Desgaitze (pertsona fisikoa)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Zuzenbidean, desgaitzea edo gaitasun gabetzea pertsonaren kondizio juridikoa da, bere gaitasuna eta egoera juridikoa ukitzen duena, beti eta nahitaez, hura deklaratu, zehaztu eta babes-sistema finkatuko duen prozedura judizialaren ostean finkatuta. Pertsona fisikoari dagokionean jarduteko gaitasun osoa edukitzen du adin nagusiko pertsonak. Baina gerta daiteke, gauzak bereizteko gaitasun osorik ez izatea norbaitek edo gaitasun hori galtzea, gehiago nahiz gutxiago. Beraz, bere kabuz aritzea galarazten dion egoera bat dago.

Gaitasun gabetze figura juridikoak, pertsonaren gaitasuna, berau eskuratu ostean, mugatzen du. Horrez gain, inguruabar bakoitzean egokienak diren zaintza-erakundeak funtzionamenduan jartzen dira (Espainiako Kode Zibileko 215. artikuluan).

Inor ezin daiteke ezgai deklaratu epai judizial bidez ez bada eta legean xedatutako kausen arabera ez bada. Epai honek gaitasun gabetze horren eremua eta mugak ezarriko ditu, eta baita desgaituaren gain ezarriko den eraentza, tutoretza edo zaintza, alegia. Gaitasun gabetzea ez da beti berdina, kasu bakoitzean, aipatutako printzipioak kontuan hartuz graduatu egiten baita.

Kausak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oro har, gaitasun gabetzeko kausak, pertsonak ukitu eta heldutasunez jarduteko moduan eragina duten gaixotasun eta urritasun zehatzei lotu dira. Kode Zibileko 200. artikuluaren arabera, pertsonari bere burua gobernatzea galarazten dioten gaixotasun edo akats fisiko zein psikiko iraunkorrak dira gaitasuna gabetzeko kausak.

Beraz, kausa bakarra zentzu (gaitasun natural) eza edo urritasun iraunkorra dira. Gerta daitekeena da, pertsona, gaixotasun edo akats fisikogatik, bere inguru sozialarekiko guztiz isolatua egotea, eta hau ere desgaitze kausa izango litzateke. Auto-gobernatzeko ahalmenak, gauzak bereizteko gaitasuna eskatzeaz gain, adierazteko aukera ere eskatzen du. Ezbaian dago, ordea, alkoholismo edo toxikomania kasuetan egin beharrekoa.

Askotan zaila gerta daiteke akatsok gaitasun gabetzea legitima dezaketen erabakitzea. Hau mediku-txosten batek zehaztuko du. Baita akats zein gaixotasunaren iragankortasun zein iraunkortasuna ere.

Arlo penalari dagokionez, pertsona ezgaitzat kontsideratu daiteke hau baieztatzen duen epairik egon ez arren.

Desgaituak izan daitezkeenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adin nagusikoak, adingabekoak eta emantzipatuak gaitasun gabetu daitezke (KZeko 200.artikulua):

  • Adin nagusikoa desgaitzerakoan murrizketa hau ofizialki frogatu eta egiaztatu beharko da.
  • Adingabekoak gaitasun osoa ez duenez ez da beharrezkoa desgaitzea, horrela adin nagusitasunera iristean gaitasun natural osoa ez badu ez zaio emango jarduteko gaitasun osorik. Hala ere, adingabekoa denean ezgaituak izan daitezke, adin nagusira iristean kausa horrek jarraituko duela aurreikusten bada.
  • Emantzipatutako adingabekoa (guraso boterepean edo tutoretzapean ez dagoena) adin nagusikotzat hartzen da.

Ezgaitasun naturala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Desgaitzeko prozedurarik hasi ez denean eta epairik ere ez dagoenean, bi eremu bereizten dira:

1.Ezgai naturalak egindako egintzen balioa borondatezkoak direnean, batzuetan erabateko adostasuna faltako da eta horregatik deusezak dira egintza horiek eta bestetan gehiengoak usteko du adostasuna dagoela baina hau akastuna denez egintza deuseztagarria izango da.

2.Ezgai naturalak egindako egintzen kontra egitea, hauetan kontrakoa deklaratu arte gaitasun osoa du eta orduan ea ulertzeko eta benetan nahi izateko gaitasun naturala bazegoen edo ez frogatu beharko da.

Ezgaiak eta ezgaituak burutu ditzakeen egintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezkontzerakoan gaitasuna zehaztuko duen medikuaren txostena egotea beharrezkoa izango da. Banatzerakoan ordea, ezkonduak gaitasun naturalik ez badu, ezingo ditu akzio horiek baliatu. Honela, ezkontzaz kanpoko umea errekonozitzerakoan onarpen judizial bat beharko dute, fiskaltzari entzunda. Azkenik, Kodeak testamentua egiteko aukera ematen die zenbait betekizun betetzen badituzte.

Desgaitze prozedura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prozedura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prozedura zibileko lege berria indarrean jarri arte Kode Zibilak arautzen zuen ezgaitzeko prozedura. Prozesu hau jarraitu ohi da:

  • Epaileak bakarrik ezgai dezake pertsona fisikoa.
  • Eskakizuna Ezgaitze eskakizuna egiteko legitimatuta daude ezkontidea edo izateko bikotea, ondorengoak, aurrekoak eta anai-arrebak. Horiek eskakizuna egin ezean, fiskaltza egongo da legitimatua.
  • Fiskaltza bai desgaitzea bultzatzeaz bai ustezko ezgaiaren interesak defendatzeaz arduratuko da.
  • Kautelazko erabakiak Ustezko ezgaia eta bere ondarea babestea dute helburutzat prozesuan zehar epaileak edo fiskaltzak hartzen dituen kautelazko erabakiak.
  • Izapidea Prozedura izapideak ahozko judizioarenak dira, baina legeak aurreikusten dituzten hainbat ñabardura kontuan izanda.
  • Frogak Epailearen egiteko zera izango da: ustezko ezgaiaren familiakoen iritzia entzun, gutxienez mediku baten txostena eskatu eta ustezko ezgaiarekin pertsonalki egon.
  • Ordezkaria Desgaitzeko mandatuan tutore edo kuratore bat ezgaituari ipintzea eskatzen bada epaileak ustezko ezgaiaren familiakoen iritzia entzun beharko du, ustezko ezgaiaren iritzia bildu zentzua badu eta egokiak iruditzen zaizkion pertsonen iritzia jaso.

Norbait barneratzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erietxe edo eroetxe batean pertsona bat sartzeko honek bere kabuz erabaki behar du. Ezin du inork behartu hori egitea, ezta epaileak ere. Arazo psikiko larriengatik soilik eraman daiteke pertsona bat eroetxera honen baimena gabe.

Presazko egoeretan zentroko arduradunak jakinaraziko dio barneratzea epaileari eta honek 24 orduko epea izango du azkeneko erabakia hartzeko. Bestalde, aldian behin erietxearen arduradunek epaileari barneratuta dagoen pertsonaren egoeraz informatu behar diote.

Epaiaren efektuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agintzen den bezala( Prozedura Zibileko Legearen 760.1 artikuluan ) ezgaitzearen muga edo irismena eta bere zaintza edo babes-erakundea desgaitze epaiak adierazi behar du. Epaileak erabakitzen duen desgaitzea bi modutakoa izan daiteke : Erabatekoa edo ertaina ( muga batzuk soilik markatzen dituena ). Dokumentu publikoan jasotzen da, eta ondoren Erregistro Zibilean inskribatzen da. Desgaitua bera zaintzerako orduan berriz, aukera hauek daude : tutoretza, kuratela, guraso-botere luzatua edo defensa judiziala. Erabaki hori epaileak hartu beharko du. Esan bezala ezgaituak zailtasun edo muga batzuk dituzte, eta horren adibide garbiak kasu hauek dira, eta biak Kodigo Zibilean daude bilduta:

  • Ezkondu nahi badu, ezgaituak medikuaren informea beharko du.( KZ 56.2 )
  • Nazionalitatea eta auzotasuna lortu nahi badu berriz, legezko ordezkoaren laguntza beharko du. (KZ 20.2 eta 2102)

Bestalde, ezgaituek ezin dituzte negozio juridikoak egin ez badute ordezkoen edo kuradoreen laguntzarik, eta hala egiten badituzte, deuseztagarriak izango lirateke. ( KZ 1301 )

Aldatzea eta iraungitzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kasuz kasu eta egoera desberdina izanik ere, epaiaren neurri eta edukiak berritu egin behar dira, edo errepasatu, aldaketetara behar bezala egokitzeko ( JZL 761.art ), eta hori desgaitzean erabiltzen den prozedura berdinarekin garatzen da.

Minusbaliotasuna dutenen ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urritasuna duten pertsonen ondarea babasteko ondorengo legea dugu : 41/2003 legea, eta honen ideia nagusiak hauek dira :

  • Lege honen helburua, ezgaituen edo urritasuna duten pertsonen ondasunekiko eskubideei aportazio positiboak egitea.
  • Urritasuna duten pertsonen ondasunak, pertsona horren interesei bakarrik lotuko zaizkie berari, titularrari. ( Nahiz eta salbuespen espezifiko batzuk egon ).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]