Common Sense

Wikipedia, Entziklopedia askea
Common Sense
Commonsense.jpg
Jatorria
EgileaThomas Paine
Argitaratze-data1776
Jatorrizko izenburuaCommon Sense
Jatorrizko herrialdeaAmeriketako Estatu Batuak
Ezaugarriak
Genero artistikoasaiakera eta Panfletoa
Hizkuntzaingelesa
Egile-eskubideakjabetza publiko eta jabetza publiko

Sen ona edo Common Sense Thomas Painek idatzi zuen saiakera bat da. Prosan idatzitako lan honetan, Amerikarrei Ingalaterraren aurka borroka egitera bultzatzen die Pain-ek, arrazoi politiko eta moralak emanez. 1776eko urtarrilaren 10ean argitaratu zen, hasiera batean anonimoki. Izugarrizko arrakasta eduki zuen Ameriketako Estatu Batuetan. Hasiera batean, ozenki irakurtzen zen inguruko tabernetan, analfabetoen ehunekoa altua baitzen garai hartan. Izugarrizko oihartzuna izan zuen Estatu Batuetan eta egunera arte salmenta gehien izan dituen liburua da. Liburuan aipatzen ziren ideia independistek askatasun egarria ekarri zuten ameriketako kolonietara, izan ere ez ziren garai errazak izaten ari. Gainera, askatasuna lortzeko nahia handitu ez ezik ideia progresista ugari hedatzea lortu zuen, liberalismoaren sortzailetako bat bezala hartzen baita saiakera honen idazlea. Ideologia hau Ameriketako Estatu Batuetatik hazia dela zalantza izpirik ez dago, gaur egun ere ideia hauek masiboki isladatzen dituen gizarte batean bizi baitira estatubatuarrak.

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1775etik 1783ra izan zen Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerra, beraz liburu hau gerra garaietan argitaratua izan zen.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Britainia Handiarenganako dependentzia izugarria zutenez, askatasun egarriz Iraultza antolatu zuten. Bertan, hamairu kolonietako biztanleak ideia berriz osatuta mugimendu iraultzaile politiko zein sozialak egin zituzten. Hainbat arrazoi zituzten kolonoek altxamendua gauzatzeko. Eragin zuzena izango zuten erabakietatik at ziren beraiek, eta gainera, Ingalaterrak Frantziari Zazpi Urteko Gerra (1756-1763) irabazi ondoren, ez ziren behar bezala sarituak izan. Hori gutxi ez eta zergak areagotu zitzaizkien bertakoei.

Iraultzaren hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1773ko abenduaren 16an, Bostonen, sekulako matxinada izan zen. Izan ere, Tearen gaineko zerga handitu zuen Londresko gobernuak eta Bostoneko portuan borroka nagusitu zen. Armada osatu eta George Washington buru izendatu zuten. Hala ere, tresneria urria zutenez, kanpotik aliatuak lortu behar izan zituzten; Frantzia edo Espainia, besteak beste.

Independentzia Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasierako batailoitan britainiarrak jaun eta jabe izan baziren ere, Saratogako gudaren ostean gerraren norabidea asko aldatu zen. 1781ako urriaren 19an, Britainiarrak amore eman zuten Yorktowngo batailan eta bi urte beranduago, 1783an, Britainia Handiak independentzia onartu zuen Versallesko Itunean.

Egilea: Thomas Paine[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Thomas Paine 1737ko otsailaren 9an, Thetforden, Ingalaterran jaio zen. 1809ko ekainaren 8an hil zen New Yorken.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Thomas Paineren margolana. Egilea: Laurent Dabos

Behe-klasekoa zen, beraz autodidakta bezala konsideratua dago. Hainbat ideia berritzaile zituen: sexismoaren aurka zegoen, arrazakeria gaitzesten zuen edo-eta errepublikaren aldekoa zen. Bere bizitza guztiz aldatuko zuen Benjamin Franklinekin topo egiteak. Izan ere, negozio munduan barneratuko zen Thomas, Ameriketara joanaz. Bertan, merkataritza arazoez ohartu orduko konturatu zen Independentzia beharrezkoa zela. Bere liburu honek (Common Sense) eragin handia izan zuen amerikarrengan. Gerra amaitu ondoren, bere merkatari lanetan jarraitu zuen eta Frantziari Britainiarekin zuen gerra gelditzeko eskatu zion, hondamendi ekonomikoa saihesteko. Frantzian, Robespierre eta jakobinoekin izandako liskarren ondorioz, kartzelan amaitu zuen, non zenbait lan idatzi zituen. Napoleon generalak agintea lortu ostean, heriotza-zigorraz libratu zen eta Estatu Batuetara itzuli zen.

Beste lan ospetsu batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat idatzi egin arren, Common Sense edo Sen Onaz gain, Gizonaren eskubideak eta Nekazaritza Justizia bezalako lanak zeresan handia izan dute ordutik.

Gizonaren eskubideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rights of Man edo Gizonaren eskubideak[1] 1791. urtean idatzitako lana izan zen. Thomas Paineren obra hau Frantziako Iraultza defentsa handi bat da. Gehien bat, Edmund Burkeren Frantziar Iraultzako Hausnarketak lanari erantzuteko egin zuen Painek lan hau. Burke, gutxien zutenen aldeko gisa ezagutua bazen ere, Frantziako Iraultzaren aurkari sutsu bat izan zen, instituzio tradizionaletan sinisten baitzuen. Gainera, erradikalen aurka zegoen eta iraultza eman ondoren Frantziako gobernuan agintean izango zirenengan konfiantza apur bat ere ez zuen eta general batek buruzagi gisa amaituko zuela zioen. Profeta bikaina izan zen kasu honetan. Izan ere, Thomas Paine gatibu zegoelarik Napoleon generala ezagutu eta heriotza zigorra saihestu zuen. Azken finean, Paineren ibilbidea adibide onena da Burkek aurreikusten zuena gertatu zela isladatzeko.

Nekazaritza Justizia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agrarian Justice edo Nekazaritza Justizia[2] 1797. urtean Thomas Painek argitaratutako eskuorri politiko bat zen. Paineren helburua nekazal-munduan zein gizarte osoan oreka handiago bat izatea zen. Beraz, lurjabeei belaunaldizkako zerga-sistema bat ezartzea nahi zuen, erretiroa hartzeko bidean zeudenek zahartzaro duin bat izan zezaten, 21 urtetik gorako herritarrei lanetan soldata ziur bat izateko, elbarritasun anitzeko jendeari laguntzak emateko eta azken finean, nekazari langileek duintasunez lan egin zezaten gutxieneko soldata bat izateko. Aditu askorentzat, Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aurrekari bat da panfleto hau.

Kritika politiko-filosofikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liberalismo erradikalaren aitzindaritzat hartu izan ohi dute hainbat politologo zein historialarik.

J.Brian Philipsek, Tom Paineren Iraultza lanean honakoa dio:

"Noam Chomskyren aburuz, kapitalismo liberalak nola jarduten zuen ikustean, liberal prekapitalistek eredu hau gaitzetsi egin zutela eta beraien garapenarekin jarraituz gero, Tom Paine, Thomas Jefferson eta Adam Smith sozialismo libertariora iritsiko ziratekeela. Gizon hauek gauza guztien gainetik askatasuna maite zuten eta uste izan zuten, estatua murriztuz (gobernua garai hartan) justizia sozial oso batera iristea posible izango zela, gizonen ontasunean sinisten baitzuten. Geroago konturatu ziren hori ez zela inoiz beteko."
Esan bezala, liberalismoak itxuraz goraipatzen duen askatasun indibidualaren ameslaria zen Paine. Hala ere, liberalismoa eta kapitalismoa eskutik emanda joaten diren mugimenduak dira (merkatu-askea eta bestelako kontuak medio) eta beraz, aske izateko aukerak asko murrizten dira, historiak erakutsi digun bezala. Horrexegatik, kapitalismotik aldenduz eta sozialismora hurbildu ziren, gizatasunean sinistuaz.

Garrantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jadanik esan bezala, Thomas Paine askatasunaren alde borroka egin eta bera lortzeko hainbat ideia plazaratu zituen. Pentsalari politiko zein filosofiko askorentzat aitzindari[3] bat da, nahiz eta ideologia desberdinak izan, helburu asko defendatu baitzituen. Painek Abraham Lincolnek baino ia 100 urte lehenago esklabismoaren abolizioari buruz jardun zuen, emakumeen eskubideen alde borrokatu zuen, erretiro duin bat izateko planak sortu zituen eta gainera lehen ingelesetakoa izan zen Indiaren independentzia onartzen. Thetfordeko pentsalaria pentsatzeko askatasuna zuen nahi handietako gisa eta erabat internazionalista zen. Garaia kontuan hartuta sekulako berritzaile politiko zein filosofikotzat hartzen da gaur egun eta bere ideiak zein proposamenak gaur egungo gizartearen parte dira. Adibidez, arestian aipatutako Nekazaritza Justizia eskuorrian argitaratutako plana gaur egun indarrean den Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren islada da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Brookhiser, Richard. (2016). Los derechos del hombre de Thomas Paine | El Cultural. (Noiz kontsultatua: 2021-05-17).
  2. (Gaztelaniaz) Gallardo, Mauro. (2020). «Thomas Paine y su idea económica para reducir la pobreza. ¿Qué relación tiene con la Renta Básica Universal?» Diario16 (Noiz kontsultatua: 2021-05-17).
  3. (Gaztelaniaz) Pozzi, Pablo. (2017). «Thomas Paine, el revolucionario ignorado» La Izquierda Diario - Red internacional (Noiz kontsultatua: 2021-05-17).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]