Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Hizkuntza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search


Teotihuacango (Mexiko) horma irudi bat, 200. urtearen ingurukoa. Ahotik hizketa biribilki bat (hizketa sinbolizatzen duena) darion gizaki bat irudikatzen du.
Idazkera kuneiformea da hizkuntza idatziaren forma ezagunetatik zaharrena; hala ere, hizkuntza idatzia baino gutxienez hamarnaka mila urte lehenagokoa da ahozko hizkuntza.
Bi neska, Amerikar keinu hizkuntza ikasten.
Braille idazketa sistemak ukimenezko formaz adierazten du hizkuntza.

Hizkuntza gizakiok dugun komunikazio sistema konplexuak bereganatu eta erabiltzeko gaitasuna da, berariazkoa eta unibertsala. Era berean, hizkuntza jakin bat sistema horren edozein adibide da.

Nolanahi ere, hizkuntza adiera anitzeko hitza da. Hizkuntzaz dugun ikuspegiaren arabera, adiera bat edo beste har dezake:

  1. Hostun edo hotsik gabeko hizkuntza zeinuek osatutako sistema.
  2. Gizakiak gainerako gizakiekin komunikatu ahal izateko sistema hori erabiltzeko duen gaitasuna.
  3. Erkidego batek komunikatzeko erabili ohi duen zeinuz osatutako kodea.
  4. Erkidego batek pentsatzeko erabili ohi duen zeinuz osatutako kodea.
  5. Erkidego batek kultur transmisiorako erabili ohi duen zeinuz osatutako kodea.

Hizkuntza aztertzeaz arduratzen den zientzia hizkuntzalaritza da.

Ferdinand de Saussurerentzat eta estrukturalistentzat erlazio sistema gisa hartu behar da hizkuntza. Sisteman duen tokiaren arabera, hots, beste unitateekin dituen harremanen arabera definitua da hizkuntza unitate bakoitza (fonema, morfema, sintagma). Beren baitatik kanpo dagoen sistema hori ikasi eta erabiltzen dute hiztunek. Gizarteak sortu duen zer abstraktua da hizkuntza, hiztunek baliatzen dutelarik hizketan mamitzen dena.[1]

Noam Chomskyren ildotik sortu den hizkuntz teoriaren arabera, berriz, hizkuntza mintzamena da, esan nahi baitu giza banakoek beren baitan sortzez duten mintzatzeko gaitasun berezia. Ikusmolde horretan, izaera psikikoa du, bera, hizkuntzak, hiztunek ingurumenaren arabera garatzen baitute beren baitako hizkuntz gaitasuna.[2]

Giza hizkuntzaren ezaugarri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ferdinand de Saussure-n arabera, honako hauek dira hizkuntzaren ezaugarriak:

Arbitrariotasuna: adierazle eta adieraziaren arteko harremana konbentzionala da, hala nahita erabaki duelako giza talde batek. Kontzeptu bera irudi ezberdinekin lot daiteke hizkuntza ezberdinetan. Adibidez, vaso (gaztelania) eta baso (euskara) berdin ahoskatzen dira baina ez diote elementu berari erreferentzia egiten. Hots, adierazleek bat egiten duten arren, adieraziak ezberdinak dira.

Linealtasuna: entzutezkoa izanik, adierazlea denboran zabaltzen da; ondorioz, adierazleak bata bestearen atzean joan behar dira kate bat osatuz. Esaldi bat entzun edo ekoizten dugunean, hots zerrenda bat eraikitzen dugu, baina esaldia eraikitzen edo entzuten dugunean, ez ditugu hots guztiak aldi berean ekoizten edo entzuten. Hotsok bata bestearen atzetik entzuten edo ekoizten dira, linealtasun bati jarraitzen diote.

Ez-aldakortasuna: adierazle eta adieraziaren arteko lotura hizkuntza komunitateak ezartzen du eta edonork ezin du lotura hori apurtu.

Aldakortasuna: hizkuntza zeinuak denboran eta espazioan zehar alda daitezke eta aldaketa horiek adierazleari zein adieraziari eragin diezaiekete. Hizkuntzalaritza diakronikoak eta dialektologiak horixe aztertzen dute hain zuzen ere. Euskaraz, esaterako, XVI. mendean haritu esaten zen eta egun hartu. Edota elementu berari Bizkaian eta Gipuzkoan desberdin esaten zaio: madari, udare, txermen.

Hockett-ek [3], hizkuntza naturalen ezaugarriak definitzean, ondoko 15ak aipatu zituen [4]:

Aho-belarri bitarteko kanala: mezua edo seinalea ahoz igortzen da eta entzumen bidez jasotzen. Ahoz komunikatzean gorputzeko beste atalak libre egonik beste gauzaren bat egin dezakegu hitz egiten dugun bitartean. Aho-belarri kanala da komunikaziorako kanalik ohikoena. Edonola ere, ikusmen kanala ere izan liteke, esaterako zeinu-hizkuntzari dagokionez. Zenbait eragilek komunikazioa oztopa dezakete, bai ahozkoa (distantzia, zarata...), bai ikusizkoa (argitasun falta...).

Uhin bidezko transmisioa: ahozko zeinu linguistikoak uhinen bidez hedatzen dira. Horrela, soinua norabide guztietan hedatzen da eta hartzaileak seinalea nondik datorren antzeman dezake. Airean mezu bat baino gehiago egon daitezke. Hartara, mezuak gurutza daitezke, mezu jakin baten ulermena galaraziz.

Iheskortasuna, ebanezsentzia edo iraupenik eza: Seinalea berehala galtzen da, iheskorra da, ez da denboran eta espazioan luzatzen. Idatzizkoak iheskortasuna konpentsa dezake baina idatzizkoa ez da hizkuntzaren berezko ezaugarri bat.

Diskretutasuna: hizkuntzaren unitateak banatu egin daitezke, unitate diskretoak dira, eta ez dago haien arteko trantsiziorik. Gizakiok unitateak desberdintzeko gaitasuna dugu, hau da, hots kate bat entzutean badakigu zenbat hots dauden segida horretan. Adibidez: Txakurr-a-k-etxe-tik-ihes-egin-d-i-gu.

Semantikotasuna: seinalea esanahi jakin batekin lotuta dago. Esaldiek irudi mentalak piztu behar dituzte; batzuetan kate osoa beharrezkoa da irudia pizteko, beste batzuetan unitate soila nahikoa da. Esanahirik gabeko mezuak bidaltzea ez da semantikoa; ezin da, adibidez, bilztituzioneztu bezalako mezurik igorri, hartzaileak ez baitu ulertuko.

Arbitrariotasuna: seinaleak ez du antzik adierazten duen horrekin. Objektuak berak eta hura izendatzeko hautatutako soinuak ez dute lotura naturalik. Onomatopeiak dira salbuespen. Esate baterako, ez dago arrazoi naturalik mahaiari mahai deitzeko, aulki ere dei zitzaiokeen, baina hiztun komunitateak mahai deitzea erabaki zuen.

Dualitatea, aldebikotasuna edo artikulazio bikoitza: Esanahidun unitate konplexua zati txikiagoetan bana dezakegu. Sistemak bi maila dauzka; horietako batean esanahia duten elementuak daude (morfemak), eta bestean esanahirik ez duten baina esanahiak bereizteko balio duten elementuak (fonemak). Azken horiek mugatuak dira, baina haien konbinazioari esker hitz kopuru mugagabea sor genezake.

Emankortasuna: unitate gutxirekin hiztunak mugarik gabeko esaldi edo mezu kopurua sor dezake. Sekula esan gabeko esaldiak egin ditzake, guztiak ere ezberdinak eta entzuleak ulertzeko modukoak. Adibidez: Nire amaren lehengusinaren neskalagunaren iloba gazteenak duen txakur arraza hori ez diot gure bizilagunaren baserriaren atzean dagoen basoan bizi den ehiztari zaharrari baino beste inori ikusi.

Desplazamendua edo leku-denboran urruntzeko ahalmena: “orain” eta “hemen” ez dauden elementuei erreferentzia egiteko aukera dugu. Beste leku eta une batean dagoenaz hitz egin dezakegu, baita existitu edo existitzen ez denari buruz ere.

Espezializazioa: giza gorputzeko atalak hizkuntzarako doituta daude, hau da, hainbat organo komunikatzeko espezializatu dira (mingaina, birikak, hortzak...)

Rol trukagarritasuna: hiztuna igorle eta hartzaile izan daiteke.

Berrelikatzea: hiztunak bere ekoizpenaren kontzientzia dauka, bere burua entzun dezake eta bere mezuak hartzailearengan duen ondorioa antzematen du. Bere ekoizpena alda dezake hartzaileengan duen ondorio horren arabera.

Kultur transmisioa: hizkuntza kultura bidez eta gizaldiz gizaldi transmititua da. Inguruak lagundu behar digu hizkuntza jasotzen. Era berean, hizkuntzaren bidez jasotzen dugu kultura bera ere, hitzarekin batera balio batzuk ere transmititzen baitira.

Prebarikazioa: hiztunak gezurra nahita esan dezake. Nahi ditugun edukiak nahas ditzakegu hartzaileak uler ez dezan.

Erreflexibotasuna edo funtzio metalinguistikoa: hiztunak hizkuntzari buruz hitz egin dezake, orain egiten ari garen moduan.

Hizkuntzalaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Hizkuntzalaritza»

Hizkuntzalaritza da hizkuntza eta hizkuntzarekin lotura duten fenomenoak aztertzen duen zientzia. Halaber, arlo honetan dabilen pertsona hizkuntzalaria da.

Hizkuntzaren ikerketara bere maila ezberdinetatik gerturatu gaitezke, alde batetik, kodigo linguistiko gisa konfiguratzen duten arau eta erregelei atendituz, gramatika gisa ezagutzen dena, eta bestetik komunikazio interakziorako intrumentu gisa, pragmatika eta testu hizkuntzalaritza bezalako diziplinekin.

Hizkuntza sistema gisa harturik, honakoak dira egituran ikus daitezkeen mailak: fonikoa, morfosintaktikoa eta lexiko-semantikoa.

Hizkuntza baten azterketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntzalariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal hizkuntzalariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen zenbait euskal hizkuntzalari:

Erdaretakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza patologiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza arazoak ugariak eta askotarikoak dira eta hizkuntzaren atal ezberdinei eragin diezaiekete: ekoizpenari, ulermenari, irakurketari, etab. Maiz oso zaila da patologiak identifikatzea, arazo asko behin eta berriro agertzen baitira gaixotasun ezberdinetan. Hori dela eta, kalteak deskribatzeko kalte hori pairatzen dutenek agertzen ez dituzten ezaugarriak erabiltzen dira. Hizkuntza kaltearen adierazle batzuk (eta ez patologia jakin batenak) ondokoak dira:

Ekoizpenari dagokionez: hitz jario motela, parafasia fonologiko zein semantikoak, anomia, morfema gramatikalen ezabaketa eta txandaketa, saiheste estrategiak…

Ulermenari dagokionez: hitzak ez ezagutzea, esaldien ulermen ezegokia (batez ere esaldi konplexuetan), interpretatzeko arazoak...

Hizkuntza patologiak garapenekoak zein hartutakoak izan daitezke. Garapeneko kalteak jaiotzetikoak dira, gaixoak generen baten alterazioaren ondorioz pairatzen dituenak. Hartutako kalteak, aldiz, jaiotzetikoak ez diren patologiak dira, ez daudenak genetikaren menpe, baizik eta istripu edo bestelako arazo baten eraginez agertzen direnak.

Garapeneko kalteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntzaren kalte espezifikoa

HKE garapen arazoa da, eta hizkuntzaren garapen atzeratua eta ezohikoa eragiten du. Haurrek ezintasun sintaktiko eta fonologikoak izaten dituzte batez ere, eta HKEk ekoizpenari zein ulermenari eragiten die. Edozelan ere, sintaxi eta fonologiari ez ezik, hizkuntzaren gainerako mailei ere eragin diezaieke, eta HKE mota asko daude: fonologiko-sintaktikoa, sintaktiko-lexikoa…

Gopnik-ek KE familia aztertu zuen hizkuntzan arazoak zituztelako. Genetikoki aztertzean, FOXP2 genean malformazioa zutela ikusi zuen. Familia horretako kideek arazoak zituzten pluralekin, denbora-, pertsona- eta genero-komunztadurekin, aspektuarekin, egiturazko kasuaren markapenarekin, etab.

Dislexia

Dislexia irakurketaren garapenaren kaltetzat jotzen da, eta irakurtzeko eta idazteko zailtasunak dituzte gaixoek. Oinarri genetikoa du, eta bereziki fonologiari eragiten dio. Dislexia dutenengan arazoak hizkiak identifikatzean azaleratzen dira, arreta bisualaren arazoak dituzte, eta fonemak/grafemak nahasten dituzte. Hartara, irakurtzean erratu egiten dira, astiro-astiro irakurtzen dute, eta ez zaie irakurtzea batere gustatzen. Sintomak modu ezberdinetara azalera daitezke. Halere, kontuan izan behar dugu ez dutela ez adimen urritasunik, ez entzumen edo ikusmen defizitik, ez defizit neuronalik, ez hezkuntza egoki baten gabeziarik. Dislexia irakurketaren garapenarekin batera diagnostikatzen da, zortzi urterekin edo, eta, identifikatzeko, haurrek bi urteko atzerapena izan behar dute irakurketaren garapenean. Neskengan gehiago agertzen da mutilengan baino.

Dementzia: Alzheimerra

Dementziak degeneratiboak dira, eta dementzia baten aurrean gaudela esateko ondoko lau sintometatik hiru izan behar ditu gaixoak: hizkuntza arazoak, memoria arazoak, izaera arazoak, zailtasunak agertzea lehenago arazorik gabe egiten ziren zenbait gauzetan. Alzheimerra da dementziarik ezagunenetako bat, eta gaitasun kognitiboen galera dakar, hizkuntzaren galera tarteko. Burmuineko ehunen atrofia eragiten du, eta gaixoek afasietan azaleratzen diren sintomen antzekoak izaten dituzte: hitzak ez topatzea eta ezin ekoiztea, eta parafasia semantiko eta fonologikoak.

Williams sindromea

Williams sindromea 11. kromosomaren anomalia baten ondorioz agertzen da. Sindromedunek ezaugarri fisiko bereziak dituzte, atzerapen kognitiboa dute, eta hizkuntza garapen atzeratua dute, baina oso hizkuntza berezia dute. Izan ere, oso ohikoak ez diren hitzak erabiltzen dituzte, jario handikoak dira, eta oso berritsuak. Musikarako eta hizkuntzarako gaitasun berezia dute.

Down sindromea

Down sindromea 21. kromosomaren anomalien ondorioz agertzen da. Garapen fisiko eta intelektualean atzerapenak agertzen dira, eta gaixoek adimen atzerapena dute. Hizkuntza bereziki kaltetua dute; ekoizpena urratuago dute, bereziki fonologian eta morfologian.

Asperger sindromea

Asperger sindromea garapeneko kaltea da. Komunikaziorako eta harreman pertsonaletarako arazoak dituzte. Hizkuntzari dagokionez, bereziki, pragmatika izaten dute kaltetua, eta interpretazio arazoak dituzte. Ez dute hiztunaren nahia zein den interpretatzen, dena literalki ulertzen baitute; hots, ez dituzte ironiak-eta ulertzen.

Hartutako kalteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alexia

Dislexia bezala, alexia ere irakurmen arazo bat da, baina dislexia ez bezala hau hartutako kalte bat da, burmuineko kalte baten ondorioz agertzen dena.

Afasia

Afasia burmuinean gertatutako traumatismo edo shock baten ondorioz mintzaira edota hizkuntza idatzia galtzeari deritzogu. Normalean ez du adimena kaltetzen, baina pertsonarentzat ondorio larriak ditu. Afasia mota ezagunenak Broca eta Wernicke deritzenak dira.

XIX. mendean neurologian ez zeuzkaten gaur egungo bideak. Paul Brocak ikusi zuen TAN pazienteak lobulu frontaleko atzealdean lesio bat zuela. Hizkuntza artikulatua ezker hemisferioko lobulu frontalean kokatzen dela esan zuen. Hizkuntzaren lateralizazioaren ideia ekarri zuen horrek. Broca afasia duten gaixoek entzundakoa ondo ulertzen dute, baina jariotasun eskaseko ekoizpena eta agramatismoa agertzen dituzte.

Carl Wernickeren pazienteek lobulu tenporalean zuten lesioa. Horiek ere hizkuntza kalteturik zuten, baina sintomak bestelakoak zirela jabetu zen Wernicke. Afasia mota hori duten pertsonek hitz jario handia dute, eta esaldi luze eta konplikatuak osatzeko gai dira, baina zentzurik gabekoak. Gainera, entzundakoa ulertzeko zailtasunak dituzte.

Giza hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza hizkuntzen sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zientzialarien artean oraingoz ez da adostasunik, giza hizkuntza noiz sortu zen. Aipatzen diren muturreko datak hauek dira:

  • goiztiarrena, orain dela bi milioi urte, Homo habilis gizakiaren garaian;
  • berantiarrena, orain dela berrogei mila urte, Cro-Magnon gizakiaren garaian.

Hizkuntzaren taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Munduko hizkuntza familiak»

Munduko hizkuntzak taldetan sailkaturik daude, familien arabera, antzekotasunen arabera. Familiarik zabalduenak hauek dira: indoeuropar hizkuntzak, afro-asiar hizkuntzak eta sino-tibetar hizkuntzak.

Eraikitako hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Hizkuntza eraikia»

Eraikitako hizkuntzen adibide argia Esperantoa dugu, L. L. Zamenhofek sortu zuen. Hizkuntza honek hizkuntza askoren nahasketa eta beste askoren elementuak zituen, eta bere helburu nagusiena ikasterraza izatea zen. Horren beste adibide bat badugu hizkuntza artifizialen artean: lojbana ere antzeko helburuarekin sortu zen, hizkuntza logiko eta naturala izateko asmoz.

Beste idazle batzuek, esaterako J. R. R. Tolkienek, sortu dute fantasia hizkuntza bat, literaturarako soilik. Tolkienen hizkuntza horietariko bat da quenya, elvish hizkuntzatik elementu asko hartu dituena. Bere alfabeto, fonologia eta sintaxi bereziak ditu.

Gizakiaz besteko animalien hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urte askoan pentsatu izan da animaliek elkar imitatzen zutela, eta ez zutela gizakiek bezalako hizkuntza bat; baina orain berriki ikusi dute zenbait animalik elkarrekin komunikatzeko ahala dutela. Esaterako, txinpantzeek eta gorilek badute hizkuntza berezi bat: keinuekin eta eskuak mugituz elkar ulertzen dute. Hala ere, ez dute gramatikarik.

Zenbait ikertzaileren ustez, posible litzateke txinpantzeei komunikatzeko ahalbideak erakustea. Animalien hizkuntzak semantika aberatsa duen heinean, sintaxia ez da horren konplexua.

Hizkuntza formalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza formalak gizakiak artifizialki sortako hizkuntzak dira, hala nola matematikan eta konputagailuen zientzian erabiltzen direnak. Eraikuntza hauek giza hizkuntza naturalen barne egiturak dituzte, eta, honenbestez, horien antzera aztertuak izan daitezke. Gramatika formala dute eta, zenbait kasutan, semantika formala ere bai; alabaina, azken hori ez da ezinbesteko ezaugarria hizkuntza formaletan, eta horixe da hizkuntza naturalekin duten desberdintasun nabarmenena.

Itzulpengintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Itzulpengintza»

Itzulpengintza hizkuntza batean idatzitako testu bat (iturri testua) aztertzean eta, handik abiatuta, beste hizkuntza batean idatzitako testua (helburu testua) sortzean datzan prozesua da.

Itzulpengintza betidanik egokitu izan zaio gizakiari, azkenaldian, automatizatzea edo konputerizatzea lortu nahi izan den arren.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Lur entziklopedietatik hartua.
  2. Lur entziklopedietatik hartua.
  3. Hockett, C.F. (1958), A Course in Modern Linguistics. New York: The MacMillan Company
  4. Anaut, D. (2012), Hizkuntzaren barrurako atea. Bilbo: UEU

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hizkuntza
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Hizkuntza