Fonokardiograma

Wikipedia, Entziklopedia askea

Fonokardiografia soinu kardiakoen erregistro grafiko edo entzutezkoa da. Teknika hau estetoskopio akustiko tradizionalarekin lortutako emaitzak hobetzeko erabiltzen da. Fonokardiogramaren bidez, bihotz-taupadetatik eratorritako soinu-uhinak jaso, erregistratu, neurtu eta grafikoki irudikatu ahal dira. Halaber, tenporizazioa, intentsitate erlatiboa, frekuentzia, kalitatea, tonua, tinbrea eta soinu kardiakoen osagai desberdinen kokapen zehatza era objektibo eta errepikakor batean dokumentatzea ahalbidetzen du. Beraz, fonokardiogramaren helburu nagusia bihotz-auskultazioan entzuten diren soinu kardiakoen iraupena grafikoki irudikatzea da, baita zarata eta bihotz-murmurioen karaktereak zehaztasunez mugatzea ere.

Bihotzaren ikuspegi anatomikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bihotzak bi faseetan ponpatzen du odola gorputzera. Ponpaketa-prozesu osoari bihotz-taupada deritzo, eta gutxi gorabehera segundo bat irauten du. Odola bihotzaren ezker eta eskuin aurikuletan metatzen den heinean, nodo sinoaurikularra (bihotzaren taupada-markagailua) seinale elektriko bat bidaltzen du, uzkurketa-aurikularra gauzatuz. Uzkurketa honek odola bultzatzen du balbula trikuspide eta mitralean zehar, ezker eta eskuin bentrikuluetarantz bidaliz. Bihotz-ponpaketaren fase honi diastole deritzo.

Bihotzeko odol-fluxuak diastole-prozesuan.

Bihotz-ponpaketaren bigarren fasea, sistolea, bentrikuluak odolez beteta daudenean hasten da. Nodo sinoaurikularrak eratutako seinale elektrikoak kondukzio-bide elektriko batetik garraiatzen dira, bentrikuluen uzkurketa estimulatuz. Ondoren, odol-itzulpena ekiditeko balbula trikuspide eta mitrala ixten dira, eta, aldiz, birika-balbula eta aorta-balbula irekitzen dira. Eskuin bentrikuluak odola oxigenatzeko biriketara bultzatzen duen bitartean, ezker bentrikulutik bihotzera eta gorputz-atal ezberdinetara odol oxigenatua jariatzen da.

Bihotzeko odol-fluxuak sistole-prozesuan.

Odola birika-arteria eta aortara pasatzen denean, bentrikuluak erlaxatzen dira eta aldi berean, birika-balbula eta aorta-balbula ixten dira. Bentrikuluen presioa txikitzean, balbula trikuspide eta mitrala irekitzen dira, eta zikloa berriz hasten da. Bihotzaren uzkurketa hauek etengabe errepikatzen dira, esfortzu-momentuetan uzkurketa-denbora handituz eta atseden-momentuetan txikituz.

Soinu kardiakoen jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paziente baten bihotz-arazoak diagnostikatzeko, auskultazio-prozesua beharrezkoa da. Prozesu honetan, medikuak, estetoskopio baten bidez, bihotzak eta birikek eragiten dituzten soinuak entzuten ditu, baita odol-fluxuarenak ere.

Toraxean lau auskultazio-foku nagusi daude, bihotzeko tonu nagusien epizentroa entzuteko: foku aortikoa, birika-fokua, foku trikuspidea eta foku mitrala. Bihotzeko tonuak, bihotz-auskultazioan entzuten direnak, lau dira: lehenengoa (S1), bigarrena (S2), hirugarrena (S3) eta laugarrena (S4). Bihotzeko beste tonu batzuk murmurio bezala ezagutzen dira, eta ezohikoak dira.

S1 tonuak sistole bentrikularraren hasiera adierazten du, eta S2 delakoak diastole bentrikularraren hasiera. S3 eta S4 tonuak estetoskopio arruntarekin entzutea zailagoa da. Hortaz, auskultazio-prozesuan detektatzea konplexuagoa da.

Seinalearen ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Seinalearen ezaugarriei dagokienez, eta bihotzeko tonuen jatorria kontuan hartuta, lau seinale-mota erregistratzen dira:

  • S1 tonua balbula aurikulobentrikularren itxierarekin loturik dago. 0,15 segundo irauten du, eta bere maiztasuna 25-45 Hz-eko tartean dago. Bihotz-maiztasuna baxua denean leuna da, bentrikuluak odolez betetzen direlako.
  • S2 tonua balbula sigmoideoen itxierarekin bat dator. S1 tonuak baino intentsitate gutxiago dauka. Birika-inspirazioan, soinu aurikularrak eta birika-soinuak bereizten dira, aorta-balbula birika-balbula baino lehen ixten delako. Soinu hauen frekuentziak 50-70 Hz-eko tartean daude, eta bakoitzaren iraupena 10-30 ms-koa da, hauen arteko tartea 20 ms-koa izanik. Presio diastolikoa aortan edo birika-arterian handia denean, soinua gogorra eta argia da, arteria bakoitzaren balbulak sistolearen bukaeran era zakar batean ixten direlako.
  • S3 tonua bentrikuluen betetze-pasiboari dagokio. 30 Hz-tik beherako frekuentziak ditu, eta 10 ms-ko iraupena dauka.
  • S4 tonua aurikulen uzkurketarekin lotuta dago, eta ia-ia entzunezina da.

Lehenengo bi soinuen artean (300-400 ms aldenduak) ez dago beste inongo soinurik, soilik ingurune-zarata. Soinuren bat egongo balitz, kardiopatia baten ondorioz izango litzateke. Kardiopatiak adierazten dituzten soinuei murmurio deritze, eta frekuentzia altukoak dira. Gutxiegitasun eta estenosi balbularren kasuetan, soinuak 2 kHz-koak izan ahal dira. Kasu hauetan, seinale akustikoa 80 dB-koa da, eta banda-zabalera 25-2.000 Hz-eko tartean dago.

Soinu kardiakoen erregistro grafikoa.

Seinale fonokardiografikoa lortzeko beharrezkoa den medikuntza-tresneria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, estetoskopioa, fonendoskopio bezala ere ezagutzen dena, medikuek bihotzeko auskultazio prozesuan gehien erabiltzen duten tresna da. Nahiz eta tresna sinple bat dirudien, bere eboluzioa 160 urte baino gehiagokoa izan da. Egurrezko solido sinple batetik prezisio altuko tresna bat izatera pasatu da, bihotz-soinuak fonokardiograma batekin grafikoki irudikatzeko gaitasunarekin.

Gaur egun merkatuan dagoen tresneriaren artean, ohikoak eta elektronikoak bereiz daitezke. Fonendoskopio arruntena Littman doktoreak garatu zuen 1961ean. Tresna honek lortutako soinuen banda-zabalera doitzea ahalbidetzen du kanpaiaren presioaren arabera. Kanpaia tresnaren muturrean aurkitzen den atala da, eta pazientearen bularrean kokatzen da auskultazio-prozesua aurrera eramateko. Atal hau aluminioz eginda dago, eta bere mintz zurruna beira-epoxizko erretxinaz egiten da. Diametroei dagokienez, kanpaiaren diametroa 4,3 cm-koa izan ohi da eta diafragmarena 4,13 cm-koa.

Fonendoskopioa, diafragma eta zuloa azalduz.

Fonendoskopioa gomazko hodi bakar batez osatuta dago. Gomazko hodia aluminiozko bi hodiekin lotuta dago. Hauek bi goma esferikotan bukatzen dira, zeintzuk belarriei egokitzen diren. Gainera, fonendoskopioaren beste muturrean diafragma batez osatuta dagoen kanpaia dago, auskultazio-soinua anplifikatzeko.

Bai mintza, eta baita kanpaia ere, pazientearen bularrean kokatu daitezke; hau da, biek detektatzen dituzte gomazko tubuluetan zehar garraiatzen diren seinale akustikoak. Alde batetik, kanpaiak transmititzen ditu frekuentzia baxuko soinuak, eta aproposa da biriken soinuak entzuteko. Bestalde, mintzak detektatzen ditu frekuentzia altuko soinuak; hau da, bihotzeko soinuak. Horregatik, bihotza eta birikak entzuteko erabilgarria da.

Merkatuan dauden estetoskopio elektronikoak soinu-kardiakoak grabatzeko gai dira, eta soinu hauek 24× arte anplifikatzeko ahalmena daukate. Soinua filtratu dezakete, eta datuak Bluetooth bidez bidali ditzakete. Gehienek baterien bidez funtzionatzen dute, erabilgarriak dira eta erraz uler daitezke.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]