Danba
Danba | |
---|---|
Datuak | |
Jatorria | Laudio (Araba) |
Musika mota | Punk, ska punk, funk metal |
Urteak | 1984 - 1994 |
Produkzioa | |
Diskoetxea(k) | Tsunami, Basati Diskak, Esan Ozenki |
Taldekideak | |
Gille Iturriondobeitia Javier Cepeda Josu Garaita Pablo Torres | |
Danba 1984an Laudion sortu zen musika taldea da. Bilakaera handia izan zuen Danba taldeak ibilbide osoan. Hasierako punk zikin eta basatia jorratzetik ska doinuetara eta azken aroko funk, metal eta rock nahasketara egin zuen aldaketa, baita gaztelaniaz abestetik euskaraz egitera ere.
Taldea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Laudio, 1984ko negua. Punk musika egiteko asmoz lau lagunek bat egin zuten gau hotz batean: Abel (ahotsa), Javier Abal (bateria), Gille Iturriondobeitia (baxua) eta Javier Cepedak (gitarra) osatu zuten lehen laukotea. Batura hartatik jaio zen Danba. Taldearen lehen grabazioa bide laburreko maketa bat izan zen, lau kantuz osatua eta izenik eraman ez zuen kasete formatuan emana. "Hura izan zen egin dugun gauzarik atsegin eta errebeldeena". Ordurako, Cesar Fonbellida (saxofoia) taldean sartu zen, maketan parte hartuz. "Egin" egunkariko irakurleek urteko maketa onena zela erabaki zuten, eta Danba, etorkizuneko taldea. Horri esker, bilduma batean parte hartzeko aukera izan zuen urte batzuk geroago, Discos Suicidas diskoetxe bizkaitarrak bultzaturiko ¡Condenados a luchar!-Borrockari loturik! (1986) askoren artean eginiko diskoan hain zuzen ere. "Sucio progreso", "Somos presos" eta "Sin un puto duro" kantuek osatu zuten Danbak bildumari egindako ekarpena. Kantuen izenburuek argi uzten zuten hitzen nondik norakoa. Bilduma horretako beste talde askok bezala, oroitzapen txarrak dituzte diskoaren sorreraren inguruan.[1] Diskoak, ordea, sekulako salmenta izan zuen, eta argitaratzen jarraitu da urte askoan. Bitxikeri modura, garai hartan Javier Abal bateria jotzailea La Polla Records taldearekin aritzen zen zuzeneko emanaldietan saxofoia jotzen.
Disko horretarako kantuak grabatu orduko, aldaketa nabariak gertatu ziren taldean. Gille Iturriondobeitia eta Javier Cepeda soilik geratu ziren, Cesar Fonbellida tartean ere zebilerarik. Josu Garaita (ahotsa) eta Pablo Torres (bateria) taldekide berriekin beste aro bat ireki zuen taldeak. Ordutik aurrera, kantu guztiak euskara hutsezkoak izan ziren, eta musika aldetik ere aldaketak izan ziren. Batez ere rocka jotzen jarraitu zuen, baina ska, reggae eta bestelako erritmo leunagoek ere toki nabarmena izan zuten lehen disko luzean, Plataforman (Tsunami, 1989). ¡Condenados a luchar!-Borrockari loturik! argitaratu eta hiru urtera kaleratu zen, eta diskoetxe baten babesik ez baitzuten izan, autoekoizpenaren bidetik jo zuten; garai hartan hori nahiko gauza arraroa zen. 2000 diskako tirakada egin zen, binilo formatuan. Hamaika kantu jaso zituzten, Donostiako Tsunami estudioan grabatuak, horien artean "Noizko?", "88ko maiatza" eta diskoari izena eman zion "Plataforman" bera. Cesar Fonbellida (saxofoia) diskaren azalen diseinua sinatu eta gero, taldetik irten egin zen.
Taldearen sorkuntza lana izugarria izan zen garai horretan, eta, urtebete eskasera, Esamesaka bigarren diskoa (Basati Diskak, 1991) kaleratu zuen, hamaika kantuz osatua; tartean, Ruper Ordorikaren "Erruduna" kantuaren moldaketa. Hori da taldearen diskorik ezagunena eta kantu esanguratsuenak batzen dituena: "Biktimak", "Zeru gorria", "Hau dena", "Eztanda"... CD formatuan kaleratu zen, eta Plataforman formatu digitalean zeraman batera.
Kontzertu ugari eman zituzten garai hartan, baina, era berean, entsegu lokaleko lanak ez zuen etenik izan. Esan Ozenki zigiluan kaleratu zen taldearen hirugarrena: Frango funts (1992). Lan horretan ere nabarmena izan zen taldearen musika garapena: Red Hot Chili Peppers, Fishbone edo Rage Against the Machine taldeen gerizpean ibili zen taldea, funk eta metal musika nahasketak eraginik. Diskoak ez zuen espero bezain harrera ona izan, eta garai hartarako aurreratuegia zela aipatu zuten zenbait komunikabidek. CD formatuan merkataratu zen.
1994an eman zuen Laudioko taldeak jendaurreko azken kontzertua, hamar urtez plazarik-plaza ibili eta gero. 2005ean, baina, Laudioko Gazte Egunaren ekitaldien barnean, sei kantu jo zituzten hainbat taldekide batu zituen talde batekin. Hala ere, taldearen jarduna betirako amaitua dagoela adierazi izan dute behin eta berriz.
Danbaren zenbait kantu, beste talde batzuek hartu eta moldatu dituzte. Betagarri taldeak "Biktimak" grabatu zuen 80/00 diskoan, eta Gasteizko The Dogs of the Black Foot taldeak "Eztanda" grabatu zuen 2006an.
Diskografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Plataforman (1989, Tsunami)
- Esamesaka (1991, Basati Diskak)
- Frango Funts (1992, Esan Ozenki)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ "Une beltza izan zen taldearen historian"
- Danba Muskikazblai euskal musika atarian.
- Edukiaren zati bat «Danba» artikulutik hartua da. Artikulu hark Koldo Otamendi du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.
Argia, 1263. zenbakia, 1989. Danba: "Euskaraz kantatzekotan, errezago Moskun jotzea Madriden baino"