Eskuare

Eskuarea edo arrastelua nekazaritzako eta lorezaintzako tresna bat da, kirten luze bati zeharka atxikita hortzak dituen barra batez osaturikoa, belarra, hostoak, harritxoak eta gisakoak bildu eta lurra berdintzeko erabiltzen dena.
Terminoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izenak argi erakusten duen gisan, eskuz erabiltzeko are txiki bat da eskuarea.[1] Arrastelu hitza ere erabiltzen da tresna izendatzeko, bereziki ekialdeko euskalkietan.[2]
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskuarea kanpoan erabiltzeko erratza mota bat da; lorategietan erabilera zabalekoa, kirten bati zeharka finkatutako barra horzdun batez osatua, belarra, hostoak, belar ondua edo sastrakak biltzeko erabiltzen dena. Lorezaintzan, lurra lisatzeko erabiltzen da, sastraka arinak garbitzeko eta ildoak, lubakiak eta berdinketak egiteko, belarretatik belar hilak kentzeko, eta, oro har, nekazaritzan areaz egin ohi diren lanak egiteko. Helburuaren arabera, materialak eta forma asko aldatu daitezke.[3]
Eskuareen bertsio mekanizatu handiak erabiltzen dira nekazaritzan, belar onduaren arrasteluak, forma desberdin askotan eraikitzen direnak; ohikoenak, izar gurpileko eskuare birakariak dira. Laborantza ez mekanizatua forma askotariko eskuareez egin daiteke. Eskuareak garia jotzeko makina baten osagai mekanikoa izan daiteke.[4]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskuareak aurkitu izan dira K.a. 1100 urteaz geroztik Txinan. Lehen eskuareak zurezko kirten bati lotutako zurezko hortzez eginak ziren.[5] Eskuare modernoaren antzeko diseinuak XVI. mendean hasi ziren, Journey to the West aldizkarian eskuare baten irudia agertu zenean.[6] Lorategiko eskuarea Edmund Brownek patentatu zuen 1874an. Honela deskribatu zuen patentean: «burdinazko hortzez egindako garbitzaile automatiko bat da, hortzen artean jaso daitekeen materia guztia kentzen baitu, lurretik altxatze hutsarekin».[6] 1905ean, elur-pala eta eskuare baten arteko konbinaketa esperimental bat asmatu zuen Richard Franklin Lawsonek.[7] Eskuare modernoa 1929an sortu zuen Camille J. Rocquinek, metalezkoa eta gaur egungoen antzekoa; 1970eko hamarkadara arte ez ziren plastikozko eskuareak erabiltzen hasi.[7]
Eskuare motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskuare modernoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskuare modernoak altzairuzko, plastikozko edo banbuzko hortzak izaten dituzte, historikoki egurrarekin edo burdinarekin egin izan direnak. Heldulekua edo kirtena 1,5 metroko inguru izaten da, egurrez, banbuz, altzairuz edo beira zuntzez egina.[8] Plastikozko arrasteluek, oro har, pisu arinagoa eta prezio apalagoa dute. Neurri handiagoko zabaleretan egindako eskuareak egokiagoak dira hosto erori berriak biltzeko. Metalezkoak hobeki egokitzen dira udaberrian erabiltzeko, hondakinak askotan hezeak edo ustelduak daudenean, metalezko hortzak lur geruzaraino sartzen baitira.
Hostoak biltzeko eskuareak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hostoak biltzeko eta belarra edo hondakinak mozteko erabiltzen dira.[9] Hortz luze eta lauak dituzte, L forman tolestuak eta lotura puntutik kanpora haizatuak.[10] Horri esker, nolabaiteko malgutasuna dago hortzak lur eremura egokitu ahal izateko, eta, aldi berean, arina da, landaretzari ahalik eta kalte gutxien egiteko. Teleskopio eskuareen bitartez, hortzak atzeratu egiten dira, finkatze puntu mugikor bat ardatzean gora irristatuz.[10]
Lorategiko eskuareak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lorategiko eskuareak altzairuzko hortzaz eginak izaten dira, lurzoruan eta tamaina handiko hondakinetan astunago erabiltzeko. Hortz luze eta zurrunak dituzte, urradura eta makurdura indarrak jasateko gai izan behar baitute.[11]
Arkudun eskuareak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskuare arkudunak lorategiko eskuareen azpimultzo bat dira, kirtenaren eta hortz barraren artean metalezko arku huts bat dutenak. Horrela, barraren alde laua lurra berdintzeko eta lautzeko erabil daiteke. Hortz finagoak eta motzagoak izan ditzakete, lorezaintzan eta paisaian lan asko egin ditzakete, eta fabrikazio zailagoa dutenez, prezio handiagoa izan ohi dute.[12] Batzuetan, barraren alde lauan bigarren hortz multzo bat gehitu daiteke.
Paisaia eskuareak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Paisaia eskuare batek lorategiko eskuare erraldoi baten itxura du, buru luzeagoa duena. Lurzoru eremu zabalak leuntzeko eta mailakatzeko balio du. Ohiko hosto arrasteluetatik edo lurzoruko lohi apurgailuetatik bereizten da, duen zabaleragatik. Oro har, paisajismo eskuare batek 75-95 bitarteko burua izan ohi du, edo are zabalagoa, eta kirtenarekiko 90 graduko angeluan ezarritako altzairuzko hortzak izaten ditu.[13]
Harri eskuareak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Harriak biltzeko arrastelu bat paisaia arrastelu baten antzekoa da, baina buru estuagoa du, 45-70 cm ingurukoa, eta altzairuz edo aluminioz egina egon ohi da. Burua kirtenarekiko 90 graduko angeluan ezartzen da. Larrainen eta soroen lur azalean egon daitezkeen harri txintxarrak biltzeko erabiltzen da.[14]
Geruza eskuareak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Geruza eskuare baten zeregin nagusia da hondakin geruza biltzea, hau da, soropilaren eta lurraren gainazalaren artean gelditzen den geruza organikoa. Eskuareen ohiko egituratik aldenduz, geruza eskuare batek buruaren edo barraren bi aldeetan hagin zorrotzak izan ohi ditu. Alde batek geruza apurtzen du, eta beste aldeak, berriz, erauzi. Landu gabe uzten denean, geruza mehe trinko batek airea eta eguzki argia belar izpien sustraietara sartzea eragotz dezake, eta horrek soropileko gaixotasunak eragin ditzake. Geruza organiko hori kentzea, batez ere 0,5 cm lodiera edo gehiago badu, onuragarria da soropilaren osasuna eta bizitasuna hobetzeko. Zeregin hori gauzatzeko tresna da geruza eskuarea. Arrastelu astun bat lurra egokitzeko eta geruza kentzeko egokia izan daiteke, baita tamaina handiagoko hondakinak mugitzeko ere. Belar gaizto gehienek belarrak baino sustrai ahulagoak eta sakonera txikiagokoak dituztenez, geruzarekin batera kentzen ahal dira, gero beharrezko eguzki argiarekin, ongarriarekin eta haziarekin, belarra ondo landatzea eragiten du. Tresna handiagoak edo belarra mozteko makineriaren eranskinak sarriago erabiltzen dira eremu handietan geruza organikoa kendu eta lurra prestatzeko.[14]
Hormigoi eskuareak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mota honetako eskuareak barraren alde batean metalezko buru bat du, baina beste aldean laua eta apur bat kurbatua da, pala gisa olan egiteko. Zama handiko tresna izan ohi da, hormigoi hezea zabaltzeko eta leuntzeko erabilia, eraikuntzan hormigoizko gainazalak berdintzeko.[14]
Sabai edo elur eskuareak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Era honetako eskuareak arinenetakoak dira, teilatuetatik elurra kentzeko pentsatuta daudenez. Hortaz, erraza izan behar da eskuarea buru gainetik edo eskailera batean zutik jarrita erabiltzea, maiz esku bakarrarekin oratuta. Plastikozko buru angelutsuak izan ohi dituzte, teilatutik elurra edo bestelako hondakinak erauzi ahal izateko. Kirten luzea izan ohi dute, batzuetan luzagarria, erabiltzaileak arrasteluari distantzia onean eutsi ahal izateko.[15]
Sute eskuareak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskuare hauek hortz metaliko sendoak dituzte, triangelu forma zabaletan, eta bultzada mugimendu batean erabiltzen dira, lurra sugarretara bultzatzeko, suak aurrera egin ez dezan. Mendi suteak kontrolatzeko erabiltzen dira, dagoeneko erre den eremutik kanpo sua hedatzea eragozteko.[16]
Kulturan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egutegi errepublikanoan, Lilidun hilabetearen 10. eguna «Le Râteau» (eskuarea) izendatzen zen,[17] egutegi gregorianoaren apirilaren 29a hain zuzen ere.
Eskuare bat lurrean uzten bada hortzak gorantz begira dituela, eta norbaitek nahi gabe hortzak zapaltzen baditu, eskuarearen kirtena azkar kulunkatu daiteke gorantz, biktimaren aurpegiarekin talka eginez. Hori maiz ikusten da slapstick komedian, hala nola The Pink Panther Strikes Again[18] eta marrazki bizidunetan, hala nola Tom eta Jerry eta The Simpsons serieko «Cape Feare» atalean, non eskuare multzo bat Sideshow Bob pertsonaiaren «arch-nemesis» (etsai porrokatu) bihurtzen baita.[19]
Errusierazko esaera batek dio «eskuare bera zapaltzea» (errusieraz: наступить на те же грабли) dela «akats txoro bat errepikatzea»; hainbesteraino, ezen «eskuare» (errusieraz: грабли) hitzak «arazo» esan nahi baitu.
Japoniako folklorean, Kumade (japonieraz: 熊手, hartz eskua) da eskuarea. Bertsio txikiago bat, eskuzkoa, apaindua, engimono (japonieraz: 縁起物) edo talisman gisa saldu ohi da, askotan Tori-no-Ichi («oilar merkatuak») azaroan Japonia osoan gertatzen diren merkatuetan, ustez erabiltzailearentzat zori ona edota gaizkia emateko gai izan baitaitezke.
Kasino batean, croupier batek eskuaren antzeko bat erabiltzen du galtzaileak diren apustuak biltzeko eta irabaziak irabazleei banatzeko.
Irudi galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Hostoak biltzeko eskuare bat.
- Metalezko eskuaren zaharkitu bat.
- Eskuare moderno bat.
- Lurra lantzeko arkudun eskuare sendo bat.
- Belarra biltzeko zurezko eskuare tradizional bat.
- Ale eskuare bat. Nekazaritza tresna historikoa.
- Belarra biltzeko eskuare moderno bat.
- Nekatuta (1881), Jules Bastien-Lepage margolariaren lana. Emakumea geruza eskuare batean dago oratuta.
- Kasinoko eskuare bat.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > eskuare» Euskaltzaindiaren Hiztegia (kontsulta data: 2026-03-03).
- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > arrastelu» Orotariko Euskal Hiztegia (kontsulta data: 2026-03-03).
- ↑ (Ingelesez) «What is: rake» Holistic Health Pathways.
- ↑ (Ingelesez) Ure, Andrew. (1878). Dictionary of Arts, Manufactures and Mines (ed. by Robert Hunt). Creative Media Partners, LLC ISBN 978-1022318526. (kontsulta data: 2026-03-03).
- ↑ (Ingelesez) «Rake» Goleta Valley Historical Society (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-03-04).
- 1 2 (Ingelesez) Johnson, Lauren. (2018-09-26). «Invention Spotlight: Fall Inventions» Inventionland (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-03-04).
- 1 2 (Ingelesez) Smith, Ernie. (2016-05-20). «A Short History of Rakes, and Why You Should Think Twice About Using Them» Atlas Obscura (kontsulta data: 2026-03-04).
- ↑ (Ingelesez) Smith, Ernie. (2016-05-20). «A Short History of Rakes, and Why You Should Think Twice About Using Them» Atlas Obscura (kontsulta data: 2026-03-04).
- ↑ (Ingelesez) Wolfla-Thomas, Linda. (2020-07-28). «12 Types of Rakes: Uses and Tips» Lawnstarter (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-03-04).
- 1 2 (Ingelesez) «The 7 best garden rakes to buy in 2026, as tested in real-world conditions by our experts» BBC Gardeners World Magazine (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-03-04).
- ↑ (Ingelesez) Breen, Matt. (2024-07-11). «Best garden rakes: a buyer's guide and popular options» Gardens Illustrated (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-03-04).
- ↑ (Ingelesez) Sher, Savannah. «The Best Bow Rakes for Your Lawn and Garden» Bob Vila (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-03-04).
- ↑ (Ingelesez) Mowinski, Dan. (2017-07-17). «Best Gravel Rakes: UK Reviews (2024)» Urban Turnip (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-03-04).
- 1 2 3 (Ingelesez) «15 Different Types of Rakes and Their Uses» Trees.com (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-03-04).
- ↑ (Ingelesez) «These Are the Best Snow Roof Rakes Our Expert Recommends for Safe and Easy Snow Removal» Popular Mechanics 2025-01-09 (kontsulta data: 2026-03-05).
- ↑ (Ingelesez) «Fire Rakes - The Most Useful Outdoor Tool You Don't Own» Raydient Rural (kontsulta data: 2026-03-05).
- ↑ (Frantsesez) France. (1793). Convention nationale. Rapport fait à la Convention nationale, dans la séance du 3 du second mois de la seconde année de la République Française, au nom de la Commission chargée de la confection du Calendrier ; Par Ph. Fr. Na. Fabre-D'Eglantine,... Imprimé par ordre de la Convention nationale. De l'imprimerie Nationale (kontsulta data: 2026-03-06).
- ↑ (Ingelesez) Draven, Derek. (2020-01-24). «10 Most Hilarious Inspector Clouseau Moments» ScreenRant (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-03-06).
- ↑ (Ingelesez) McNab, JM. (2024-07-03). «‘The Simpsons’ Classic Rake Gag Was Created to Fill Extra Time» Cracked.com (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-03-06).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Rakes Market