Blokeo eta seinaleztapen

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sei giltzarrapotarako zuloak dituen artazi moduko blokeo-sistema.

Blokeo eta seinaleztapena (ingelesez: Lockout-tagout edo LOTO) industrian eta bestelako instalazioetan makinak zainpean jartzeko erabiltzen den segurtasun-prozedura da.[1][2] Prozedura honek ziurtatzen du, mantentze- edota zerbitzu-lanek iraun bitartean, makina arriskutsuei energia-iturriak behar bezala kendu zaizkiela eta makinok ezin direla abian jarri. Beraz, lanak hasi baino lehen nahitaezkoa da energia-iturri arriskutsuak isolatu eta behin-behinean erabileraz kanpo uztea. Horretarako beharginak isolatutako energia-iturriak giltzarrapoz ixten ditu eta hura identifikatzeko etiketa jartzen du. Ondoren, langileak giltzarrapoa irekitzen duen giltza berekin eramango du beste inork makina abiaraztea eragotziz. Honek makinak ustekabean abian jartzea saihesteko balio du.

Prozedura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Makinen arriskuak hainbat motatakoak dira. Ohikoenak:

  • Elektrizitatea
  • Metatutako presio hidraulikoa.
  • Pneumatikako aire konprimatua.
  • Erradiazioa: ikusgaia, termikoa, ionikoa, partikula-izpiena, etab.
  • Gainazal beroegi edota hotzegiak.
  • Gasak: pozoitsuak, itogarriak, leherkorrak, etab.
  • Grabitatea: erorikoak eragin ditzaketen elementuak, elementu jauskorrak.
  • Malgukietan metatutako energia.
  • Elementu mugikorrak: haizagailuak, engranajeak, prentsak, zerrak, etab.
  • Hainbat motatako likidoak.

Makina deskonektatzeak edo seguru egiteak makinatik energia-iturri guztiak kentzea dakar berekin eta horri isolatzea deritzo. Makina isolatzeko jarraibideak isolatze prozedura edo blokeo eta seinaleztapen prozedura deritzen agirietan bildu ohi dira. Eskuarki isolatze-prozeduretako zereginak honako hauek dira:

  1. Deskonexioaren berri ematea.
  2. Energia-iturria(k) identifikatzea.
  3. Energia-iturria(k) isolatzea.
  4. Energia-iturria(k) blokeatzea eta seinalatzea.
  5. Makinaren isolamendua erabat eraginkorra dela probatzea.

Isolatze-puntuak giltzarrapoz ixteak eta mezu bat utziz etiketatzeak beste pertsonei jakinarazten die gailuari energiarik ez emateko. Laburbilduz, prozesu osoari blokeatu, etiketatu eta probatu iritz diezaioke.

Taldekako blokeoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Igogailu baten balaztari jarritako blokeo-sistema, inork balazta askatzea ekiditeko.

Pertsona bat baino gehiagok sisteman mantentze- edo zerbitzu-lanak egiten ari direnean, zulo anitzeko blokeo-sistema jarri behar da hauek euren giltzarrapoak jar ditzaten. Zulo kopurua aregotzeko artazi motako brida bat erabiltzen da, beraz zuloetako bati giltzarrapo pertsonala jartzen zaionean blokeatzen da. Blokeatutako gailua ezin da abiarazi beharginek euren giltzarrapoak kendu arte.

Giltzarrapoen sarrailak ezberdinak izan behar dute, giltza batek giltzarrapo bat baino gehiago ireki ez dezan. Horrez gain, giltzarrapoa eta etiketa utzi dituen pertsonak izan behar du hauek kentzeko arduradun bakarra. Horretarako beharginei prozedurak eta trebakuntza emateaz gain, hauek dokumentatu eta energia kontrolatzeko programan jaso behar dira idatzita.

Identifikazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etiketa bakoitzak blokeo eta seinaleztapen prozedura egin duen pertsonaren izen-abizenak eduki beharko lituzke. Ameriketako Estatu Batuetan derrigorrezkoa baita; ez, ordea, Europan. Horrez gain, blokeo-kutxa bat erabil daiteke arduradun bat blokeoa ken dezan. Era horretan, arduradunak makina segurtasunez abiarazi daitekeeela ziurta baitezake.

Segurtasuneko bost urratsak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako EN 50110-1 estandarraren arabera, instalazio elektriko batean lan elektrikoak egin aurretik segurtasuneko 5 urrats hauek jarraitu behar dira:

  1. Instalazioa erabat deskonektatu.
  2. Segurtasun-neurriak hartu edozein berrelikadurari aurre hartzeko.
  3. Ziurtatu instalazioak tentsiorik ez duela.
  4. Lurreko konexioa egin eta zirkuitulaburrean jarri.
  5. Lan-eremuan bertan edo ondoan dauden tentsiodun elementuen aurkako babes neurriak hartu eta lan-eremua mugatzeko seinaleak jarri.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Landa Arregi, Josu. (2009ko abendua). «Makinak kontsignatzeko prozedura: makina eta instalazioen mantentze-lanetako segurtasuna» (pdf) OSALANen buletina 34 zkia.: 28-32 orr.. (Noiz kontsultatua: 2017ko azaroaren 29an).
  2. Baigorri Gurrea, Alfonso. (2015eko abuztua). «Prebentzioko 47. fitxa teknikoa: Laneko ekipamenduak zainpean jartzea» (pdf) NOPLOIren prebentzioko fitxa teknikoa (Noiz kontsultatua: 2017ko azaroaren 29an).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]