Isidro Ansorena
Isidro Ansorena | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Isidro Ansorena Eleizegi |
Jaiotza | Hernani, 1892ko maiatzaren 15a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Donostia, 1975eko abuztuaren 20a (83 urte) |
Familia | |
Seme-alabak | ikusi
|
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | txistularia |
Enplegatzailea(k) | Hernaniko Udala 1921) Donostiako Udaleko Txistulari Taldea (1922 - |
Isidro Ansorena Eleizegi[1] (Hernani, Gipuzkoa, 1892ko maiatzaren 15a - Donostia, Gipuzkoa, 1975eko abuztuaren 20a) euskal txistularia eta txistu-konpositore izan zen. Donostiako Udal-Kontserbatorioko irakasle eta Donostiako Udal txistulari Bandaren zuzendari, bandetan jotzeko mila konposizio inguru sortu eta bildu zituen. Txistua ikasteko egun erabiltzen den metodoetako bat berea dugu Rodrigo Alfredo de Santiagorenarekin batera.
Jose Luis Ansorenaren aita eta Jose Ignazio Ansorenaren aitona izan zen. Jose Luis Ansorena (1928-2019) abesbatza-zuzendaria, musikagilea eta Eresbil artxibategiko presidentea izan zen. Jose Ignazio Ansorenarena Donostiako Txistulari-Bandako zuzendaria da aitona izan zen bezalaxe, eta oso ezaguna da Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoetako bat izan delako (Mirri).
Ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Isidroren aita txistugilea zen, eta sarritan eskatzen zion txistu berriak probatzeko («Jo ezak hori!»). Gainera, hiru osaba txistulari izan zituen, hirurak zein baino zein hobeak. Inazio, Castro Urdiales-ko txistulari, Manuel, Errenteriakoa, eta Fernando Balmasedakoa. Eta osaba Fernando hura izan zen txistua fin jotzen Isidrori irakatsi ziona.[2]
Hamalau urte zituela bazan Hernanin txistulari banda. Eta behinola, Olaizola, bigarren txistulari zenaren anaia bai, beste norbaitekin mutur joka ibili zela edo ez zela, Txistulari Elkarteak bere lekua bat batean kendu zion, zer ikusirik ez bazuen ere arazo hartan. Orduan Isidroren anai Joseri eman zioten lan hura, bera ere ibiltzen baitzen Donostiako elkarteetan eta, txistu jotzen. Baina anaia ez zen osasuntsua eta utzi egin behar izan zuenean Isidrori deitu zioten, geratzen zen txistulari zaharrari lagun ziezaion. Horrela ibili zen Teodoro Erauski txistulariarekin bi urtetan, danbolinik gabe. Hil zenean, berriz ere, Jose eta Isidro ibili ziren.[2]
Tolosako Jose Zestona maisu txistulariarekin asko ikasi zuen geroago.[2]
1922an bihurtu zen Isidro Ansorena Donostiako Udalaren Txistulari Taldearen zuzendari, eta talde hura maila gorenera eraman zuen. Urte hartako urtarrilaren 20an jo zuen aurreneko aldiz txistua hirian Ansorenak; ordurako bazuen ospe handia, ordea, Hernaniko taldearekin sari zenbait irabazi izanagatik.[3] Hurrengo urtean Donostiako Udal Musika Bandan silbotea jotzen hasi zen eta gero horren zuzendari ere izan zen.[4][5]
Txistu irakaslea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baztango txistulari batek jaso zuen liburu batean txistua jotzen irakasteko modu hori. Irunen, klarinetea jotzen zuen Larruker izeneko batek erabiltzen zuen eta Isidrori liburua utzi zion. Gero hortik aurrera, Isidrok bere saltsa ere gehitu zion ikasbide hari.[2]
Donostiako Udal Musika Kontserbatorioan txistu irakaslea izan zen 25 urtez eta bertan txistularientzako eskola sortu zuen. Liburu bat ere idatzi zuen, Txistu Ots gozoa, nola…? eta horixe erabiltzen da Donostiako Kontserbatorioan txistua jotzen irakasteko.[4]
Musikagilea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Guztira 700 partitura baino gehiagoko errepertorioa eratu zuen, besteak beste hauek:[4][6]
- Rapsodiak: Xenpelar Olerkaria, Agustin, Shanti ta Juan Jose;
- Donostiako sozietateei eskainitakoak, Euskal billera, Gaztelubideri, Gaztelupe, Illunpe, Kañoietan, Ollagarroa edo Zubigain.
- Erlijio-konposaketak: Agur, Jesusen Ama, Ama maite Maria, Eguberri soñua, Gabon Abestiak edo Ogi Zerutik.
- Zortzikoak: Antzekoa, Berri berria, Danena, El Cristo de Lezo, Giltzapean sartu naute, Gozo gozoa, Larralde olerkari, Lopetegi olerkaria, edo Nere amak baleki, Agi gabiria-tar Jesús, Abeslari Bikaña’ri eta Maitasuna.
- Kantu eta txisturako egokitzapenak: Agur, Jaunak, Marcha de San Sebastián, Mendi aldera, Txistulari elkarteari herri poza, Triku triku (Nere herriko jaiak), Marcha del pelotari, Esperanza ta bere arraunlariei edo Toberak.
- Ahots eta pianorako musika
- Kantatzeko piezak.
Era askotako harmonizazioak, zuzenketak eta moldaketak egin zituen. Kontzertuak, dantzaldiak, erlijio-musika eta ereserkiak landu zituen.
Txistuaren bilakaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txistuak, zenbat eta luzeago, orduan eta doinu lodiagoa sortzen dela jakinda, Isidrok txistuari milimetroren batzuk erantsi zizkion luzeran eta hala soinu gozoagoa lortu zuen. Bere bizi guztian erabili izan zuen txisturik maiteena eta onena, aitak egindako bat izan zen. Astigarragako udaletxerako, enkarguz egin zuen. Baina Astigarragakoek, oso motela zela-eta, itzuli egin zioten eta gure aitak bueltatu egin behar izan zizkien hartutako 60 pezetak. 63 urtez erabil zuen Isidrok gero, eta urrearen truke ere ez zukeen saldu.[2]
XX. mendea «zorioneko» garaia izan zen txistuarentzat, hainbat euskal konpositore esanguratsuk obra dotore asko idatzi baitzituzten.
Errekonozimenduak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Donostian eta Errenterian kale bana daude Isidro Ansorena izenarekin.
- Txistulari bezala burutu zuen lana eskertuz, Udalak Donostiako Hiriko Zilarrezko Domina eman zion.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Gorrotxategi, Aritz (2021) Hiru txulo: Donostia eta txistua. Erein. ISBN: 978-84-9109-740-2
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Abizena Ansorena idaztea, euskal herritar horren aukera pertsonala da. Izan ere, Euskaltzaindiak, euskara baturako, Antsorena onartu du deitura horren grafiatzat. Ikus Euskal Onomastikaren Datutegia.
- ↑ a b c d e Errialde. (1972-02-11). «Isidro Ansorena (1892 - 1975)» Zeruko Argia (Noiz kontsultatua: 2022-01-18).
- ↑ Ugarte Irizar, Itziar. (2022-01-18). «Herritarren «zerbitzura» jotako doinuak» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-18).
- ↑ a b c «Isidro Ansorena Eleizegi» Euskal Herriko Txistulari Elkartea (Noiz kontsultatua: 2022-01-19).
- ↑ Gorrotxategi, Aritz. (2021). Hiru Txulo. Donostia eta txistua. Donostia: Erein, 53-80 or. ISBN 978-84-9109-740-2..
- ↑ «CATALOGO DE OBRAS DE ISIDRO ANSORENA» web.archive.org (Txistilari.com) 2016-09-18 (Noiz kontsultatua: 2022-01-19).