Daltonen eredu atomikoa
Daltonen eredu atomikoa 1808an John Daltonek postulaturiko eredu atomikoa da, oinarri zientifikoak erabiliz formulaturiko lehenengoa. Mende bat geroago arte ez zen beste eredurik nagusituko.
Daltonen ereduaren postulatuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Materia "atomo" izeneko partikula txiki zatiezinez eta suntsiezinez osaturik dago.
- Elementu kimiko bateko atomo guztiak berdinak dira, beren masa eta berezko ezaugarriak dituzte. Elementu desberdinetako atomoek masa desberdina dute.
- Atomoek zatitu gabe irauten dute, baita erreakzio kimikoetan konbinatzen direnean ere.
- Konposatua sortzeko atomo desberdinak elkartzen direnean, beren artean erlazio sinpleak izaten dituzte.
- Elementu desberdinetako atomoak proportzio desberdinetan konbina daitezke, sustantzia desberdinak eratuz.
- Konposatu kimikoak sortzeko elementu desberdinetako bi atomo edo gehiago elkartu behar dira.
Ereduaren arrakasta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Daltonen ereduak ongi azaltzen zuen elementu desberdinak zergatik elkartzen diren proportzio jakin batzuetan soilik. Bestetik sustantzia kopurua izugarria izan arren denak elementuen konbinazioak izanik asko sinplifikatzen zuen bakoitzaren izaera.
XVIII. mende amaieran, erreakzio kimikoen inguruko bi lege sortu ziren, zeinak ez zioten inongo erreferentziarik egiten teoria atomikoari. Lehendabizikoa masa kontserbazioaren legea zen, Antoine Lavoisier-ek formulatua 1789an. Lege honek zioen erreakzio kimiko batean masa osoa konstante mantentzen zela (hau da, erreaktiboak produktuak bezain besteko masa du). Bigarren legea proportzio konstanteen legea zen. Lehendabizi Joseph Louis Proustek frogatua 1799an. Lege honen arabera, konposatu bat hausten baldin bada bere osagaiak diren elementuetan, osagaien masak beti proportzio berdinak izango ditu, berdin diolarik jatorrizko substantziaren kantitatea.
John Daltonek lan honen gainean ikerketak bideratu zituen eta proportzio anizkoitzen legea garatu zuen: elementu bat baino gehiago konposatu mota bat baino gehiago eratzeko elkarrekin konbinatzen direnean, elementu baten masa kantitate berberaz konbinatzen den beste elementuaren masak, zenbaki oso eta sinpleen araberako erlazioan daude. Adibidez: Proustek eztainu oxidoa ikertu zuen eta ikusi zuen hauen masaren %88,1 eztainua eta %11,9 oxigenoa zela, ala %78,7 eztainua eta %21,3 oxigenoa zela (bi oxido desberdin). Daltonek ehuneko hauetan ikusi zuen 100 g eztainu nahastu daitezkeela 13,5 g edo 27 g oxigenorekin; 13,5 eta 27 g 1:2 ratio batean. Daltonek ikusi zuen materiaren teoria atomiko batek ondo azaldu zitzakeela kimikan ematen den patroi komun hau. Prousten eztainu oxidoetan, eztainu atomo bat oxigeno atomo bat edo birekin nahastu daiteke.
Daltonek uste zuen teoria atomikoak azaldu zezakeela zergatik urak gas desberdin batzuk xurgatzen zituen proportzio desberdinetan (adibidez, aurkitu zuen urak karbono dioxidoa askoz hobeto xurgatzen zuela nitrogenoa baino). Daltonek proposatutako hipotesiak zioen hau masa eta gasen partikulen osaerari esker gertatzen zela. Hala, karbono dioxidoaren (CO2) partikulak nitrogeno molekulak (N2) baino astunagoak eta handiagoak dira.
Zenbait atomo eta molekula John Dalton-en New System of Chemical Philosophy (1808) obran errepresentatuak.
Daltonek esan zuen elementu kimiko bakoitza atomo bakar eta berdingabeez osatuta dagoela, eta hauek ezin daitezkeela ez suntsitu ezta aldatu ere medio kimikoen bitartez, baina bai konbinatu daitezkeela egitura konplexuagoak sortzeko (konposatu kimikoak). Hau atomoaren inguruko lehendabiziko teoria zientifikoa izan zen, Daltonek bere teoriak esperimentazio eta emaitzen azterketa bidez ondorioztatu baitzituen.
1803an, Daltonek ahoz aurkeztu zuen bere lehen zerrenda, non substantzia desberdinen pisu atomiko erlatiboa azaltzen zuen. Idazki hau 1805ean publikatu zen, baina bertan ez du azaltzen zehazki nola iritsi zen figura hauek aurkitzera. Metodoa lehenbiziko aldiz 1807an publikatu zen Thomas Thomson-ekin zuen adiskidetasunari esker, Thomsonen A System of Chemistry lanaren hirugarren edizioan. Azkenik, Daltonek bere testu batean lan osoa azaldu zuen, A New System of Chemical Philosophy obran, 1808 eta 1810ean.
Dena den, Daltonek ez zuen pentsatu atomo elementu batzuk molekulatan existitzen direla (adibidez, oxigeno purua existitzen da O2 gisa). Baita ere uste zuen, oker, bi elementuren arteko konposaketa sinpleena beti elementu bakoitzeko atomo batek osatuta dagoela (uste zuen ura HO zela, ez H2O). Honek, bere tresnen zakartasuna gehituz, ondorioak okertu zituen. Adibidez, 1803an uste zuen oxigeno atomoak hidrogeno atomoak baino 5,5 aldiz pisutsuagoak zirela, uretan 5,5 oxigeno neurtu zituen hidrogeno gramo bakoitzeko, eta uraren formula HO zela. 1806an ondorioztatu zuen oxigenoaren pisuak zazpi aldiz handiagoa izan behar zuela, eta datu hau defendatu zuen heriotzara arte. Garaiko beste kimikari batzuk ondorioztatu zuten proportzioa 1:8koa zela Daltonen HO formula onartzen baldin bada; proportzioa 1:16koa izango da H2O formula onartuz gero.