Edukira joan

Ederlezi (pastorala)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Ederlezi pastorala Mixel Etxekopar musikariak sortutako lana da, Nicole Lougaroten Bohémiens[1] liburua du oinarri, eta 2013ko martxoaren 24an taularatu zen Gotaine-Iribarnen (Zuberoa). Ederlezi pastoralak, ijito familia bat ardatz hartuta, XVII. mendeaz geroztik ijitoen herri zaharrak Euskal Herrian izandako gorabeherak kontatzen ditu[2]. Ederlezi izena erromani ijitoek udaberriaren etorrera ospatzeko egiten duten jaiari ematen dioten izena da, eta, baita ere, Balkanetako ijitoen kanta folkloriko ezagun baten izena.

Justifikazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pastoral hau 2013ko Xiru festibalaren 24. ediziorako sortu zuten, festibalaren gaia "kanpotik etorritakoak" baitzen[3]. Ikuskizunaren ideia Nicole Lougarot idazleak 2009an agertarazi zuen, tziganoen epopeia Euskal Herrian Bohémiens liburutik aterata[4]; liburuan, gainera, Zuberoako maskarada ijitoen kulturatik datorrela ondorioztatzen du[5].

Ijito familia bateko ama batek eta bere zazpi alabek azken 400 urtetako historia kontatzen dute, XVII. mendetik XXI.era, Euskal Herri guztia zeharkatuz. Ijito familia honen ibilbidea Bizkaian, Gipuzkoan eta Iruñean hasiko da, non dantzan eta kantuan arituko diren, baina beren arrazaren kontrako erasoaldien ondorioz Lapurdira egingo dute ihes; hemendik, berriz, Pierre de Lancrek bere sorgin-ehizarekin kanporatzen ditu. Orduan, Zuberoara ailegatuko dira; kantuan eta dantzan jarraituko dute, eta maskarada eramango dute hara. Mundu gerrak ere pairatuko dituzte gure mendera ailegatu arte[5].

16 jelkaldi ditu:

  • Aitzin Predikua: Persiako erregearen ipuina, nola Indiatik joanarazi zituen milaka soinugile bere herria algratzeko. Baina gaizki joan zen kontua…
  • 1. jelkaldia: Tziganoak Gipuzkoan 1604 aldean, dantzan eta kantan. Baina legez uxatzen dituzte.
  • 2. jelkaldia: Ama Ederlezi eta alabak Lapurdin bizi, 1609 aldean. Gizonak itsasoan.
  • 3. jelkaldia: Lapurdiko Jaunak, Urtubia eta Amoue, tziganoetaz baliatzen dira. De Lancre epailea horra doa belagilak epaitzera.
  • 4. jelkaldia: Ama Ederlezi eta alabak Zuberoara ihesi. Herritarrak gurutzatzen dituzte.
  • 5. jelkaldia: Maskaradak Herriko plazan, tzigano-buhameek emanik.
  • 6. jelkaldia: Tziganoen mendekotasuna. Ehunka atxilotuta 1802 urtean Iparraldean. Ama Ederlezi presondegian hiltzen da.
  • 7. jelkaldia: Nahaspila herritarren artean. Tziganoen arrangura nola saihestu?
  • 8. jelkaldia: Ama Ederleziren hil ondoko auzia. Nola hil bat epaitu? Nola kondenatu? Haren memoria ezabatzeko legea eginez.
  • 9. jelkaldia: Erresistentzia: Zazpi alabak bazter orotan kantari.
  • 10. jelkaldia: Buhameetaz erran eta idatzi dena XVII. eta XIX. mendeetan
  • 11. jelkaldia: Buhameen gorabeherak XIX. mendean, arrestatzeak….
  • 12. jelkaldia: Amaren alaben asimilazioa, bizi kanbioa.
  • 13. jelkaldia: Munduko bigerren gerra denborako romen edo ijitoen deportazioa.
  • 14. jelkaldia: Euskaldunen eta Romen berrarrangurak.
  • 15. Jelkaldia: Zazpigarren alabaren heriotza.
  • 16. jelkaldia: Tziganoak egun, prentsaren bidez. Historiak uko …
  • Ederlezi pastorala, Gotaine-Iribarnen (Zuberoa) gainera, beste toki batzuetan ere taularatu izan da, besteak beste, Zuraiden (Lapurdi, 2013-06-22), Arrosan (Nafarroa Behera, 2013-08-25), Iruñean (Nafarroa Garaia, 2014-05-17), Bilbon (Bizkaia, 2014-09-28), Elgoibarren (Gipuzkoa, 2015-09-14 )...
  • Ederlezi pastoralaren izena ijitoek, batez ere Balkanetan, ospatzen duten udaberriko jai handiari zor zaio, urtaroaren itzulera ospatzeko. Hemendik, ijitoen Ederlezi abesti folkloriko ezaguna.
  • Partaideak: Amaren Alabak taldeko kantariak, Gotaineko dantzariak, Zuberoako hainbat musikari eta 14 gazte zuberotar: Xantiana Etxebest, Ihitz Iriart, Graxi Bedaxagar, Luxi Agergarai, Maika Etxekopar, Graxiana Castillon, Maite Sarraillet, Laida Camus, Benat Larrory, Johane Bedaxagar, Johane Etxebarne-Ajia, Niko eta Julen Guiresse eta Petta Jaragoien.[5]
  • Ez da falta Lougarotek buhameei buruz proposatu teoriaren isla: alegia, maskarada buhameek Zuberoara eramandako tradizioa delako hipotesia[6].

Pastoral tradizionalaren kodeekin bat egiten ez duten berrikuntzak agertzen dira. Batetik, antzezle talde txikia du eta egitura eszeniko soila. Bestetik, errejentaren funtzioa taulan kolokan jartzen da eta pastoralaren berezko manikeismoa desitxuratzen da. Gainera, ohiko pastoralaren solemnitatea apurtu nahi da zerbait jostagarri eta berritzailea egin nahirik. Musika zein dantza molde desberdinetan emanak dira[6].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Lougarot, Nicole. (2009). Bohémiens. (1. ed. argitaraldia) Gatuzain ISBN 978-2-913842-50-2. PMC 322349795. (Noiz kontsultatua: 2022-04-09).
  2. «Mascarades et Bohémiens - BUHAMEAK - Euskal Herrian» s430804576.onlinehome.fr (Noiz kontsultatua: 2022-04-11).
  3. «XIRU Gotaine-Irabarnen Martxoaren 22tik - 24ala» xiberokobotza.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-09).
  4. dantzancom. «Bohémiens» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-11).
  5. a b c «'Ederlezi' pastorala emango dute gaur Arrosako plazan» Berria (2013ko abuztuak 25) (Noiz kontsultatua: 2022-04-09).
  6. a b Valverde, Jaime. (2014-09-30). «Ederlezi pastorala» GARA (Baigorri Argitaletxea) (Noiz kontsultatua: 2022-04-09).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]