Bhopalgo istripua
Bhopalgo istripua | |
---|---|
Mota | chemical accident (en) |
Data | 1984ko abenduaren 3a |
Kokaleku | Bhopal |
Herrialdea | India |
Parte-hartzaileak | |
Kudeatzailea | Union Carbide |
Kausa | gas isurketa Metil isozianato |
Pertsona hilak | 18.000 |
Pertsona zaurituak | 150.000 |
Nork ikertua | Council of Scientific and Industrial Research (en) eta Central Bureau of Investigation (en) |
Bhopalgo istripua 1984ko abenduaren 2tik 3ra Bhopal hirian, Madhya Pradeshen (Indian), gertatutako hondamendi larria izan zen, non Union Carbide enpresaren planta kimikoak metil isozianatoko nahigabeko isurketa bat egin zuen segurtasun neurri faltagatik batez ere.[1] Bhopalen 1984an bizi ziren 894.539 biztanleetatik 559.835 pertsona zuzenki isurketaren eraginpean zeuden,[2] eta hauetatik 3000-15.000 inguru hil egin ziren istripua gertatu eta aste batzuen buruan, beste 100.000-200.000 pertsonak oraindik kalte larriak jasaten dituzten bitartean.[3] Gaur egun ez dago oraindik argi zeintzuk izan ziren gertakari latz honen eragileak, ezta haren biktimen kopuru zehatza. "Mende batez ikertu beharko da benetan zer gertatu den jakiteko" izan ziren polizia agente baten hitzak. Bitartean, Union Carbide edo ondoren enpresa erosi zuen Dow Chemical Company multinazional erraldoiek ez dute beraien errua onartu eta ezer gutxi egin dute egoera hobetzeko.
Gertakariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Union Carbide India Limited (UCIL) sozietate mugatuak Bhopal hirian zuen plantak karbaril pestizida ekoizten zuen Sevin izen komertzialarekin. Karbarila industrialki sortzeko metil isozianatoa erabiltzen da, eta produktu hau gordetzeko eraikinean gertatu zen isurketa. Lantegi kimiko honek 6,8 hektareako azalera du eta milaren bat langile ari ziren lanean han. Batzuk azpikontrataturik zeuden eta gehienek ez zuten mendebaldeko teknologia erabiltzeko nahiko prestakuntzarik.
Abenduaren 2an, arratsaldeko bederatziak aldera langile batzuk metil isozianatoaren biltegi baten irispidea garbitzen ari ziren. Langileek kasu hauetan martxan jarri behar diren itzuleraren kontrako balbulak ez zituzten ipini. Horregatik, gaueko hamarrak inguruan ura 610 biltegian sartzen hasi zela uste da, non 42 tona MIC (metil isozianato)zeuden, eta erreakzio exotermiko bortitz bat hasi zen. Erreakzio hauetan energia askatzen denez, biltegi barneko tenperatura 200 °C-koa izatera heldu zen.
Horrez gain kontuan izan behar da hasieran biltegiko tenperatura 15-20 °C-koa zela, normalean metil isozianatoa egoera likidoan mantendu behar bada ere (0 °C-tan), 2,6 bar-eko nitrogeno-presiopean. Bitartean, kontrol gelatik etengabe kontrolatzen zen presioa eta abenduaren 2ko arratsaldean, arrazoi ezezagunengatik, 0,14 bar-eko presioa erregistratu zen, txikiegia. Gaueko 11etan, biltegiaren presioa 0,69 bar-ekoa zen eta etengabe igotzen ari zela ikus zitekeen. Gasa ateratzen hasi zen 2,76 bar-eko presio gaindtzean. Hori dela eta, 00:15etan zaindariek produkzio-arduraduna jakinaren gainean jarri zuten eta orduan upela hozteko egindako saiakerak alferrikakoak suertatu ziren, haien sistemen eraginkortasun ezagatik. Azkenik, leherketaren beldur (erregistroek diotenez, momentu hauetan presioa 13,79 bar-ekoa izatera heldu zen), langileek alarma jo eta 00:30etan lantegia utzi zuten. Presio handi honek gasa eguratsera heda zedila ahalbideratu zuen.
Guztira plantan 67 tona MIC zeuden gordeta, kopuru nahiko adierazgarria kontuan izanik Europan gehienez 0,5 tona MIC biltegiratzeko baimena baino ez dagoela.
Bitartean, kanpoan dagoeneko isurketaren efektuak nabariak ziren gaueko 11:00etatik aurrera, arduradunek lantegian isurketa bat egon zela ezeztatu bazuten ere. Hemendik aurrera eta hiru ordutan zehar biltegiko 42 tonak hustuz joan ziren, hiri osoan zehar hedatuz eta herritarrengan eztula, begietako narritadura, goragalea eta asfixia eraginez.
Kaltetutako Bhopaldarretako askok momentuan edo ospitalera bidean hil ziren. Bigarren eguneko heriotza kopuru ofiziala 350ekoa zen[4] eta abenduaren 5ean, kopuru hori 1000 baino handiagoa zela esaten zen.[5] Mundua dagoeneko hunkituta zegoen abenduaren zazpian hildakoen zenbakia 2000 pertsonakoa zela jakin zenean[6] eta abenduaren 8rako 3000 hildako aipatzen ziren.[7]
Kausak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Istripu larri hau batez ere segurtasun arauak ez betetzeagatik eman zen. Modu laburrean kausa nagusiak honako hauek direla esan daiteke:[8]
- Erabilitako ekoizpen metodo arriskutsuak (MICa ez zen beharrezkoa Karbarila ekoizteko, baina bai merkeagoa).
- Biltegiratutako metil isozianato kopuru izugarri handiak.
- Plantaren kokapena oso populazio dentsitate handiko tokian (trenbidearen ondoan nahi zuten planta Union Carbidekoek).
- Segurtasun neurri oso pobreak edo segurtasun neurri eza.
- Langileen prestakuntza eskasa.
- Mantenu falta.
- Larrialdien aurkako plan eraginkor baten falta.
- Ubideetako kalitate merkeko materiala.
Segurtasun sistema zaharkituak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bhopaleko plagizida plantaren balantzeek eraginkortasunaren etengabeko beherakada erakusten dute. Lantegiak 5250 tona/urte fabrikatzeko diseinatua izan zen. 1982an produkzioa 2308 tonakoa izan zen eta 1983an 1657 tonakoa. Urteko galerek (4-5 milioi dolarrekoak) Union Carbideko zuzendaritza kostuak murriztera behartu zuten; pertsonal sailean eta batez ere segurtasun-mailan murriztera hain zuzen. Honen ondorio zuzena ditugu segurtasun sistemetan izan ziren hurrengo arazoak [8]:
- 1984an fabrikako mantenu-pertsonala erdira murriztu zuten Union Carbidekoek eta, ordezko moduan langile kualifikatugabeak hartu ziren.
- MIC biltegien alarmek ez zuten funtzionatzen 1980tik.
- MICa eztanda ez egiteko erabili behar den errefrigerazio sistema kendu egin zen, dirua aurrezteko.
- Ubideak garbitzeko sistemak ez zuen funtzionatzen kausa ezezagunak zirela eta.
- MIC biltegia matxuratuta zegoen azken astean eta ez zuten konpondu.
- Altzairuzko balbula bat zulatuta zegoen istripuaren gauean eta ez zuten aldatu oso garestia zelako eta denbora asko behar zelako horrelako matxura konpontzeko.
- Teknologia erabiltzeko gidaliburuak ingelesez idatziak zeuden, langileek hizkuntza hori ez bazekiten ere.
- Union Carbide Corporationek onartu zuenez, plantako segurtasun sistema gehienek kale egin zuten istripuaren gauean.
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]MICz gain, eguratsera kanporatutako gasak hurrengo konposatuak zituen:[8]
- Fosgenoa
- Hidrogeno zianuroa
- Karbono monoxidoa
- Nitrogeno oxidoak
- Monometil amina (MMA)
- Karbono dioxidoa
Eragin handia izan zuen istripuak jendearengan, gas guzti hauen dentsitatea airearena baino handiagoa zenez, gasa lurrazalean metatu zelako.
Osasunean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenengo efektuak eztula, begi eta eztarri narritadura, goragalea eta asfixia ziren [9]. Efektu hauek jendea ohetik altxarazi zuen. Gauean, autoz zihoazenak ez zuten airearekin horrenbesteko kontaktua izan eta ihes egitea lortu ahal izan zuten, oinez zihoazenek ez bezala.
Jazotako heriotza ugariengatik hainbat gorpu lurperatu ziren edo baita ibaira bota ere. 170.000 pertsonak ospitaletara jo zuten eta animalia anitz zendu ziren eta lurperatu zituzten. Horrez gain, landareetako hostoak usteldu, zimeldu eta erori egin ziren istripua gertatu eta egun batzuetara. Elikagai banatzaileek, aldiz, ez zuten hiria janariz hornitu kutsadurak sortutako beldurragatik eta arrantza debekatu zenez, janari urritasun nabarmena egon zen Bhopalen.
Hilda jaiotako umeen kopurua hirukoiztu egin zen egun hauetan, eta erditzean hildako emakumeena berriz, bikoiztu.
Epe luzean, aldiz, hainbat ondorio latz pairatu behar izan dituzte Bhopaleko biztanleek. Esate baterako, biriketako arazoak, ugaltzeko ezintasuna, begietako gaixotasunak, malformazioak umeetan, sistema immunologikoko eta neurologikoko arazoak eta beste hainbat. Guztira 200.000 kaltetu daudela esan daiteke.
Ingurumenean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingurumenak pairatutako kalteak erabatekoak dira. Alde batetik, lantegia oraindik han dago eta produktuak geratzen dira barnean, arriskutsuak izan daitezkeenak. Horrez gain, lantegiaren materialak deskonposatzen ari dira.
Aipatu beharrekoa da 30.000 pertsonak ur kutsatua edaten dutela gaur egun Bhopalen.[9] Ur horrek hainbat produktu kimiko kaltegarri ditu eta lurzorua ere guztiz kutsatuta dago.
Union Carbideren erantzukizuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Union Carbidek ez du oraindik ere bere erantzukizuna guztiz onartzen eta enpresaren ustetan, sabotaje bat izan zen eragile bakarra, ez baitagoelako beste azalpenik haien aburuz. Hala ere, hainbat laguntza ekonomiko eman izan dituzte eta ospitale bat ere eraiki dute, baina kontuan izan behar da neurri guzti hauek ez direla nahikoak izan, diru-laguntzak murriztuak baitira.[10]
Gaur egungo egoera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]25 urte pasa baldin badira ere, oraindik ez dago kalteak bere gain hartuko dituenik. Biktimentzat, baina, bada errudunik; isuria izan zuen enpresak ez zuela behar bezala jokatu uste dute. Union Carbidek zigorra jaso zuen auzitegien eskuetatik; 1989an 7.500 milioi errupia (470 milioi dolar inguru) ordaintzera zigortu zuen Auzitegi Gorenak, baina kargu zibil eta penal guztietatik libre utzi zuen. Protesta eta mobilizazio ugari egin ziren auzitegiaren ebazpenari erantzuteko. Kaltetuek salatu izan dutenez, 600.000 kalte eskaera aurkeztu izan dituzte auzitegietan; 29.000 besterik ez dituzte onartu.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Barandiaran, Mariaje & Irazabalbeitia,, Inaki. (1986-10-01). «Bhopal: hirugarren munduaren trajedia» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-02-23).
- ↑ http://www.mp.gov.in/bgtrrdmp/facts.htm
- ↑ http://studentsforbhopal.org/learnhttp[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ http://hemeroteca-paginas.lavanguardia.es/LVE08/HEM/1984/12/04/LVG19841204-034.pdf
- ↑ http://hemeroteca-paginas.lavanguardia.es/LVE08/HEM/1984/12/05/LVG19841205-022.pdf
- ↑ http://hemeroteca-paginas.lavanguardia.es/LVE08/HEM/1984/12/07/LVG19841207-004.pdf
- ↑ http://hemeroteca-paginas.lavanguardia.es/LVE08/HEM/1984/12/08/LVG19841208-023.pdf
- ↑ a b c https://web.archive.org/web/20121030030142/http://www.lakareformiljon.org/images/stories/dokument/2009/bhopal_gas_disaster.pdf
- ↑ a b http://paperekoa.berria.info/harian/2009-12-03/022/006/Malko_isurien_urteurrena.htm[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ (Ingelesez) BBC News. (2010-6-7). Bhopal trial: Eight convicted over India gas disaster. .
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) http://www.unioncarbide.com
- (Ingelesez) https://web.archive.org/web/20121030030142/http://www.lakareformiljon.org/images/stories/dokument/2009/bhopal_gas_disaster.pdf
- (Ingelesez) Dokumentala YouTuben http://www.youtube.com/watch?v=Xz-BfXLjQ9c&feature=related
- http://www.ikasbil.net/jetspeed/portal/media-type/html/language/eu/country/null/user/anon/page/materialdidacticodetalle?gid=29209[Betiko hautsitako esteka]