Fan art

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
J.R.R. Tolkien idazlearen Gandalf pertsonaiaren fan art bat

Fan art edo fanart ingelesetik datorren hitza da, beste baten lanean oinarriturik sortzen diren artelanak adierazteko erabiltzen dena. Beste horrek sortu duen unibertsoko pertsonaiak, garaiak, janzkera edo beste edozer imitatzen du. Normalean hedabideetan oihartzun handia izan duten lanak hartzen dira, telebista, liburuak, bideojokoak, komikiak zein anime bezalakoetatik. Helburua narrazio berriak sortzea da, komikien, irudien edo argazkien bidez.

Zehatz mehatz, fan art hitzak “zaleek sortutako artea” esan nahi du, beraz zerbait bisuala dela adierazten du, baina ez derrigorrez oinarri bisual batekin, komikiak, liburuak edo filmak, esaterako. Gainera, artelan hauen sorkuntza bitarteko batek aurretik sortu duen unibertso bateko elementu batek baldintzatzen du, zaleak edo fan-ak moldatua, eta sortuko duen obra berrian arau zein hasiera-puntu dena.

Batzuek fanart hitza estilo jakin bateko lanak izendatzeko baino ez dute erabiltzen, manga edo anime estiloko irudiak adibidez. Hau ez da erabilera zuzena, fanart-ak edozein estilo baimentzen baitu.

Itxura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fan art bat era askotakoa izan daiteke. Ohiko marrazki eta pinturez gain, artistek bannerrak, pertsonaiak, animazioak, collageak, posterrak eta lanen bateko aipu baten adierazpen artistikoak sor ditzakete. Internetek eta irudien prozesaketa digitalaren presentzia zabalak eraldaketa nabarmena eragin du fan art-ak sortzeko orduan, askoz ere aukera gehiago eskainiz.

Legeari dagokionez[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialde gehienen jabetza intelektualen legeen arabera, copyrighta duten iruditan oinarritutako fan art-ak (manga, anime edo bideojokuetako pertsonaiak, baita telebista edo filmetako aktoreak ere) lan eratorritzat hartzen dira eta euren banaketa edo erakusketa ez da legezkoa egilearen baimenik gabe.