Euskal Kooperatiben Mugimendua
Euskal Kooperatiben Mugimenduak[1] Euskadin 55.000 langiletik gora dituzten 1.200 kooperatibaren [2] elkargunea da. Bi dira bere bereizgarri nagusiak: Lan Kooperatiben dentsitate altua[3] eta bere barruan nazioarteko erreferente nagusia[4][5] dagoela, Mondragon Taldea osatzen duten kooperatibak alegia.
Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak, Federazio sektorialek eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak osatzen dute[6] Euskal kooperatiben interesak babesteko eta sustatzeko Euskal Kooperatiben Mugimendua.
Ekainaren 24ko, Euskadiko Kooperatiben, 4/1993 Legearen arabera[7]: ”Bere kideen ekonomia eta gizarte-jarduerak sustatzea, eta, kideon parte-hartze zuzenaren bidez, beren beharrak betetzea helburu nagusi duen enpresa garatzen duen elkartea da Kooperatiba, beti ere, kooperatibismoaren printzipioak[8]bere eginez eta inguruko gizarteari arreta jarriz.”
Eginkizunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Euskadiko kooperatibak erakundeetan ordezkatzea eta organo publikoetan haien presentazia sustatzea
- Kooperatiba-arloko sustapena eta prestakuntza bultzatzea, ekintza egokien bidez
- Kooperatibentzat egokiak diren entitate, erakunde edo jarduerak sustatzea
- Elkartutako kooperatibentzat interesekoak izan daitezkeen zerbitzuak antolatzea
- Mota guztietako interkooperazioa bultzatzea, erakundeen zein enpresen esparruan
- Kooperatiben Mugimenduaren zabalpena indartzea, batez ere haren printzipioena, kooperatiben oinarrian dauden balioak praktikara eramateko jarraibide direnak
- Sortzen diren gatazketan esku-hartzea, arbitraje, bitartekotza eta adiskidetze-prozeduren bidez
- Kooperatibei eragiten dieten gaiei buruzko txosten, ebazpen, irizpen edo proposamenak egitea
- Egoki irizten zaien erakunde eta organismoetan parte hartzea
- Kooperatiben Mugimenduarentzat lagungarria izan daitekeen beste edozein eginkizun
KONFEKOOP – Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legeak sortu zuen, eta 1996ko ekainaren 18an eratu zen. Euskadiko kooperatiben Federazio sektorialek osatzen dute, eta euskal kooperatiben eta haien erakundeen ordezkari gorena da.
Euskadin kooperatiben hainbat federazio sektorial eratu dira, kooperatiba motaren arabera, haiei zerbitzua emateko.
Kooperatiba motak[9]:
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Lan kooperatibak. Haien lanaren bidez, hirugarrenentzat ondasunak eta zerbitzuak elkarrekin ekoizteko edozein motatako jarduera ekonomiko edo profesional garatzen duten pertsona fisikoak elkartzen ditu batez ere
- Kontsumo-kooperatibak. Bazkideek erabiltzeko edo kontsumitzeko ondasunak edo zerbitzuak eskaintzea da bere helburua, bai eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen bidezko interesak eta eskubideak babestea eta sustatzea ere
- Irakaskuntza kooperatibak. Irakaskuntza-lana egiten dute, maila, fase, ziklo, gradu eta modalitate desberdinetan, jakintzaren edo prestakuntzaren edozein arlotan
- Nekazaritza-elikagaien kooperatibak. Nekazaritzako, basogintzako edo abeltzaintzako ustiategien edo ustiategi mistoen titularrak elkartzen ditu, helburu hauek dituztenak: merkaturatzea, hornidurak, ekoizpen-tresnak eta zerbitzuak eskaintzea edo bazkide guztien ustiategiak hobetzeko lanak egitea
- Erkidegoan ustiatzeko kooperatibak. Nekazaritzako, basogintzako edo abeltzaintzako ustiategien edo ustiategi mistoen titularrak elkartzen ditu, helburu hauek dituztenak: merkaturatzea, hornidurak, ekoizpen-tresnak eta zerbitzuak eskaintzea edo bazkide guztien ustiategiak hobetzeko lanak egitea
- Etxebizitza kooperatibak. Bazkideei etxebizitzak edo lokalak, eraikinak eta instalazio osagarriak ematea da bere xedea; higiezin eta osagai komun horiek hobetzea, zaintzea eta administratzea; dagozkion zerbitzuak sortzea eta ematea; eta etxebizitzak, lokalak, instalazioak eta eraikinak berritzea
- Kreditu-kooperatibak. Bazkideen finantza-beharrizan aktibo eta pasiboei erantzutea da bere helburua; hirugarrenekin jarduteko aukera ere badauka
- Aseguru-kooperatibak. Jarduera aseguratzailearen edozein arlotan aritzea da bere helburua
- Osasun-laguntzako kooperatibak. Aseguru-konpainiak dira, eta haien bazkideen edo asegurudunen osasunarekin loturiko arriskuei estaldura eskaintzea da bere enpresa-jardueraren ardatza
- Osasun-instalazioetarako kooperatibak. Haien bazkideei eta langileei osasun-arreta eskaintzeko ospitaleak, klinikak eta antzeko zentroak sustatzea, hornitzea, administratzea, eustea eta kudeatzea helburu duten kooperatibak dira, pertsona fisikoek eta juridikoek osatuak
- Profesionalen zerbitzu-kooperatibak. Norbere kontura aritzen diren artisauek, profesionalek edo artistek osatutako kooperatibak dira, eta bazkideen lana erraztu edo osatzeko balioko duten hornidurak, zerbitzuak eta prestazioak eskaintzea dute helburu
- Enpresen zerbitzu-kooperatiba. Norbanako enpresariek edo enpresari sozialek eratutakoak, profesionalen kooperatiben helburu berarekin
- Erakundeen zerbitzu-kooperatibak. Korporazioek, erakunde publikoek, fundazioek, sindikatuek eta mota guztietako elkarteek sortutakoak, beharrizanei erantzuteko, bazkide bakoitzaren autonomiari eta berezitasun instituzionalari eragin gabe
- Garraiolarien kooperatibak. Garraio-zerbitzuak antolatzea edota eskaintzea dute helburu nagusi, bai eta helburu hori lortzeko beharrezko ekintzak egitea ere. Garraiolariak, gidariak eta beste langile batzuk dira bazkideak, eta denen lanaren ekarpenaren bidez eskaintzen dituzte aipatu zerbitzuak
- Gizarteratzeko kooperatibak. Batez ere ezgaitasun fisikoak edo psikikoak dituzten pertsonek osatutakoak dira. Lan elkartuan oinarritu ahal izango dira, produktuak edo zerbitzuak antolatzeko eta bideratzeko
- Junior kooperatibak. Lan kooperatibak dira, eta bazkideek jarduera ekonomiko edo profesionala garatzen dute elkarrekin, ondasunak eta zerbitzuak sortzera bideratua, haien lan ekarpenaren bidez; ikasleek haien ikastetxeetan egindako ikasketa-lanetan bereganatzen eta garatzen dituzten gaitasunak praktikara eramatea da kooperatiba hauen azken xedea
- Bigarren graduko edo hurrengo graduko kooperatibak. Kide diren erakundeen eta osatutako taldearen jarduera ekonomikoa osatzea, sustatzea, koordinatzea, indartzea edo integratzea dute helburu
EKGK – Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua Euskadiko Kooperatibei buruzko otsailaren 11ko 1/1982 Legeak sortu zuen, eta 1983ko urtarrilaren 28an eratu zen formalki. Kooperatiben, Eusko Jaurlaritzaren eta euskal unibertsitateen ordezkariek osatzen[10] dute.
Erakunde publiko bat da, eta euskal administrazio publikoei aholkua ematen die kooperatibismoarekin loturiko gai guztien inguruan. EAEko ordenamendu sozioekonomikoaren erregimen legal eta instituzionala hobetzeko laguntza ematen du. Euskal kooperatibetan sortzen diren auzi-gaietan esku hartzen du, arbitraje, bitartekotza edota adiskidetze-prozeduren bidez.
Elkar-Lan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elkar-Lan Koop. E. irabazi asmorik gabeko bigarren graduko kooperatiba bat da. Euskal Kooperatiben Mugimenduak sortu zuen, kooperatiba-enpresak sustatzeko, eta, beraz, enplegu kooperatiboa eta garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko helburu bakarrarekin.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Herri Administrazio saila, “Euskadiko Kooperatiben Legea” Eusko Jaurlaritza. Vitoria-Gasteiz 2011. ISBN: 978-84-457-3143-7
- (Gaztelaniaz) Mikel Lezamiz, Patxi Ormazabal, Marcos de Castro, Javier Salaberria, Andrés Arizcorreta, José Antonio Garrido, Pablo J. Beltrán de Heredia, “El Movimiento Cooperativo” Minerva Ediciones S.L. Madrid 2008. ISBN: 978-84-88123-67-1
- (Gaztelaniaz) Mikel Lezamiz, “Relato breve del cooperativismo”[11] Otalora. Aretxabaleta 1990. ISBN: 84-88125-06-2
- Konfekoop, Erkide, "Kooperatiben Gobernu Onaren Kodea"[12] Konfekoop eta Erkide. Vitoria-Gasteiz 2011
- (Gaztelaniaz) Bruno Roelants, Eum Hyungsil, Elisa Terrasi, “Cooperativas y empleo: un informe mundial” CICOPA. Bruselas 2014. ISBN: 978-2-930816-02-9
- (Gaztelaniaz) Leyre Arrieta, Miren Barandiaran, Alazne Mujika, José Antonio Rodríguez Ranz, "El Movimiento Cooperativo en Euskadi 1884-1936" Sabino Arana Fundazioa. Bilbo 1998. ISBN: 84-88379-24-2
- (Gaztelaniaz) Julia Itoiz. La otra experiencia – El libro que nadie quiso publicar a Jorge Oteiza. (Andoni Esparzaren biografia).[13]
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Nazioarteko Kooperatiba Aliantza.
- Kooperatiba Mugimendua.
- Kooperatiba.
- Mondragon Taldea.
- Kooperatiben printzipioak.
- Lan kooperatiba.
- Jose Maria Arizmendiarrieta.
- Andoni Esparza Gallastegi.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Konfekoop – Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa
- EKGK – Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua
- Elkar-Lan Koop.E.
- Forokoop – Kooperatiba-eztabaidarako Foroa
- Mondragon Taldea
- Eusko Jaurlaritza – Gizarte Ekonomia Zuzendaritza
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Ormazabal, Patxi «2. Cooperativismo en el País Vasco», El Movimiento Cooperativo. Minerva Ediciones S.L. 2008. ISBN 978-84-88123-67-1, 2016-11-24
- ↑ «Euskal Kooperatiben Mugimendua zenbakietan», Konfekoop, 2016-11-24
- ↑ Roelants, Bruno «3. Empleo cooperativo: análisis de 10 regiones», Cooperativas y empleo: un informe mundial. CICOPA 2014. ISBN 978-2-930816-02-9, 2016-11-24
- ↑ Lezamiz, Mikel «1. Antecedentes históricos del cooperativismo a nível del Estado y del País Vasco», El Movimiento Cooperativo. Minerva Ediciones S.L. 2008. ISBN 978-84-88123-67-1, 2016-11-24
- ↑ Bartolomé, Mónica «B+I Strategy - Euskadi 2020: referente internacional en la participación de las personas en la empresa», www.bmasi.net, 2016-11-24
- ↑ «Ekainaren 24ko, Euskadiko Kooperatiben, 4/1993 Legea», 143. atala. Eusko Jaurlaritza 2011. ISBN 978-84-457-3143-7, 2016-11-24
- ↑ «Ekainaren 24ko, Euskadiko Kooperatiben, 4/1993 Legea», 1. atala. Eusko Jaurlaritza 2011. ISBN 978-84-457-3143-7, 2016-11-24
- ↑ «Kooperatiba balioak eta printzipioak», Nazioarteko Kooperatiba Aliantza 1995, 2016-11-24
- ↑ «Ekainaren 24ko, Euskadiko Kooperatiben, 4/1993 Legea», 98. atala. Eusko Jaurlaritza 2011. ISBN 978-84-457-3143-7, 2016-11-24
- ↑ «Ekainaren 24ko, Euskadiko Kooperatiben, 4/1993 Legea», 145. atala. Eusko Jaurlaritza 2011. ISBN 978-84-457-3143-7, 2016-11-24
- ↑ Lezamiz, Mikel «Relato breve del cooperativismo», Azatza S.L. 1990. ISBN 84-88125-06-2, 2016-11-24
- ↑ «Kooperatiben Gobernu Onaren Kodea», Konfekoop-Erkide 2011, 2016-11-24
- ↑ Eizagirre, Estitxu. «“Egun bizi garen sistema fosilista aldatzeko enplegua da dugun armarik handiena”» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).