Edukira joan

Pastoral

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Artikulu hau Zuberoako herri-antzerkiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Pastoral (argipena)».
Eñaut d'Elizagarai pastorala, Gamere-Zihigan (2007)

Pastorala Zuberoan egiten den herri-antzerkia da, kanpoan, herriko plazan, hartarako nahita jarrita dagoen antzeztoki edo triate baten gainean ematen dena. Antzezpena, hasieratik amaiera arte bertsoz kantatzen da, Zuberoako euskaran.

Duela gutxi arte, edo herriko gizonezkoek bakarrik, edo, gutxiagotan, herriko emakumezkoek bakarrik antzezten zuten, baina azken urte hauetan gizon-emakumeek parte hartzen dute haietan. Antzerki emanaldia, berez, süjeta edo pertsonaia nagusi baten bizitzan oinarritzen da eta gaiztoen eta onen arteko borroka baten arabera egituratua da.

Seguru aski Erdi Aroko antzerkian du jatorria, nahiz eta lehen idazkiak XVII. mendekoak izan. Horrek adierazten du ahozko literaturan garrantzi handiko adierazpidea zela. Lehenagoko aipamenak dauden arren, zalantzarik gabe datatutako pastoralik zaharrena "Sainte Elisabeth de Portugal" da, 1750ean Eskiulan antzeztu zena[1].

Urtero Zuberoako herri bati egokitzen zaio udan pastorala bi alditan antzeztea.

Santa Grazi pastorala, 1976an Santa Grazi herriak emana

Zuberoako herri teatroan maskaradak eta pastoralak (edo trajeriak) bereizten dira. Haiez gainera, halere, izan dira lehenago, antzezmoduaren aldetik pastoralen antz zerbait zuten baina irri eginarazteko eginak ziren inauterietako fartsak (Bacchus, Pansart), eta xaribari gaietako fartsa laburragoak (Kaniko eta Beltxitine, Xiberua eta Martzeline,…). Hauek, ordea, aspaldi honetan ez dira antzezten, eta ez dute segidarik izan.

Ikertzaile gehienen arabera pastoralak Erdi Aroko Europako misterioen urruneko hondarrak dira, ziurrenik ere, zeharka, Frantziako nekazari antzerkiaren bidez Zuberoara helduak. Ez dirudi Zuberoatik kanpo antzerki mota horrek sekula errorik egin duenik Euskal Herrian, eta ez da argi noiz hasi zen Zuberoan. Lekukotasun segur bakarrak eta eskuizkribu zaharrenak XVIII. mendekoak dira. Oihenartek, 1665ean frantsesez egindako idazlan batean, Joanes Etxegarai izeneko pastoral idazle bat aipatzen du. Apaiza omen zen, eta "Artzain gorria" bertsotan egindako pastorala idatzi omen zuen, Donibane Garazin XVI. mendearen erdialdean eman izan zena. Ez da batere segur, ordea, Oihenartek pastoral hitza erabiltzen zuelarik, Zuberoako pastoralak bezalako antzerkiak gogoan zituela, frantsesez pastorale hitza asko moldetara erabilia izan baita letra gaietan XVI. eta XVII. mendean. Berdin gertatzen da "Saint Jacques" pastoralaren eskuizkribu batekin. Hartan 1634. urtea irakurtzen dute zenbaitek, baina beste batzuek dudatan ematen dute irakurketa hori, eskuizkribua XIX. mendekoa izanik, haren bukaeran ageri den zenbakia ere kopistak pastorala jokarazi zuen urteari dagokiola, eta egiatan 1834 dela, baitiote.

Horiek horrela, eztabaidak badira oraindik, Zuberoako pastoralak noiz hasi ziren finkatzerakoan. Batzuek türk deiturak gogora ekarrarazten dituen historiako garaiak kontuan edukiz, Mendebaldeko Europa oraino turkiarren beldur zen denbora, alegia, XVI. mendea bederen, aipatzen dute. Beste batzuek, aldiz, dokumentu seguretan bakarrik fidatu nahiz XVIII. mendean gelditzen dira, edo hortik ez gehiegi urruntzen. Georges Hérelle ikertzaileak egin zituen XX. mendearen hasieran pastoralei buruzko azterketa sakonak, eta hari esker aski ongi ezagutzen da nola ematen ziren duela ehun urte pastoralak. Nahiz eskuizkribu askotxo gelditu den (berrogeita hamar obra baino gehiagori dagozkienak), pastoral testu gutxi argitaratu da osorik orain arte ("Saint Julien d’Antioche" joan den mendean, "Charlemagne" 1991n, "Edipa" eta "Sainta Catherina" 1996n, eta zenbait fartsa). Pastoral zahar gehienek gai erlijiozkoa zuten, eta Bibliako pertsonaietan edo santuen tradizioan oinarritzen ziren ("Abraham", "Moise", "Saint Jacques", "Hélene de Constantinople", "Sainte Marguerite"). Beste sail bat osatzen zuten zaldun kantuak edo pertsonaia historiko fama handiko batzuk aipatzen zituzten pastoralek ("Aymonen laur semiak", "Robert le Diable", "Clovis", "Roland", "Napoleon"…).

Etxahun koblakari pastorala, 1986an Barkoxe herriak emana

Azken gerraren ondoren, Etxahun-Irurik berpiztu zituen pastoralak, bederatzi pastoral berri idatzi eta emanarazi zituelarik. Euskal gaiak erabiltzea, hizkuntza sotila eta kantuei leku zabalagoa ematea dira Etxahun-Irurik ekarri zituen berrikuntzarik garrantzitsuenak. Junes Casenavek ere eragin handia izan du pastoralen bilakaeran. Berak idatzitako obretan euskara jasoa erabiltzen da, historia ongi dokumentaturik dago eta bertsoen metrika finkoa da. Haren ondorengo pastoral idazle gehienek bide bera hartu dute[2]. Honi esker, era askotako aldakuntzak gertaturik ere, tradizioarekin egiazki hautsi gabe bizirik segitzen du Zuberoako herri antzerki mota berezi horrek, eta idazle berriek obra berriak idazten dituzte.

Pastoral berriek, zaharrekin erkatuz, dituzten bereizgarri nagusien artean hauek aipa daitezke:

  • egilea badute
  • testua aurreko garaietan ez bezala zaintzen duena. Lehen ez zen egilearen noziorik ere, eta testuak ez ziren lantzen. Errejentak (pastoraletako zuzendari eta testu antolatzailea) eta jokalariek nahi bezala alda zitzaketen.
  • bertsetak neurtuak dira. Lehen neurri librekoak ziren, eta horrela ontzen zituen oraino Etxahun Irurik.
  • oraingo antzerkiak askoz laburragoak dira, arratsalde batean emateko modukoak. Lehen egun guztia irauten zuten.
  • jokalariak gizonak eta emazteak dira. 1980 arte, edo denak emakumeak, edo denak gizonak ziren arizaleak, lehen esan bezala. Etxahunek idatzitako "Ximena" (1979) izan da neskatilek soilik jokatu duten azken pastorala.
  • lehenago ez bezala gaiak maizenik Euskal Herriko pertsonaietan oinarritzen dira pastoral berrietan.
2003ko "Ramuntxo" pastorala Idauze-Mendi udalerrian.

Pastoralen gaiek bi denbora tarte bereizten dituzte, 1950. urtea mugarri izaki. Urte hortaraino, antzezpenak gai erlijioso (santu edo bibliako pertsonaietan oinarrituak) edo politiko-militarrak (Frantses estatukoak) izaten ziren. Etxahun-Irurik baina, pastoralak irauli zituen Euskal Herriko gaiak baliatzen hastean. 1950. urtetik aurrera beraz, euskal historian pisua izan duten pertsonaien inguruan egin ohi dira. Adibidez, Etxahunen bederatzi pastoraletarik zortzik euskal gaia dute: "Etxahun koblakari" (1953), "Matalaz" (1955), "Berterretch" (1958), "Antso Azkarra" (1963), "Le Comte de Tréville" (1966), "Chiquito de Cambo" (1967), "Pette Beretter" (1973). Gauza bera esan daiteke azken urteetan beste idazleek idatziriko pastoral jokatuez. Besteren artean, "Santa Kruz" (1992, Junes Casenave), "A. d’Oihenart" (1985, Allande Agergarai), "Abadia Urrüstoi" (1990, Jean Louis Davant), "Harizpe" (1992, Pier Paul Berzaitz), "Xalbador" (1991, Roger Idiart) eta "Telesforo Monzon" (2011, Johañe Bordaxar) ditugu. Lehenagoko pastoral ontzaileek, aitzitik, erdarazko herri literaturatik ateratzen zituzten pastoral gaiak, eta horregatik frantsesezko deitura batez aurkeztu ohi zituzten beren obretako pertsonaiak.

Gaiaren aukeraketa bi modutakoa izan daiteke. Posible da herriak gai bat aukeratu eta norbaiti horri buruz idaztea eskatzea edo eta idazle batek pastoral bat idatzi eta herri bati eskaintzea.

Mundu dualista bat irudikatzen da. Pertsonaiak onak edo gaiztoak dira.

  • Pertsonaia onak: khirixtiak, beti heroia eta haren ingurukoak, etxekoak-eta, izaten dira.
  • Pertsonaia gaiztoak: turkoak (türkak), frantsesak edo ingelesak izaten ziren. Bai eta espainolak ere.

Horiez gain pertsonaia zerutiarrak, guztien gainetik daudenak: aingeruak, apaizak, Jainkoa (hau ez da inoiz agertzen, norbaiten ahotsa bakarrik entzuten da)...

Eszenatokiak urteen poderioz (eta arrakastaren ondorioz), txikiak izatetik, guztiz prestatuak izatera pasatu dira. Handiak, pasarelekin, harmailez inguratuta...etab. Hasiera batean elizetan ospatzen ziren antzerkiak, baina ematen zen narrazio gordinengatik eraikinetik kanporatua izan zen.

Antzeztokiaren atzean hiru ate ageri dira. Bata, ikusleen ezkerreko aldean jarria dena, onen edo khirixtien alderdiko pertsonaiena da, eta kolore urdina dagokio. Bigarren atea, ikusleen eskuineko aldean dena, gaizto edo türken alderdiarena da, eta kolore gorria dagokio. Honen gainean deabru irudia duen zurezko panpina bat izan ohi da. Azken atea erdian dago, eta zuria da. Antzeztokiaren gainean eraikitako etxola moduko aterpe batean, musikariak egoten dira.

Antzezlanaren egitura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pastoralen aurretik, munstra egin ohi da. Munstra, inguruko auzo eta herrietan egiten den deialdi bat da, pastoralaren egunean edo aurrekoan.

Antzezlanak, 3-4 oren irauten ditu, eta ondorengo egitura dauka:

  • Lehen pheredikia: hitzaurre bat ematen da, agur egin eta aurkeztuko den lanaren edukia aurreratuz eta azalduz.
  • Jelkhaldiak: pastorala bera. Antzespen zatiak dira, eszenak. Bakoitzak egoera, pasadizo edo gertakari bat aurkezten du. Batzuk tradiziozkoak dira, eta ia beti agertzen dira, hala nola artzainena, gudua, hala denean, ezkontza, heriotza... Eliz pertsonaiak ere, apezkupia, ainguriak, ez dira falta izaten, ez eta ere satanak deiturikoak, istoriotik kanpoko iruzkinen ekarle. Zuberoako dantzez osatzen dute beren agerraldia.
  • Azken pheredikia: eskerrak eman, pastoralaren mezua laburbildu eta azken agurra ematen da.
  • Azken kantorea: gehienetan, herriaren goraipatzeko esker-kanta batek ematen dio amaiera pastoralari.

Antzezlana publiko aurrean birritan errepikatzen da, eta aurretik entseguak edo mustrakak egiten dira.

Xiberoko Jauna pastorala, Ezpeize, 2008.

Egun, musika talde oso batek zuzenean jotzen duen arren, lehenago txirula eta atabalaren hotsek soilik laguntzen zituzten pastoralak. Urteetan zehar hainbat berrikuntza sartu izan dira, eta adibidez 1991ko Harizpe pastoralean, sintetizadorea sartu zuen Pier Paul Berzaitzek.

Kantua da pastoralaren ezaugarri nagusienetakoa, bertsoek osatzen baitute antzerki osoa. Testua liburuetan biltzen da, ikusleek eskura izan dezaten. Liburuxkan euskara batuan ere gehitzen dira xiberotar zenbait hitz, eta frantsesez ere egoten da itzulita. Kantu gregorianoek garrantzi handia zuten lehen, pertsonaiak eszenatokira sartu eta irteten ziren bitartean[3]. Lehengo pastoraletan ematen ez zen beste ezaugarri bat, koruek abesten dituzten kantak dira. Etxahun-Iruri aitzindaria izan zen koruei pisu handiagoa ematen, aitzinetik bizpahiru kantu abesten baitzituzten, eta latinez[2].

Dantzak ere garrantzia du pastoraletan, eta urtez-urte ematen zaion pisua aldakorra den heinean, berritzailea ere izan da. 2011n Larrainen egindako pastoralean adibidez bi bandoen (batzuetan haien artekoak) dantzez gain, dantza modernoagoak tartekatu ziren.

Antzezleak, pastoralaren kargu dagoen herrikoak izaten dira orokorrean, bertako auzoetako edo batzuetan (jende gutxiko herrietan) alboko herrietako jendeaz lagunduta. Aitzina, soilik gizonezkoak ziren, eta emakumeen paperetan ere mozorrotutako gizonezkoek jarduten zuten. Egoera hori Junes Casenaveek idatzitako Santa Engrazi pastoralarekin, 1976an aldatu zen; urte horren uztailaren 27an, lehen aldiz emakumeek abesbatzan parte hartu zuten. [4]

Pastoralen zerrenda

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
José Mendiague pastorala, Jean Bordaxarek idatzitako lana, 2012an Arrokiagan plazaratuta.

XVII. mendeko pastoralak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Urtea Herriak Izenburua Idazlea
1634 Atharratze Saint Jacques

XVIII. mendeko pastoralak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Urtea Herriak Izenburua Idazlea
1800 Maule Abraham
1799 Clovis
1798 Urdiñarbe Godefroy de Bouillon
1796 Ürrüstoi L'enfant prodigue
1796 Lexantzü Hèlëne de Constantinople
1796 Aloze Roland
1793 Urdiñarbe Godefroy de Bouillon
1793 Garindaine Œdipe
1792 Ereta Saint Louis
1790 Ainharbe Godefroy de Bouillon
1784 Rivehaute Hèlëne de Constantinople
1783 Rivehaute Hèlëne de Constantinople
1783 Ezpeize Saint Martin
1773 Altzabeheti Abraham
1770 Onizepea L'enfant prodigue
1770 Sarrikotapea Clovis
1769 Altzabeheti Saint Eustache
1769 Zalgize Richard sans peur
1760 Larraine Jean de Paris
1759 Gamere Œdipe
1750 Eskiula Sainte Elisabeth du Portugal

XIX. mendeko pastoralak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Urtea Herriak Izenburua Idazlea
1900 Lizinaga François Ier J. Aguer Burguburu
1893 Bildoze Judith
1891 Larraine Jeanne d'Arc
1878 Aronse Moises
1866 Arette Jeanne d'Arc J.B. Cassou
1858 Atharratze Clovis Jean Pierre Busson
1857 Jean de Paris Juan Bordato
1857 Atharratze Nabukonodosor Jean Pierre Busson
1853 Godefroy de Bouillon
1849 Ezpeize Robert le diable
1849 Donapaleu Napoleon
1842 Lexantzü-Zunharre Jacques le Majeur
1840 Barkoxe Alexandre
1839 Santa Grazi Les trois martyrs
1839 Atharratze Santa Catherine J.P. Saffores
1836 Atharratze Astiaje J.P. Saffores
1835 Eskiula Charlemagne Bassagaix
1831 Garindañe Saint Pierre Jean Mecol
1830 Lextarre Saint Jean le Baptiste J.P. Saffores
1829 Barkoxe Moustapha
1827 Eskiula Jerusalem Bessiger
1826 Arette San Louis T. Cassou
1825 Barkoxe San Roque Jean Chaten
1820 Etxarri Samson
1820 Arüe Josué
1818 Barkoxe Les quatre enfants d'Aymon Pierre Gorostibar
1818 Lextarre Saint Joan Calibyte Jean Mecol
1818 Larribarre Sainte Marguerite Jean Mecol
1818 Maule Jean de Calais Jean Mecol
1816 Lenbare Œdipe
1811 Omizepia Roland Jean Mecol
1805 Nabas Ricardo sans peur Jean Mecol
1804 Barkoxe Sainte Gratien
1803 Maule Abraham
1803 Donibane L. Sainte Helena Jean Pierre Rospide
1802 Maule Sainte Genoveva Pierre Fourcade

XX. mendeko pastoralak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Urtea Herriak Izenburua Idazlea
2000 Eskiula Madalena Jauregiberri Pier Paul Berzaitz
1999 Urdiñarbe Iparragirre. Etxahun Iruriren omenez. Etxahun-Iruri
1999 Altzai eta Lakarri Agota Junes Casenave
1998 Barkoxe Herriko Semeak Patrick Queheille
1997 Landa Juan Martin Pueyrredon Junes Casenave
1997 Atharratze Atharratze Jauregian Pier Paul Berzaitz
1996 Garindaine Sabino Arana Allande Agergarai
1995 Arrokiaga Aguirre Presidenta Jean Louis Davant
1994 Donaixti-Ibarre San Mixel Garikoitz Junes Casenave
1993 Gotaine-Irabarne Eüskaldünak Iraultzan Jean Louis Davant
1992 Santa Grazi Santa Kruz Junes Casenave
1992 Iruri Iruriko Jaun Kuntea Pierra Etxahun-Iruri
1991 Larraine Xalbador Roger Idiart
1991 Muskildi Harizpe Pier Paul Berzaitz
1990 Maule-Lextarre Abadia Urrüstoi Jean Louis Davant
1989 Altzai eta Lakarri Zumalakarregi Junes Casenave
1988 Urdiñarbe Agosti Xaho Jean-Mixel Bedaxagar
1986 Barkoxe Etxahun Koblakari Etxahun-Iruri (1953)
1985 Muskildi Allande Oihenart Allande Agergarai
1984 Sohüta Aimunen lau semiak Arotcharen eta Dalgalarrondo
1983 Ortzaize eta Iruri Pette Basabürü Junes Casenave
1982 Pagola Pette Basabürü Junes Casenave
1980 Urdiñarbe Iparragirre Etxahun-Iruri
1979 Atharratze eta Iruri Ximena Etxahun-Iruri
1978 Garindaine eta Auritz Ibañeta Junes Casenave
1976 Santa Grazi Santa Engrazi Junes Casenave
1973 Gotaine-Irabarne Pette Beretter Etxahun-Iruri
1973 Altzai Zantxo Azkarra Etxahun-Iruri
1967 Maule-Lextarre eta Donostia Chikito de Cambo Etxahun-Iruri
1966 Iruri eta Maule-Lextarre Le comte de Treville Etxahun-Iruri
1963 Gotaine-Irabarne Zantxo Azkarra Etxahun-Iruri
1958 Maule-Lextarre eta Ligi Berterretx Etxahun-Iruri
1955 Eskiula Matalaz Etxahun-Iruri
1954 Sohüta Eüskaldünak Ibañetan
1953 Barkoxe Etxahun Koblakari Etxahun-Iruri
1927 Sohüta San Andres Pierre Salaber
1925 Ozaze Don Carlos Pierre Salaber
1921 Lexantzü-Zunharre Daniel Pierre Salaber
1910 Barkoxe Mustafa
1908 Atharratze Eskualdunak Ibañetan
1903 Uharte Garazi Saint Louis
1903 Onizegaine Henri IV Jean Aguer
1903 Ligi Louis XI Jean Aguer

XXI. mendeko pastoralak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Urtea Herriak Izenburua Idazlea
2024 Xarnegu Inexa de Gaxen Itxaro Borda
2023 Urdiñarbe Sibastarrak Maritxu Negelua
2022 Muskildi Simone Veil Battitta Berrogain
2021[5] Ürrüstoi-Larrabile Abdelkader Jean-Louis Davant
2019 Pagola Domingo Garat Frantxoa Caset[6]
2018 Hiriburu Andere Serora Guiilaume Irigoien eta Patxi Iriart
2018 Maule-Lextarre Belako Zaldüna Johañe Bordaxar
2017 Etxalar Karmen Etxalarkoa Gerardo Mungia[7]
2017 Altzai-Altzabeheti-Zunharreta eta Lakarri-Arhane-Sarrikotagaine Joanikot Joana Etxart[8]
2016 Baiona eta Donostia Katalina de Erauso Maite Berrogain[9]
2016 Atharratze Jean Pitrau Pier Paul Berzaitz
2015 Iruñea Joxemiel Bidador, Iruñeko euskaldunak Jon Alonso[10]
2015 Iruri eta Zalgize Pierra Lhande Annick Renaud-Coulon[11]
2014 Garindaine Ni, Petti Buhamea Pier Paul Berzaitz
2014 Baiona Gerezien Denbora Itxaro Borda
2014 Maule-Lextarre Akitaniako Alienor Jean Mixel Bedaxagar
2013 Sohüta René Cassin Jean Louis Davant
2013 Gotaine-Irabarne Ederlezi Mixel Etxekopar
2012 Arrokiaga José Mendiague Johañe Bordaxar
2011 Larraine Telesforo Monzon Johañe Bordaxar
2010 Barkoxe Xahakoa Patrick Queheille
2009 Aloze-Ziboze-Onizegaine Belagileen Trajeria Dominika Rekalt
2008 Ainharbe, Ezpeize-Ündüreine, Sarrikotapea eta Ürrüstoi-Larrabile Xiberoko Jauna Jean Louis Davant
2007 Gamere-Zihiga Eñaut D'Elizagarai Junes Casenave
2006 Hegiloreko bortüan Oiherkoren trajeria Dominika Rekalt
2006 Maule-Lextarre Jesüs Junes Casenave
2006 Santa Grazi Santa Engrazi Junes Casenave
2005 Atherei Bereterretx Pier Paul Berzaitz
2004 Maule-Lextarre Antso Handia Jean Louis Davant
2003 Idauze-Mendi Ramuntxo Pier Paul Berzaitz
2002 Altzürükü Ürrüti Jauregiko Peirot Niko Etxart
2001 Iruri eta Zalgize Etxahun-Iruri Roger Idiart
2001 Sohüta Xiberoko Makia Jean Louis Davant

Tradizioaz gaindiko pastoralak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuberoako urteroko herri-tradizioan egindako pastoralez gain, euskal antzerkigileek idatzi izan dituzte moldez pastoralaren egitura duten lanak, hala nola Piarres Lartzabalek[12].

Beste kasu batzuetan, moldeari jarraitu zaio baita antolakuntzan ere, bereziki XXI. mendean: Zuberoaz gaindiko euskal lurralde batzuetako herri edo elkarteak batu izan dira pastoralak egiteko. Esate baterako, Joxemiel Bidador zenari eskaini zioten Bidador pastorala Iruñeko hainbat lagunen artean[13], eta Portugaleten, Bizkaia Zubiaren 25. urteurrena ospatzeko ere Zubia izeneko pastorala egin zuten[12].

  • Patri Urkizu: "Teatro vasco", Teatro y cine vasco liburuan. "Euskal Herria Emblemática" bilduma, Lasarte-Oria: Etor-Ostoa, 2002. 8-100 or.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Jean-Louis DAVANT: Pastoralaren historiaz (I/II) Euskonews.com
  2. a b Jean-Louis DAVANT: Pastoralen historiaz (II) Euskonews
  3. Pastorala Hiru.com
  4. http://www.euskonews.eus/0521zbk/gaia52103fr.html
  5. SL, TAI GABE DIGITALA. (2020-04-17). «‘Abdelkader’ pastorala urtebete atzeratzea erabaki dute» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-08-09).
  6. Sokarros, Allande. Eguzkiak euria irauli egin zuen. Berria egunkaria, 2019ko uztailak 30, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-08-04).
  7. Karmen Etxalarkoa pastorala. karmenetxalarkoapastorala.eus (Noiz kontsultatua: 2017-08-14).
  8. Sokarros, Allande. Nafarroa saldu lehenik, eta defendatu ondoren. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-08-14).
  9. Katalina de Erauso pastorala). katalinapastorala.eus (Noiz kontsultatua: 2016-03-15).
  10. Joxemiel Bidador pastorala. bidadorpastorala.wordpress.com (Noiz kontsultatua: 2016-03-15).
  11. Arbelbide, Nora. Frantsesez pentsatua. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2016-03-14).
  12. a b «Piarres Larzabal: Pastorala antzeko antzerkiak» klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
  13. aritz. Bidador pastorala: auzolanean uxatu dugu betiko agorraldia. (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pastoralaren historia

Pastoralei buruzko artikuluak

  • Jean-Louis Davant: Hiri pastorala? [1]
  • Jean-Louis Davant: René Cassin pastorala [2]
  • Jean-Louis Davant: Antso Handia pastorala [3]
  • Jean-Louis Davant: Pastorala frantsesez? [4]
  • Jean-Louis Davant: Pastoralaren egiazko aldaketa [5]
  • Joseba Aurkenerena: Belagileak. Ttittika Rekalten bigarren pastorala - 1 [6]
  • Joseba Aurkenerena: Belagileak. Ttittika Rekalten bigarren pastorala - 2 [7]
  • Joseba Aurkenerena: Attuliren Xahakoa eta Keheilleren pastorala [8][Betiko hautsitako esteka]
  • Joseba Aurkenerena: Monzon eta Orhipeko pastorala [9][Betiko hautsitako esteka]
  • Joseba Aurkenerena: Jose Mendiaga Arrokiagako pastoralean [10][Betiko hautsitako esteka]
  • Joseba Aurkenerena: Xiberoko Jauna pastorala [11][Betiko hautsitako esteka]
  • Joseba Aurkenerena: René Cassin pastorala [12][Betiko hautsitako esteka]
  • Joseba Aurkenerena: Alienor pastorala [13][Betiko hautsitako esteka]
  • Joseba Aurkenerena: Gerezien denbora pastorala [14][Betiko hautsitako esteka]
  • Joseba Aurkenerena: Petti Buhame pastorala [15]
  • Joseba Aurkenerena: Pierra Lhande pastorala, hautu txar baten malura [16]
  • Joseba Aurkenerena: Jean Pitreau pastorala. Borrokalari baten onarpena [17]
  • Joseba Aurkenerena: Katalina Erauso pastorala. Gure historiako ardi beltza. [18]
  • Joseba Aurkenerena: Joanikot pastorala, gure historiaren zurrunbiloetan. [19]
  • Joseba Aurkenerena: Karmen Etxalarkoa pastorala [20]
  • Joseba Aurkenerena: Belako Zaldüna pastorala. [21]
  • Joseba Aurkenerena: Andere Serora pastorala,Herensugea beti bizirik. [22]
  • Joseba Aurkenerena: Domingo Garat pastorala. [23]
  • Joseba Aurkenerena: Urdiñarbeko Sibastarrak pastorala. [24]
  • Onintza irureta Azkune: Katalina Erauso pastorala. Pertsonaia gordea oholtzan. [25]


Elkarrizketak, hitzaldiak

Bideoak: