Homonimia
Homonimia (grezierazko ὁμώνυμος homōnymos izenetik, "izen bera") terminoa erabiltzen da, bi hitzek jatorri eta esanahi desberdinekoak izan arren, forma bera badute bilakaera historikoarengatik, hots, ahoskera bera edo idazkera bera dutenean.[1][2]

Hiztegi eta entziklopedietan, hitz homonimoek sarrera bana izaten dituzte, bakoitzaren kategoria adierazita, maiz aski zenbaki baten laguntzaz bereizirik. Adibidez, Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoan:
- 1 berriz adb. Beste behin (...): adberbioari dagokio (sinonimoa: berriro),
- 2 berriz junt. Aldiz (...): juntagailuari dagokio (sinonimoak: aitzitik, ordea...).
- Berriz (Bizkaiko udalerria).
Era berean, Euskaltzaindiiaren Hiztegian:
- heldu1, hel, heltzen
- 1. da ad. Toki batean izan, beste batetik hartaratu eta gero. Ik. iritsi; ailegatu (...)
- 2. da ad. Denbora, maila edo egoera jakin batean egotera igaro (...)
- 3. da ad. Garaiera edo maila jakin bat iritsi. (...)
- 4. da ad. (heldu forma, era burutugabearen balioaz). Ipar. eta Naf. Etorri (...)
- 5. da ad. Ipar. Gertatu (...)
- 6. zaio ad. Premia, arrisku edo estutasun larriren batean dagoenari lagundu. Hel zakizkie, eror ez daitezen (...)
- 7. da. ad. Fruituez mintzatuz, betetasuna iritsi. Ik. umotu; ondu 3; zoritu; heldu2 (...)
- 8. dio ad. (nor osagarririk gabe). Eskuaren bidez tinkatu (...)
- 9. dio ad. (nor osagarririk gabe). Sugeez edo intsektuez mintzatuz, ausiki, ziztatu (...)
- heldu2 iz. Ausikia, hozkada (...)
- heldu3 izond. Fruituz edo pertsonez mintzatuz, betetasuna iritsi duena (...)
Aditz horren inguruan, Elhuyarren hiztegiaren onlineko bertsioak ere adiera franko dakartza, euskaratik gaztelaniarako itzulpenean, frantseserakoan eta ingeleserakoan.
Bi homonimo mota bereizten dira:
- Hitz homografoak, idazkeran berdinak direnak, baina ez nahitaez ahoskeran. Adibidez,
- Hitz homofonoak, ahoskera bera dutenak, baina ez nahitaez idazkera. Hiztegi eta entziklopedietan, sarrera bana dune, ortografi desberdintasunak direla kausa. Adibidez:
- ar ("eme ez den") eta har ("intsektu mota", Hego Euskal Herrian),
- ego ("psikoanalisian, nortasunaren zati"; "soberako autoestimu"), Ego (ibai eta ibar) eta hego.("lau puntu kardinaletako bat") izenak.
Homonia eta polisemia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hitz polisemikoak ez dira homonimoekin nahasi behar: homonimoek jatorri etimologiko desberdina dute, baina polisemikoek jatorri bera dute. Esate baterako,
- banku izenak hainbat adiera ditu euskaraz ("jarleku"; "finantza-erakunde"; "[jokoko] banku"; "zerbait gordetzeko toki [alegia, odol-banku, irudi-banku, datu-banku...]"), baina adiera horiek guztiek etimologia bera dute, aitzingermanikozko *banki-tik),
- kasu hitzari hainbat adiera dagozkio, lau kategoriatan:
- izena, medikuntzan, "(gaixotasun) egoeretako bakoitza", adibidez, tifus-kasu,
- izena, "kontu", "egoera": Zure kasua aztertu behar dute,
- izena, hizkuntzalaritzan, ni absolutua, nik ergatiboa, niri datiboa, nire edo ene genitiboak... kasu gramatikalak dira,
- kasu egin aditza, "inoren hitzak kontuan har": Egiozu kasu adiskide horri,
- adberbioa, "adibidez", "esate baterako": Zenbait gai, Filosofia kasu, korapilotsuak dira,
- interjekzioa (Ipar Euskal Herrian), "Erne!", "Kontuz!".
Desberdin idazten edo ahoskatzen diren bi hitzek adiera bera dutenean, homonimiaren alderantzizko fenomenoa gertatzen da: hitz horiek sinonimoak dira.
Homonimia eta polisemia bereizten dira, homonimiaren kasuan, lexema baten esanahi guztiak ortografia bakar batek ordezkatzen dituelako kasualitatez, hainbat etimologia-eztabaida direla eta. Polisemiari dagokionez, ordea, hitz polisemikoaren esanahiak etimologikoki eta semantikoki lotuta daude, eta hiztunak korrelazio hori argi hautematen du.
Homonimia eta onomastika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Homonimian, alderdi oso bereziak dituen arlo bat onomastika da. Fenomenoa pertsonek, animaliek edo lekuek izen propio bera partekatzen dutenean gertatzen da; hori dela eta, ez daitezke horren arabera bereiz. Anbiguotasuna askotan izenari beste elementu batzuk gehituz konpontzen da. Adibidez, leku-izenen kasuan, Bizkaiko Durango, Coloradoko Durango (Ameriketako Estatu Batuetan) eta Mexikoko Durango daude: zein hiriz ari garen zehatz daiteke, aurretik nongo moduko izenlaguna jarriz; beste etsenplu bat Gipuzkoako Getaria eta Lapurdiko Getaria dira edo Santiago (Kuba) eta Santiago (Txile).
Antroponimoei dagokienez, identifikazio zuzena egiteko, ohikoa da jaioterria ere gehitzea, bereziki deituraren nahiz izen-deituren bidez (edo lehen bi deituren bidez) argi eta garbi geratzen ez bada: Joanes Etxeberri Sarakoa eta Joanes Etxeberri Ziburukoa bezalakoen kasuan, jaioterria gehitu da; aldiz, Beñat Etxepare, Jean Etxepare Bidegorri eta Jean Etxepare Landerretxe bezalakoez ari garenean, usadiozkoa da izena zein bigarren deitura ere agertzea. Pilotariez jardutean, deiturei zenbaki ordinala eransten zaie maiz: Atano II.a, Atano III.a... Retegi I.a, Retegi II.a...
Homografoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Homografo adjektikoa grekozko ὁμόγραφος (homografos) hitzetik dator: homo elementuak "bera" esan nahi du, eta grafos-ek, "idazkera". Hitz homografoak ortografia bera dute, baina adiera desberdina, hots, adierazle bera izan arren, etimologia desberdina da eta, beraz, adiera ere bai.
Euskaraz, homografo guztiak homofonoak izaten dira, azentua gorabehera. Adibidez:
- alegia ("fabula"), Alegia (Gipuzkoako udalerria, baina beti letra larriaz idatzia), eta alegia ("hau da", "hots", "erran nahi baita"...) izenak,
- bahitu aditza /bahitu/ zein /bai̯tu/ ahoskatzen da "atxilotu" esan nahi duenean, eta bahitu aditz-laguntzailea —bazenitu, hika—, aldiz, /bahi'tu/ zein /bai̯'tu/ esaten dugu),
- dio eta diote Nor-Nori-Nork-eko indikatibozko orainaldiko aditz-laguntzaileak (Hark hari zerbait bidali dio / Haiek hari zerbait bidali diote) eta dio, diote, "esan" aditzaren forma trinkoak (Zer dio hark? [Zer esaten du hark?] / Zer diote haiek? [Zer esaten dute haiek?]), bai eta bigarrenaren lehenaldiko forma ere, zioten, hain zuzen ere,
- gaitu aditz-laguntzailea (Hark gu maite gaitu) eta gaitu aditza ("egoki bilakatu"), batetik, eta gaitzen ("eritasunen") eta gaitzen ("gai, egoki bilakatzen"),, bestetik,
- hartzen izenlaguna (ugaztun orojaleen) eta hartzen ("harrapatzen", hartu aditzaren aspektu bukatugabea, alegia),
- hau aditz-laguntzailea (Ikusi hau = Ikusi zaitu, hika) eta hau erakuslea (Ikusi hau = Ikus ezazu hau, Ikus ezak hau, Ikus ezan hau, Ikus ezazue hau), /hau/ zein /au/ ahoskatzen da "atxilotu" esan nahi duenean, eta bahitu laguntzailea —bazenitu, hika—, aldiz, /bahi'tu/ zein /bai'tu/ esaten da),
- zuri izen-adjektiboa ("kolore") eta zuri izenordea ("zeuri").
Hala ere, beste hizkuntza batzuetan ez da beti horrela izaten; adibidez, ingelesez read hitza ez da berdin ahoskatzen: "irakur" (infinitiboa) adiera badu, /ri:d/ da, baina lehenaldiko "irakurri nuen" ("irakurri huen", "irakurri zuen", "irakurri genuen", "irakurri zenuen", "irakurri zenuten", "irakurri zuten") zein "irakurrita" partizipioa esan nahi badu, ordea, /red/ ahoskatzen da, red ("gorri") kolorea bezala. Era berean, frantsesezko couvent (/ku'vã/, "komentu") eta couvent (/'kuv/, "txitatzen dute") berdin idatzi arren, ahoskapenean ezberdinak dira: ez dute silaba toniko bera eta, horrez gain, lehenak bukaeran bokal sudurkaria du, baina bigarrenak, ez —eta silababakarrekoa da, gainera, frantses estandarrean behintzat—.
Homofonoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hitz homofonoek —grekozko ὁμόφωνος hitzetikː ὁμό (homo) elementuak "bera" adierazten du, eta φωνος-ek (fonos), "soinu"— idazkera eta adiera desberdinak dituzte, berdin ahoskatu arren. Aurreko puntuko bahitu laguntzailea (bazenitu, hika) nahiz bahitu ("bahi", "atxilo har") eta baitu aditz laguntzaile aurrizkiduna (bait- aurrizkia eta du lagutzailea) homofonoak dira anitz euskaldunentzat, hatxea mutua bada eta azken silaba tonikoa bada: /bai'tu/.
Beste horrenbeste gertatzen da hainbat bikote parekatuz gero:
- arren (/a'ren/ adberbio oxitonoarekin, "otoi", nahiz /'aren/, "eme ez direnen" izenlagun paroxitonoarekin) eta harren (/'aren/ paroxitonoarekin, "zizareen"),
- hari ("hura izenordainaren datibo singularra, "berari", eta "josteko tresna" izena), eta ari ("irakurtzen ari zara"; "jardun", "lan" izena),
- horri ("berari") eta orri ("hosto", "orrialde"),
- ondo ("ongi") eta hondo ("zatirik sakonen"),
- ondoan ("gertu-gertu") eta hondoan ("itsasoaren hondoan", adibidez),
- euskalki gehienetan, ura izena ("H2O") eta hura erakuslea ("hau", "hori", "hura").
Erdarek sortutako homofoniak euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskara batuaz, eta euskalki gehienetan, < S s > /ʂ/ ahoskatzen da eta < Z z >, /s/: horrela bereizten dira, besteak beste, saio ("ahalegin") eta zaio (Nor-nori komunztadurako indikatibozko orainaldiko laguntzailea, hura hari: adibidez, "Zerbait erori zaio"). Modu berean, < TS Ts ts > (/tʂ/) eta < TZ Tz tz > (/ts/) digrametako soinuak desberdintzen direnez, atso ("adineko andre") eta atzo ("gaurko egunaren bezpera") beste pare minimo bat dira.
Nolanahi ere, Mendebaleko euskalkiaz eta Gipuzkoako kostaldean < S s > eta < Z z > berdin ahoskatzen dira, /ʂ/, alegia ("sei", "sos", "oso"... hitzetako kontsonantea), baita < TS Ts ts > eta < TZ Tz tz > digramak ere, bi-biak /ts/ baitira ("etzan", "erretzen", "motz"... hitzetako kontsonante txistukaria). Horrek bi ondoriook ekarri ditu:
- batetik, su eta zu homofonoak dira, biak ere /ʂu/ ebakitzen direlako, eta berdin gertatzen da hasi / hazi, suek / zuek, jaso / jazo, sena / zena... bikoteei dagokienez, biak pare bakoitzeko lehen adibidearen moduan ebakitzen direlako, eta
- bestetik, atso eta atzo ere homofonoak dira Mendebaldeko euskalkian eta inguruko azpieuskalkietan, beti-beti /atso/ direlako —atzo balira bezala, alegia—; bereizketa galdu egin da beste hainbat paretan ere: etsi / etzi, hots / hotz, hits / hitz, iritsi / iritzi, erants / erantz, huts / utz...
Hego Euskal Herrian, yeismo izeneko erdarakada fonetikoaren ondorioz, /j/ erdikontsonantea (Yemen, iaioak, zaie... hitzetakoa) nagusi da hainbat hiztunen hizkeran: horrek ere homofonia sortu du, /λ/ kontsonante albokari sabaikaria galdua dutelako. Errakuntza hori dela eta, mahaia (Hegoaldean, /'ma'ja/; Iparraldean, /ma'ha'ja/ edo /ma'a'ja/) eta maila (jatorriz, /'ma'λa/; Iparraldean, /'mai̯'la/) bezalakoak berdin ebakitzen dituzte, hau da, /'ma'ja/.
Aitzitik, Ipar Euskal Herrian, frantsesaren eraginez, /r/ ("erre" aditzeko kontsonantea) eta /ɾ/ ("ere" lokailukoa) hitzetako dardarkariak galduz doaz, frantses /ʁ/ ubularra nagusitzen ari delako: erremerre edo kirrimarro esaten zaio ezaugarri horri. Horrek ere nahasmena sortzen du, Donostiarra ("Donostiako pertsona hura") joan da eta Donostiara ("Gipuzkoako hiriburura") joan da bezalakoak berdin esaten dituztelako (hau da, /do'noʃtia'ʁa jo'an da/), ahoskapen desegoki hori dela kausa.
Beste frantseskada gero eta ohikoago bat /ʂ/ txistukari frikari erretroflexu gorra ("baso" izeneko bigarren kontsonantea) galdu eta /ʃ/ txistukari igurzkari hobiosteko ahoskabeak ("Baxo" izenekoa) haren tokia hartzea da, lehena ez baitago frantsesez, eta hizkuntza hartako soinurik hurbilena < CH Ch ch > digramez irudikatzen duten txistukari sabaikaria baita, hau da, euskal < X x > letrak hauxe, xehe, xox... hitzetan (ez taxi, oxigeno, sexu... bezalakoetan) agertzen duen soinua. Gauzak horrela, Bere kaxa joan da ("Haren kutxa joan da" esan nahian) bezalakoak gero eta usuago aditzen dira, baita irakurri ere, Bere kasa joan da ("Bere kabuz joan da") adierazi nahi denean: gisa berean, behin eta berriz /'be'ʃo/ entzunda, bexo ematen da aditzera, hots, besotxo, besoño, beso txikia, baina beso esan nahi denean, okerreko ahoskapen horrek ezinbestean behar ez duen balio txikigarri hura ematen dio.
Homofoniaren inguruko bitxikeriak eta hitz-jokoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Japonierazko 私立 eta 市立 hitzak homofonoak dira, lehen kanjia desberdina izan arren: shiritsu irakurtzen badira ere, lehenak "eraikin pribatu" esan nahi du, salmenta pribatukoa dena eta, hortaz, merkatuko prezioen araberakoa, eta bigarrenak, aldiz, "hiri-eraikina", babes ofizialekoa eta, ziur aski, estatuaren laguntza dela kausa, merkeago eskuragarria. Homofonoak izanagatik ere, antonimoak dira, idazkeran soilik bereizten direlako.
Nahasmenduez gain, homofonia erabiliz hitz-jokoak sor daitezke. Esate baterako, gaztelaniazko literaturan, kontzeptua izeneko baliabidea hitzen polisemian eta homofonian oinarritzen da. Adibidez, Francisco de Quevedoren hau:
Salió de la cárcel con tanta honra que le acompañaron doscientos cardenales; salvo que a ninguno llamaban eminencia ("Hainbeste ohorerekin irten zen espetxetik, ezen berrehun kardinalek lagundu baitzuten; nolanahi ere, haietako bati ere ez zioten Zure Eminentzia esaten").
Cardenal izena polisemikoa da gaztelaniaz: batetik, kardinal da, Eliza katolikoko goi mailako kargua; bestetik, ubeldura esanahia ere badu, kolpe bat hartu ondoren azalean agertzen den zauria, alegia.
Lehendabiziko esaldian, izen horrek presondegitik askatu berria handikitzat-edo adierazten du (gainera, ohoreaz hitz egin da —ironiaz, ordea, berehalaxe ikusiko denez—), irtetean zer eta berrehun cardenal ere lagun zituelako, baina bigarren esaldian berrehun haietako bati ere ohorezko hizkeraz mintzatzen ez zitzaiola jakinarazita, bukaera-bukaeran hitz haren homofoniaz edo polisemiaz hitz-joko bikaina egin zuen Quevedok, preso zegoela jasotako kolpeen ondorioak zirela argituta.
Hona frantsesezko beste adibide bat:
| frantsesez | euskaraz |
|---|---|
| Un sot1 (ahoskapena: /so/) monté sur un âne portait un seau2 (ahoskapena: /so/) avec le sceau3 (ahoskapena: /so/) du roi. L'âne fit un saut (ahoskapena: /so/), et les trois /so/4 tombèrent. | Asto baten gainean zihoan zozo1 batek ontzi2 bat zeraman, erregearen zigiluarekin3. Astoak jauzi bat egin zuen eta hiru /so/ak erori ziren. |
| Frantsesezko bi perpausok entzunez gero, mezua lehen kolpean ulertzen da: astoaren jauziaren ondorioz, gainean zihoan pertsona zozoa1 —sot, /so/— eta hark zeramatzan bi objektuak —seau, /so/, ontzia2 eta barruan zeukan zigilua3, sceau, /so/— hirurak ere lurrera erori zirela. Nolanahi ere, ez dago bukaera-bukaeran entzun den azken /so/4 hori idazterik, hots, aurreko hirurei dagokiena: zozoari1, ontziari2 eta erregearen zigiluari3.
Frantses gramatikaren arabera, les pluralezko artikuluak ("-ak", euskaraz) eta trois ("hiru") zenbatzaileak zehazten dituzten izenek pluralean egon behar dute, Les Trois mousquetaires eleberri ospetsuan bezala; hitz-jokozko istorio horretako izenon pluralak, hurrenez hurren, sot > sots, seau > seaux, eta sceau > sceaux dira —seiak ere homofonoak dira: pluraltasuna ortografiak agertzen du eta, noski, testuinguru jakin hartako pluralezko les artikuluak eta trois zenbatzaileak—. Kontuak kontu, zozo bakarra aipatu da, ontzi bat soilik eta zigilu bati buruz besterik ez da hitz egin. Hartarako, ordea, IPAk konponbidea eskain lezake. | |
Txinerazko istorio honek shi silabaren tonuekin homofoni hitz-joko bikaina erakusten du:
| txineraz | ahoskapena | euskaraz |
|---|---|---|
| 施氏食獅史: | Shī Shì shí shī shǐ: | Shi jaunak lehoiak jateari buruzko istorioa: |
| 石室詩士施氏, 嗜獅, 誓食十獅。 | Shíshì shīshì Shī Shì, shì shī, shì shí shí shī. | Shi jauna, harrizko babesleku batean bizi zen poeta bat, lehoiak atsegin zituen eta hamar jango zituela zin egin zuen. |
| 氏時時適市視獅。 | Shì shíshí shì shì shì shī. | Maiz joaten zen merkatura lehoiak ikustera. |
| 十時, 適十獅適市。 | Shí shí, shì shí shī shì shì. | Hamarretan, hamar lehoi zeuden merkatuan kasualitatez. |
| 是時, 適施氏適市。 | Shì shí, shì Shī Shì shì shì. | Garai hartan, Shi jauna ere merkatuan zegoen kasualitatez. |
| 氏視是十獅, 恃矢勢, 使是十獅逝世。 | Shì shì shì shí shī, shì shǐ shì, shǐ shì shí shī shìshì. | Hamar lehoiak ikustean, geziekin hil zituen. |
| 氏拾是十獅屍, 適石室。 | Shì shí shì shí shī shī, shì shíshì. | Hamar lehoien gorpuak hartu eta harrizko bere babeslekura joan zen. |
| 石室濕, 氏使侍拭石室。 | Shíshì shī, Shì shǐ shì shì shíshì. | Harrizko babeslekua hezea zegoen, beraz, bere morroiari garbitzeko agindu zion. |
| 石室拭, 氏始試食是十獅。 | Shíshì shì, Shì shǐ shì shí shì shí shī. | Harrizko babeslekua garbitutakoan, hamar lehoiak jaten saiatzen hasi zen. |
| 食時, 始識是十獅, 實十石獅屍。 | Shí shí, shǐ shí shì shí shī, shí shí shí shī shī. | Jaten ari zela, konturatu zen hamar lehoiak benetan harrizko hamar lehoiren estatuak zirela. |
| Poema osoan silaba bakar bat aditzen da, shi, haren lau doinuetan: shí, shì, shī eta shǐ; nolanahi ere, homofoniak sortzen dituen arazoak txinerazko idazkerak argitzen ditu, lehendabiziko lerroan ikusten den bezala. | ||
Paronimia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Paronimoak antzera ahoskatu, baina esanahi ezberdina duten hitzak dira. Adibidez, altzairu-altzari, ari-ahari-hari ("berari" eta "josteko") eta naiz-nahiz hitzak paronimoak dira.