Edukira joan

Deskripzio (narratiba)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Deskripzio edo deskribapena pertsonak, animaliak, lekuak, objektuak eta sentimenduak nolakoak diren zehaztasunez eta ordena bati jarraituz azaltzen duen testu mota bat da. Testu narratiboetan deskripzioak erabiltzen dira akzioa girotzeko eta narratzen ari diren ekintzak sinesgarriagoak izateko. Askotan, deskripzioek akzioak gelditzen dituzte eta hurrengo lekua prestatzen laguntzen dute.

  • Deskripzio denotatiboa edo objektiboa: igorlea, deskribatuta dauden ezaugarriak errealitatera egokituz saiatzen da eta iritzi pertsonalik egin barik informazioa ematen du. Deskripzio mota hau, testu zientifikoetan eta teknikoetan ematen da gehien bat. Hauen helburua informatzea da: errealitatea den bezalakoa aurkeztea, errealitatea bere horretan adieraztea.
  • Deskripzio konnotatiboa edo subjektiboa: igorleak, deskribatu duenari buruz bere ikuspuntu pertsonala ematen du, gehien interesatzen zaizkion ezaugarriak aukeratuz eta berari ezaugarri horiek zer adierazten dioten gehituz. Hizkuntza poetikoan deskripzio subjektiboak garrantzia handia izaten du, figura erretorikoak behin eta berriro erabili ohi dira deskripzioak apaintzeko.

Hizkeraren araberako sailkapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Zientifikoa: igorleak hautematen duena, hizkera zehatz eta objektibo batez informatzen du.
  • Literarioa: igorleak ikusten duenaz informatzen du baina hizkera literarioarekin, apaingarriekin, edertasuna eta plazer estetikoa bilatuz.
  • Lagunartekoa: igorleak hizkera arrunta erabiltzen du, lagunartekoa, egunerokoa.

Objektuaren araberako sailkapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Topografia: leku baten deskripzioa da. Deskribatzailea, deskripzioa egiterakoan, mugimendurik gabe bezala egoten da. Paisaien deskripzioak-eta horrelakoxeak izan ohi dira.
  • Zoografia: edozein motatako animaliaren deskripzioa.
  • Kronografia: akzio baten, denbora baten edo garai baten deskripzioa.
  • Hipotiposia: zentzumen-ezaugarriei esker, natura abstraktuaren ezaugarrien deskripzio plastikoa.

Pertsonen deskripzioa, (pertsonen ezaugarritzea)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Prosopografia: pertsona baten ezaugarri fisikoak deskribatzean datza.
Adibidea: "Joanes artzaia"[1]- Txomin Agirre. Garoa (eleberria).
«
¡Ura zan gizona, ura!
Zazpi oiñ ta erdi bai luze, makal zugatzaren irudira zuzen, pagorik lodiena baizen zabal, arte gogorra bezela trinko, gorosti ezearen antzera zimel.
Orrela zan Joanes nik ezagutu nuanean. Sendoak zeuden oraindik artzai zarraren beso zaiñtsuak, tšit azkarrak bere oñak, zindoak bere bular-auspoak. [...]
»

Txomin Agirre. Garoa (eleberria), (1907 eta 1912).



  • Etopeia: pertsona baten ezaugarri moralak eta psikologikoak deskribatzean datza.
Adibidea: "Joanes artzaia" - Txomin Agirre. Garoa (eleberria).
« Etzan Joanes jakituri andikoa, baña bai asko ikusia, ta asko ikusi duan gizonak beti daki zerbait, eta sarri jakintsu usteko askok baño geiago.

Bazekian non ta noiz jaiotzen ziran gibelurdiñik gozoenak eta zeiñ tokitan zeuden kamamilla, belatšeta, karraskilla ta beste orrelako belar mota gizonarentzat osasungarriak.

Bazekian non idoroko zituan artaldearentzat bear ziran janaririk on ta egokienak.

Bazekian nola sendatu bear ziran beor, bei ta ardien zauri ta gaišotasun ezagutuenak.

Bazekizkian baso guztietako laster bideak eta bost ordu bide inguruko arkaitz zulo ta aterpe denak. [...]

Kristoren legea zan Joanesen argia ta argi orretan ikusten zituan kupidaz, gizonen argaltasun ta ibilbide okerrak.

»

Txomin Agirre. Garoa (eleberria), (1907 eta 1912).


  • Erretratua: Prosopografia eta Etopeia batzen direnean.
Adibidea: "Mañasi eta Josepa" - Txomin Agirre. Kresala (Txomin Agirre).
« Barriro diñot benetan eder da maitegarria zala Mañasi.

Ule baltz ugari ta ondo orraztua eukan, bekoki zabal leuna, azal zuri garbia; begiak bigun, garbi ta argitsuak, ao txiki guztiz polito itxia, ta gorputz lerden biurkor ez argal da ez mamintsua. Orrezaz gañera gure neskatille au erriko ikastetxean zerbait ikasia zan, arima argidun da biotz samur sentikorraren jaubea, oso mendu oneko emakumea, mazala berez, apal, zintzo, esaneko, ixil, baketsu ta ona; itz batean esateko, jauregiren baten jaioa zirudian da ez arrantzale txiroaren alabea.

Josepa txiki ta loditxoagoa zan, baltzerana, pitin bat bizitxoa, zerbait berekorra, erriertarako ausardi geiagokoa; noizean bein, arrain saltzalleakaz, deadar ozpindu batzuk egiten ekizana; Mañasi legez, mutillen aurrean lotsatia, baña emakumien artean prakadunagoa.

»

Txomin Agirre. Kresala (Txomin Agirre), (1912).

.

Adibidea: Miren Agur Meabe, Kristalezko begi bat.
« Ez daukat arrazoitze-gaitasun handirik, baina naizena baino adimentsuagoa ematen dut neure hitz-etorri dotoreari esker. Askotan, esaldiak bukatzera jotzen dut zehatz jakiteke zer esango dudan edo esaten ari naizena hausnartu gabe. Dotazio intelektual ertainekoa naizenez, ez daukat ez polemikarako, ez dialektikarako joerarik. Hala ere, oso argia izan ez arren, praktikoa eta malgua naiz arlo domestikoan, eta arlo profesionalean ere ordenatua eta eraginkorra izan naiz, guztiz sistematikoa izan gabe. Lehengo aldean geldoa, gero eta txarrago eramaten ditut jendetza eta zaratak.

Neure buruarekiko konfiantza-faltak denbora galarazten dit, aiko-maiko ibiltzen bainaiz zalantzak askatzeko edo erabakiak hartzeko orduan, konponbideak berez etorrizalea. Ez naiz iritzi irmokoa: eragingarria naiz, hoberen mintzatzen denaren aldean paratzekoa batzuetan. Beti ez zaizkit aski gertatzen neure baliabideak eta eskarmentua ataka txarretatik airoski irteteko, ez baitut jakiten nondik heldu arazo batzuei logikaren ikuspuntutik. Halakoetan, aholkua eskatzen diet urlia edo sandiari, zentzuduntzat ditudan lagunei, gaiaren arabera. Horregaitino, arrastoak hautematen ditut izadian, adibidez, edo seinaleak ametsetan, niretzat inportanteak diren kontuekin erlazionatuak (lilurakeriak esanahiz hornitzen ditut, lau horma arteko Kasandra baten erara).

»

Miren Agur Meabe. Kristalezko begi bat. Susa. 2013.


  • Karikatura: pertsona baten ezaugarri moralak edo psikologikoak handitu edo ironiaz apaintzen denean.
Adibidea: Pello Errotak Txirritari buruz, (Txirrita mutilzaharra zela ironiaz azpimarratuz)[2][3]:
«
Ari naizela, ari naizela,
hor ikusten det Txirrita.
Eta zein ez da harrituko
gaur gizon hori ikusita?
Dudarik gabe egina dio
andregaiari bisita.
Oso dotore etorri zaigu
bi alkandora jantzita.
»

Pello Errota.


  • Paraleloa: bi pertsonaia egiazkoak edo asmatuak elkar konparatzen direnean.
Adibidea: Lasarte-Oria.eus[4].
« Lorca eta Lauaxeta, Lauaxeta eta Lorca, bi idazle, poeta ikonikoak,  zein bere kulturan. Bi pertsona horiek modu berean harrapatu zituen heriotzak, urtebeteko aldearekin fusilatu zituzten biak Francoren diktaduraren hasieran. Biak hil ziren gazte, askatasunaren aldeko borrokan.

Bat poeta errepublikanoa izan zen, Andaluzian jaioa; bestea berriz, euskal lurrean jaiotako poeta abertzalea. Urruneko bi mutur diruditen arren, oso jende gutxik daki euren bizitzek bat egin zutela uneren batean.

»

Lasarte-Oria.eus


  • Laudagarria: pertsona baten ikuspegi idealizatua azaldu egiten denean, goraipatu egiten direnean pertsonaren ezaugarriak. Gorazarreetan egin ohi dena.
Adibidea: Ibon Sarasola, Txillardegiri eta Mitxelenari buruz.
« Egundoko lana egin zuen; euskaldungoaren historian egin den gauzarik inportanteena ziur aski Txillardegiri zor diogu. Hori baino gehiago ezin da esan. Euskararen historian gauza bat baldin badago fundamentala, beste gauza guztiak baino axola gehiago duena, estandarra sortu izana da: euskara batua. Aitzindaria eta egilea Txillardegi izan zen. Koldo Mitxelenak egin zuen Txillardegiren proposamena onartu, iruzkin batzuk egin, eta biribildu. Baina oinarria Txillardegirena da, eta ez dago hori baino gauza inportanteagorik. »

—Ibon Sarasola


  • Gaitzespen deskripzioa, gutxiesteko deskripzioa: pertsona bat gutxiesteko asmoz egiten den deskripzioa.
Adibidea: Txirrita, "Frantses euskaldun bat etorri zait":
« Txurreru ori zer gizona dan

sinistu entzun deguna:

lana egiteko gogua falta

eta mingaña leguna;

bedeinkatua izan dedilla

aldegiñ zuten eguna,

gizarajuak arrapatu du

bere moduko laguna.

»

Jose Manuel Lujanbio, “Txirrita” (1860-1936) "Frantses euskaldun bat etorri zait"


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Joanes artzaiaren deskripzioa (audio - Pako Eizagirre)
  2. Euskal Karaokeak. (2017-03-19). Ari naizela, ari naizela (Pello Errota-Txirrita). (Noiz kontsultatua: 2019-05-17).
  3. «Pello Errota - Bertso batzuk» www.pelloerrota.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-24).
  4. «"Ele! Lorca-Lauaxeta" - Jarduera eta Ekitaldien Agenda Osoa - Lasarte-oria» www.lasarte-oria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-17).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]