Eufemismo
Eufemismo (antzinako grezieratik, ευφημία, ongi esana) pentsamendu figura bat da. Baliabide hau honetan datza: hitz bat publikoki erabiltzeko egokia ez denean horren ordez hain gogorra ez den beste bat erabiltzen da. Esaterako, “mozkortuta” esan beharrean “edanda” esatea. Normalean eufemismo baten azpian tabu bat dago, hau da, publikoki aipatzea gaizki ikusita dagoen hitz bat. Horrelako hitz asko sexuarekin lotuta daude: zakilaren ordez "pilila", maitasuna egin "larrua jo" esan beharrean. Politikan eta hedabideen hizkuntzan ere oso arruntak dira: ijito esan beharrean "gutxiengo etnikoaren partaide", elbarrituaren ordez "gaigabetua". Eguneroko hizkuntzan ere askotan ematen dira: "pikolo" guardia zibilaren ordez, "festondo" mozkorraren ondorioak adierazteko, amorantea esateko "laguntxo" e.a. Ikusten denez eufemismoak askotan perifrasi baten forma hartzen du,[1] perifrasi eufemistikoa alegia. Eufemismoaren kontrakoa disfemismoa da.
Zentsura garaietan edo pentsamendu politiko batzuk debekatuta daudenean, eufemismoak esan ezin diren gauzak aipatzeko modua izan daiteke. Hori Inazio Mari Atxukarro idazlearen lerro hauetan ikus daiteke. Gerra ondorengo garaiez ari zen eta poliziak edo guardia zibilak aipatu ezikik, horrela azaltzen zituen:
« | Bidean ere naiko oztopo bazegoen eta, moskor itxura egiñ bear zuten. Or datoz :"Carrascal, Carrascal" abestuaz. Txikierdi alde hortan, gizaiak: - ¡Alto! Salvoconducto.[2] |
» |
"Oztopoak" polizia-kontrolak izango lirateke eta "gizaiak" guardia zibilak.
Adibideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berria egunkariko estilo liburuak[3] eufemismo batzuk saihesteko aholkua ematen du. Hona estilo liburuko adibideak:
Kazetaritzan erabili izan den eufemismoa | Berria egunkariko Estilo liburuak proposatzen duen ordaina |
---|---|
albo ondorioak | biktima zibilak |
baketze operazioa | operazio militarra |
beltzarana | beltza |
desfaboratuenak | pobreak, txiroak |
hazkunde negatiboa | (ekonomia) krisia, krisialdia, atzeraldia |
helduentzako filma, helduentzako aldizkaria... | film pornografikoa, aldizkari pornografikoa... |
hirugarren adina | zahartzaroa |
Hirugarren Mundua | herrialde pobretuak |
hirugarren adina | zahartzaroa |
koloreko gizona, emakumea | gizon, emakume beltza |
langile taldea doitu | langile taldea murriztu |
zehar kalteak | biktima zibilak |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Altzibar, Xabier. (2008). Literatura terminoen hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia, 323 or..
- ↑ Atxukarro, Inazio Mari. (1982). Irriparrezko printzak. Donostia: Sendoa.
- ↑ «Berria Estilo Liburua» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-19).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Euskaltzaindia: Literatura terminoen hiztegia. Bilbo: 2008. 322-323 or. Xabier Altzibarren artikulua.