ganboa. Honako herriak ziren: Garaio, Larrintzar, Marieta, Mendixur, Azua (hiriburua), Mendizabal, Langara, Orenin eta Zuhatzu.
Gebarako gaztelua eta Arabako lautadaGebara, herri hauekin: Elgea, Etura, Gebara eta Urizar, baita Oñati ere hasiera batean.
1885ean, Barrundia eta Gebara batu egin ziren, eta hiriburua Ozetan jarri zen.
Azkenik, XX. mendearen erdialdean (1955ean), Uribarri Ganboako urtegia eratu zutenean, Ganboako haranaren zati handi bat ur azpian geratu zen, eta uretatik libre geratu ziren herriek inguruko udalerriekin bat egin zuten. Barrundiaren kasuan Garaio, Marieta, Larrintzar, Zuhatzu eta Mendixur integratu ziren udalerrian.
XX. mende ia osoan zehar populazioak beheranzko joera izan zuen Barrundian, eta mende hasieran 1.300 biztanle inguru bazituen, 1990erako 481 besterik ez ziren bizi bertan. Ordutik, joera aldatu eta populazioa hazten hasi zen. XX. mendearen azken hamarkadan eta XXI. mendearen lehenengoan hazkunde esanguratsua gertatu zen eta populazioa bikoiztu egin zen.
Honako hau Wikidata bidez sortutako biztanleria grafiko automatiko bat da. Aldaketa bat egin beharrez gero, bertan egin dezakezu.
1879an, gaur egun Barrundia osatzen duten guneetan 430 euskal hiztun zeuden. Garai hartan 2.000 biztanle inguru zegoenez, euskal hiztunak % 21 ziren. Frankoren diktaduraren azken urteetan, 1973an, berriz, 3 euskal hiztun besterik ez ziren egiaztatu Barrundian: bat Marieta-Larrintzarren, beste bat Elgean, eta beste bat Ozaetan.[18]
Ondoren izandako berreskurapenaren eraginez, gaur egun barrundiarren % 27 euskal hiztunak dira, eta herritarren beste % 19k euskara ulertzen du. 1996an 77 euskaldun (%14) eta 2001ean 128 (%20.5) erroldatuta zeuden, guztira 549 eta 623 herritar bizi zirelarik, hurrenez hurren. Erdi euskaldunak ziren 21 eta 92.
Uztailaren 4an Bartea izeneko erromeria egiten da Larrean eta Hermuan. Bigarren mailako irinez egindako ogi handi bati deitzen zaio bartea, eta izen hori hartzen du egun horretan Hermuan ospatzen duten erromeriak. Hermua herrira abiatzen dira Larreako biztanleak oinez. San Martin baselizan meza entzun ostean, bertan soka-dantza edo aurreskua danzatzen dute[20].