Donostiako Udaleko Txistulari Taldea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Donostiako txistulariak San Juan kalean, 1950 urtearen inguruan.

Donostiako Udaleko Txistulari Taldea hamar musikarik osatzen dute, horien artean sei txistularik, bi perkusio jotzailek eta beste bi tronpetazalek dira. Protokoloko ongi etorri zeremoniak, lan publikoen zabalpen ekitaldiak, harreretan eta antzeko ospakizunetan parte hartzen dute, bai eta eskakizun tradizionaletan ere (jaieroko goizeko argisoinuak, eguerdiko kale kontzertuak, ohiko dantza saioak —erromeriak, aurreskuak...— auzoetako jai bereziak...). Donostiako dantzari eta koru taldeekin elkarlanean ere aritzen da. Egun, Jose Ignazio Ansorena, Aitor Arozena, Jagoba Astiazaran, Juan Vega, Jon Irazoki, Jon Ansorena, Agustín Laskurain, Francisco Lera, Aitor Gastón eta Julio García musikariek osatzen dute taldea.

Tradiziozko taldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal danbolinaren alorrean betidanik izan dute ospe handia Donostiako txistulariek. Horrela aitortzen zuen Juan Ignazio Iztueta idazleak 1824. urtean argitara emandako lanean: "Donostiako barrioetan ikusi izan ditut zortzi danbolin, jai guzietan soinu jotzen lana zutenak".

Gaur eguneko donostiar txistulariak ez dira horretatik aldendu. XIX. eta XX. mendeetan izan dituzten zuzendariak (Eusebio Basurko, Julian Unanue, Isidro Ansorena edo Javier Hernández Arsuaga) Euskal Herri osoan estimatuak izan dira eta gidari gisan onartuak. Eta azkeneko hogeita hamar urteotan tresna hauek izan dituzten aurrerapen guztiak —txistugintza bera, teknika eta pedagogia, ezagutze ofiziala, diskogintza, alor berrietako lanak...— donostiar txistularien eskutik etorri dira, Isidro Ansorena zenaren biloba, Jose Ignazio, zuzendari dutelarik.

Grabaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txistulari Talde honek hainbat disko argitaratu ditu. Isidro Ansorena zuzendari zenean, txistu musika grabatuaren aitzindariak izan ziren Columbia diskoetxearekin egindako lanez. Geroago, jada Jose Ignazio Ansorena zuzendari zelarik, 1981ean hasita, Madrilen grabatu zuten Donostiako Txistulari Udaltaldea izenekoa, dantza eta herri doinuen bilduma bat. Jarraian, beste hainbat: Gipuzkoako dantzak I, II, eta III. Euskal Dantzarien Biltzarrak eskatuta, 2003ko azaroan grabatu eta argitara eman zuten Gipuzkoako dantzen inguruko disko berria. 2006an, Mariaren Bihotza Koruarekin batera Belengo Portalian izenekoa Eguberriko abestiez osatua. 2009an, Escoitando o vento-Haizea entzuten, Donostiako Galizia Etxeko gaitazaleekin batera emandakoa. Beste elkartek eta artistek bultzatutako grabazio askotan ere parte hartu izan dute.

Horrez gain, taldeko kideak beste zenbait talderekin ere aritu dira disko grabaketa lanetan (Txistu Talde Esperimentala, folk taldeak, eta abar...).

Jose Ignazio Ansorena zuzendariak ere, bakarreko gisan, beste hainbat disko eman ditu argitara: Ansorenatarren Danbolina, Txistu hotsak, Le Basque, Haize hegoa, Gipuzkoako soinu zaharrak eta Chillida lekutik, Joserra Senperena pianojolearekin batera. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera, Tomás Aragüés-en Txistu eta Orkrestarako Kontzertua grabatu zuen 2002an. Eta Koro Saenz organo jotzailearekin batera, San Bizente elizaren 500 urteak izenekoa. 2009an, Naxos diskoetxearekin, Tomas Garbizuren txistu eta teklatu obra integrala argitara eman du, Álvaro Cendoya piano jotzailea lagun duela.

Kontzertuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taldeak Donostiako Musika Hamabostaldian, Errenteriako Musikasten, Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Euskal Herriko leku gehienez gain, mundu zabalean ere eskaini ditu kontzertuak: Renon (AEB), Münster-en (Alemania), Alpbach-en (Austria), Mexikon...

Euskadiko Orkestra, Kontserbatorioko Orkestra, Donostiako Musika Udal Bandarekin eta beste zenbaitzuekin batera aritu dira hainbat kontzertutan.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]