Badaiako Santa Katalina komentua

Wikipedia, Entziklopedia askea

Badaiako Santa Katalina komentua Badaiako mendilerroan (Araba) dagoen antzinako komentua da, Tresponde ondoan, Iruña Okako udalerrian.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Badaiako Santa Katalina komentua

Erdi Aroan, XIII. mende inguruan, izan zuen bere jatorria eremu horretako monumentu multzoak; orduan dorretxe bat izango zen[1], erosotasuna baino babeslekua bilatzen zuena. XIV. mendearen amaieran Santa Katalinari eskainitako ermita eta, ermitaren hegoaldeko paretaren kontra, jauretxea eraiki zituzten Iruñatarren familiak, hiru solairu eta arku handi bat zuen sarbidearekin[2].

XV. mendearen hasieran, Andres Martinez Iruñakoak eta María Sanchez senar-emazteak dorretxea eta ermita laga zituzten Gasteizera joateko, eta San Agustinen erregela jarraitzen zuten San Jeronimo ordenako fraideak jarri ziren. Fernando Kalagorriko apezpikuak horretarako baimena eman zuen 1407ko urtarrilaren 21ean[3]. Horrela jaio zen Badaiako Santa Katalina komentua.

San Jeronimoren ordenakoak bertan egon ziren 1472ra arte. Fr. Jacobo Aquilakoak, San Agustin ordenaren buruak, Sixto IV. aita santuari bere ordenarentzat eskatu zion eremua. Aita santuak Ciudad Rodrigoko apezpikuari baimena eman zion urte hartan, Erroman baitzegoen, komentu horren jabetza Gaztelako agustindarrei emateko, eta hori 1490. urtean egin zen bulda baten bitartez[3].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreforma lan handiak egin ziren XV. mendean. Hala, egun ikus daitekeen kanpai-horma jatorrizko etxearen gainean, elizaren leihoak aldatu eta arrosa leihoak eraiki, dorretxea eraberritu... Dena den, garaiko aldaketa nagusia komentuan eraikitako  klaustro ederra izan zen[2].

Garai horretakoa da uraren kanalizaziorako sistema, euri-ura eta lurpeko iturburuetako ura komentuaren goiko aldetik beheko aldeko zenbait ur-putzutara eramateko. Gainera, uharka batzuk baratzeak eta laboreak hornitzeko erabiltzen zituzten, eta beste batzuk fraideen eguneroko lanetarako[2].

Elizaren aldare nagusian, Santa Katalina martiriaren irudi bat gurtzen zen. Herriaren tradizioaren arabera, Santa Katalina ermita dagoen lekuan agertu zen, Santa Katalinari ere eskainitako komentuaren ondoan. Ermita honetako ateetako batean tradizio hori kontatzen duen inskripzio modernoa dago[3].

1802an 10 fraide, 4 anaia lego eta 2 zerbitzari bizi ziren[3].

Gainbehera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santa Katalinako monumentu multzoaren gainbehera 1836. urtean etorri zen, Lehen Karlistadian, hain zuen. Ordurako hutsik zegoen eraikina,desamortizazioak zirela eta, eta Otxoa jeneralaren karlistek gotorleku gisa erabi zuten. Abuztuaren 6an Zurbano jeneral liberalak komentuari su eman zion. Eraikin nagusiaren goiko parteak, teilatua eta ondoko edifizio batzuk erre egin ziren[2].

Gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1999an Iruña Okako Udalak Santa Katalina komentuko eta haren inguruko hondakinak erosi zituen, Badaia mendilerroan, 2003. urtean jendearentzat irekitako lorategi botanikoa sortzeko. Gaur egun, zaharberritu egin dute eremua eta Santa Katalinako lorategi botanikoa dago bertan. Zaharberritze horretan, komentuko aurriak moldatu zituzten dorre zaharrera igotzeko eta, handik, Arabako lautada goitik ikusteko.

Lapis sanctae Catherinae edo Santa Katalinaren harriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Santa Katalinaren harrien" itxura

Oso ezagunak dira aspaldidanik inguru honetan, bai herri mailan, bai idatzietan, "harri zoragarri" edo, are gehiago, "harribitxi" gisa izendatu diren "Santa Katalinaren harriak", aparteko bertuteak dituztela edo mirariak egiten dituztela uste izan delako; haien itxura eta eraketa miresgarria zela uste zen eta, gainera, santutegi baten inguruan zeuden. Santutegi hau Santa Katalinaren babespean zegoen lehenik, eta, gero, Eliza Katolikoko bi santu garrantzitsuenen babesean, San Jeronimo eta San Agustin.

Zenbait azalpen miresgarri asmatzen dira harri zoragarri haien presentzia eta ugaritzea justifikatzeko; aztarnategi paleontologiko bat eratzearen balizko arrazoiak azaltzeko interpretazio fantastiko eta naturaz gaindikoak ematen dira, eta harriekin lotutako praktika superstizioso batzuk praktikatzen dira.

Debozio-jarduera, tradizionala eta superstiziosoa, alegia, fraide agustindarren monasteriotik hurbil Micrasterren ale fosil onak jasotzean datzana, indartsu eta aktibo mantendu zen, gutxienez hiru mende eta erdian (1490-1836), XV. mendearen amaieratik XIX. mendearen lehen hereneraino[4].

Harri berezi hauen gainean erreferentzia desberdinak aurki daitezke, hainbat jatorri geografiko desberdinetako autoreren dokumentuetan, errenazimentu aurreko garaitik gaur egun arte[5].

Badaiako Santa Katalinaren harriak, berez, Kretazeo Berantiarreko itsas triku mesozoiko mota baten fosil-hondarrak dira, Micraster generokoak, eta gehienbat Micraster coranginum espeziekoak. Itsas triku fosilak dira, beraz, eta oso ohikoak Arabako Lautadan eta inguruko mendilerroetako leku batzuetan. "Badaiako harriek" bihotz forma dute eta Santa Katalinaren gurpila dute grabatuta[6].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]