Edukira joan

Harrobi plaza

Koordenatuak: 43°15′18″N 2°55′44″W / 43.2548991°N 2.92875852°W / 43.2548991; -2.92875852
Wikipedia, Entziklopedia askea
Harrobi plaza
Harrobi plaza
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaBilbo
Koordenatuak43°15′18″N 2°55′44″W / 43.2548991°N 2.92875852°W / 43.2548991; -2.92875852
Map

Harrobi plaza Bilboko plaza bat da, San Frantzisko auzoan kokatuta dago Vitoria-Gasteiz kalearen eta Kontzezio kalearen artean.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1793an inguru hori Arrikoetxea izenez ezagutzen zen. 1872ko ekainaren 6an udalaren erabakiz aldatu zen izena eta 1885ean plaza gisa kalifikatu zen, auzoan espazio publiko ireki bat sortzeko premian oinarrituta, biztanle asko hartzen zituen eremu baten osasungarritasuna hobetzeko.[1][2]

Plaza honen izena Pagasarri mendiaren magalean zegoen kareharrizko harrobira zeraman bidetik dator. 1926an Pablo Iglesias plaza izena ere izan zuen eta 1937an Albiñana doktorearen plaza. 1943an berreskuratu zuen bere jatorrizko izena.[1]

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Karlistaldia amaitu zenean (1872-1876), burdina-meategien ustiapen intentsiboa hasi zen eta Bilboko industrializazioak eskulana behar izan zuen, biztanleria asko handitu baitzen. Biztanleria migratzaile hori ekipamendu, zerbitzu eta etxebizitza egokirik gabeko eremuetara iristen zen eta pilaketa eta osasungaiztasun handia sortzen zen. Urte horietan hasi ziren Bilboko goiko auzoak hiri-egitura eratzen eta meategien inguruan eratzen.[3][4][2]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Meatzaritzak biztanleria-forma jakin batzuk ekarri zituen hiri-eraikuntzakoak, gizarte harremanetakoak eta kultura-adierazpen propioak. Mende batez, langileen sektoreak sozialak zonaldearen nortasuna markatu zuen.[3]

Maiatzaren lehena eta 1890eko meatze-greba handia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maiatzaren 1eko ospakizuna Parisko II. Internazionalaren biltzarrean hitzartu zen1889an. Bilbon 1890eko hilaren maiatzaren 1ean jaieguna zela azpimarratzeko, maiatzaren 4ra aldatu zen, igandea baitzen. Jardunaldiari hasiera eman zion mitina Harrobi plazan egin zen goizeko hamarretan, bildutako jendeak Zugaztietatik zetozen 1.000 meatzari ingururen manifestazioa txaloz hartu ondoren.[4]

Maiatzaren 13an Zugaztietako Batzorde Sozialistako kide ziren La Orconera enpresako bost langile kaleratu zituzten maiatzaren 1eko ospakizunaren antolaketan izandako parte-hartze nabarmenagatik.eta horrek meatzaritzako greba handia eragin zuen. Bizkaia ezagutu zuen lehena izan zen eta Meatzaldeko, fabrika-inguruko eta Bilboko ia lan guztiak geldiarazi zituen, maiatzaren 17an langileen garaipenarekin amaituz.[4][5][6]

Plazako ekipamenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harrobiaren eraikina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontzezio kaletik sarbidea

Eraikin hau Harrobi plazaren angelu batean kokatuta dago. Ricardo Bastida arkitektoak diseinatu zuen 1915ean erreferentzia modernistak zituen eraikin eklektiko xume hau. Udaltzaingoaren komisariak (beheko solairuan) eta Higiene Bereziko Institutuak partekatzen zuten. Banaketa hori aldatu egin zen korporazioak eta Udal Aurrezki Kutxak 1930ean adostutako lokal-truke batean oinarrituta. Izan ere, hasiera batean, 1918an eraikin hori inauguratu zenean, lehen, hirugarren eta laugarren solairuak Udal Aurrezki Kutxaren Bahitetxeko sukurtsal eta biltegietarako ziren. Lehen urte haietan, bigarren solairuak bakarrik balio zuen Higiene Bereziko Zerbitzuaren egoitza gisa eta Kontzezio kaletik zuen sarbidea .[7]

Denborak aurrera egin ahala, eraikinak jatorrizko izaera galdu zuen eta hainbat udal-erabileratarako erabili zen, besteak beste, Lan Ekintzako bulegoetarako. SURBISAk (Bilboko Birgaitzeko Hirigintza Sozietatea, S.A.) eraikina birgaitu du eta horri esker, San Frantzisko auzoko ondare arkitektoniko osorako berreskuratu ahal izan da.[8]

Harrobi plazako Higiene Bereziko Institutua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendearen amaieratik prostituzioaren gorakada zela eta Bilboko Udalak, besteak beste, estamentu militarrak presionatuta, Harrobi plazan higiene-zerbitzu espezifiko bat sortzea bultzatu zuen. “Dispentsario”-aren aurrekaria izan zen, 1918an “Higiene Bereziko Etxea” ere deitua eta ondoren, Gaixotasun Benereoen Ospitalea.[2][7]

Higiene Bereziko Institutua 1925ean hasi zen zerbitzua ematen, nahiz eta 1930eko urtarrilaren 1ean inauguratu zen eta bere funtzioa gaixotasun benereoen kontrola zen. Erroldatutako prostitutak zaintzen zituzten, baina baita behar zuten gizonak ere. Bilboko prostituzioaren bilakaeraren lekuko izan zen.[7]

Lehenengo solairuan, Harrobi plazatik sarbidea izanda, emakumeen kontsulta zegoen, bi miaketa-gelarekin, mediku-bulego batekin, itxarongela batekin eta hogei bat bidetarekin. Bigarren solairuan, Kontzezio kaletik sarbidearekin, gizonezkoentzako kontsulta zegoen, beheko solairuko emakumeak ez ikusteko moduan. Hirugarren solairuan kapera eta ospitalizazio-gunea zeuden, emakumeentzat bakarrik, eta dozena bat ohe zituen. Azken solairuan ospitalea zaintzen zuten mojentzako egoitza zegoen.[2][7]

1927an datuak ditugun lehen urtean, zerbitzua erabili zuten emakumeen errolda 231 eta 260 artekoa izan zen; 22.881 azterketa profilaktiko egin ziren; blenorragiak 45 prostituta ospitaleratu zituen eta beste 50, berriz, beste gaixotasun benereo batzuek. (Higiene Bereziko Zerbitzuaren estatistikak. Institutu Profilaktiko Antibenereoa).[9]

Harrobi plazako eskailerak

Sexu-langileek astean bi osasun-ikuskapen egin behar zituzten ospitale honetan, beren lanbidean aritzeko baimena lortzeko eta horrela mantendu zen 1960ra arte, urte horretan prostituzioa debekatu baitzen.[1]

Eskailerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1885-1886an Harrobi plaza eta Kontzezio kalea lotzen zituen harmaila bat eraiki zen. Ernesto Hoffmeyer Zubeldia ingeniariak diseinatu zuen eta garaipen-arku batekin (oroitzapen klasikoekin) plazaren aldetik eskaileretara sartzeko eta Mariano Nuñezi esleitu zitzaion eraikuntza.[10][11]

Romea Antzokia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1885ean inauguratu zuten Aintzira eta Gimnasio kaleen izkinan zegoen eta hamalau palko zituen antzokia. Ondoren, Kafe Kontzertua eta Herriko Etxe sozialista bihurtu zen.[12]

Harrobi plazako arkua

Plaza birmoldatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen amaieran, plaza estutzen zuten zenbait eraikin eraitsi zituzten eta horrek auzoko eremu hori arintzen lagundu zuen. Eraikin horietatik Ernesto Hoffmeyer Zubeldiaren garaipen-arkua kontserbatu da.[10]

2006an Harrobi plaza berria inauguratu zen, Gimnasio kalearen irekierarekin batera, azken birmoldaketaren urbanistikoaren ondoren. Horretarako, lau etxebizitza-eraikin eta industria-nabe bat eraitsi ziren.[13][14]

Bastidak diseinatutako eraikinean Harrobi plaza Auzo Faktory dago eta bertan dago Wikitoki.[15][16] Gainera, plazan Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Poloa (Ekonopolo), Koop SF 34, Harrobia Ikastola eta Hargindegi zentroa (Caritas) daude.[17]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]