Hautakaritza-juntadura

Wikipedia, Entziklopedia askea

Hautakaritza-juntadura juntatzen diren atalen arteko aukera edo hautaketa egin behar dela edo egiten dela adierazten duen juntadura-mota da. Juntagailu hautakarien bidez gauzatzen da. Honako hauek dira juntagailu hautakari nagusiak: EDO, ALA, NAHIZ eta ZEIN.

Ilari Zubiriren Euskal gramatika osoa liburuan esaten denez, juntagailua perpaus-mailako lotura gauzatzeko funtzioa duen gramatika-elementua da, maila eta izaera bereko perpausak elkartuz juntadura gauzatzen duena. Maiz, perpausen arteko nahiz perpausaren sintagmen arteko erlazio-mota definitzen duen elementua adierazteko erabili izan da (honek menderagailua eta lokailua hartzen ditu bere baitan). Juntagailuak ez dira menderagailu eta lokailuekin nahastu behar, juntagailuak, menderagailuak eta lokailuak gauza ezberdinak baitira. Juntagailuak direla eta, lau juntadura mota daude:

  • Alborakuntza
  • Emendiozkoak
  • Hautakariak
  • Aurkaritzakoak

Dena den, guk aukeratutako juntagailuak hautakarien multzoari dagozkio.

Menderagailua perpaus-mailan, perpausen arteko menderakuntza-erlazioa adierazten duen elementua da. Perpaus txertatuko adizkiari erantsitako aurrizkiak eta atzizkiak dira (bait-, ba-, -en, -ela).

Lokailua lotzeko erabiltzen den zernahi gauza da. Diskurtso-mailako lotura gauzatzeko funtzioa duen hitza edo hitz-multzoa da. Beti perpausen arteko lotura gauzatzen dute, inoiz ez bestelako osagaien (izen-sintagma, adjektibo, etab.) artean. Perpaus-elkarketa (hau da, juntadura edo menderakuntza) ez dute bideratzen. Maiz, juntagailuen ondoan erabiltzen dira.

Hori dela eta honako Perpaus Elkartu Motak ditugu:

Juntadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maila bereko perpausen elkarketa.

  • Juntaduraren bitartez lotu.
  • Alborakuntzaren bidez lotu.

Menperakuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perpaus bat beste baten barruan txertatzen da.

  • Menderagailuen bidez lotzen dira.

Testu mailako loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Lokailuez baliatzen gara.

EDO, EDOTA, ALA, NAHI(Z) eta ZEIN.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aztertuko ditugun juntagailu hautakariak juntagai bi edo gehiagoren arteko aukera edo hautaketa adierazteko erabili ohi ditugu. Euskaraz juntagailu hautakariak honako hauek dira: edo, edota, ala, nahi(z) eta zein. Azter ditzagun banan-banan.

EDO[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juntagailu hautakari honek aldaera bakarra dauka: edo, eta maila guztietako osagaiak elkar ditzake: perpaus osoak, izen-sintagmak, aditzondoak, izenondoak, eta abar. Bestalde, zenbat-nahi osagai elkar ditzake, gehienetan bi baino elkartzen ez baditu ere. Nolanahi ere, juntagaiek maila edo kategoria berekoak izan behar dute beti.


Erabilerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erabilerari dagokionez, lehenengo eta behin, esan beharra dago zenbait euskalkitan edo dela erabiltzen den juntagailu hautakari bakarra, eta balio guztiak har ditzakeela. Beraz, edo-k orobatasuna (berdintasuna, kidekotasuna) edota elkarren baztergarri (bata aukeratzeak bestea baztertzea dakar) diren aukerak adierazteko erabiltzen da.


Edo juntagailuaren erabilerarik ohikoena adierazpen-perpausetan ematen da. Hona hemen zenbait adibide:

* Zein nahiago duzu? Berdin dit: bata EDO bestea.
* Ez daukagu beste irtenbiderik: hori EDO alde egin.
* Normalean trenez EDO autobusez joaten naiz.
* Aukera bi dauzkazu: etxera joan EDO berton lo egin.
* Nik neuk, zure lekuan, hau EDO bestea hartuko nuke.
* Sukaldean EDO egongelan ikusi dudala uste dut.

Sarri, bigarren juntagaia lehenengoaren aldaera edo zehaztapena izaten da. Horrelakoetan, edo juntagailuaren ondoren hobeto esan, bestela esan, antzeko zerbait, behintzat… eta antzeko esapideak erabiltzen dira. Ikus ditzagun zenbait adibide:


* Ez du ezer egin, EDO, hobeto esan, ez du ia ezer egin.
* Hauek biak ia-ia berdinak dira, EDO ia barik.
* Hondatuta dago, EDO, gauza bera dena, ez digu balio.
* Pikutara joateko EDO horrelako zerbait esan zidan.
* Inprimagailu EDO dena delako horrek zarata itzela ateratzen du.
* Filologia EDO antzeko zerbait ikasten ari da.


Bestalde, aginte-perpausetan erabiltzen denean, baldintza-kutsua izaten du maiz. Adibidez:

* Isilik egon EDO (bestela) zoaz hemendik!
* Alde hemendik EDO kokoteko bat emango dizut.
* Kasu egin EDO amari esango diot.
* Ez ukitu hori EDO ikusiko duzu!


Galde-perpausetan ere erabiltzen da juntagailu hau, oso maiz ez bada ere. Ikus ditzagun adibide batzuk:

* Amagatik EDO aitagatik ez zenuke hori egingo?
* Badakizu EDO jakin nahi duzu nola egin dudan?
* Burutik eginda zaude, EDO zer?


Zenbaitetan, galdetzaileekin ere erabiltzen da. Adibidez:

* Nork EDO zerk egin du hau?
* Ez dut ulertzen nola EDO zergatik egin duten.
* Zergatik EDO zertarako nahi duzu?

Hauez gain, edo-k badauzka gainerako juntagailu hautakariek ez dauzkaten bi erabilera. Izan ere, edo juntagailua, besteak ez bezala, sinonimoekin eta zenbatzaile zehaztuekin erabil daiteke. Hona hemen zenbait adibide:



a)Sinonimoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

* Honi aiztoa EDO ganibeta esaten diogu.
* Iñaki nire aitabitxi EDO aita pontekoa da.
* Badaukazu aitaita EDO aitonarik?
* Ahul EDO makal sentitzen bazara, esaidazu.


b)Zenbatzaile zehaztuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

* Zazpi EDO zortzi pertsonek deitu dute.
* Bi EDO hiru besterik ez zaigu falta.
* Kutxa bakoitzean hamar EDO hamabi sartzen dira.
* Guztira, hogei EDO etorriko ziren.

Kasu gehienetan, edo azken juntagaiaren aurrean jarri ohi da. Hala ere, maiz samar, juntagai bakoitzaren hasieran ere aurki daiteke, adibidez:

* Karmelek EDO Amaiak egin behar dute.
* EDO Karmelek, EDO Amaiak egin behar du.

Bestalde, edo juntagailua hainbat eta hainbat esapidetan erabiltzen da. Hona hemen erabilienetako batzuk:

* Behin EDO behin
* Noiz EDO behin
* Noiz EDO noiz
* Bat EDO beste
* Nola EDO hala
* Nondik EDO handik
* Gutxi EDO gehiago
* Zirt EDO zart


Komunztadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Numero-komunztadurari dagokionez, edo-ren erabileeak ez du aparteko arazorik sortzen: normalean singularrean jokatzen da, zenbaitetan pluralean ikus badaiteke ere.

Osagai-ezabaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juntadura guztietan bezalaxe, honetan ere aldez aurretik aipatutako informazioa isilpean uzteko joera dago. Azter ditzagun kasurik ohikoenak:


a) Juntagailuak sintagmak direnean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juntagailuak sintagmak direnean, sintagma osoak (kasu-marka eta guzti) elkartzeko joera da nagusi, bestelako adibideak ere ikus daitezkeen arren. Adibidez:

* EtxeAN edo bulegoAN egon behar du; ez dago beste aukerarik.
* Normalean larunbatETAN edo igandETAN joaten gara.
* Nondik joan behar da? HemenDIK edo horTIK joan daiteke.
* TrenEZ edo autobusEZ joan gaitezke; horretan ez dago arazorik.
b) Azken juntagaiaren ezabaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbaitetan, hiztuna zalantzatan dagoenean, nola jarraitu ez dakienean edota informazioa ez-zehatza edo gutxi gorabeherakoa dela adierazi nahi denean, azken juntagaia ezabatu ohi da. Ezabatutako juntagaia gehienetan sintagma izaten da. Hona hemen zenbait adibide:

* Nork egin du hau? Umeak EDO egingo zuen.
* Asko da, ba, oraindik etorii ez izana! Lagunen batekin EDO egingo zuen topo.
* Eta nola joango gara? Trenez EDO joan beharko dugu.
* Noiz itzuliko zarete? Ez nago ziur, bihar EDO.
* Norekin joango zara, amarekin EDO?
* Zer, dagoeneko ez dituzu lagunak agurtzen EDO?
* Nork esan diezadake hau? Patxik EDO ez badaki...

Zenbaitetan, perpausaren amaieran barik, perpaus barruan agertzen da aditz-partizipioaren ondoren. Adibidez:

* Asko da, ba, Ane etorri ez izana! Ahaztu EDO egingo zitzaion.
* Kepa joan egin da? Nolatan ba? Aspertu EDO egingo zen.
* Zergatik dator hona? Beste nonbait erosi gura EDO du.  


Mezua ulergaitz edo nahasgarri gerta daitekeenean, irakurketa erraztearren, koma (,) edo marratxoa (-) idatzi ohi da edo-ren atzean.

EDOTA[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edo eta eta juntagailuak elkartzetik dator. Edo-ren antzekoa da baina ezin da sinonimoen artean eta zenbatzaileen artean agertu. Ezaugarri nagusiak:

  • Maila guztietako juntagailuak elkar ditzake: perpaus osoak, aditzondoak, izen-sintagmak, eta abar.
  • Adierazpen- perpausetan zein galde-perpausetan erabil daiteke.
  • Edo-ren balio berberak har ditzake: elkarren baztergarri diren aukerak, orobatasuna eta bigarren juntagaia lehenengoaren aldaera edo zehaztapena denean.
  • Ezabaketari dagokionez, aditz-ezabaketak izaten dira normalean eta salbuespenak, eskuineko aditza ezabatzeko joera da nagusi.
  • Gehienetan azken osagaiaren aurrean agertzen da, baina zenbaitetan juntagai bakoitzaren aurrean errepikaturik aurki daiteke, balio banakaria hartuz. Bestetan edo juntagailuarekin batera erabiltzen da.

Erabilerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beraz, goraxeago aipatutako salbuespen biak izan ezik, osterantzean, edo eta edota juntagailuen erabilera eta distribuzioa oso antzekoak dira. Nolanahi dela ere, edota, maiz, edo eta eta juntagailu bien balioarekin erabiltzen da; hau da, bata edo bestea eta bata eta bestea, aukera biak adierazteko. Ikus dezagun zenbait adibide:

* Hitz egiten bazion EDOTA laztandu egiten bazuen, umea barreka hasten zen. 
* Agurtzanek deitzen badu EDOTA hona badator, esadazu falta barik.
* Fisika, matematika EDOTA kimika ikastea gustatuko litzaidake.
* Berdin zion nor nintzen EDOTA zer nahi nuen.
* Zertarako behar dugu guk dirua, EDOTA zer ibili beharra dugu hara eta hona diru bila?
* Jokinek EDOTA bere lagunen batek apurtuko zuen.

ALA[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juntagailu hautakari honek aldaera bakarra dauka: ala, eta aurrekoak bezala, maila guztietako osagaiak elkar ditzake: perpaus osoak, izen-sintagmak, aditzondoak, izenondoak, eta abar. Bestalde, zenbat-nahi osagai elkar ditzake, ohikoena bi elkartzea bada ere.

Erabilerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erabilerari dagokionez, galde-perpausetan edota zehar-galderetan erabili ohi da maiz, eta gehien gehienetan elkarren baztergarri diren aukerak adierazteko. Bestela esanda, aukera bat hartzeak besteak baztertzea dakarrela adierazteko.

Hona hemen zenbait adibide:

* Nola joango zara, autoz ALA hegazkinez?
* Benetan diozu ALA txantxetan ari zara?
* Noiz etorriko da, gaur ALA bihar?
* Hemen geratuko zara ALA gurekin etorriko zara?

Juntagailu hau, maiz, antonimoekin erabiltzen da. Adibidez:

* Azkenean joango zara, BAI ala EZ?
* Zein koloretakoa da, ZURIA ala BELTZA?
* Ez dakit EGIA ala GEZURRA den.
* Zein nahiago duzu, HANDIA ala TXIKIA?

Bestalde, erabilerarik ohikoena hau bada ere, zenbaitetan, ekialdeko euskalkietan batez ere, adierazpen-perpausetan ere erabiltzen da. Halakoetan normalean, orobatasuna adierazteko erabili ohi da; hau da, bata zein bestea aukeratzea berdintsu den kasuetan. Hona hemen zenbait adibide:

* Gizona gizon da, eta gizalegea gizalege, erdaraz ALA euskaraz ari.
* Legea beti lege, bertokoa ALA kanpokoa izan.
* Hemendik ALA handik, baina has gaitezen lehen bait lehen.

Bestalde, zenbaitetan, juntagai bakoitzaren hasieran jartzen da, erabilera hau ohikoena ez bada ere.

Komunztadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Numero-komunztadurari dagokionez, ala-ren erabilerak ere ez du aparteko arazorik sortzen: normalean aditza singularrean jokatzen da, zenbaitetan pluralean ikus baidaiteke ere. Besterik da pertsona-komunztadurari dagokionez. Galdera bi zatitan banatzen denean, hau da, galdetzaile batekin erabiltzen denean, aditza 3. pertsonan jokatu ohi da. Adibidez:

* Nor joango DA, zu ala ni?
* Nork egingo DU, zuek ala guk?
* Nori eman behar diOte, zuri ala niri?
* Nortzuei eman behar diEte, zuei ala guri?

Galdetzailerik ez dagoenean, ordea, juntagaiak 1.edo 2. pertsonari badagozkio, aukeri bi daude: azken juntagaiaren arabera jokatzea ala juntagai biak osotasunean hartuta. Adibidez:

* Zu ala ni joango NAIZ?       ([Zu joango zara] ala [ni joango Naiz]?)
* Zu ala ni joango GARA?       ([Zu ala ni] joango GARA?)

Ikus daitekeenez, lehen adibidean singularreko 1. pertsona (naiz) erabili dugu; bigarrenean, ordea, pluralekoa (gara).

Osagai-ezabaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Normalean, ala juntagailuaren bidez sortutako juntaduretan ezabaketak eskuineko juntagailuan gertatzen dira. Adibidez:

* Mirenekin joango zara ALA Josebarekin?
* Etorriko zara gurekin ALA ez?
* Gaurko hegazkina hartuko duzu ALA biharkoa?
* Zein nahi duzu: kutxa handia ALA txikia?
Azken juntagaiaren ezabaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreko ataletan aztertu ditugun juntagailuen antzera, ala-ren kasuan ere, sarri azken juntagaia ezabatu egiten da. Egitura hau harridura edota zalantza adierazteko erabili ohi da, zenbaitetan galdera erretorikoak egiteko erabiltzen delarik. Hona hemen zenbait adibide:

* Ez dakizu nor naizen, ALA (ez nauzu ikusi)?
* Hori Enekoren arreba da. Ez zenekien, ALA?
* Zer uste duzu, tontoa naizela, ALA?
* Ez duzu ordaindu behar, ALA? Barkatu ez naiz konturatu!
* Zu ere gurekin etorriko zara, ALA?
* Ez esan ezer, arrazoi osoa daukat eta. Ez, ALA?

Ohar gaitezen eskuineko juntagaia ezabatzen denean, ala-ren aurretik koma jartzen dela. Bestalde, zenbaitetan, ala amaieran jari beharrean, perpaus barruan, aditzaren atzean, jartzen da. Adibidez:

* Ez dakizu ALA nor naizen?
* Ez dago ALA beste irtenbiderik?

Dena dela, forma honek oso erabilera mugatua dauka.

NAHI(Z), ZEIN[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juntagailu hautakari bi hauek oso antzekoak dira. Hona hemen labur-labur berauen ezaugarri nagusiak:

  • Normalean juntagaiak perpausak baino atal txikiagoak izaten dira; izen-sintagmak, adizlagunak, aditzondoak, partizipioak...
  • Gehienetan, orobatasuna adierazten dute; hau da, hiztunari berdintsu zaio bata zein bestea aukeratzea.
  • Juntagaiak izen-sintagma dekinatuak direnean, normalean kasu-marka bietan jarri ohi da. Ala ere, juntagai biei dagokien hitzen bat (zenbatzailea, erakuslea, izenondoa...) egonez gero edota zerrenda luzeak izanez gero, azken juntagaian baino ez da jarri ohi. Adibidez: Iruñea, Baiona, Gasteiz, Donostia nahiz BilboN har dezakezu autobusa.
  • Normalean bi juntagairen artean agertzen bada ere, zenbaitetan juntagai bakoitzaren aurrean ere aurki daitezke, balio banakaria hartuz.

Bestalde, aipatu beharra dago zenbait hizkeretan, nahiz-en ordez, nahi aldaera erabiltzen dela. Hala ere, gaur egungo euskara batuan badirudi nahiz aldaera nagusitzen dela.

Erabilerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen nahi(z) eta zein juntagailuen zenbait adibide:

*Larunbatean NAHIZ igandean joan gaitezke.
*Pobre ZEIN aberats, zuri NAHIZ beltz, denok gara pertsonak.
*Gazte ZEIN zahar, hemen denek lan egin behar dute.
*Hori NAHIZ beste edozein har dezakezu; berdin dio.
*Sagar, madari, laranja NAHIZ beste edozein fruta jan dezakezu.
*Nondik joaten da? Ezkerretatik ZEIN eskuinetatik joan daiteke.
*Anton egunero joaten da mendira; eguraldi ona ZEIN txarra egin.
*Agertu ZEIN agertu ez, azken batean, niri berdin dit.

Juntagailu hauek juntagai bien artean jarri ohi dira. Hala ere, zenbaitetan, juntagai bakoitzaren hasieran ere aurki daitezke, alborakuntza gauzatuz.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia Sarean

Liburuak

  • MICHELENA, L. (1987 – 2005): Orotariko Euskal Hiztegia. Bilbao. Euskaltzaindia
  • Euskal gramatika osoa (1995-2000), Ilari Zubiri eta Entzi Zubiri, Didaktiker
  • Euskara eta Literatura, Ibaizabal (1997), Ana Mari Agirre

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]