Eusko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Eusko
Eusko afixa 2014 001.JPG
Euskoaren sinboloa
ISO kodea: Ez
Estatua(k): Frantzia eta Espainia
Lurraldeak:
 Euskal Herria: Ipar Euskal Herria eta Nafarroa Garaia
Ikurra: e
Frakzioa: Ez
Billeteak: 1, 2, 5, 10, 20
Truke tasa:
1 EUSKO = 1 EUR
Bankua: Euskal Moneta
Euskal Moneta erakundea

Euskoa Euskal Moneta erakundeak jaulkitako Euskal Herriko tokiko dirua da, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa Garaian erabiltzen dena. Diru hori 2013ko urtarrilaren 31n jaio zen, Euskal Moneta Ekologiko eta Solidarioa Sortzeko Elkartearen eskutik. 2013an 370 saltokitan erabilgarri da.[1]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskoa zentimotan zatitzen ez den dirua da, eta euroaren balio bera du. Hala, erabiltzerako orduan, produktu baten prezioaren euro osoak euskoekin ordain daitezke, baina zentimoak eurotan ordaindu behar dira. Adibidez, 3,50 euroko produktu bat 3 eusko eta 50 euro-zentimoren truke eskura daiteke.

Tokiko diruaren erabilera bultzatzea helburu, dirua eurotik eta euskora aldatzean 1 € = 1 EUSKO trukea aplikatzen da. Aldiz, euskotik eurora diru aldaketa egitean, balioaren % 5 kenduko zaio, hau da, eusko baten truke 0,95 euro eskuratuko ditugu. Hala, euskoa dirutzat erabiltzen jarraitzea bultzatu nahi da.[2]

Billete formatuan jaulkita, 1, 2, 5, 10 eta 20 euskoko billeteak daude. Ez dago txanpon formaturik.[3]

Billeten disenuak Ramuntxo Partarrieuk eginikoak dira, Bob Edmek egindako argazkien gainean. Argazkiotan Euskal Herria edota euskararekin lotura duten irudiak ageri dira:[4]

  • 1 euskoko billetea urdina da, eta txalaparta ageri da.
  • 2 euskoko billetea gorria da, eta euskal dantzen irudia darama.
  • 5 euskoko billetea grisa da, eta Iparraldeko nekazaritza-lurraren irudi bat erakusten du.
  • 10 euskoko billetea horia da, eta irudian arbela ikus daiteke, NOR NORI NORK euskarazko aditz sistema mota idazten ari den emakumezkoarekin.
  • 20 euskoko billetea morea da, eta irudian industria guneko garabiak daude.

Billeteek faltsifikazioen kontrako bost segurtasun sistema dituzte, euro billeteen antzekoak:[5]

  • Filigrana bat
  • Urreztadura berotua
  • Puntzoi zigiluak (segurtasun sistema hau, gainera, itsuek billeteak errekonozitzeko balio du)
  • Fotokopien kontrako segurtasun sistema
  • Ezkutuko beste sistema bat

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Moneta Ekologiko eta Solidarioa Sortzeko Elkartea, AMBES (frantsesetik etorria, Association pour la création d’une Monnaie locale Basque, Ecologique et Solidaire) Bavarian izan zen 2012ko urtarrilaren 25etik 28ra, 2003an sortutako Chiemgauer tokiko diruari buruzko funtzionamendua, eta diru hori tokiko ekonomian izaten ari den eragin ikertzeko asmoz. Aipatzekoa da chiemgauer dela Europan arrakastatsuena den tokiko dirua, Chiemgau eskualdean euro diru ofiziala baino erabilera handiagoa izateraino heldu baita.[6] AMBESeko ordezkaritza batek Tolosa Okzitaniara ere bidaiatu zuen, bertako tokiko dirua, sol-violette izenekoa, ikertzeko.

Diruaren izena aukeratzeko, AMBES elkarteak herritarren parte-hartzea eskatu zuen, eta herritarrek diru horretarako izen proposamenak bidali zizkieten. Ehunka jaso ziren, eta elkartearen epaimahai batek guztien artean zazpi aukeratu zituen: bihi, esku, eusko, libera, piku, sos, eta ttantto. 2012ko apirilaren 20tik maiatzaren 13ra bitartean, Internet bidez herritar guztiek zazpi izenen artean bat bozkatzeko aukera izan zuten, eta urte horretako Herri Urratsen bozketaren emaitzak eman ziren: Ipar Euskal Herriko tokiko diruak eusko izena hartuko zuen.

Handik aurrera hainbat batzar egin ziren diru haren nondik norakoak guztiz finkatzeko. Mintzaldiak ere eman ziren diru berriaren funtzionamendua azaltzeko.

2013ko urtarrilaren 26an, Ustaritzen, Euskoa abiarazteko biltzar nagusia egin zen. Ordurako 73 saltoki eusko sarearen barruan ziren.

Martxan jartzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eusko dirua 2013ko urtarrilaren 31n jarri zen martxan Ipar Euskal Herrian. Guztira 126.500 eusko inprimatu ziren.

Hasieratik bertatik, euskoa onartzen zuten saltokiez gain, garrantzi handiko gertaeretan ere euskoa erabiltzeko aukera izan da, hala nola 9. Neska Korrikan Azkainen, Korrika 18an Baionan, edota Herri Urratsen Senperen, Euskoa denen esku goiburua hartuta.

Euskoaren sortzaileen lehen datuen arabera, diru hori martxan jarri eta hilabetera jadanik erabilgarri zen 261 enpresatan, eta 1200 erabiltzaile baino gehiago zituen. Geroago zabaldutako datuei men eginez, 310 enpresaz eta 1500 erabiltzailez osatzen zen eusko sarea.

2013ko ekainean jakinarazi zenez, euskoaren zabalpena uste baino arrakastatsuagoa izateagatik, Euskal Monetak 350.000 eusko berri inprimatu behar izan zituen. Momentuan eusko sareak 360 zerbitzu emaile zituen, eta Hego Euskal Herrira saltoa eman zuen, Urdazubin ere erabiltzea dagoelarik.

2014ko azaroan jakin zenez, 2015ean euskotan funtzionatuko duen txartel elektroniko bat ezarri nahi zuten[7].

Eusko-Herrikoa inbertsio fondoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Moneta euskoa kudeatzen duen elkarteak, eta Herrikoa Ipar Euskal Herriko garapen ekonomikorako arrisku kapital sozietateak, Eusko-Herrikoa inbertsio fondoa abiarazi zuten 2013ko maiatzaren 15ean, Euskal Herriarentzat iraunkorrak diren proiektuei zuzendutako 100.000 euroko inbertsioa egin delarik.[8]

Helburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskoa, sortzaileen arabera, «tokiko diru bat da, euskalduna, ekologikoa eta solidarioa». Tresna horren bidez, tokiko ekonomiari bultzada eman nahi zaio, bertako gizartearen eta kulturaren onurarako. Euskararen aldeko lanari dagokionez, eusko sarearen parte diren saltokietan produktuak euskaratzeko pausoak ematen ari dira. Ekologiko eta solidariotzat hartzeko, nabarmentzea dago tokiko ekonomia bultzatzeak aztarna ekologikoa murriztea dakarrela, eta tokiko dirua ezarri den beste tokietan aztertu denez, negozio eta saltzaileen arteko harremana indartu da. Gainera, tokiko diruaren proiektua lanpostuak sortzen ari da.[9]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Eusko Aldatu lotura Wikidatan