Definizio
Definizioa adigai bati dagozkion tasunak formula zehatz baten bidez mugatzen duen esaldia edo azalpen testu laburra da.
Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Definizio on batek, batez ere, lehenengo esaldian mugatu behar du azaldu nahi duen adigaia. Entziklopedietan lehen esaldi horri testu bat eransten zaio azaldu nahi den adigaia hobeto azaltzeko.
- Definizioak laburra izan behar du.
- Definizioak zehatza izan behar du, definitzen dena antzeko adigaiekin ez nahasteko informazioa eskaini behar da.
- Definizioan hiperonimoa agertuko da askotan. Adibidez "mahai" hitzaren definizioan "altzari" hiperonimoa agertu behar du. "Gauza" edo "objektu" hitzak ez dira definiziorako nahiko zehatzak.
- Definizioak definitzen dena bere osotasunean deskribatu behar du. "Mahai" hitzaren definizio egoki batek edozein mahaitarako balio beharko du.
- Definizioak definitu nahi duenerako bakarrik balio beharko du, ezin izango du antzeko adigairen bat ere deskribatu.
- Aditz bat definitzeko beste aditzen bat erabili beharko da. Objektu bat deskribatzeko hiperonimoa.
- Hitz askok adiera bat baino gehiago dituzte. Definizioan adiera horien berri eman beharko da.
- Definizioa idazteko sinonimoak erabil daitezke.
Definizio bat idazteko, zer ez da egin behar[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Definizio tautologikoak saihestu behar dira.
- Definitzen den hitza edo bere eratorriak ez dira definizioan erabili behar. (Esate baterako "definizio" hitzaren definizioa idazterakoan ez dugu "definitu" aditza erabiliko).
- Definizioan ez da estilo alokutiboa erabili behar. Irakurlearengana bigarren pertsonan zuzentzea ez da definizioen estilo txukuna, (esate baterako, ez da txukuna gosea definitzerakoan: "jateko gogoa 'duzunean... bezalako moldea erabiltzea).
- "-enean" moldea saihestu egin behar da definizioetan. (Esate baterako, ez litzateke txukuna izango, elurra: ...hotz handia egiten duenean...)
- Definizioan ez dira zertan adibideak sartu. Entziklopedietako azalpen testuetan bai, baina definizio labur batean ezin da adibidea definizioan txertatu. (Ad. ibaia: ... Nilo edo Amazonas bezalakoak...).
- Sinonimoek badute beren lekua definizioetan baina sinonimo huts batek ez du definizio estatusa.
Definizioak idazteko zenbait molde[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Erlatibozko esaldiak oso erabilgarriak dira definizioak idazteko.
- -(e)n + izena (definizio-oina); musa: ...inspirazio iturri diren izakiak...
- -en + Izena (definizio-oina) + adjektibo; ...lau soka dituen musika-tresna zaharra...
- -tako/-tariko + izena (definizio-oina); ...bi hidrogeno atomo eta oxigeno atomo batez osaturiko molekula...
- Esanahi bereko aditza erabiliz; irauli: ...hankaz gora jarri...
- -az esaten da.
- -ri esaten zaio / -ri deitzen zaio.
Definizio bat ebaluatzeko galdera sorta[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Definizioa noraino den txukuna ebaluatzerakoan BAI erantzuna behar duten galderek definizioa nondik hobetu erakutsiko digute:
- Definizio horrek nahi dugunaz gain beste zerbait ere definitzeko balio du?
- Definizio horrek definizio-gaiaren aldaera guztietarako balio du?
- Alferrikako datuak agertzen dira definizioan?
- Beharrezko datu guztiak agertzen dira? Nahikoa zehatz da definizioa?
- Luzeegia da? Laburregia?
- Ulergaitza?