Bizindar etnolinguistikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bizitasun etnolinguistikoa» orritik birbideratua)

Bizitasun etnolinguistikoak, hizkuntza eta kultura aldetik ezaugarri bereziak dituen giza talde baten bizi-indarrarekin du zerikusia.

Gizarte psikologiaren eremuan sortu eta garatutako kontzeptua dugu; eta H. Giles, R.Y. Bourhis eta D.M. Taylor ikerlarien artikulu batean ("Towards a Theory of Language in Ethnic Group Relations", 1977) du jatorria. Berauen kezka zera zen: hizkuntzak, etnizitateak eta taldeen arteko harremanek zer nolako lotura zuten aztertu eta zehaztea.

Oso ugariak dira aztertzen ari garen kontzeptuarekin lotuta ikertu diren gaiak: kulturen arteko komunikazioa, identitatea, hizkuntza jarrerak, portaera etnolinguistikoak, hizkuntzaren ikasketa, bigarren hizkuntza, elebitasuna, paisaia linguistikoa... Eta hainbat aldi igaro ditu bere bilakabidean, jatorrizko indarrari eutsita eta erakargarritasunik galdu gabe.

Hasierako formulazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasierako formulazioan bizitasun objektiboaz mintzo ziren. Hau da, hizkuntzaren garrantzia azpimarratzen zen, hizkuntza identitate etnikoaren eta kultura elkartasunaren sinboloa eta maiz etnizitatearen adierazle nagusia izan daitekeen aldetik.

Arazo hauek aztertzeko bi tresna nagusi proposatu zituzten Giles, Bourhis eta Taylor irakasleek:

  • Bizitasunaren faktore objektiboen taula
  • Prozesu psikosozialak; hau da, hizkuntzaren eta talde etnikoen arteko harremanak aztertzeko proposamen teorikoa.

Faktore objektiboen artean aipatzen dituzte hizkuntzaren estatusa, demografia eta babes instituzionala. Estatusaren barruan sartzen dituzte hizkuntzaren prestigioa eta honetan eragiten dituzten faktore ekonomikoak, sozialak, historikoak eta linguistikoak. Demografiaren atalean, berriz, hiztunen kopurua, berauen banaketa... Eta babes instituzionalean, hizkuntzak erakundeetan duen pisuan islatzen da (gobernua, eliza, ekonomia...)

Faktore bakoitzaren neurria edo tamaina altua, ertaina edo txikia izan daiteke. Eta faktore guztien bilketatik aterako zaigu bizitasun etnolinguistiko orokorra.

Bigarren tresnari dagokionean, hau da, prozesu psikosozialekin lotutakoan, hainbat kontzeptu sortu eta sartu zituzten Giles-ek eta bere lankideek. Hala nola, kategorizazio soziala (pertsonak multzo edo kategoriatan sailkatzea: bertakoak/etorkinak, gizonezkoak/emakumezkoak, euskaldunak/erdaldunak...),identitatea (lagun bat zein taldetako kide den jakitea eta kategoria partaidetza horri ematen zaion balioa) Kontzeptu honek lotura zuzena du beste honekin: konparazio soziala; izan ere, jendeak bere taldea (bere "identitate taldea") beste taldeetatik bereiztea (eta hau oinarrizko beste kontzeptu bat da) bilatzen du, bereziki konparaketa horretatik emaitza ona ateratzen bada. Baina taldeko kideek egoera txarrean daudela nabaritzen badute, oso garrantzitsua da berauek alternatiba kognitiboak aurkitzea egoera aldatzeko; hau da, ikustea egoera alda daitekeela eta badaudela alternatibak horretarako. Horrela sortuko dira talde estrategiak'; hots, mendeko nahiz goiko taldeek egoera aldatzeko nahiz berdin iraunarazteko erabiltzen dituzten estrategiak.

Alde psikosozial honen harira, Giles eta bera lankideak berehala jabetu ziren Bizitasun Etnolinguistikoaren alde subjektiboak munta handiko faktoreak zirela. Hau da, zer nolako lotura (halakorik baldin bazegoen)zegoen emaitza objektiboek adierazten zuten bizitasun edo indarraren, alde batetik; eta emaitza subjetiboek islatzen zuten talde baten bere egoerari buruzko iritziaren artean. Arlo subjektibo hau neurtzeko 22 galderez osatutako galdetegia prestatu zuten. Galdera horiek bizitasun objektiboa neurtzeko faktoreetatik eratorriak ziren. Beste era batera esanda: galdera bakoitza faktore objektiboren batekin lotzen zen.

Ondorengo garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinarrian dagoen Giles, Bourhis eta Taylor-en planteamenduari hainbat ekarpen egin izan zaizkio ondorengo urteetan. Horrela, Rodrigue Landry eta Real Allard ikertzaile quebectarrek, 1984.urtean plazaratutako ereduan, lau maila bereizten dituzte, aurrekoek bereizten zituzten bien ondoan: maila soziologikoa, maila sozio-psikologikoa, maila psikologikoa eta hizkuntza portaeraren maila. Horretaz gain, azterketarako faktore batzuen aldaketak ere proposatu zituzten. Hala,faktore objektiboetarako kapital demografikoa, politikoa, ekonomikoa eta kulturala aurkeztu zuten. Bestalde, faktore objektibo eta subjektiboen arteko zubia egiteko, harreman sarearena sortu zuten. Gainera, bizitasun subjektiboa sinesmen edo uste sistema bezala aztertzea proposatzen zuten, eta beronen barruan kategorizazio konplexu bat zabaldu zuten. Eta, bukatzeko, bizitasun subjektiboa neurtzeko galdetegi berri bat aurkeztu zuten, aurrekoa baino ikuspegi zabalagoa bilatzen zuena, faktore gehiago kontuan hartuz.

Harwood-ek, Giles-ek eta Bourhis-ek, hau da, jatorrizko teoriaren "gurasoaek", bizitasun etnolinguistikoaren birformulazio bat aurkeztu zuten 1994an,ordura arteko ekarpenen sintesia egin eta aurrera begirako bide berriak zabaltzen zituena. Egia esan, eredu konplexuagoa zen oraingoan proposatzen zutena; eta ekarpen berri nagusia diskurtsoen atala zen. Honekin diziplina berezi bat sortu zuten. Honekin batera, etorkizunean gogoan izateko ideiak edo ekiteko ikergaiak proposatu zituzten: diskurtsoa bera, bizitasunaren osagai objektiboak, bizitasun etnolinguistikoaren ikuspegi orokorra, taldeen arteko harremanak,ikerkuntza teknikak (inkestak, teknika esperimentalak...)

Azken aldian nabarmentzekoa da Charles C. Mann izeneko ikerlariaren ekarpena, 2000 urtean argitaratutako ""Reviewing ethnolingustic vitality: The case of Anglo-Nigerian Pidgin" izeneko artikuluan oinarritzen dena. Abiapuntua, ingeles hizkuntzatik sortutako Nigeriako pidgina izan zen (Pidgina, harreman-hizkuntza mota jakin bat izendatzeko erabiltzen den kontzeptua da, jatorrizko ama-hizkuntzaren ezaugarri edo elementuekin "kutsatutako" bigarren hizkuntza; kasu honetan,ingelesaren aldagai bat).

Mann ondorio hauetara heldu zen:

  • Bizitasun etnolinguistikoaren kontzeptuaren barruan pidgina et kreolerak bezalako hizkuntzak ere sartzeko, etnien edo kulturen arteko hizkuntzak izan arren.
  • Badaude hizkuntzak bizitasun etnolinguistikoaren irizpide objektiboak (demografia, estatusa...) betetzen ez dituzten arren, bizitasun komunikatibo handia dutenak)

Mann-en ekarpen hauek garrantzi handikoak izan dira euskara bezalako hizkuntzentzat; hau da, bizitasun etnlinguistiko historiko handikoak, nahiz eta estatus, demografia eta babes instituzionaleko irizpideak ez bete.

Euskararen bizitasun etnolinguistikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara aipatuta, izan dira azken urteetan beraren bizitasun etnolinguistikoa ikertu dituztenak. Hala nola, Arratibel, Azurmendi eta Garcia (2001), Usarralde eta Martinez de Luna (2002) Lehendabizikoan Bizitasun etnolinguistikoa motibazioa eta jarrera bezalako kontzeptuekin jarri dituzte harremanetan. Bigarrenean, bizitasun etnolingustikoa eta erabileraren arteko lotura zuzena jartzen dute begibistan, besteak beste.

Ikusten denez, Bizitasun Etnolinguistikoa gaur egun abian jar litekeen edozein hizkuntza plangintzaren abiapuntua da, arestian aipatutako erabilerarekin lotura estuagatik, batetik, eta, bestetik, Bizitasun etnlinguistikoaren ereduek normalizazioaren osagai gehienak ikuspegi orokor baten azpian bilduta jasotzen dituztelako.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • ARRATIBEL, N., AZURMENDI,M.J. eta GARCIA, I. (2001) Menpeko hizkuntzaren bizi-kemena. Bilbao: UEU
  • GILES, H., BOURHIS, R.Y. eta TAYLOR D.M. (1977). Towards a Theory of language in Ethnic Group Relations. In H. Giles (ed.), Language, Ethnicity and Intergroup Relations (307-348). New York: Academnic Press
  • LANDRY, R. eta ALLARD, R. (1984). Bilinguism additif, bilinguism soustractif eta identité ethnolinguistique. Recherchers sociologiques 15 (2-3), 337-358
  • MANN, CH, (2000). Review ethnolinguistic vitality: The case of Anglo-Nigerian Pidgin. Journal of Sociolingusitics, 4-3, 458-474
  • USARRALDE, I. eta MARTINEZ DE LUNA, I. (2002). Andoain, Arrasate, Bergara, Hernani eta Lasarte-Oriako euskaldunen bizindar etnolingustikoaren azterketa konparatua. EHUko Soziologia 2 saioleko ikerlariak.
  • ZALBIDE, M., ERIZE, X. (2002. Hizkuntza gutxituen berreskurapenerako hainbat hurbilpen teoriko. Hiznet 02-03 (klaserako apunteak)

KANPO LOTURAK[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]