Auzitegiko hizkuntzalaritza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Auzitegiko hizkuntzalaritza edo hizkuntzalaritza forentsea eskubide eta hizkuntzaren arteko interfaze gisa definitu liteke. Bere bi ezaugarri nagusiak hauek dira: a) Alderdi anitzekoa dela eta b) Bere azterketak izaera konplexu bat agerian uzten duela, ikerketa alderdi anitzekoa izanda, hizkuntza administratibo, juridiko eta judizialarekin zerikusia duten ikerketa-arloak alde batetik , eta erabilera forentsearen arlo desberdinak bestetik. Zentzu honetan, gaur egun, hizkuntzalaritza forentsearen hiru esparru nagusiak hauek dira: hizkuntza juridikoa eta legezkoa (Language of the Law), prozedura juridikoaren hizkuntza (Language of the Legal Process) eta hizkuntza ebidentziala edo frogagarria (Language as Evidence).

Definizio zehatz bat eta bakarra nazioartean onartuta ez badago ere, bi definizio eredu existitzen dira, zabala eta zorrotza. Auzitegiko hizkuntzalaritzaren sorkuntza 1968.urtean kokatu daiteke, Jan Svartvik-ek bere liburuaren izenburuan termino hori aipatu zuenean. Ordutik gaur egun arte gauzak asko aldatu dira eta gaur egun auzitegiko hizkuntzalaritzak pisu handia hartu du eskubidearen munduan. Hainbat dira auzitegiko hizkuntzalaritzak erabiltzen edo baliatzen dituen ezaugarriak, baina, hauek dira ezagunenak edo erabilienak: grafemika, fonetika, morfologia, sintaxia eta lexikoa. Horretarako, gaur egun, tresna informatika eta metodo estatistiko asko erabiltzen dira, emaitza hobeak eskuratze aldera.


Definizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auzitegiko hizkuntzalaritzaren definizio zabal bat existitzen da, hizkuntza eta eskubidea erlazionatzen diren alor guztiak barneratzen dituena. Gainera, beste definizio zorrotzago bat ere badago, bereziki erreferentzia egiten diona epaietan adituen frogen erabilerari eta ondorioz, baita testuinguru juridiko eta judizialetako hizkuntzalarien parte hartzeari ere. The International Journal of Speech, Language and the Law aldizkari zientifikoak, aipatutako definizio zabal hori babesten du diskurtso judizial eta interpretazio judizialei buruzko artikuluekin, eta baita fonologia eta fonetika forentseari buruzko artikuluetan ere, non erreminta informatiko eta metodo estatistikoen bidez hartutako datuekin lortutako neurri fidagarriak zehazten diren. Bestalde, International Association of Forensic Linguists-ek ere, asoziazio moduan, definizio zabal hori babesten du eta beraz, bere kongresuetan hizkuntza eta eskubideari buruzko gai zerrenda zabal bat onartzen du. Asoziazioaren web-orriak ere definizio zabal hori jarraitzen du eta are gehiago, badirudi testuinguru judizialetan eta epaiketetan soilik erabiltzen dela definizio zorrotza, eskubidean lan egiten duten profesionalen mesedetan; izan ere, hizkuntzalaritza gaietako aditu-ikasketak behar dituzte eta hori froga bezala erabili.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auzitegiko hizkuntzalaritzaren sorkuntza 1968.urtean kokatu daiteke, Jan Svartvik-ek honakoa argitaratu zuenean: The Evans Statements: A Case for Forensic Linguistics, non frogatzen den Timothy Evans izeneko gazte batek, bere emaztearen eta alabaren hilketaz leporatua, poliziari eginiko lau aitorpenetako zalantzadun atalek eta ez zalantzadun atalek estilo kualitatibo eta kuantitatibo ezberdinak zituztela. Hala ere, Malcolm Coulthard-ek eta Alison Johnson-ek (2007) aipatzen dute “20 urte lehenago (1949) Philbrick-ek Forensic English terminoa erabili zuen legezko ingelesari buruzko bere liburuaren izenburuan, Language and the Law: the Semantics of Forensic English, baina, terminoa ez zen berriro erabili geroago”.

60, 70 eta 80ko hamarkadetan, batez ere AEBetan eta Kanadan, krimenen ikerkuntzan lan egiten zuten abokatu, polizia judizial eta bestelako profesionalek hizkuntzalarien parte hartzea eskatu zuten hizkuntzarekin eta eskubidearekin erlazionatutako gaietan. Hala ere, praktika hori isolatua izan zen eta metodologikoki gutxi kohesionatua, eta bere emaitzak oso modu sakabanatuan argitaratu ziren.

90eko hamarkadatik aurrera hainbat aldaketa gertatu ziren arlo berri baten sorrera eragin zutenak, auzitegiko hizkuntzalaritza. Lehenik eta behin, auzitegiko hizkuntzalaritza zerbitzuen eskari handiagoa zegoen eta adituen parte hartzea askoz profesionalagoa zen. Bestalde, auzitegiko hizkuntzalaritzaren inguruko testuen eta artikulu-bildumen argitalpenak ere zabaldu ziren, nazioartean hitzartutako metodologia koherente bat zegoela erakutsiz. Horrez gain, aipatzekoa da hainbat asoziazioren sorrera: International Association of Forensic Phonetics - IAFP (St. John’s College, York (1991)), gaur egun International Association of Forensic Phonetics and Acoustics – IAFPA - deitua eta International Association of Forensic Linguists - IAFL (School of English, University of Birmingham (1992)). Azkenik, 1994an The International Journal of Speech Language and the Law (aurrez Forensic Linguistics izena zuena) aldizkariaren lehen bilduma argitaratu zen, eta 2017an jada 24 ale aldizkaratuta ditu.

XXI. mendean sartzearekin batera, arloak sendotze bat izan zuela esan daiteke eta bizitasun edo garrantzia handia zuela, horren erakusle ondorengo ekintza edo gertakizun hauek: a) IAFLren 9.kongresu nazioartekoaren ospakizuna (13th biennal Conference on Forensic Linguistics/Language and the Law (Porto, 2017)) eta IAFPAen 18.kongresu nazioartekoa (Cambridge (Erresuma Batua), 2009). b) Auzitegiko hizkuntzalaritza eta, fonetika eta akustika forentse zentroen eta laborategien sorrera, bai instituzionalak bai gobernuarenak, horietako batzuk estatuko segurtasun agentziekin erlazionatuak. c)  Auzitegiko hizkuntzalaritzari buruzko testuliburuen, arlorako sarreren eta bolumenen argitalpena. D) Auzitegiko hizkuntzalaritzan oinarritutako graduondoko diplomen, graduondoko ikastaroen eta masterren eskaintza, azken horien artean nabarmentzekoak Cardiffeko Unibertsitateak, Astongo Unibertsitateak eta Pompeu Fabra Unibertsitateak eskainitakoak. E) Auzitegiko hizkuntzalaritzan espezializatutako formakuntza-ikastaro laburren eskaintza, esaterako, Hofstra Unibertsitateak, York Unibertsitateak, Madrilgo Unibertsitate Autonomoak eta SQ-Linguistas Forenses laborategiak eskainitakoak.

Metodologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auzitegiko hizkuntzalaritzak teknologia berrietatik eta estatistikatik eratorritako teknikak baliatzen ditu, hau da, auzitegiko hizkuntzalaritzan ikerkuntzaren garapena eta peritatze zerbitzuak tresna informatiko eta teknika estatistikoetan oinarrituz burutzen dira normalean. Modu horretan, auzitegiko hizkuntzalarien fidagarritasuna eta gaitasun pertsonalak onartutzat ematen dira eta hori horrela, euren parte hartzea eskatzen dute erakunde publikoek (ministerio publikoak, polizia) eta pribatuek (enpresak), eta baita hainbat profesionalek ere (epaileak, defentsa abokatuak, psikologoak, medikuak, e.a.). Hala ere, aurkezten diren froga perizialak ez dira inoiz behin betikoak ezta erabakigarriak ere, baizik eta beste mota bateko frogen gehigarriak dira.

Frogantza hizkuntzalaritzaren alorrean nabarmentzekoa da, Coulthard-ek aipatzen zuen moduan, auzitegiko hizkuntzalaritzaren ikaskuntza, ikerkuntza eta peritatzearen inguruko hainbat arloren posizioa. Horien artean bi arlo nabarmentzen dira besteak baino garatuagoak direlako: batetik, Auzitegiko Fonetika eta Akustika (AFA) eta bestetik, idatzizko testuen Auditoretza Determinazioa/Eskumena (ADE). Bi horiek garatuagoak izatearen arrazoi nagusia da AFAk Biztanleriaren Banaketa Erreferentziari buruzko informazioa duela non giza ahotsaren hainbat parametro idiosinkrasiko zehazten diren eta ADEk aldiz, erreferentzia hori eduki ez arren, idatzizko patroi batzuen datuak eskura dituela.

Gaur egun, eta kontuan izanda peritatze kasu bakoitzak testuinguru desberdin baten ikerkuntza dakarrela, egungo metodologiak mundu errealeko testuekin esperimentatu beharko luke eta, metodoen aplikazioa eta ebaluazioa benetako kasu forentseetako testuen gainean burutu. Horretarako, bi hurbilketa konbinatu beharko lirateke: hurbilketa kualitatiboa (hizkuntzalariaren ezagutzan eta esperientzian oinarritua), hurbilketa kualitatibo/kuantitatiboa (hizkuntzalaritza-corpusa erabiliz) eta hurbilketa kuantitatibo estatistikoa (arlo bakoitzak eskura duen informazio edo datu multzoa analizatuz). Mundu zabalean eta Espainian, badira bi hurbilketak batera konbinatzen dituzten laborategiak, baina, beste laborategi batzuk soilik hurbilketa kualitatiboak erabiltzen dituzte edo ahotsaren errekonozimendu automatikoan oinarritzen diren hurbilketak soilik baliatzen dituzte.

Auzitegiko hizkuntzalaritzaren froga maila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Normalean bai auditoretzaren esleipena bai testuen ulermen arazoen detekzioa (ahozkoa edo idatzizkoa) maila desberdinetako hizkuntzalaritza ezaugarri multzoen (grafo-fonikoa, morfosintaktikoa, lexikoa, e.a.) analisian oinarritzen bada ere, jarraian auzitegiko hizkuntzalaritzako froga maila bakoitzetik ateratzen den ondorio nagusia zehazten da.

  • Grafemika: eskuz idatzitako testuen alderdi kaligrafikoaren analisia asko erabilia izan da. Gehien bat auditoretzaren esleipenerako erabilia izan da, baina, baita ezabatutako edo markatutako zatiak berreskuratzeko eta sinaduren autentifikaziorako ere.
  • Fonetika: marka komertzialen izenen antzekotasunak identifikatzeko, zaratadun edo kalitate txikiko grabaketen edukia argitzeko eta batez ere, grabaketen (telefono deiak, bonba mehatxuak, e.a.) auditoretza argitzeko erabili da.
  • Morfologia: froga maila edo ezaugarri hau ez da asko erabili epaiketa judizialetan, baina, marka komertzialen izenen gorabeheretan erabili da gehien.
  • Sintaxia: auditoretzaren esleipena burutzeko orduan, testuen analisi sintaktikoak dokumentu mota askoren errudunak identifikatzeko balio izan du eta kasu gehienetan, susmagarri batek dokumentu zehatz bat egin edo idatzi ez duela argitzeko. Dokumentu mota horien artean aurkitu ditzakegu hil ondorengo borondate testuak, bonba mehatxu anonimoak, suizidio testuak, aitorpen polizialak, e.a.
  • Lexikoa: testuen analisi lexikoa prozesu judizialetan gehien erabilia izan den hizkuntzalaritza froga mota izan daiteke. Bere erabilera nahiko zabala izan da: testuen ulermen arazoak edo interpretazio desberdintasunak argitzeko, dokumentu baten auditoretza zehazteko eta copyright arazoarekin erlazionatutako gaiak argitzeko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

[1] Juan Santana Lario, Marta Falces Sierra (Granadako Unibertsitatea): Introducción a la Lingüística Forense

  1.   «La Lingüística Forense» www.ugr.es . Noiz kontsultatua: 2019-02-28 .