Berastegiko udaletxea

Koordenatuak: 43°07′27″N 1°58′46″W / 43.12405°N 1.97938°W / 43.12405; -1.97938
Wikipedia, Entziklopedia askea
Berastegiko udaletxea
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaBerastegi
Koordenatuak43°07′27″N 1°58′46″W / 43.12405°N 1.97938°W / 43.12405; -1.97938
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1734
ErabiltzaileaBerastegiko Udala
Arkitektura
EstiloaArkitektura barrokoa
Ondarea
EJren ondarea1
Kontaktua
HelbideaHerriko enparantza, 1

Berastegiko udaletxea Gipuzkoako herri horretako udaletxea da. 1699an hasi ziren eraikitzen eta lanak 1734an amaitu zituzten. Gipuzkoako gainerako udalerri guztietan ez bezala, Berastegiko udaletxea parroki elizatik urrun altxatu zuten. Dirudienez, horren arrazoia herriko Kontzejuaren eta elizaren babesle ziren Berastegiko Jauntxoen arteko tirabirak izan ziren. Eraikin barrokoa da, apaingarririk gabea, fatxada alde batetik bestera zeharkatzen dion inposta-banda salbu.

2009ko urriaren 7an Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fatxadako armarria.

Oin karratua duen aparteko eraikina da, eta lau isuriko teilatua du. Harri-hormak ditu, luzituak eta zurituak; baoak harlanduz inguratuta daude, eta kantoi-harriak ditu izkinetan. Fatxada nagusia, berriz, harlanduzkoa da erabat. Beheko solairua eta beste bi gehiago ditu.

Fatxada nagusia: euskal udaletxeen ohiko fatxada du, arkitektura noblez eta harlanduz egina. Guztiz erregularra da eta baoak simetrikoki banatuta daude bost ardatzetan. Beheko solairuak puntu-erdiko lau arku ditu, eta bosgarren tartea arkupean sartzeko sarbide dintelduna da. Tarte horretan, sarbidearen alboetan bi leiho daude, haietako bat hormaz itxita. Bao horiek harlanduz inguratuta daude, eta luzitutako harri-horman nabarmenak dira. Lehenengo solairuko bost baoak berriki egindako balkoi irten luze eta zabal batera begira daude. Bigarren solairuan, berriz, badira lau balkoi, burdinazko karela dutenak. Haien erdian dago armarri barroko bikaina, eraikinaren erdiko ardatza edertzen duena. Armarriaren inguruan inskripzio hau: «Año de 1321. Armas de esta ilustre Villa de Berastegui». Armen bi kuartel bertikalen inguruan hau jartzen du: «Nobleza con libertad», eta beherago «1731». Armarria benetan harrigarria da, haren tamainagatik eta oso polikromia deigarria duelako. Erliebe altuan egindako edergarri ugari du eta oso ondo kontserbatu da. Badirudi bigarren solairuko balkoiak irtenak zirela garai batean, hormak hutsune batzuk baititu. Armarriaren gainean erlojua dago. Solairu bakoitzak harri leunezko platabandak dauzka goialdeko solairutik bereizteko. Teilatua baino beherago ere ikusten da beste platabanda bat, erlaitz funtzioa egiten duena. Teilatu-hegala berria da, antza, eta harburuak landuta dauzka.

Eskuin aldea: erregular samarra da, baina sei bao-ardatzen banaketa ez da guztiz simetrikoa. Bao guztiak harlanduz inguratutako leihoak dira. Beheko solairua da salbuespena: lau leiho baino ez ditu, eta haietako bat hormaz itxita dago.

Atzealdea: solairu bat gehiago du, lurraren maldagatik. Horregatik ditu sendogarriak bi ertzetan, horma-bular gisa (ezkerrekoa kubikoa da). Beste fatxadetan bezala, platabandak eta teilatu-hegal landua ikusten dira atzealdean. Fatxadak bost leiho-ardatz ditu, simetrikoki banatuak. Leiho guztiak harlanduz inguratuta daude, behealdekoak izan ezik. Gainera, behealdean sarbidea ere badago. Lehenengo solairuan, bi ardatzen artean, begi itxurako bao bat ageri da, inguratu gabea.

Ezker aldea: ezkerreko ertzerako bidean solairu bat gehiago hartzen du eraikinak. Solairu horrek ez du leihorik, baina bai ate berri bat, beheko solairuko leiho baten zatia ere hartzen duena. Gainerakoan sei leiho-ardatz ditu, simetrikoki banatuak. Leiho guztiak harlanduz inguratuta daude, beheko solairuko bat izan ezik.

Sotoa, atzealdeko fatxadan leihoak dituena, biltegi eta lokal osagarri gisa erabiltzen dute. Eraikinaren egitura osatzen dute lau fatxadetako karga-hormek eta fatxada nagusiarekiko paraleloan dauden beste hiru karga-hormek, eraikina lau hormartetan banatzen dutenak. Gapirioak horma horien gainean jarrita daude, eta gapirioen gainean jositako zurezko oholtzak osatzen du solairuetako zorua. Eraikinaren leku batzuetan zurezko tarima ikusten da jatorrizko oholtzaren ordez; ziur asko haren gainean jarrita egongo da tarima berriago hori. Hiru hormek osatzen dute egitura. Sotoa lehenengo arkuperaino soilik iristen da; beraz, hiru hormarte hartzen ditu, eta maila desberdinetan geratzen dira sotoa eta beheko solairua. Sotoan zurezko habe handiak daude, ostikoen gainean jarrita.

Arkupeak hartzen duela lehenengo solairua, eta han dago eraikinaren sarrera. Arkupe hori pilotan jolasteko erabili ohi dute. Sarrerako atearen ondoan harlanduz inguratutako bi bao daude, eta haietako bat hormaz itxita dago. Beheko solairu horretan dago garai batean espetxe bezala erabiltzen zuten tokia. Karratu samarra da, eta eraikinaren ipar-ekialdeko kantoian dago. Haren egitura eta eraikinaren gainerako zatiena bereizita daude: fatxadetako bi hormak hartzen ditu eta beste karga-horma bat dauka lokal osagarriekiko mugan. Bi ate ditu eta bigarrena antzinako txapazko atea da. Espetxe bezala erabiltzen zuten toki horrek bi estai ditu, eta sarrerako solairuaren eta sotoaren zati bana hartzen du. Beheko solairuaren gainerako zatian etxebizitza bat dago, sarrerako atarian dagoen atetik sartzen da etxebizitzara. Atearen ezkerraldean daude zurezko eskailerak, eraikinari egitura ematen diotenak. Baranda ere zurezkoa da, tornuan landua, eta tailatutako zatiak ditu.

Lehenengo solairua da eraikinaren solairu nagusia. Han dago bilkura-aretoa, fatxada nagusiari begira dagoena, eta bilkura-aretotik heltzen da fatxadako balkoi luzera. Lehenengo solairuan daude halaber udal-bulegoak, eta beste gela batzuk, gaur egun erabiltzen ez direnak.

Bigarren solairua ez da gaur egun erabiltzen. Lehen herriko eskola zegoen han. Hormetan marrazkiak daude oraindik; liburuak eta eskolako beste gauzak ere badaude.

Teilatupean ganbara dago zurezko egitura duena, eta haren gainean lau isuriko teilatua, arabiar teilaz egina. Egitura hori benetan ikusgarria da. Zurezko zutabe eta habeak ditu, eta haiek elkartzeko besoak, egiturari egonkortasun handiagoa ematen diotenak. Eskailera ondoan dago fatxada nagusiko erlojuaren makineria.

Eraikinaren goi-goian dago burdin forjatuzko ezkilategia, bi kanpai dituena, eta haren gainean gurutzea haize-orratzekin.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa