Bobsleigh

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Biko bobsleigh-a

Bobsleigha, lugearekin eta skeletonarekin batera, Neguko Olinpiar Jokoetako lera jaitsierako hiru kirol modalitateetako bat da. Kirol honetarako erabilitako lerak ere bobsleigh izena du.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lera arinaren eta lera arruntaren moduan, bobsleigharen hastapenak ere XIX. mende amaieran Suitzako Alpeetan hasi ziren. Kirol hau, skeletonezko bi lera elkartzean eta honi direkziorako mekanismo bat ezartzean sortu zen. Bertan, grabitatearekin lagunduz zihoan lera batekin talde desberdinak elkarren arteko erlojupeko lasterketak egiten hasi ziren pista estu, estali eta izoztuetan.

Hasiera batean, egurrezko lera eskeletikoak erabiltzen zituzten. Denbora aurrera joan ala ordea, egurra altzairuarekin ordezkatu eta bobsleigh modura deitzen hasi ziren, tripulazioak hasierako zatian abiadura handitzeko aurrera eta atzera kulunkatzen ziren forma dela eta.

Bobsleigharen lehen kluba, 1897an sortu zen, ST. Moritz, Suitzan, hain zuzen eta hortik gainontzeko Europako herrialdeetara zabaldu zen. Lehen txapelketa ofiziala 1914an burutu zen. 1923an bobsleigharen federazio internazionala sortu zen. Data horretatik neguko olinpiar jokoetan parte hartzera ez zuen bereziki asko itxaron beharrik izan, hau 1924an iritsi baitzen, Chamonixen, Frantzian, hain zuzen. Urte honetan modalitate bakarra zegoen indarrean, tripulazioa lau gizonek osatzen zutena. 1932tik aurrera, Estatu Batuetako Lake Placid jokoetan estreinatuz, binakako tripulazioen modalitatea gehitu zioten kirol honi.

1950eko hamarkadan, indar esplosiboa zuten hainbat kirolari, kirol honekiko erakarriak sentitu ziren eta parte hartzea handitu zuen faktore honek. 1952an ordea, tripulazioaren pisu maximoa ezartzen zuen arau berria ezarri zen, honek, “super pisuen” aroa bukatu zuelarik, kirola bera lehiaketa atletiko batera orekatzera eramanez.

2002an, Salt Lake Cityko joko olinpikoetan emakumezkoan lehen bobsleigh txapelketa olinpikoa burutu zen, hauen kasuan hasiera batean binakako modalitatean lehiatzen hasi zirelarik soilik.

Gaur egun, munduko talderik sendoenek, urte guztian zehar entrenatzen dute eta izotz pista artifizial batean teknologia altuaz egindako altzairu zein beira zuntzez osatutako lerekin lehiatzen dute.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sortu zen lehen hamarkadetan zenarekin alderatuz gaur egun zerikusia gutxi du bobsleighak, materiala, diseinua, pistak zeharo aldatu baitira. Aurrez esan bezala, hasieran, lerak egurrezkoak ziren nahiz eta bela altzairura pasa.

Hiru modalitate daude, honen bereizketa tripulazioan doazen partaideen kopurua da: 2, 4 edo 6 joan daitezkeelarik.  

Aurrerakuntza nagusiak, materialean izan ziren, bi alorrean bereziki: altzairu eta beira zuntzez egindako lera berriak, hauen fabrikazioan teknologiako azken berrikuntzak erabiltzen direlarik aerodinamika alorrean. Era berean, abiadura handia hartzeko gaitasuna duten izotzezko pista artifizialak ere berrikuntza handia eragin zuten.

Kirol honen gakoa, irteeran dago. Erabakigarria da tripulatzaileak irteerako lehen metroetan lera bultzatuz abiadura handia lortzea, horregatik parte hartzaileak indartsuak eta azkarrak izatea komeni izaten da. Parte hartzaileen artean diferentzia zentesimal gutxiren arteko desberdintasuna izaten da normalean. Lera hauek, galga bat izaten dute, hau soilik helmuga gainditzean sakatzen dutelarik. Ibilgailu hauek, askotan 150 km orduko abiadurak gainditzen dituzte, parte hartzaileak 4 edo 5 G-ko indarra jasatera iristen direlarik.

Frogak, bi saialditan lehiatzen dira, bi lasterketa hauetan atera den denbora gehitu eta denera denbora gutxien behar izan duenak irabazten duelarik. Berdinketa baten kasuan, domina partekatzen da, nahiz eta berdinketa ematea ez den oso ohikoa.  

Kirol honen zailtasun aipagarriena, bere kostu ekonomiko altua da batez ere instalazioena, hori dela eta egun herrialde oso gutxitan praktikatzen da, batez ere Europako iparraldean eta Ameriketako Estatu Batuetan. Euskal Herriaren kasuan ez dago kirol hau praktikatzeko instalaziorik.

Pistak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egungo pista modernoak, hormigoiez eginda daude. Gutxienez zuzengune bat eta bihurgune jarraituak dituen labirinto bat izatea eskatzen da. 1.200 eta 1.300 metroko luzera izatea da egokia, hori bai gutxienez 15 bihurgune izatea eskatzen da.

Euskal Herria eta bobsleigha[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egun, Euskal Herriko lurretan ez dago bobsleigha praktikatzeko inongo pistarik, hori dela eta klub eta federaziorik ere ez dago.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bobsleigh Aldatu lotura Wikidatan