Bic Cristal

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Kolore ezberdinetako lau Bic Cristal bolaluma.

Bic Cristal (Bic bolaluma bezala ere ezaguna) bolaluma ekonomiko eta erabili eta botatzekoa da, eskala handian sortua eta Clichyn egoitzan duen Société Bices konpainia frantsesak sortua.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1945ean, Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, Marcel Bichek eta Edouard Buffardek Société PPA izeneko idazteko tresnen enpresa sortu zuten. Gerra garaian Bichek muturrean bola zuen luma ikusi zuen Argentinan, Lászlo Bírók egina. Enpresa sortu eta gero, Suitzatik metala milimetro ehunenetan ebakitzeko eta lantzeko ahalmena zuen teknologia ekarri zuen. Hala, altzairu herdoilezinezko milimetro bateko esfera ekoiztea lortu zuen, tintaren jario egokia ahalbidetuko zuena. Hainbat saiakera eta gero, loditasun egokia zuen tinta ere lortu zuen. Eta, horrenbestez, Bíróren asmakizunaren lizentzia lortu eta gero, Bic Cristal bolaluma merkaturatu zuen[1].

Bichek produktuan sinesten zuen, kalitatezkoa zen, berria, eta, gainera, ekoizpen kostu baxuei esker, merke sal zitekeen. Hala ere, hasieratik diru asko inbertitu zuen publizitatean. 1953an Pierre Guichenné publizitate exekutiboak produktua izendatzeko Bichen abizena erabiltzekotan, ha kentzeko aholkatu zion enpresaburuari. Bic gogoratzen errazagoa zen, nazioartean zabaltzeko egokiagoa, eta gerra osteko garaian markei izen ahalik eta sinpleenak jartzeko joera zen nagusi. Baina beste arrazoi bat ere bazegoen: Bich izenak ingelesezko bitch (emagaldu) hitzaren antz handiegia zuen. Enpresak zein bolalumak izen berria hartu zuten eta 1959an bolaluma merkerik ezagutzen ez zuen AEBetako merkatuan sartu ziren. 1960an, hamar urte besterik ez zituen Bic bolalumak aurreko idazluma gehienak ordezkatu zituen merkatuan[1].

Diseinua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egun, Bic Cristal New Yorkeko Arte Moderno Museoko erakusketa iraunkorreko pieza da. Eta inoizko “artelanik” salduena da, Bic enpresako ordezkariek, 2005eko irailean 100.000 milioi ale saldu zituztela jakinarazi baitzuten[1].

Bolalumaren plastikozko hodiak zurezko arkatzetatik hartu zuen forma hexagonala, idaztean egonkortasun handiagoa ematen duelako. Plastiko gardena erabili zuten, erabiltzaileak tinta maila ikus zezan. Gainera, zulotxo bat ere egin zioten airearen presioa hodi barruan eta kanpoan berdina izan zedin. Plastikozko estalkia ere hasieratik jarri zioten produktu berriari[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Nagore Irazustabarrena, «Milimetroko bola erraldoia», Argia, 2010-12-12, CC-BY-SA lizentzia