Hezkuntza Palestinako Estatuan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Hezkuntza Palestinako Estatuan Gazako zerrendako eta Zisjordaniako hezkuntza-sistema da. Palestinako Hezkuntza eta Goi Hezkuntzako Ministerioak kontrolatzen du. Palestinan hezkuntza oso hedatuta dago: 2003an bertako gazteei egindako kontsulta baten arabera, 10 urtetik 24 urtera arteko palestindarren % 60ak hezkuntza haien lehentasun nagusia zela uste zuen. Gazteen (15-24 urte) alfabetatze-indizea % 98,2 da; alfabetatze-tasa orokorra % 91,1 da.

Hezkuntza-sistema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Genero-banaketari dagokionez, hiru ikastetxe mota daude Palestinan: mutilentzako ikastetxeak (% 37), neskentzako ikastetxeak (% 35) eta ikastetxe mixtoak (% 29).

Palestinako hezkuntza-sisteman, derrigorrezko oinarrizko hezkuntzak hamar urteko iraupena du, 1. mailatik 10. mailara. Bi etapa bereizten dira: prestatze-etapa (1. mailatik 4. mailara arte) eta ahalduntze-etapa (5. mailatik 10. mailara arte). Bigarren hezkuntza 11. eta 12. mailetan gauzatzen da eta bi mota nagusi daude: bigarren hezkuntza orokorra eta lanbide-heziketa. Goi-mailako hezkuntzari dagokionez, 11 unibertsitate daude (10 pribatu eta publiko bat).

Oinarrizko hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prestatze-etapa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2005-06 eskola-urtean, prestatze-etapan 383.748 ikasle (195.618 mutil eta 188.130 neska) zeuden. Horietatik 238.500 (ikasle guztien % 62) Palestinako Autoritateak kudeatutako eskoletan zeuden; 109.419 ikasle (% 29) UNRWAk (Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziak) kudeatutakoetan; eta 35.899 ikasle (% 9) ikastetxe pribatuetan.

Ahalduntze-etapa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2005-06 eskola-urtean, ahalduntze-etapan 569.873 ikasle (296.247 mutil eta 283.626 neska) zeuden. Horietatik 398.672 (% 70) Palestinako Autoritateak kudeatutako eskoletan zeuden; 145.133 (% 25) UNRWAk kudeatutakoetan; eta 26.068 ikasle (% 5) ikastetxe pribatuetan.

Bigarren hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren hezkuntzak bi urteko iraupena dauka, eta programa akademikoak eta lanbide heziketakoak daude. Ikasleek bi programetako edozein aukera dezakete, baina sarrera-prozedura selektiboa da eta 10. mailako azterketa finaletan lortutako emaitzen araberakoa da.

2005-06 ikasturtean, bigarren hezkuntzan guztira 118.868 ikasle zeuden. Horietatik 114.790 (ikasle guztien % 97) Palestinako Autoritateak kudeatutako eskoletan zeuden, eta gainerako ikasleak, berriz, ikastetxe pribatuetan. UNRWAk ez du bigarren mailako hezkuntzarik eskaintzen. Ikasturte hartan bertan, lanbide-heziketako programetan 5.999 ikasle zeuden. Horietatik 5.653 (% 94) Palestinako Autoritateak kudeatutako eskoletan zeuden, eta gainerako ikasleak (% 6), berriz, ikastetxe pribatuetan. Palestina osoan ikasgelen % 5 mixtoa zen urte hartan (hau da, mutilak eta neskak gela berean): Zisjordanian % 7,4 eta Gazako zerrendan % 0,1.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]