Epiploi txiki
Epiploi txiki | |
---|---|
Xehetasunak | |
Identifikadoreak | |
Latinez | omentum minus |
TA | A10.1.02.101 |
FMA | 9715 |
Terminologia anatomikoa |
Abdomeneko erraiak geruza desberdinez osaturik daude: mukosa geruza, mukosapeko geruza, giharrezkoa eta adbentizia, zeina abdomenaren kasuan peritoneoa izango den. Osaera hau digestio aparatu osoan zehar mantentzen da.
Urdaila estaltzen duen adbentizia geruza serosoa da, eta errai peritoneoz osaturik dago. Peritoneoak errai eta pareta orriak ditu, eta hauek biak elkartzeko omentu edo epiploi txikia eta nagusia daude.
Omentu, izatez, sabeleko organoak lotzen dituen periotoneoaren toles bikoitzari esaten zaio. Omentu txikia edo epiploi txikia omentu gastrohepatiko izenez ere ezagutzen da. Urdailaren bihurgune txikitik duodenoaren goiko zatira luzatzen da, urdailaren bihurgune txikia eta gibelaren hiloa ere lotzen dituelarik.
Omentu txikia 2 atal edo lotailuz osaturik dago:
- Gibel-urdail lotailua
- Gibel-duodeno lotailua: zati hau lodiagoa da, bertatik hainbat egitura igarotzen baitira. Hemendik bideratzen diren egiturak gibelaren hilotik sartuko dira.
Osaerari dagokionez, zati batzuk gantzezkoak ditu (lodienak) eta beste eremu batzuetan berriz oso fina da.
Funtzioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Funtzioei dagokionez, gibel pedikulua osatzen duten egiturak bertatik bideratzea eta urdaila eta gibela lotzea dira gehienbat. Halaber, epiploien funtzioa, peritoneoaren parte direnez, erraiak finkatzea da, eta baita erraien odoleztapena ahalbidetzeko odol hodien garraioa burutzea ere. Hala eta guztiz ere ez dira beharrezkoak, hau da, kirurgietan kenduz gero pazienteak ez du ondorio larririk izango. Funtzio immunologikoa ere betetzen dute, abdomeneko infekzioak saihesten baitituzte. Azkenik, iskemia kasu batzuetan odol hodiren bat ixten denean, odol hodiak sortzeko gaitasuna dute, FGF fibroblastoen hazkuntza faktorea eta VEGF endotelioen hazkuntza faktorea ekoizten baitituzte.
Barne egiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Peritoneo bi orri horien artean, lotailu duodeno-hepatikoan hain zuzen ere, gibelerantz eta behazun xiskurantz doazen hainbat egitura aurkituko ditugu, hala ere nabarmentzekoa da egitura horiek guztiak ez direla gibel hiloan sartzen.
Gibel-duodeno lotailu horretan honako hauek agertuko zaizkigu:
- Koledokoa. Koloedokoa behazun xixku eta areatik datozen jariakinak duodenora isurtzeaz arduratzen den hodia izango da. Gibeletik datorren gibel hodi batua behazun xiskutik datorren hodi kistikoarekin batzen denean sortzen da. Gibel hodi batu hori izango da gibel hiloan sartuko dena, eta ez koleodokoa baina biak kokatu egiten dira gibel-duodeno lotailuan. Elementurik medialena izango da.
- Berariazko gibel arteria. Arteria hori enbor zeliakotik irteten den gibel arteria batuaren adarra da. Gibel arteria batuak bi adar ematen ditu: urdail-duodenoetako adarra (zeinak duodenoa, urdaila eta area odoleztatzeko adarrak emango dituen) eta gibelaren berariazko arteria. Azkenengo hori izango da gibel-duodeno lotailu horretan sartuko dena, eta bertan urdailaren bihurgune txikirantz abiatuko den adar bat emango du: urdailaren eskumako arteria.
- Porta zaina. Gibel duodeno lotailuan kokatuko da, baita gibel hiloan sartu ere. Bere kokapenari dagokionez, lotailuan elementu albokoena izango da, eta atzealdean kokatuta egongo da.
- Gibel nerbio plexua: Gibela eta behazun xiskua inerbatzera doazen nerbio autonomoak (sinpatiko eta parasinpatikoak) odol hodiekin batera gibel-duodeno lotailuan kokatuko dira errai horietara heltzeko. Nerbio sinpatikoei dagokionez, T7-T10 mailetatik datozen errai nerbio nagusiari dagozkion gongoil osteko zuntzak izango ditugu, eta nerbio parasinpatikoei dagokionez, vagus nerbioaren gongoil aurreko zuntzak izango ditugu. Horrez gain, gibel eta behazun xiskuaren atal batzuen sentikortasunaz arduratzen den nerbio frenikoaren zuntzak (diafragma nerbioa) ere aurkituko ditugu.
Jatorri enbriologikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enbrioi garapenean, zeharkako tolespenaren eta luzetarako tolespenaren (zefalokaudalaren) ondorioz endodermoa eta bitelo zakuaren atal bat enbrioian barneratuko dira. Horrela alde zefalikotik kaudalera hedatzen den endodermozko hodi bat izango dugu, hasierako hestea, eta bertatik digestio aparatuko organoak garatuko dira.
Endodermo hodi honetatik eratorritako urdaileko egiturak peritoneo paretara lotuta egongo dira, 5. aste inguruan garatuko diren eta jatorri mesodermikoa edukiko duten 2 mesenterioren bitartez:
- Mesenterio dortsala: alboko mesodermoaren errai orriak (georago peritoneoaren errai orria deituko duguna) hestea inguratuko du, eta honen bi orriek atzealdean bat egiten dute, mesenterio dortsal hau eratuz. Digestio aparatuko peritoneo barruko egiturak atzeko paretara lotuko ditu, eta eremuaren arabera izen desberdinak hartuko ditu: urdail eremuan mesogastrio dortsal, duodeno inguruan mesoduodeno dortsal, kolon inguruan mesokolon dortsal… Aipagarria da barea mesenterio dortsal honen barnean garatuko dela.
- Mesenterio bentrala: septum transversum-etik eratorria den egitura hau hestegorriaren abdomen atala, urdaila eta duodeno hasiera dauden eremuan bakarrik egongo da, hauek abdomenaren aurreko paretara lotuz. Gibela septum transversum-aren mesenkimaren barruan garatzen denean bi lotailutan banatuko du mesenterio bentrala: gibela peritoneo paretaren aurrealdera lotzen duen lotailu faltziformea (edo igitai-formakoa) eta urdaila gibelarekin eta duodenoarekin komunikatuko duen epiploi/omentu txikia.
Hortaz, omentu txikiak jatorri mesodermikoa izango du (septum transversum-etik eratorria), digestio organoak peritoneoaren aurreko paretara lotzen dituen mesenterio bentralaren atal bat izango delarik. Hasieran, hestearen aurrealdean kokatuko da, baina garapenean ematen diren biraketa ezberdinak direla eta, goi eskumalderuntz abiatuko da, urdailaren bihurgune txikian eta duodenoaren hasiera zatiaren goikaldean geldituz.
Patologiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Omentu txikiaren infartua[1]: Patologia arraro eta nahiko ezezaguna da. Ohikoagoa da 40-50 urteko gizonezkoetan, eta egindako laparotomien %0,1a suposatzen du. Omentu txikiaren zati bat infartatzean nekrosia gertatuko da, eta horrekin batera hantura prozesu bat emango da peritoneoan edota pareta abdominalean. Normalean kausa ezezagunen ondorioz gertatzen da, baina baliteke irrigazio baskular anormal edota ahularen ondorioz gertatzea, hau maizago emango delarik eskumaldean. Beste batzuetan, abdomen barneko beste patologia batzuengatik gerta daiteke, esate baterako, herniak, hantura kronikoak, neoplasiak…
Arrisku faktore ezberdinekin erlazionatu da, hala nola, ariketa fisiko nekagarriak, asko jatea, obesitatea, traumatismo ezberdinak edota aurretik egindako kirurgia abdominalak.
Sintomak hurrengoak dira:
- Bat-bateko abdomeneko min oso handi eta lokalizatua, orokorrean eskumako iztai-eskualdean.
- Eskuineko iztai-eskualdean masa bat ager daiteke.
- Beste batzuetan sintomatologia ez da hain zehatza izango eta apendizitisarekin nahastu daiteke.
- Gorakoak, goragalea edota beherakoak ere eman daitezke, nahiz eta ezohikoagoak izan.
Omentu txikiaren eragabetasun linfatikoa[2][3]: Eragabetasun linfatikoak ohikoagoak dira gizonezkoen artean, abdomeneko eragabetasun linfatiko ohikoenak mesenterioan, omentu txikian edota mesokolonean agertzen direlarik. Eragabetasun hauek ezaugarri makro edo mikro kistikoak eduki ahal dituzte, normalean lobulatuak izaten dira eta hanturaren barnealdea likido linfatikoz edo hemorragikoz beteta ager daitezke. Normalean eragabetasun linfatikoak ehun bigunetan agertzen dira, non hedatzeko erraztasun gehiago edukiko duten.
- Sintomei dagokionez, normalean hantura abdominala somatzen da eta elikagaiak hartzeko ezintasuna.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ López Rubio, María Antonia; Martínez Ruiz, Yolanda. (2011-10). «Una causa infrecuente de dolor abdominal: el infarto de omento» Revista Clínica de Medicina de Familia 4 (3): 254–255. doi: . ISSN 1699-695X. (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) Fernández Domenech, José Antonio; Orozco Chávez, Efrén Gerardo; de la Cruz Ramírez Jaimez, Juan; González Ocampo, Luis Ricardo. (2014-04). «Malformación linfática del omento menor» Boletín médico del Hospital Infantil de México 71 (2): 103–107. ISSN 1665-1146. (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).
- ↑ (Ingelesez) Fernández Domenech, José Antonio; Orozco Chávez, Efrén Gerardo; Ramírez Jaimes, Juan de la Cruz; González Ocampo, Luis Ricardo. (2014). «Malformación linfática del omento menor» Boletín médico del Hospital Infantil de México 71 (2): 103–107. ISSN 1665-1146. (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).