Harituz

Wikipedia, Entziklopedia askea

Harituz, Tolosaldeko Bertsozaleen Elkargunea, Tolosaldeko bertsolaritzaren ekosistema indartu eta egonkortzeko helburuz 2013an sortu zen elkartea da.[1]

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertsolari askoren harrobi izan da Tolosaldea aspalditik, hasi Pernando Amezketarraren garaitik eta gaur egun arte, tartean, Pello Errota, Txomin Garmendia, Anjel Mari Peñagarikano eta beste hainbat bertsolariren sorleku eta sormen leku izanez. Gizon horien bertso ibilbidearekin paraleloan, emakume bertsolari asko ere izan ditu eskualdeak, nahiz eta hauek ez izan gizonezkoak bezain ezagunak (emakumeak ez baitziren jendaurrean plazaz-plaza aritzen). Emakume hauen artean ditugu, besteak beste, Mikela Elizegi edo Plazida Otaño. Bertsolariez gain, bertsozaletasunak ere leku nabarmena du eskualdean.

Elkartearen helburua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harituz elkartearen helburua eskualdeko bertsolari, bertso eragile (irakasle, gai-jartzaile, antolatzaile…) eta bertsozaleak kohesionatu eta urte luzez iraungo duen egitura sendo eta iraunkor bat eragitea da. Izan ere, sendotasun falta horrek eskualdeko bertso eskolen jarraipena, bertso agenda etab. hari batetik zintzilik utzi izan ditu askotan. Horregatik, Harituzek Tolosaldean bertsolaritza sustatu, bildu, hedatu, ikertu eta transmititzeko ardura hartu du bere sorreratik.[2]

Aipatutako erronka horiei guztiei aurre egiteko Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak dituen lan ildo berdinak ditu Harituzek ere, kasu honetan, Tolosaldean gauzatzen direnak: hezkuntza, sustapena, ikerketa eta bilketa eta hedapena. Horiek guztiak Gipuzkoako Bertsozale Elkartearekin koordinazioan antolatzen ditu gainera.

Pello Mari Otaño ikerketa beka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2020an, I. Pello Mari Otaño ikerketa beka lortu zuen elkarteak “Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta proposamen didaktikoa” ikerketari esker. Bertan, Aiztondoko zirto tradizioa ikertu zuen taldeak eta zirtoa bertsolaritzaren ikas-irakaskuntza prozesuan txertatzeko proposamen didaktikoa egin zuen.[3][4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «HARITUZ TOLOSALDEKO BERTSOZALE ELKARGUNEA ELKARTEA» www.euskadi.eus 2013-09-19 (Noiz kontsultatua: 2021-12-27).
  2. «"Tolosaldean eskualde ikuspegia izatea da helburua"» bertsoa.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-27).
  3. «Pello Mari Otaño ikerketa beka 2020 — Mintzola ahozko lantegia» www.mintzola.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-27).
  4. "Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa :: Mikel Artola Izagirre. (Noiz kontsultatua: 2021-12-27).