Edukira joan

Pello Errota

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pello Errota

Pello Errota 1916an
Bizitza
JaiotzaAsteasu1840ko abenduaren 23a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaAsteasu1919ko otsailaren 3a (78 urte)
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakbertsolaria eta errotaria

Pedro Jose Elizegi Maiz (Asteasu, Gipuzkoa, 1840ko abenduaren 23a - 1919ko otsailaren 3a)[1], Pello Errota ezizenez, bertsolaria izan zen. Bizibidez errotaria bazen ere, bertsoa lanbide osagarri gisa erabili zuen lehen bertsolarietakoa izan zen. Umoretsua eta plaza bertsolari bikaina izan zen, Euskal Herriak eman duen bertsolari on eta jorienetarikoa. 1895. urtean Argentinara joan zen, hara joandako euskaldunen aurrean kantatzera.

Haren alaba Mikaela Elizegik Antonio Zavalari aitaren bizitzaren gorabeherak kontatu zizkion, eta Zavalak, elkarrizketa haiek grabaturik, Mikaelaren kontakizunak hitzez hitz idatziz jarri eta liburu batean argitaratu zituen: Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua.Pedro Elicegi (Asteasu, 1840ko abenduaren 23a – Asteasu, 1919ko otsailaren 3a), Pello Errota izenez ezaguna, bertsolaria izan zen.

Asteasuko Beballara auzoko Konporta baserrian jaio zen.[2] Pello Errotaren aita Jose Errota zen, eta hortik zetorkion ezizena; izan ere, familiaren baserrian errota bat zegoen, eta aita-semeak errotariak ziren. Anai-arreben artean zaharrena izan zen, eta haren ondoren beste sei etorri ziren. Zaharrena izanik, Pello Asteasuko baserrian geratu zen ezkondu ondoren; gainerako anai-arrebak, berriz, Billabonako errota batera joan ziren lehenik, ondoren Adunara, eta azkenik Oiartzunera.[3]

Errotaren emaztea Zizurkilgo Galardi baserrikoa zen. Zortzi seme-alaba izan zituzten, baina lehenengoa, hirugarrena eta seigarrena haurtzaroan hil ziren. Joxepa Iñaxi, Mikaela, Migel Anton, Maria eta Dolores izan ziren helduarora iritsi zirenak. Alabak gogoratzen zuenez, familiaren baserria txikia zen[3].

Bere iloba Ondartxa bertsolariaren esanetan, Pello Errota hitz gutxitan asko esateko gaitasuna zuen. Jaiki eta berehala hasten omen zen bertsotan, eta edonork eskatuta ere, berehala botatzen zituen puntu pare bat. Horri esker, puru eta duro batzuk irabazten omen zituen. [4]

Emaztea 1897an hil zitzaion, saihetsetan konkor bat atera ondoren. Bizitzaren azken urteetan osasuna ahultzen hasi zitzaion, eta eskuetan dardara etengabea izaten zuen. Berak egoera hori maldizio baten ondorio zela esaten zuen. Haren alaba Mikaelak horrela ohituta ez zegoela gogoratzen du Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua liburuan. Horrela ohituta ez zegoenez, ezinean jarri zenean, bere burua triste eta gehiago gaizkitu zela ere esaten du bertan. Baita haren animoa izugarri galdu zuela, eta batetik-bestera ibiltzeari utzi ziola. Hala ere, etxean eserita zegoela, ez zion inoiz bertsotan egiteari utzi. Horrela egon zen urtebetez, azkenean, 1919ko otsailaren 3an Asteasun hil zen arte[3].

Pello Errota batez ere bat-bateko jardunean eta erantzun azkarrean nabarmendu zen, bertsoetan pasadizoak kontatuz. Ziria eta irria ohikoak zituen, eta  zortziko txikian, hamarreko txikian eta bederatzi puntuko bertsoetan, alegia, neurri txikiko egituretan erakutsi zuen bere trebezia handiena. Baserri giroko terminologia aberatsa erabiltzen zuen, eta erdal hitzak ere naturaltasunez txertatzen zituen. Bere bertsoak Ameriketaraino iritsi ziren[5].  

Maitasun gaietatik eta gizarte eta politika kezketatik urrun egon arren, Pello Errotak ere bertso idatziak sortu zituen. Bere alabari esker jakin da hainbat bertsopaper harenak direla; izan ere, idazkari lanak egin zizkion urte askotan, aitak diktatutako bertsoak paperera ekarriz[5]. Mikaela Elizegi Bengoetxeak funtsezko ekarpena egin zuen Pello Errotaren memoria gordetzen. Belaunaldi berriek haren berri, neurri handi batean, Mikaelaren oroimenari esker jaso dute. «Txikia zen (...). Beti alpargatekin ibiltzen zen», zioen hark. [3]

Pello Errota oso ezaguna izan zen bere garaian, eta, lehen esan den bezala, amerikar kontinentean ere izan zuen oihartzuna. Hain zuzen ere,1895ean zenbait “amerikanok” Buenos Airesera joateko gonbita egin zioten, bertan bertsotan aritzeko. Gonbidatzaileek egonaldi luzeagoa nahi bazuten ere, zortzi hilabete eman zituen hiri hartan. Joan-etorriko bi hilabeteak kontuan hartuta, guztira hamar hilabete egin zituen etxetik kanpo.[3]

Jendaurrean azken aldiz bota zuen bertsoa Asteasuko eliza berritu zutenean izan zen.[3] Ahoz botatako bertso horren hainbat bertsio jaso dira idatzietan; haren jaiotetxean eta Asteasuko plazako bustoan ezarri zituzten plaketan, bertsio hau jaso da:[6][7]

«

Ara zer esaten dedan
aizken-aizkenian,
zer egin bear dezuten
iltzen naizenian:
Aita Gure bana esan
nere izenian,
zerura joan nedin
zuzen-zuzenian.

»

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Pedro José Elícegui» Euskomedia (kontsulta data: 2017-01-17).
  2. «Ernioko kablea, baserriko ingeniari lana» Argia (kontsulta data: 2025-04-01).
  3. a b c d e f Zavala, Antonio. (1963). Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatuta. Auspoa liburutegia.
  4. «Atzoko Prentsa Digitala» w390w.gipuzkoa.net (kontsulta data: 2025-12-17).
  5. a b Uranga, Amagoia Gurrutxaga. (2019-02-02). «Pello Errota bertso errekan» Berria (kontsulta data: 2025-12-17).
  6. Antonio Zavala (bizitzaren egile eta bertsoen biltzaile): Pello Errota : Pello Elizegi Maiz (1840-1919), Auspoa argitaletxea, 1992, 284. orrialdea.
  7. Argia, 784. zenbakia, 26. orrialdea, 1978-05-14.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]