Botanikoko Akordioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Botanikoko Akordioa
Irudia
Motaakordio
Data2015eko ekainaren 11
HerrialdeaEspainia
Sinatzailea
Ximo Puig
 Zein ordezkatzen du: Valentziar Herriko Alderdi Sozialista
Mònica Oltra
 Zein ordezkatzen du: Coalició Compromís
Antonio Montiel (en) Itzuli
 Zein ordezkatzen du: Podemos Valencia (en) Itzuli
Rubén Martínez Dalmau
 Zein ordezkatzen du: Unides: Podem - Esquerra Unida (en) Itzuli (2019)
Osatuta

Lan osoa eskuragarrigvaoberta.gva.es…

Botanikoaren Akordioa (valentzieraz: Acord del Botànic) 2015eko ekainaren 11n Valentziar Herriko Alderdi Sozialistak (PSPV-PSOE) eta Coalició Compromísek sinatu zuten Valentziar Herriaren gobernu-hitzarmena izan zen.[1] Akordioak izen hori zuen Valentziako Unibertsitatearen lorategi botanikoan gauzatu zelako. Hasiera batean Ahal Duguren (Podem) kanpoko babesa bazuen ere, hitzarmena berritu zenean 2019ko Valentziako Gorteetako hauteskundeen ondoren, alderdi honek ere parte hartu zuen bertan. Bigarren adostasun horrek II Botanikoaren izena (Botànic II) hartu zuen.[2][3]

I. Botanikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2015eko akordioak bost puntu nagusi zituen: «pertsonen babesa», «eraberritze demokratikoa eta ustelkeriaren aurkako borroka», «pertsonentzat gobernatzea», «ekoizpen-eredu berria eta bidezko finantzaketa» eta «herritarren auditoretza». Haren sinadurari esker, Ximo Puig Valentziako Generalitateko lehendakari izendatu zuten. Gainera, dokumentua gaztelaniaz zein valentzieraz argitaratu zen.[4] Itunak amaiera eman zien Alderdi Popularrak Valentziako Herrian etenik gabe bi hamarkadatan zuzendutako gobernuei.[5] Aurrerago, akordioa berritu egin zen, 2017ko urtarrilaren 12an, Valentziako Herriaren ekonomia hobetzearen bidean.[6] Horrez gain, Ahal Duguren ekimenez eguneratu zen berriro 2017ko abenduan.[5]

II. Botanikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2019ko Valentziako Gorteetako Hauteskundeen emaitzak medio, gobernuaren berrantolaketa eta sendotzea beharrezkoa zela argi geratu zen. Hautes-emaitzei erreparatuta, alderdi sozialista egonkortu bazen ere, ezkerrak behera egin zuen. Beraz, gehiengo absolutua bermatzeko, eta ez soilik aurreko legealdiko gehiengo sinplea, hiru alderdiek parte hartu behar zuten. Hau da, sozialistekin eta Compromísekoekin batera Elkarrekin Ahal Duguk sinatu zuen hitzarmena. Izan ere, hauteskunde hauetan lehenengoz Ahal Dugu Valentziar Herriko Ezker Batuarekin joan zen koalizioan. Guztira, hiru alderdi hauek 52 aulki zituzten (50n behar dira gehiengo absoluturako) legebiltzarrean. [7]

Alderdi horien ordezkari nagusiak, Ximo Puig, Mónica Oltra eta Rubén Martínez Dalmau, 2019ko ekainaren 12an bildu ziren Alacanteko Santa Barbarako gazteluan. Azkenik, Valentziako Herriko X. Legealdian martxan jarriko zen koalizio-gobernu hitzarmena sinatu zuten.[8] Akordioaren berrezarpenean sei ardatz nagusi finkatu ziren: «trantsizio ekologikoa eta larrialdi klimatikoaren aurkako borroka», «feminismoa, aniztasuna eta tratu-berdintasuna», «pertsonak babesten eta zaintzen jarraitzeko zerbitzu publikoak», «enplegua, ekoizpen-eredua eta berrikuntza», «kalitate demokratikoa eta gobernu ona» eta «fiskalitate progresiboa, bidezko finantzaketa eta ardura valentziarrak».[9] Gainera, berrespen horri esker Ximo Puig Valentziako Generalitateko lehendakari izendatu zuten berriro.[10]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]